Artxiboa

‘polemika’ atalaren artxiboa

Palmondo maitagarria

2012(e)ko Maiatzak 28 Kristina Zorita Arratibel Iruzkinik ez

Bidaian nengoela, twitter bidez jarraitu dut Canneseko zinemaldiaren sari banaketa. Eta txioei kasu eginez, hiru ondorio atera ditu: 65. edizioaren garaipen-zerrenda polemikoa izan dela, europarra edo ia, eta saritu dituztenak aurreko edizio batean palmondoa jasotakoak direla.

Donostiako garai bateko prentsa aretoa balitz, ozenagoak entzungo ziren, baina atzo, Canneseko zine jauregian entzun ziren txistuak. Sari batzuk entzun bezain laster haserrea agertu zuten askok. “Tongo” hitza aipatu zuen baten batek Matteo Garrone italiarrari Sari Nagusia eman ziotela iragarri bezain laster. Epaimahaiaren burua Moretti italiarra baitzen. Ez ziren kritikaren gustukoak izan ezta ere, Cristian Mungiuri gidoi onena ematea edota Ken Loach-i Epaimahaiaren Saria eskeini izana.

Eta txistu ederrak jaso zituen Carlos Reygadas Zuzendari Onena bezala aipatzeak. Mexikarraren film esperimentalak hotz utzi zituen kritikari asko. Reynades salbuespena izan zen atzoko gauean. Bera eta film labur onenaren sariaz gain, beste iruditxoak Europan geratu ziren. Eta hori gertatu da, Ameriketako Estatu Batuetako film asko lehiatzen ziren edizio honetan. Palmondoaren bila zeuden 22 pelikuletatik 5 estatubatuarrak ziren.

Marilyn Monroeren irudia erabili duen edizio honek saritu ohiak berriz saritu ditu. Mungiu eta Loach urrezko palmondo bana jasota ziren. Eta Canneseko sari nagusia irabazita baita atzo garaile atera zen Michael Haneke austriarra. 2009an “White Ribbon” filmagatik lortutako eskuratu zuen bart, Urrezko Palmondoa. “Amour” bere azken lanak, zahartzoroko ipuin mingarriak kritika harrapatu zuen. Jean-Louis Trintignantek eta Emmanuelle Rivak ederki erretatzen duten zahartzoroko maitasun hau baina ez dute aktore onenen saria jaso. Mads Mikkelsen daniarrak maisuki lapurtu dio Trintignanteri irudia. Euren lana eskertzeko baina Hanekek bi aktore beteranoak taularatu zituen Palmondoa eskuratzeko orduan.

Gogoratu behar da Ramon Agirre donostiarrak pelikula honetan paper txikia izan duela eta sariaren berri jakin bezain laster Euskadi Irratian hitzegin zuela hunkituta.

Categories: Zinema jaialdiak, polemika Tags:

Roman Polanski libre, Suitzak AEBetara ez estraditatzea erabaki ondoren

2010(e)ko Uztailak 12 admin Iruzkinik ez
Roman Polanski zinema-zuzendaria

Roman Polanski zinema-zuzendaria

Roman Polanski zinema-zuzendaria “libre” geratu da Suitzak AEBetara ez estraditatzea erabaki ondoren.

AEBetako justiziak duela 33 urte adin-txikiko bat bortxatzea leporatzen zion, eta atxilotze-agindua eman zuen bere garaian.

Zurichen atxilotu zuten irailaren 26an, omendi batera joan zenean. Bi hilabete egin zituen espetxean, eta ondoren,  etxeko atxiloketa formula ezarri zioten, auzia argitu bitartean.

Denbora honetan, Gstaad eski-estazioan duen etxean bizi izan da, atera ere egin gabe.

Erabaki honekin, aske geratzen da 76 urteko zinema-zuzendaria (El Pianista, Oliver Twist etab.)

Aurten iritsi da gure zinemetara bere azken lana: El escritor.

Categories: polemika Tags: , ,

‘Saw VI’ filmaren estreinaldia bertan behera gelditu da

2009(e)ko Urriak 23 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Azkenean Saw 6 filma ez da Estatuko zinema-aretoetan urriaren 23an estreinatuko, ez zinema-areto komertzialetan eta ezta X zinema-aretoetan ere. Buena Vista Saw 6 filmaren banatzaileak albistearen berri eman du prentsa ohar baten bidez.

Honela dio testu laburrak:
“Gaurko, urriaren 23rako, aurreikusita zegoen Saw VI filmaren estreinaldia bertan behera gelditu da kalifikazio arrazoiak tarteko. Aipaturiko kalifikazio hori aldatzeko helegitea aurkeztu dugu eta ebazpenaren zain gaude.”

