Michael Jacksonen azken entseguak jasotzen dituen This is It filma Oscar sarietako hautagaietako bat izan daiteke, film onenaren, soinu onenaren, edizio onenaren eta zuzendaritza onenaren kategorietan. Hala ere, prentsa estatubatuarraren arabera, ez du dokumental onenaren saria irabazteko aukerarik izango, aurkezteko epea pasa baita. Dokumental onenaren Oscar saria irabazi dezakeena Capitalismo: una historia de amor izan daiteke.
Sony multinazionalaren Columbia Pictures estudioak ez du oraindik baieztatu This is it Oscar sarien lasterketara aurkeztuko den ala ez. Hala ere, filmak sarietan parte hartzeko beharrezkoak diren baldintzak beteko ditu, behin Los Angeleseko konderrian filma estreinatzen denean. Oscarren bezperatan ospatuko den Urrezko Globoetan ezin izango du parte hartu, antolatzaileek ez baitituzte dokumentalak onartzen.
Banatzaileak This is It bi astez zinema-aretoetan izango dela aurreikusten du. Hala ere, eskariaren arabera, banatzaileak bi asteko epe hori luzatu dezake.
Urte amaiera geroz eta gertuago dago eta batzuk hasiak dira jada Oscarretarako porrak egiten. Nine, Precious, Julie y Julia, Shutter Island, Destino Woodstock, Si la cosa funciona, El baile de la victoria edo Up in the air filmen izenak dabiltza adituen ahotan. Zeintzuk dira zure faboritoak?
Share on Facebook
Datorren urriaren 28an This is It filma estreinatuko da aldi berean mundu osoan. Aipaturiko zintak bere heriotzaren ondorioz egin ez zen Londresko kontzertu sortaren entseguetako irudiak biltzen ditu. Horrez gain, hiru dimentsioko sekuentzien aukeraketa bat eta Michael Jacksonen lagunekin eta kolaboratzaileekin izandako elkarrizketak ere jasotzen ditu filmak. This is it bi astez soilik izango da zinema-aretoetan.
Ez da Euskal Herriko zinema-areto guztietan ikusteko aukerarik izango. Hori dela eta, bizkor ibili beharko da filma proiektatzen den zinema-aretoa bilatu eta sarrera erosteko. This is It filmaren bi bertsio izango dira ikusgai: hiru dimentsiotan eta bi dimentsiotan. Barakaldoko Yelmo Cineplex Megapark, Leioako Cinesa Artea, Durangoko Zugaza, Portugaleteko Ballonti, Gasteizko Yelmo Cines, Donostiako Antiguo Berri, Iruñeko Golem La Morea, Uharteko Cinebox Itaroa eta Baionako Mega CGR zinema-aretoetan ikusgai izango da This is It filmaren hiru dimentsioko bertsioa. Hala ere, toki horietaz gain beste hainbatetan ere ikusi ahal izango da, baina bi dimentsiotan: Gasteizko Boulevarden, Irungo Cinebox Mendibilen, Usurbilgo Cinebox Urbilen, Errenteriako Multicines Niessenen, Donostiako Ocine La Bretxan, Irungo Ocine Txingudin, Iruñeko Saide Carlos IIIn, Santurtziko Serantesen, Basauriko Bilbondon, Barakaldoko Max Ocion, Bilboko Zubiarten eta Getxoko Lauren Getxon.
Joan den irailaren 27tik salgai daude This is It filma ikustera joateko sarrerak. www.entradas.com eta Generaltickets atarietan erosi ahal izango dira sarrerak. Cinesa Artea eta Antiguo Berri aretoen kasuan euren webguneetan ere erosi ahal izango dira sarrerak.
Share on Facebook
Zure iritzia