Artxiboa

‘Malditos Bastardos’rekin etiketatutako sarrerak

Tarantino ‘Kill Bill 3′ eta ‘Kill Bill 4′ filmak prestatzen ari da

2009(e)ko Urriak 2 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Malditos Bastardos filmaren promozioaren baitan, ”Parla con Me” Italiako telebista programan izan zen Quentin Tarantino zuzendaria. Elkarrizketa hartan, Kill Bill filmaren hirugarren atala egingo duela adierazi zuen.

Elkarrizketaren baitan Pulp Fiction filmaren jarraipena egiteko aukera baztertu zuen. Kazetariak Kill Bill filmaren jarraipenaz galdetu zionean, jarraipena izango zuela adierazi zuen zuzendari estatubatuarrak.

“Neska-laguna borrokatzera itzuliko da” adierazi zuen Tarantinok programako ikusleen txalo artean. Kill Bill 3 filmak Beatrix Kiddo eta Crazy 88 taldearen mendekua kontatuko du. Azken talde hori, O-Ren babesten zuten sikario taldea zen. Laugarren atalaz ere hitz egin zuen Tarantinok eta dirudienez, neska-lagunak umezurtz utzi zituen alaben mendekua jorratuko du, tartean Vernita Greenen oinordekoa den Nikkirena.

Kill Bill filmaren hirugarren eta laugarren atalak martxan daude, baina oraindik ere apur bat itxaron beharko dugu azken emaitza zinema-aretoetan ikusteko.

Zinemaldia Felix Linaresen begietatik

2009(e)ko Irailak 24 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Egun hauetan zinema munduko hainbat eta hainbat pertsona dabiltza Donostian: aktoreak, zuzendariak, produktoreak eta baita zinema kritikoak ere. Eurak dira filmak zorrotzen epaitzen dituztenak, film bakoitzari nire moduko ikusle batek ikusten ez dituen xehetasunak aurkitzen dizkietenak.

Felix Linares zinema kritiko eta ETB2 ko “La noche de” saioko aurkezlearekin egin dut topo. Pelikula eta pelikula artean, nirekin hitz egiteko beta hartu du eta Zinemaldiaren 57. ekitaldi honetaz zenbait gogoeta interesgarri egin ditu. Hori bai, hasi aurretik errieta txiki bat ere egin dit, kazetariak bera grabatzera joaten garenean beti bizarrarekin topatzen dugulako. Kar kar!

Zinema kritiko izanda, ezin Film onenaren Urrezko Maskorra irabazteko bere hautagaia zein den galdetu gabe gelditu. Momentuz, Urrezko Maskorra irabazteko bere faboritoa Juan Jose Campanellaren El secreto de sus ojos filma da. Hala ere, Isaki Lacuestaren Los condenados filmarengan ere esperantza handiak jarrita dituela aitortu dit. Epaimahaiak Campanellaren film argentinarra sari gorenarekin saritzea nahi luke, baina badaki ia urtero ezustekoak egon ohi direla eta ez daki saria argentinarrari emango dioten ala ez. “Ezustekoak egotekotan, egon daitezela sari txikienetan!”, hala adierazi du gure kameraren aurrean.

Zinemaldiak irauten duen egunetan batez beste hiru film ikusten ditu Linaresek. Sail ofizialeko film guztiak ikusten ditu, gero ondoren epaimahaiak emandako sariak eztabaidatzeko. Zabaltegi saileko filmik interesgarrienak ikusten ditu eta hortik kanpo, handik eta hemendik zerbait ikusten ahalegintzen da. Atzo esaterako, Oceanworld 3D filma ikustera joan zen. Sail ofizialetik kanpo, Quentin Tarantinoren Malditos Bastardos, Woody Allenen Si la cosa funciona eta Michael Hanekeren La cinta blanca gomendatu dizkit.

Goian aipaturikoa berak kontatu didan guztiaren laburpen bat baino ez da. Esandako guztiak ikusi eta entzun nahi badituzu, ikusi ezazu bideoa (jatorrizkoa, gaztelaniaz).

2012 filmeko lan-taldea eta Amaia Salamanca
Linaresen eskutik Zinemalditik igaroko diren film onenen errepasoa egin eta gero, filmetako protagonisten bila abiatu naiz. Izan ere, gaur eguerdian heldu dira 2012 filmeko aktoreak eta zuzendaria, besteak beste.

