Category Archives: Euskal zinema

"Agronautas": Lurrarekiko gure harremana giza eskubidea bilakatuta

Share Button

Lurrak sufritzen badu, guk sufritzen dugu, ergo lurraren ongizatea gure giza eskubide bat ere izan daiteke. Hori pentsatu nuen Agronautas filma Giza Eskubideen Zinemaldian programatzen zutela ikusi nuenean. Eta aitortu behar dizuet pelikulak kontatzen duenarekin ezezik, izenburuarekin maitemindu nintzela. Nauta berez nabigatzailea da eta dokumental honetan agertzen diren 56 lagunak eredu berrien nabigatzaileak dira.

Bilboko lau lagunek hasi zuten proiektua 2011an: Juan Dopico zuzendaria, PEZ Arkitektura estudioko Elisa de los Reyes García eta Maé Durant Vidalbi eta Iñigo Calvo produktorea. Calvok adierazten duen bezala “Agronautas esplorazio bat da, gu eta ingurugiroaren artean, azterketa bat da“. Ikerketa horretan zera bilatzen zuten “atzeraldi ekonomiko, politiko, sozial eta ingurugiroko honen erdian gauzak beste era batera egiten ari direnak“.

Horrela Gaztela eta Leongo, Katalunianako, Euskadiko, Asturiaseko eta Madrilgo Erkidegoko 40 ekimenetako ordezkariak elkarrizketa dituzte. Nekazaritza ekologikoa, kontsumo taldeak, jaki transgenikoen aurkako borroka, energia berriztagarriak, etb. agertzen dira dokumentalean. Hori jaso nahi zuten onartzen du ekipoak. Dopico zuzendariak dioenez “egia da beste partea ez da agertzen, iritzi lerroa oso markatua dago baina hori nahi genuen, agertzen den jende hori“.

Instantánea[2]

Dokumentala baina proiketu zabalago baten parte da. Arkitektura deseraikitzen ari dira, sukalde jasangarri bat egiten ari dira eta sukaldaritza tailerrak ematen ari dira. Eta webgunea sortu nahi dute. Ingurugiroa eta lurtarren arteko harremana hobetu nahirik.

Ostegunean izango duzue ikusgai 19:00tan Victoria Eugenia antzokian.

Giza Eskubideen XI. zinemaldia prest

Share Button

Hamaikagarren edizioa du Donostiako zinemaldi honek. Baina guztiz errotuta dago. Giza eskubideen inguruan egiten den zinema erakustaldiak Patricio Guzmanen, Txileko dokumentalista ospetsuaren ikastaro bat izango du, besteak beste. Gaur film luzeen sail ofizialaren aurrerapena iragarri dute.

http://www.cineyderechoshumanos.com/2013/index.php?option=com_content&view=article&id=12&Itemid=8&idn=17594&lang=eu

Apirilaren 19tik 26ra egingo den zinemaldiaren sail ofizialean izango diren lehen 9 film luze aurkeztu dituzte. Horien artean, bi estrenaldi. Gipuzkoan filmatu eta ekoiztutakoak biak. Batetik Jorge Gil Munárriz gidoilearen zuzendari moduan lehen lana: El Método Arrieta“. Donostiako bi aizpen istorioa kontatzen digu. Lourdes eta Mentxu Arrietak begiraden bidez ulertzen diote elkarri, gaixotasun batek elbarri utzi ondoren. 30 urte daramate begieei esker elkar komunikatzen. Baina orain euren metodoa ezagutuarazi nahi dute, askoren bizitzak aldatzeko.

Beste estrenaldia, Jone Karresek eta Eneko Olasagastik zuzendutako Alardearen seme-alabak da. Irun eta Hondarribiako Alardeen historia kontatzen da, gatazka nola sortu zen eta euretan emakumeak parte hartzeko eskubidea errebindikatzen da. Ezbairik gabe polemikoa izango dena, baina beharrezkoa.

Zinemaldia zabaltzeko, jada horretan ibilitako Goran Paskaljevic izango dugu. Edo hobeto esan bere azken lanak. 2010an serbiarraren “Honeymoons” izan genuen ikusgai. Aurten When Day Breaks(Egusentian) filmak zabalduko du Giza Eskubideen XI. zinemaldia. Valladolideko Semincin ikusteko aukera izan nuen eta ederra iruditu zitzaidan Serbian Holokaustoaren nondik norakoak eta aldi berean, Serbian izan diren beste “holokaustoak” pantailaratzen dituen filma.

Ez da Semincin eman eta Donostira etorriko den film bakarra. Beste bi daude.  II Mundu Gerra bukatu ondoren Alemania osoa zeharkatu behar duten nazien seme-alaba batzuen istorioa kontatzen digu Lore“  fikziozko filmak. Alemanez filmatu zuen Cate Shortland australiarrak. Bigarren filma du eta horregatik Seminci zuzendari berri onenaren saria jaso zuen. Niri Semincin ikusitakoen artean gehien gustatu zitzaidana izan zen. Salamancako Basilio Martin Patinok Libre Te Quiero zuzendu du, M-15 mugimenduaren inguruan, Puerta del Solen izandako giroaz. Dokumental hau Semincin ere estreinatu zuen.