Orain itxaron egin beharko da helegiteak bere bidea egin arte. Antzerako aurrekari bat bada eta orduko hartan arazoak konponbidea izan zuenez, esperantzarako leiho txiki bat ireki da. 2001. urtean Virginie Despentes eta Coralie Ttinh zuzendarien Fóllame filmak X kalifikazioa jaso zuen. Alta Films banatzaileak ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu zuen eta bi hilabetera, filma zinema-aretoetan proiektatzeko baimena jaso zuen. Egoera errepikatuko balitz, Saw 6 filma Gabonetarako iritsiko litzateke zinema-aretoetara. Ea Olentzerok gure desioak errealitate bihurtzen dituen.

Polemika: ‘Saw 6′ porno batekin parekatu duten X kalifikazioa emanda

2009(e)ko Urriak 22 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Espainiako Kultura Ministerioak Saw 6 filma X pelikula gisa kalifikatu du irudien gehiegizko biolentziagatik. Kalifikazioa kontuan hartuta berez film pornoak proiektatzen diren aretoetan soilik ikusi ahal izango da. Hala ere, Buenavista banatzaileari ez zaio aukera hori burutik pasa ere egiten. Buenavistako bozeramaile batek adierazi duenez filma ez da zinema-aretoetan estreinatuko, ez komertzialetan ez eta X deituriko horietan, bere klasifikazioa aldatzen ez bada. Saw 6 filmaren estreinaldia Kultura eta Buenavistaren arteko negoziazioen baitan dago. Hasiera batean, filma 300 aretotan proiektatzekoa zen, baina kalifikazioaren kontuarekin guztia paralizatuta gelditu da, banatzailea ez baitago prest X deituriko zinema-areto horietan bakarrik proiektatzearekin.

Saw 6 filma X gisa kalifikatu izanak hautsak harrotu ditu zinema zaleen artean eta baita sarean ere. Dagoeneko, filma zinema-areto komertzialetan estreinatzeko eskatzeko sinadurak biltzen hasi dira sarean. Esaterako, efirmas.com atarian politika atzerakoi eta antidemokratiko hori zuzendu eta Saw 6 filma zinema-areto komertzialetan proiektatzeko eskatu dute, beti ere 18 urtetik beherakoentzat komenigarria ez dela aipatuta. Momentuz, 2342 sinadura batu dira.

Bada gisa horretako aurrekari bat. Virginie Despentes eta Coralie Trinh Thi frantziarren Follame filmari X kalifikazioa ezarri zioten. Alta Films banatzaileak errekurtso bat jarri zuen eta bi hilabete geroago film komertzialetan proiektatzeko baimena jaso zuen.

Zer iruditzen Saw 6 filmaren gainean sortu den eztabaida? Bidezkoa iruditzen al zaizu X kalifikazioa ezartzea?

‘El señor de los Anillos’: Tolkien eta New Line akordio batera heldu dira ‘El señor de los anillos’ filmaren irabaziak banatzeko

2009(e)ko Irailak 9 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

J.R.Tolkienek eta Harper Collins editorialak demanda bat aurkeztu zuten 2008ko otsailean New Line ekoiztetxearen aurka. Epaitegietara joatearen atzean arrazoi ekonomikoak zeuden. Izan ere, auzi-jartzaileen hitzetan, El señor de los Anillos filmak sorturiko irabazien zati bat zor zien ekoiztetxeak, orotara, 220 bat milioi dolar. 1969an sinaturiko kontratu bat aipatzen zuten arrazoi gisara. Eskatzaileek zioten Tolkienen eleberrietan oinarrituriko filmek sorturiko irabazi gordinaren %7,5a zegokiela.

Epaiketa urriaren 19rako aurreikusita zegoen. Hala ere, Variety aldizkari espezializatuak aurreratu duenez, estrajudizialki bi aldeak akordio batera heldu dira. Akordioaren terminoak ez dira azaleratu, baina. Akordio horrek “El hobbit”en bi film grabatzen hasteko bide ematen dio New Line ekoiztetxeari. Bien produkzioa 2010aren hasieran hasiko da Guillermo del Toro mexikarraren zuzendaritzapean.

Alde guztiak oso pozik agertu dira lorturiko akordioarekin. Bere baitan New Line hartzen duen Warner Broseko presidentea oso pozik agertu da auzia amaierara heldu delako. Horrez gain, etorkizunean harreman produktibo eta onuragarriak izatea espero du. Bonnie Eskenazi Tolkienen abokatuaren hitzetan, duela hilabete batzuk hasi ziren hizketan eta alde guztiak oso gustura daude ebazpenarekin.