Gaur egia esan aurreko egunetan baino mugimendu handiagoa nabaritu dut Maria Cristina hotelaren kanpoaldean. John Cusack 2012 filmeko protagonistaren zain zeuden guztiak. Hasiera batean eguerdiko 13:15ean zen etortzekoa, baina hamaikak aldera iritsi da. Hotelera sartu eta gutxira berriz irten da. Eta gero, 13:15ean berriz azaldu da auto ofizialean hoteleko sarrera nagusira. Prentsa guztia bera etorri zain zegoen eta horregatik azaldu ote da berriz hasieran iragarritako orduan? Bai iritsiera xelebrea, behintzat. Bi aldiz iritsi balitz bezala izan da. Bere atzetik eta auto berean heldu dira Chiwetel Ejiofor aktorea eta Roland Emmerich zuzendaria, biak ere 2012 filmeko kideak. Biak ala biek, zenbait autografo sinatu eta Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendaria agurtu ondoren barrurako bidea hartu dute. Gogoan izan 2012 filma datorren azaroaren 20an helduko da zinema-aretoetara.

2012 filmeko kideen atzetik heldu da Amaia Salamanca (Fuga de cerebros) aktorea. Ez, aurretik auto ofizialetik beste emakume ilehori bat atera da. Segituan jendea Amaia, Amaia deika hasi zaio, baina alarma faltsua izan da. Ez zen Amaia. Hurrengo autoan heldu da azkenean Amaia Salamanca. Kanpoan zain zituen jarraitzaileei zenbat autografo sinatu, argazkilarien aurrean paratu eta honek ere barrurako bidea hartu du. Minutu batzuk geroago kanporako bidea hartu Ian McKellen, atzo Donostia saria jaso zuen gizonak. Azken horrek atzo saria ematerakoan oparitu zioten euskal txapela soinean zeraman. Txapelari gustua hartu diola dirudi. Argi, oraindik agian elkarteren batean musean jokatzen ikusiko duzue eta! Bejondeizula Ian!

Brad Pitten iritsierak kolorez bete du Zinemaldiko lehen eguna

2009(e)ko Irailak 18 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Zinemaldia aurkezten duen kartela kolorez beteta dago eta antolatzaileek eurek esan dute nolabait kartel horren bidez, kolore guztien aldeko apustua egin nahi izan dutela. Ekitaldi honetako irudiak kolore guztiak ordezkatu nahi izan omen ditu. Edota hori da Zinemaldiko gida irekiz gero lehen orrian irakurri daitekeena. Errealitatea bestelakoa da ordea: kolore guztiak ez gara berdinak.

Eta esango duzue: zertara dator hori guztia? Goizean Kursaalera gerturatu naiz zegokidan akreditazioa jasotzera. Nire argazkia eta nire izen-abizenak zeramatzan txartel berde bat eman didate. Dena ongi. Nik Zinemaldiko beste kazetari bat nintzela uste nuen, guztien artean beste bat baino ez. Nire usteak erabat aldatu dira Maria Cristina hotelera gerturatu naizenean. Brad Pitten iritsiera ikustea zen nire asmoa, beste askorena bezala. Sarreran beltzez jantzitako gizon batek egiten zituen filtro lanak. Aurpegira begiratu gabe nire akreditazioaren kolore berdea ikusi eta aurrera jarraitzea eragotzi dit. Eta nik pentsatu dut nire artean: “Ez al didate ba esan kolore guztiak onartzen dituztela eta kolore guztien aldeko apustua egin dutela?” Listua irentsi eta bigarrenez kazetariei gordetako etxoletara igarotzen saiatu naiz, baina alferrik. Bigarren saiakeran behintzat, zergatik pasa ezin nuen azaldu dit: “Ez kolore horiko edota marroiko akreditazioa izan behar duzu horra pasatzeko.” Eta bien bitartean, kolore guztiak berdinak direla lau haizeetara zabaltzen…

Ez zait burua jaitsi eta errepidearen beste aldera igarotzea besterik geratu. Jarraitzaile guztiak zeuden tokira gerturatu naiz. Koska eta txoko guztiak leporaino beteta zeuden, jada. Zer uste zenuen bada, azken unean etorri eta lekurik onenarekin geratuko nintzela? Lehen ilarara gerturatzea ezinezkoa zen eta inguruko aulkietan eta loreontzietan ez zegoen zirrikiturik. Azkenean, naturak eman didan 1,72 metroko alturatik ikusi behar izan dut Pitten iritsiera aterki, argazki kamara eta zenbait bururen artetik.

