Artxiboa

‘diru-bilketa’rekin etiketatutako sarrerak

‘Agora’k leihatilak birrindu ditu eta 2009ko estreinaldi onena da

2009(e)ko Urriak 13 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Alejandro Amenabarren Agora film berria 2009ko estreinaldirik onena da momentuz. Izan ere, estreinatutako astean 5,3 milioi euro bildu ditu. Modu horretan, Angeles y Demonios filmaren zifrak gainditzea lortu du. Tom Hanksen filmea zen aste honetara arte urteko estreinaldirik onena, 5 milioi euro pasatxo bilduta. Eta, atzo jaieguna izaki, lorturiko zifrei atzo bilduriko dirua gehitu beharko zaie.

Jarraian datorren txartel-leihatiletako zerrendak ez ditu atzoko datuak jasotzen eta beraz, filmek lorturiko diru kopurua handiagoa izango da.

  1. Ágora. Alejandro Amenabarren berrienak urteko irekierarik onena izan du. Lehen asteburuan 5,3 milioi euro batu ditu eta zifra horiei asteleheneko datuak gehitu behar zaizkienez, 6,6 eta 6,8 milioi eurotara iritsiko da.
  2. G-Force. Akuri espioiak indartsu heldu dira eta Disneyen film berriak 2,6 milioi euro bildu ditu lehen asteburuan.
  3. Rec 2. Lehen postutik hirugarrenera jaitsi bada ere, 1,3 milioi euro bildu ditu eta dagoeneko ia 4 milioi euro zakuratu ditu.
  4. Malditos bastardos. Asteak pasa arren, Tarantinoren sasikumeek diru gehien biltzen duten 10 filmen zerrendan daude. Aste honetan bildutakoarekin 9 milioi euroko langa gainditu du.
  5. Vicky el vikingo. Aurum etxeak banaturiko filma G-Force filmaren estreinaldiaren kaltetuenetako bat izan da. 660.000 euro bildu ditu eta bi astetan 2,1 milioi euro bildu ditu.
  6. Si la cosa funciona. Woody Allenen berrienak beste 620.000 euro batu ditu eta 1,7 milioi euro ditu zakuan, jada.
  7. Los sustitutos. Bruce Willisen berrienak 600.000 bildu ditu aste honetan eta dagoeneko 3,3 miliotik gora batu ditu.
  8. El secreto de sus ojos. Aste honetako 500.000 euroei esker 2,5 milioi batu ditu.
  9. District 9. 140.000 euro
  10. Jennifer´s body. 120.000 euro

Zerrendan ageri diren filmetako bat ikusi baduzu emaiguzu filmaren gaineko zure iritzia. Kontsulta ezazu zinema-aretoetako programazioa.

Krisiak ez du eraginik Hollywoodeko leihatilan

2009(e)ko Irailak 2 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Oraindik ere AEBetatik krisi hotsak datozen honetan, Hollywoodek historiako udarik onena borobildu du. Momentuz, zinema industria krisitik aparte dagoela dirudi. Izan ere, Variety aldizkari espezializatuak argitaratu duenaren arabera orotara 4.170 milioi dolar bildu dituzte AEBetako leihatiletan.

Aipaturiko zifra uda hasieratik pasa den igandera bitartean bildu da. Eta kopuru hori oraindik handiagoa izango da datorren asteburua luzeagoa baita estatubatuarrentzat Lanaren eguna dela eta. Beraz, kantitate horri 100 bat milioi dolar batu beharko zaizkio.

Uda honetan diru gehien bildu duten hiru filmak Transformers la venganza de los caidos, Harry Potter y el misterio del principe eta Up izan dira, hurrenez hurren, 399,4, 294,3 eta 289,6 milioi dolar bilduta.

Beste zenbait filme frankiziek ere emaitz on hori lortzen lagundu dute: Star Trek edota X-Men Origenes: Lobezno filmek, besteak beste. Lehenak, 256,7 milioi dolar bildu ditu eta bigarrenak, 179 milioi, nahiz eta estreinatu baino hilabete lehenago, Interneten amaitu gabeko bertsio bat zabaldu.

Zakua betetzen lagundu dute urteko komedia izaten ari den Resacon en Las Vegas eta La proposicion komedia erromantikoak. Dagoeneko, 270,2 milioi dolar bildu ditu urteko sorpresetako bat izaten ari denak. Sandra Bullock eta Ryan Reynolds aktoreek osatutako bikoteak bestalde, 160,2 milioi eskuratu ditu.

Udako arrakasten artean ezin aipatu gabe utzi, Ice Age 3: el origen de los dinosaurios 193,3 milioirekin; Noche en el museo 2 176,5 milioirekin eta Angeles y Demonios 133,4 milioirekin.

Baliteke, datozen egunetan G.I. Joe filmak Tom Hanks protagonistatzat duen filmaren irabaziak gainditzea.

Imajinatzen Miley Cyrus “Batgirl”en paperean?