‘Terminator Salvation’ pelikulako ekoizleek porrot egin dute

2009(e)ko Abuztuak 20 Eider Jauregi Iruzkinik ez

Terminator Salvation filmeko ekoizleek, Christian Bale eta Arnold Schwarzeneggerrek, besteak beste, porrot egin dute filmak sortutako zorrak, kreditu finantzarioa, ordaitzeko arazoak izan dituztelako, Los Angelesko Times egunkariak gaur aditzera eman duenez.

Terminator saga zinematografikoaren eskubideak zituzten jabeak, Derek Anderson eta Victor Kubiceak, euren hiru enpresarentzako (T Asset Acquisition Company, Dominion Group y Halcyon Holding Group) kiebra legeari atxikitu zitzaizkion asteartean.

Ekoizpenak 200 milioi dolarreko aurrekontua zuen eta 370 milioi dolar bildu zituen mundu osoan. Horri oraindik merkaturatu gabe dagoen DVD formatuaren irabaziak gehitu behar zaizkio, baita beste diru-sartze txikiago batzuk ere.

Andersonek eta Kubicek euren inbertitzaileak salatu zituzten erabaki desegokiak hartu eta euren jabetzen bahiturara heldu zirelako, eta porrotaren aurkezpena salaketa horren hurrengo egunean gertatu zen.

Terminator Salvation finantzatu zuten konpainia eta partikularren artean Hollywoodeko izen handiak daudee, Christian Bale, McG edo Arnold Schwarzenegger, besteak beste, nahiz eta ez den argitu bakoitzak zenbateko diru kopuruarekin lagundu zuen.

Kontsultatu zinema programazioa!

Zer gertatu da David Carradinerekin?

2009(e)ko Ekainak 12 Eider Jauregi Iruzkinik ez

“Kung Fu” mitikoaren heriotza izugarrizko zeresana ematen ari da. Ostegunean aurkitu zuten hilotza Bangkokeko luxuzko hotel batean. Bere gelako armairu barruan zegoen, biluzik, eta soka batekin lotuta barrabilak nahiz lepoa. Aurkikuntza “harrigarri” horren ostean, denetariko hipotesiak zabaldu dira eta ezer ez dago argi.

Lehen bertsioa suizidioarena izan zen. Aktore ezagunak bere buruaz beste egin zuela esan zuten berehala komunikabideek, baina familiak ukatu egin zuen Carradinek horretarako arrazoirik zuenik.

Gero, Tailandiako Gobernuak oharra kaleratu zuen 72 urteko aktore ezaguna masturbazio teknika arriskutsu batean ari zela hil zela esanez. Herrialde hartako ikertzaileek egindako lehen azterketen arabera, istripua izan zen gertatutakoa, nahi gabe ito zen Carradine, “ekintza erotiko bat” egiten ari zela. Ez omen zuen inolako indarkeria arrastorik.

Egun batzuk beranduago, baina, “Kung Fu” ezaguna sekta batek hil zuenaren zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Hain zuzen ere, familiaren abokatuak esan zuen eurek kontratatutako ikertzaileen arabera, arte martzialetan aritzen den ezkutuko sekta batek hil zuen Hollywoodeko aktorea, horien jardueren berri eman ez zezan.

Gauzak horrela, familiak berriz ere hitz egin du azken orduotan, hildakoaren gorpuari egindako azterketa independente baten arabera, ez zuela bere buruaz beste egin ondorioztatu dutela esateko. Horrek garbi uzten du gai honek hari luzea izango duela oraindik.

Misterioa argitzen den bitartean, komunikabideetan nahiz Interneten ez da beste konturik eta telebistan zein zinemetan bere filmak ematen hasi dira berriz ere.

Hain zuzen ere, bere film berria izango zena grabatzen ari zen David Carradine Tailandian.

Kontsulta itzazu asteko estreinaldien ordutegiak eta zinemaren inguruko albiste guztiak.

Sean Penn eta Robin Wright, berriz elkarrekin

2009(e)ko Maiatzak 22 Eider Jauregi Iruzkinik ez

Harvey Milk eta La sombra del poder -egun zinemetan ikus dezakegu- filmetako protagonistek betirako bukatu zutela esan zuten arren, badirudi dena bere onera itzuli dela eta elkarrekin daudela.

Izan ere, Sean Pennek dibortzio-eskaera aurkeztu zuenetik hiru aste igaro diren honetan, bi Oscar sariren jabeak Kaliforniako auzitegi batean aurkeztutako eskaera hori erretiratu egin du, People aldizkariak jakitera eman duenez.

“Ematen du berriz ere adiskidetu egin direla” adierazi du Lynn Soodik dibortziotan aditu den abokatuak: “Ez litzateke bestela logikoa dibortzio-eskaria erretiratzea”.

Bigarren aldia da dibortzio-prozesua abian jarri ostean bikoteak atzera egiten duela. Ea oraingoan luzarorako den!