Adi, Brad Pitt Donostian da eta bakarrik etorri da!
Azken egunetan asko hitz egin da Brad Pitten iritsieraz eta baita bakarrik edota familiarekin etorriko zen ere. Azkenean bakarrik etorri da. Familiako kiderik gabe etorri den arren, oso adeitsu eta sinpatiko agertu da jendearen aurrera. Egia esan, harritu egin nau bere moduko izar bat hain adeitsu agertu izana. Bost minutuz egon da jendea agurtzen, eskua ematen eta sinatzen. Hori bai, sinadura pentsatzen ez du denbora askorik pasa: hiru urteko haur baten zirriborro bat zirudien. B eta P antzeko bat ikusi zitekeen, besterik ez. Hala ere, ni neu zirriborro hori eskuan izateko gogoarekin geratu naizela aitortu behar dut. Pittek bisera beltza, eguzkitako betaurrekoak, bakeroak eta larruzko jaka beltz bat zeramatzan soinean. Oso dotore etorri da. Hala ere, beti dago bainaren bat eta nire gusturako bizar gehitxo zuen. Hor zehar entzun dudanez, film baten grabaketa baterako prestatzen ari omen da eta hori ei da bere itxura berriaren arrazoia. Dena dela, bera izateagatik barkatzen diogu.

Eguraldia, eguneko beste protagonista
Brad Pitt izan da lehen egun gris honi kolore pixka bat eman dion bakarra. Donostiako kaleetan ez zegoen disdira egiten zuen ezer. Euria goitik behera… Victoria Eugenia parean, euri zaparradatik gorde nahian zebiltzan espainiar batzuekin egin dut topo. Harrituta zeuden Donostian topatu duten eguraldi petralarekin. Alboan nuen kamerak non dauden gogoratu die, ordea: “Hau Donostia da, hemen beti egiten du euria.” Kazetariak irribarre txiki batez agurtu ditu espainiarrak, euria Donostiaren parte dela gogoratu nahian edo. Alfonbra gorriak ere babesa aurkitu behar izan du plastiko azpian. Alfonbraren kolore gorriak ez du disdira handirik egingo, harik eta Tarantino, Pitt eta enparauak bertatik igarotzen diren arte.

Iluntzean eta eguraldiak horretarako tarterik uzten badu, Quentin Tarantino eta Brad Pitt ikusi ahal izango ditugu Maria Cristina eta Victoria Eugenia arteko bidea egiten. Pitt Donostian ikusteko azken aukera izan daiteke… Estatubatuarra ikusteko aukerarik baduzue edota Zinemaldian bazabiltzate kontatu zuen esperientziak gure blogean.

Brad Pitt bakarrik ala emaztearekin etorriko da?

2009(e)ko Irailak 4 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Ziur asko hori izango da eguerdian aktore estatubatuarra Donostiako Zinemaldira datorrela iragarri denetik askok eta askok buruan duten galdera. Brad Pitt irailaren 18an Donostian izango da Quentin Tarantino zuzendariarekin batera Malditos bastardos bere azken filma aurkezten.

Azken aldian krisi eta banaketa hotsek inguratu dute bikotea, nahiz eta Canneseko alfonbra gorrian bikoteak hori guztia gezurtatu. Kanpai hotsak ere entzun dira, baina momentuz ez da ezer gauzatu. Azken hilabeteetako zurrumurruen ondoren baliteke Angelina Joliek senarraren alboan egon nahi izatea zoriontsuak direla frogatzeko.

Bakarrik etorriko al da? Edota familia osoarekin? Eman zure iritzia gure tartean. Gozatu ezazu irailaren 18an zinema-aretoan estreinatuko den Malditos bastardos filmaren aurrerapenarekin.

Brad Pittek ‘Malditos Bastardos’en bigarren atala egin nahi du

2009(e)ko Ekainak 30 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Malditos Bastardos oraindik zinema-aretoetara heldu ez bada ere, zurrumurruek diotenez baliteke bigarren atala egitea. Harvey Weinstein filmeko produktore exekutiboa izan da balizko bigarren filmaz hitz egin duena: ”Bradek (Pitt) Malditos Bastardos II egin nahi du. Denek egin nahi dute bigarrena, lehenengoa zinema-aretoetara heldu ez den arren. Zoritxarrez ezin du argumentuaren gainean ezer gehiago esan.” Produktoreak adierazpen horiek egin ditu GQ Magazine aldizkariari eginiko elkarrizketa batean. Horrez gain, saga bat egiteko adina material dagoela aipatu du: ”Bi film egin genitzakeen edota hiru.”

Weinsteinek iraupenaren eta azken muntaiaren gainean izan den eztabaidaz jardun du. Aurreratu duenez zinema-aretoetan ikusiko dugun filma ez da Cannesen eman zuten bera izango eta filmak ez du bi ordu eta erdi baino gehiago iraungo.

Malditos Bastardos II. Mundu Gerran girotuta dago. Soldadu talde bat hilzorian dago. Bigarren aukera bat izango dute. Bizitzeko aukera horren truke, Raine tenientearen agidupean jarriko da. Taldearen helburua Fratzian infiltratu eta naziak erailtzea da.

Tarantinoren gudariak zinema-aretoetan ikusi ahal izateko irailaren 18ra arte itxaron beharko da.