Artxiboa

‘Cannes’rekin etiketatutako sarrerak

‘Stones in Exile’ dokumentala estreinatuko da gaur Canneseko Jaialdian

2010(e)ko Maiatzak 19 Xabier Larrazabal Iruzkinik ez

Canneseko zinema jaialdiak aurrera darrai, Urrezko Palma lortzeko lehiara aurkeztu diren pelikuletatik erdiak jada ikusi dira, eta gaur, musikak hartuko du jaialdia: Rolling Stonesen musikak., hain zuzen ere.

Gaur estreinatuko dute Cannesen Stones in Exile dokumentala, taldeak 1972an kaleratu zuen Exile on main street diskoaren grabazioari buruzko dokumentala.

Hori bai, Mick Jagger baino ez da izango gaur jaialdian, gainontzeko taldekideak ere joatekoak baziren ere, azkenean, ezin izan baitute. Ikusmin handia dago lan hau zelan geratu den jakiteko, izan ere Rolling Stonesen lanik esanguratsuena da aditu askorentzat Exile on main street, bai behintzat urteak igarota, euren ibilbidean marka handiena utzi duena.

Eta kontua da diskoaren grabazioa ez zela edonolakoa izan: Ingalaterran Ogasuna euren atzetik zebilen eta horren ihesean, Frantzia hegoaldeko etxe batean grabatu zuen taldeak lana, Cannesetik gertu, eta gau eta egun handik atera barik egin zuten. Han egin zuten denboraldian beti furgoneta bat prest zeukaten badaezpada ere, Polizia agertzen bazen ihes egin ahal izateko, ordutegia zer zen ere ez zekiten eta droga faltan ere ez zeuden; pentsa, Keith Richards heroinara engantxatuta atera zen grabaziotik.

Dokumentaleko produktoreak berak egun haietan bizitako biltzen duen lana “Apocalypse Now rockero” bat dela dio. Stones in exile beraz gaur Cannesen ikusiko da, hain zuzen Exile on main street diskoa atzo bertan mundu osoan berrargitaratu ostean.

‘Anticristo’ren bertsio zentsuratua kaleratuko da

2009(e)ko Maiatzak 20 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiko ikusleek txistu egin zioten Lars Von Trier daniarrari Anticristo bere film berrian sexu-organoen automutilazioari dagozkion eszenak erakusteagatik. Proiekzioaren ondorengo prentsa agerraldian azalpenik emateko beharrik ez zuela adierazi zuen eta bere buruari loreak bota zizkion munduko zuzendari onena dela esanez.

Filmaren inguruan sortu den zalaparta dela eta, Zentropa ekoiztetxe daniarrak Anticristoren beste bertsio bat egitea erabaki du. Berlingske Tidende egunkariak aditzera eman duenez eszena gogorrenak ezabatuko dituzte AEBetan, Asian eta Europa hegoaldean zabaltzeko. Zentropako zuzendariak herrialde jainkojaleentzat bertsio arinago bat egin dutela adierazi du: “Bertsio katoliko bat egingo dugu merkatu jainkojaleentzat, zentsura gainditu dezan. Oraindik ez dakigu zein eszena ezabatuko ditugun. Banatzaileekin hizketan ari gara minaren muga non dagoen aurkitzeko.”

Willem Dafoe eta Charlotte Gainsbourg aktoreak dira protagonista. Bikotearen semea hil berria da eta min hori gainditzeko basoaren erdian dagoen txabola batera joango dira. Naturarekin harremanetan egoteak euren bihotz apurtuak eta euren ezkontza senda ditzakeela uste dute. Hala ere, naturak bere bidea darrai eta gauzak okertzen ari dira.

Anticristo datorren abuztuaren 21ean helduko da zinema-aretoetara.

Almodovar, Coixet eta Amenabar, Canneserako hautatuak

2009(e)ko Apirilak 23 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Pedro Almodovar eta Isabel Coixet Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Urrezko Palmondoa irabazteko hautagai dira. Bi zuzendari espainiarrekin batera sail ofizialean leihatuko dira Jane Champion, Ang Lee eta Quentin Tarantino zuzendariak.

Almodovarren Los abrazos rotos eta Coixeten Map of the sounds of Tokiorekin batera ondorengo filmak izango dira Urrezko Palmondoa irabazteko lehian: Jane Campionen Bright Star, Ang Leeren Taking Woodstock, Alain Resnaisen Les Herbes folles, Quentin Tarantinoren Inglorious Basterds eta Lars von Trierren Antichrist.

Lehiaketatik kanpo proiektatuko da Amenabarren Agora filma.

Up animaziozko filmak emango dio hasiera 2009ko Canneseko Nazioarteko Jaialdiari maiatzaren 13an eta amaitzeko Jan Kounenen Coco Chanel & Igor Stravinsky filma proiektatuko da maiatzaren 24an.

Zinezalea bazara eta ikusi nahi duzun filma noiz eta non proiektatzen den ez badakizu, igaro zaitez zinemako karteldegiari eskainitako web orrialdetik.