2009(e)ko Uztailak 29 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Dirudienez, Hannah Montanako protagonistak ”Batgirl”en trajea jantzi eta krimenaren aurka borrokatzeko nahia adierazi du. Batmanen atal berria 2010ean hasiko dira grabatzen, hala aitortu zuen duela egun batzuk Gary Oldmanek. Aktoreak gaineratu zuen ikusleek zerbait gehiago itxaron beharko dutela filma zinema-aretoetan ikusteko, baina produkzioa 2010. urtean zehar hasiko dela.

Hollyscoop webgunearen arabera aktore eta abeslaria entzunaldi batera aurkeztu zen Batgirl pertsonaiaz jantzita eta harrituta utzi zituen Warnerreko zenbait exekutibo. Warnerren gertuko iturriek honela deskribatu dute momentua: “Miley logelan saltoka hasi zen eta berak idatzitako lerro batzuk oinarri hartuta antzezpen txiki bat egin zuen. Hala ere, zenbaitek ez dakite aipaturiko rola betetzeko adinako aktore ona den ala ez.”

Momentuz, Disneyko izarrak eta ezta bere ordezkariek ere ez dute inolako adierazpenik egin.

Batmanen hirugarren atala
Tim Burtonek eta Joel Schumacherrek grabaturiko filmen ostean Christopher Nolanek hartu zuen Batman frankiziaren erantzukizuna. 2005ean estreinatu zen Batman Begins eta hiru urte geroago heldu zen El caballero oscuro. Bigarren hori historian diru gehien bildu duen bigarren filma da, orotara 703 milioi euro bildu baitzituen mundu osoan.

Transformers 2, egun batean diru gehien bildu duen bigarren filma

2009(e)ko Ekainak 26 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Transformers filmaren bigarren atala AEBen historian egun bakarrean diru gehien bildu duen bigarren filma da. Estreinatutako egunean 60,6 milioi dolar bildu zituen filmak zinema-aretoetan. AEBetako hedabideek jakinarazi dutenaren arabera, El caballero oscuro da estreinaldi egunean diru gehien bildu duen filma 67,2 milioi dolarrekin.

Transformersen bigarren atala asteazkenean estreinatu zen mundu osoan, Erresuma Batuan eta Japonian salbu. Bi herrialde horietan aurreko asteburuan estreinatu zen. Dagoeneko 120 milioi dolarretik gora bildu ditu mundu osoan.

Filma AEBetako 4200 areto baino gehiagotan banatuko da eta lehen bost egunetan zinema-aretoetan 150 milioi dolarretik gora bilduko dituela aurreikusten da. Hori hala balitz, Spider Man 2ren marka guztiak hautsiko lituzke. Hala ere, oso urrutiko geldituko litzateke epe berean El caballero oscurok lorturiko irabazietatik. Izan ere Batmanen azken atalak 200 miliotik gora bildu zuen bost egunetan.

‘Angeles y Demonios’ ala ‘Noche en el Museo 2′?

2009(e)ko Maiatzak 25 Eider Jauregi Iruzkinik ez

Bi estreinaldi horietako zein gustatzen zaizu gehien? Bien ala biak arrakasta itzela izaten ari dira eta lehia bizia daukate txarteldegi nahiz diru-bilketa alorrean.

Asteburu honetan ikusmin handia zegoen AEBetako bi estreinaldirekin zer gertatzen zen ikusteko. Batera pantailaratu dituzte, izan ere, Noche en el Museo 2 eta Terminator Salvation. Azkenean, Ben Stillerrek irabazi du apustua, 53,3 milioi dolar lortuz baina Christian Balek ere ez da batere gaizki geratu, bigarren postua eta 43 milioi dolar eskuratzera lortu baitu estreinaldi astean.

Star Trek izan da hirugarrena ranking horretan eta laugarren geratu da Angeles y Demonios, aurreko astean -estreinatu zenean- lider izan zen filma. Lehen astean 48 milioi dolar eskuratu zituen eta bigarren aste honetan 26.

Espainiako Estatuari dagokionez, Angeles y Demonios maiatzaren 15ean estreinatu zen, txarteldegiko lehen postua lortuz 5,1 milioi euro bilduta. Espainian 1,5 eta 3,5 milioi artean izaten da normalean asteko film arrakastatsuena eta bistakoa da Tom Hanksen azken abenturak erruz gainditu duela zifra hori.

Iragan berri den asteburu honetan estreinatu da Noche en el Museo 2 eta kasu honetan ez du Hanks gainditzea lortu, bigarren astea izanagatik 2,91 milioi euro eskuratu baititu Hanksek. Ben Stiller bigarren geratu da 1,95 milioirekin.

Frantzian ere bi film horiek dira lehiaren punta-puntan dabiltzanak.

Astebete pasatxo geratzen da Terminator Salvation estreinatzeko hemen (ekainak 5). Lortuko al du Angeles y Demonios filmak gorenean jarraitzea ala Noche en el Museo 2k aurreratuko du asteburu honetan?

Bi film horietakoren bat ikusi baduzu, emaguzu zure iritzia!