Une honetan, Paolo Sorrentinorekin grabatuko duen film berriaren proiektuan buru belarri sartuta dago Sean Penn, 48 urteko aktorea. Bere ibilbide musikala amaitu ondoren, iraganarekin kontuak kitatu eta aita hil zuen naziaren bila joango den rock izar baten papera egingo du.

Robin Wright, berriz, Canneseko Zinema Jaialdian ikusi dugu egun hauetan, epaimahaikidea baita.

‘Anticristo’ren bertsio zentsuratua kaleratuko da

2009(e)ko Maiatzak 20 Onintza Aiestaran Iruzkinik ez

Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiko ikusleek txistu egin zioten Lars Von Trier daniarrari Anticristo bere film berrian sexu-organoen automutilazioari dagozkion eszenak erakusteagatik. Proiekzioaren ondorengo prentsa agerraldian azalpenik emateko beharrik ez zuela adierazi zuen eta bere buruari loreak bota zizkion munduko zuzendari onena dela esanez.

Filmaren inguruan sortu den zalaparta dela eta, Zentropa ekoiztetxe daniarrak Anticristoren beste bertsio bat egitea erabaki du. Berlingske Tidende egunkariak aditzera eman duenez eszena gogorrenak ezabatuko dituzte AEBetan, Asian eta Europa hegoaldean zabaltzeko. Zentropako zuzendariak herrialde jainkojaleentzat bertsio arinago bat egin dutela adierazi du: “Bertsio katoliko bat egingo dugu merkatu jainkojaleentzat, zentsura gainditu dezan. Oraindik ez dakigu zein eszena ezabatuko ditugun. Banatzaileekin hizketan ari gara minaren muga non dagoen aurkitzeko.”

Willem Dafoe eta Charlotte Gainsbourg aktoreak dira protagonista. Bikotearen semea hil berria da eta min hori gainditzeko basoaren erdian dagoen txabola batera joango dira. Naturarekin harremanetan egoteak euren bihotz apurtuak eta euren ezkontza senda ditzakeela uste dute. Hala ere, naturak bere bidea darrai eta gauzak okertzen ari dira.

Anticristo datorren abuztuaren 21ean helduko da zinema-aretoetara.

‘Slumdog Millionaire’ filmeko neskatila saldu nahi izan du bere aitak, 220.000 eurogatik

2009(e)ko Apirilak 20 Eider Jauregi Iruzkinik ez

Danny Boyle zine-zuzendariaren filmak 8 Oscar irabazi ditu azken edizioan eta ezagun egin da mundu osoan Slumdog Millionaire; baita bertako protagonistak ere. Horietako guztiei ez zaie, ordea, bizi patua hobetu arrakastarekin eta egoera latzak bizi dituzte egun protagonistetako batzuk.

News of the world” egunkari britainiarrak kaleratu berri duenez, Latika neskatilaren papera egiten duen Rubina Ali 9 urteko neskatila saltzen saiatu da bere aita, 224.700 euroren truke.

Antza denez, Rubinaren familiak haurraren arrakasta mementua ahalik eta gehien luzatu nahi du, “familiaren egoera” hobetzeko. Slumdog Millionaire filmagatik 2.200 euro jaso zituen, eta orain gutxi beste hainbeste irabazi du Nicole Kidmanekin egin duen iragarki batekin. Aitak diru gehiago nahi, ordea, eta Arabia Saudiko bikote aberats baten moduan agertu zitzaizkion bi kazetariri alaba “adoptatzeko” aukera eman zien diru hori ordainduz gero.

Bombayko hotel batean egin omen zuten negoziaketa Rafiq Qureshi aitak eta Rajan More koinatuak ustezko xeke arabiarrarekin eta haren emaztearekin. Elkarrizketa horretan, Rajan Morek edozein haur txiro “adoptatzeko” aukera eskaini zion bikoteari 1.000 edo 2.000 eurogatik, baina Rubinak beste prezio bat duela esan zieten: 224.700 euro.

Kazetariek gertatua argitara eman dute orain, bideo eta guzti, eta izugarrizko polemika piztu da Britainia Handian. Umearen aitak, berriz, ukatu egin du salmenta hori egiten saiatu izana eta dena gaizki ulertze bat izan dela esan du. “Inoiz ez nuke Rubina salduko. Salaketa horiek faltsuak dira, nire izen ona zikintzeko besterik ez dute balio. Bideoan ageri den ahotsa ez da nirea” esan du Qureshik.

Duela gutxi polemika handia piztu zen, Slumdog Millionaire filmeko mutiko txikiaren aitak haurra jo zuela zabaldu zenean, ordainduta zegoen elkarrizketa bat eman nahi izan ez zuelako. Ismael mutikoak nekatuta zegoela esan zuen.

Irakurri zinemaren inguruko albiste gehiago eta kontsultatu zinema-programazioa.