Artxiboa

‘Leihatila’rekin etiketatutako sarrerak

‘Agora’k leihatiletako erregina izaten jarraitzen du

2009(e)ko Urriak 20 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Agora Alejandro Amenabarren berriena 2009ko estreinaldi onena izan zen joan den astean. Karteldegian daraman bigarren astean listoia mantendu du eta rankingaren goiko puntan egoten jarraitzen du. Rachel Weisz protagonistatzat duen Agora filmak gorenean jarraitzen du eta ez dirudi datorren astean estreinatuko den Millennium II: la chica que soñaba con una cerilla y un bidon de gasolina filmak joera hori aldaraziko duenik.

Estreinatu eta bigarren astera zinema espainiarreko produkziorik garestienak 3,2 milioi euro batu ditu eta orotara, 11,3 milioi euro irabazi ditu. Agora oraindik nazioartean estreinatzeko dago eta zifra horiek asko hobetu daitezke, beraz. Agorak hartu duen bidea ikusita produktoreek inbertitutako 50 milioi euroak berreskuratuko dituzte.

Bigarren postua La cruda realidad, Robert Luketicek zuzenduriko komedia erromantikoarentzat izan da. Bere estreinaldian Katherine Heigl eta Gerard Butler protagonistatzat dituen filmak 1,7 milioi euro bildu ditu. Bigarren postutik hirugarrenera jaitsi da G-Force. Estreinatu eta bigarren asteburuan Disneyko akuri espioiek 5 milioi eurotik gora bildu dituzte.

Ikusienen zerrenda osatzen dute: La huerfana beldurrezko filmak; hamar milioi euroen mugan dagoen Quentin Tarantinoren Malditos Bastardos filmak; Rec 2 filmak, Woody Allenen Si la cosa funciona filmak; Campanella-Darin bikoteak eginiko El secreto de sus ojos filmak; Infectados film apokaliptikoak eta Vicky bikingoak.

Krisiak ez du eraginik Hollywoodeko leihatilan

2009(e)ko Irailak 2 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Oraindik ere AEBetatik krisi hotsak datozen honetan, Hollywoodek historiako udarik onena borobildu du. Momentuz, zinema industria krisitik aparte dagoela dirudi. Izan ere, Variety aldizkari espezializatuak argitaratu duenaren arabera orotara 4.170 milioi dolar bildu dituzte AEBetako leihatiletan.

Aipaturiko zifra uda hasieratik pasa den igandera bitartean bildu da. Eta kopuru hori oraindik handiagoa izango da datorren asteburua luzeagoa baita estatubatuarrentzat Lanaren eguna dela eta. Beraz, kantitate horri 100 bat milioi dolar batu beharko zaizkio.

Uda honetan diru gehien bildu duten hiru filmak Transformers la venganza de los caidos, Harry Potter y el misterio del principe eta Up izan dira, hurrenez hurren, 399,4, 294,3 eta 289,6 milioi dolar bilduta.

Beste zenbait filme frankiziek ere emaitz on hori lortzen lagundu dute: Star Trek edota X-Men Origenes: Lobezno filmek, besteak beste. Lehenak, 256,7 milioi dolar bildu ditu eta bigarrenak, 179 milioi, nahiz eta estreinatu baino hilabete lehenago, Interneten amaitu gabeko bertsio bat zabaldu.

Zakua betetzen lagundu dute urteko komedia izaten ari den Resacon en Las Vegas eta La proposicion komedia erromantikoak. Dagoeneko, 270,2 milioi dolar bildu ditu urteko sorpresetako bat izaten ari denak. Sandra Bullock eta Ryan Reynolds aktoreek osatutako bikoteak bestalde, 160,2 milioi eskuratu ditu.

Udako arrakasten artean ezin aipatu gabe utzi, Ice Age 3: el origen de los dinosaurios 193,3 milioirekin; Noche en el museo 2 176,5 milioirekin eta Angeles y Demonios 133,4 milioirekin.

Baliteke, datozen egunetan G.I. Joe filmak Tom Hanks protagonistatzat duen filmaren irabaziak gainditzea.

Berdinketa teknikoa AEBetako leihatilan Ice Age eta Transformers filmen artean

2009(e)ko Uztailak 6 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Transformerseko robotek eta Ice Ageko hirugarren atalako historiaurreko animaliek, biek ala biek, 42 milioi dolar bildu dituzte asteburuan.

Zifra ofizialen zain eta ekoiztetxe bakoitzak emaniko datuen arabera, film bakoitzak 42,5 milioi dolar inguru bildu ditu hiru egunez luzatu den asteburuan. Izan ere, AEBetan Independentziaren eguna zela eta, uztailaren 3a jaieguna zen.

Hori bai, nazioarteko leihatiletan ez da halako parekotasunik izan. Ice Age: el origen de los dinosaurios filma izan da jaun eta jabe. Fox etxeko historiaurreko animalien atal berriak ia 150 milioi dolar bildu zituen nazioarteko zinema-aretoetan pasa den asteburuan. News Corp etxearen arabera, bere historiako seigarren estreinaldirik arrakastatsuena izan da. Orotara, 215,5 milioi dolarretik gora irabazi ditu nazioarteko zinema-aretoetan.

Transformers 2 filmak bere aldetik 55 milioi dolar irabazi ditu nazioarteko zinema-aretoetan bigarren asteburu honetan. Dagoeneko 300 milioi bat dolar bildu ditu AEBetatik kanpo. Orotara, robotek 591 milioi dolarretik gora bildu dituzte eta dagoeneko urteko film ikusiena da. Orain arte Angeles y Demoniosek zuen postua lapurtu dio Transformersek.

Zinema gustuko baduzu kontsulta itzazu zinema-aretoetako ordutegiak.