Artxiboa

‘Kung Fu’rekin etiketatutako sarrerak

Will Smith eta Jackie Chan, ”Kungfu Kid” filmaren grabaketan buru belarri

2009(e)ko Uztailak 27 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Will Smith aktore estatubatuar entzutetsua eta bere familia Beijingen dira egunotan Kungfu Kid filmaren grabaketa lanak direla eta. Jackie Chan arte martzialetan maisu den Hong Kongeko aktorea eta Will Smithen semea den Jaden Smith dira protagonista.

Will Smith da Karate Kid saga bertsio berri horren produktoreetako bat. 1980ko hamarkadan zoraldia eragin zuen aipaturiko sagak. Miyagi karatean aditua den maisuak Daniel Larusso ikasle lotsatiari arte martzialen oinarriak erakusten dizkio eskolako ikaskide gaiztoengandik babesteko. Jackie Chanek beteko du Han gizonaren rola, Miyagi japoniarraren bertsio txinatarraren rola. Bien bitartean, En busca de la felicidad filmean bere aitaren alboan lan egin zuen Jaden Smith txikiak ikaslearen rola beteko du.

Efe agentzia iturriaren arabera, hilabete honetan 11 urte bete dituen Jaden txikia liluratuta dago Chan erakusten ari zaion kung fu postura berriekin. Joan den uztailaren 13an hasi ziren grabaketa lanak eta 2010eko udan iritsiko da zinema-aretoetara, beti ere aurreikuspenak betetzen badira. Harald Zwart holandarrak izango du filma zuzentzeko ardura.

Bruce Leeren baimendutako biografia martxan da!

2009(e)ko Uztailak 22 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Arte martzialen maisuaren familiak bere oniritzia eman dio Kung fuaren azken ikonoaren gaineko film biografikoak egiteko. Familiak argi utzi du film horien helburua aktore txinatarraren egiazko istorioa kontatzea izatea nahi duela. Phoebe eta Robert Lee prentsaren aurrean agertu ziren uztailaren 20an Pekinen, anaia hil zela 36 urte bete ziren egun berean. Gogoan izan Bruce Lee 1973ko uztailaren 20an hil zela 32 urte zituela burmuineko isuri baten ondorioz.

BBC kateak jakinarazi duenez Manfred Wong balizko filmen produktoreak gutxienez Bruce Leeren bizitzan oinarritutako hiru film egitea aurreikusten du. Wongek argi utzi du, baita ere, bere helburua aktorearen izaeran zentratzea dela. Familia ados dago filmak islatuko duen biografiarekin. Honenbestez, Kung fuko maisuaren baimendutako lehen biografia izango da.

Zinema gustuko baduzu, kontsulta ezazu zinema-aretoetako programazioa.

Zer gertatu da David Carradinerekin?

2009(e)ko Ekainak 12 Eider Jauregi Iruzkinik ez

“Kung Fu” mitikoaren heriotza izugarrizko zeresana ematen ari da. Ostegunean aurkitu zuten hilotza Bangkokeko luxuzko hotel batean. Bere gelako armairu barruan zegoen, biluzik, eta soka batekin lotuta barrabilak nahiz lepoa. Aurkikuntza “harrigarri” horren ostean, denetariko hipotesiak zabaldu dira eta ezer ez dago argi.

Lehen bertsioa suizidioarena izan zen. Aktore ezagunak bere buruaz beste egin zuela esan zuten berehala komunikabideek, baina familiak ukatu egin zuen Carradinek horretarako arrazoirik zuenik.

Gero, Tailandiako Gobernuak oharra kaleratu zuen 72 urteko aktore ezaguna masturbazio teknika arriskutsu batean ari zela hil zela esanez. Herrialde hartako ikertzaileek egindako lehen azterketen arabera, istripua izan zen gertatutakoa, nahi gabe ito zen Carradine, “ekintza erotiko bat” egiten ari zela. Ez omen zuen inolako indarkeria arrastorik.

Egun batzuk beranduago, baina, “Kung Fu” ezaguna sekta batek hil zuenaren zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Hain zuzen ere, familiaren abokatuak esan zuen eurek kontratatutako ikertzaileen arabera, arte martzialetan aritzen den ezkutuko sekta batek hil zuen Hollywoodeko aktorea, horien jardueren berri eman ez zezan.

Gauzak horrela, familiak berriz ere hitz egin du azken orduotan, hildakoaren gorpuari egindako azterketa independente baten arabera, ez zuela bere buruaz beste egin ondorioztatu dutela esateko. Horrek garbi uzten du gai honek hari luzea izango duela oraindik.

Misterioa argitzen den bitartean, komunikabideetan nahiz Interneten ez da beste konturik eta telebistan zein zinemetan bere filmak ematen hasi dira berriz ere.

Hain zuzen ere, bere film berria izango zena grabatzen ari zen David Carradine Tailandian.

Kontsulta itzazu asteko estreinaldien ordutegiak eta zinemaren inguruko albiste guztiak.