Gauzak horrela egitarau sendoa daukagu.

Izurriteen izua, gertu gure pantailetan

Share Button

Egunotan Aritz Moreno bukatzen ari da bere azken film laburra: “Colera”. Azken soinu edizioa eta aste honetan bertan ikusgai izan daiteke Nafarroako Erriberan abuztuan grabatutako bost bat minutuko pelikula. Luis Tosar buru duela, Paco Sagarzazu eta Iñake Irastorza besteak beste izan ditu aktore lanetan Morenok espainolez “Colera” hitzak duen esannahi bikoitzarekin jolasteko.

Morenok berak esan digunez “idatzi dudan lehen gidoia da 17 urte nituela”. Richard Corben komikigile estatubatuarraren istorio batean oinarritu da. “Kajoian gordeta nuen, zeozer falta zitzaiolako“, aitortu digu “Cotton Candy” eta “El Bucle” filmen egileak. “Falta zitzaion hori errealizazio kontu bat zelaz konturatu arte, plano sekuentzia batean errodatzeko gai izan arte gorde nuen”, aitortu digu Aritz Morenok. Post produkzioan editatuko plano sekuentzia batean filmatu baitute “Colera” hau.

Estetika oso garrantzitsua da. Tejas izan ziteken Nafarroako Erribera. Ur putzua behar zuten, berez lur oso lehor baten erdian. Eta ordua ere garrantzitsua. Arratseko minutu zehatz batzutan, justu eguzkia ezkutatzen den une horretan, grabatuta da film labur hau. Morenok egindako produkzio handiena da. “Jauzi bat da diru aldetik 30.000 euroko aurrekontua baitu eta teknika eta logistika aldetik“. Morenok inoiz ez baitu kudeatu 67 kideko ekipoa, aktore eta teknikoen artean. “Horregatik gaizki pasatu dut errodaian“, aitortu digu.

Mursegok egin dio soinu banda “Colera”ri. Bere lehen soinu banda eta hori ere ardura izan da kantari eta konposagilearentzat. Orain zinemaldietik errodatu behar du “Colera”. Pare batean oso gustuko izan dute eta liteekena da handi batean hartzea. Horren zain geratzen gara.

Zinebi, Bilboko zinemaldi osasuntsua martxan

Share Button

Ez dauka Donostiako Zinemaldiak duen glamourra. Baina Bilboko zinemaldiak ia Donostiakoak dituen edizio kopuru bera du. Zinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburraren zinemaldiak 54 edizioa bihar zabalduko du, Arriaga Antzokian. Aurten Infoworld atala estreinatu dute, lehiaketaz kanpo ikusiko diren nazioarteko 21 film laburrez osatua. Berria ere Beautiful Docs. Munduko film luze dokumentalen ikuspegia, hainbat zinemalditan ikusitako 12 film dokumentalak.

Lehian berriz 72 film, labur eta luze, erakutsiko dira datorren ostiralerarte. Tartean daude gaur aurkeztu diren 8 labur euskaldunak:

* Tucker Davila Wooden “ Los perfeccionistas ” (fikzioa)
* Unai Gareteren “Aner” (fikzioa)
* Martin Roseteren “Voice Over” (fikzioa)
* Gentzane Martinez de Osabaren “Je me souviens” (dokumentala)
* Carlos Rodriguezen “Berriro igo nauzu” (dokumentala)
* Isabel Hergueraren “Bajo la almohada” (animazioa)
* Ander Mendiaren “Beerburg” (animazioa)
* Angel Sandimasen “Gernika” (animazioa)

Batzuk ikusi ditut eta esan dezaket uzta oparo baten ondo hautatutako fruituak direla. Biziki gomendatzen dizkizuet sariak jaso dituen “Voice Over” edo Angel Sandimasen “Gernika” esaterako. Zumetaren margolanak eta Mikel Laboaren kantak uztartu dituena. Horiek inaugurazio ekitaldian ikusgai izango dira. Eta ekitaldi horretan bertan Ohorezko Mikeldia emango zaio Carlos Saura zuzendari espainarrari.

Klausurako galan, datorren ostiralean, Patrice Chéreau antzerki, opera eta zine zuzendaria, aktore eta produktore frantziarrak jasoko du beste Ohorezko Mikeldia.

Horiekin batera, epaimahaiak hautatuako sariak banatuko dira: Zinemaldiko Sari Nagusia, Euskal Zinemaren Sari Nagusia, Espainiar Zinemaren Sari Nagusia, Latinoamerikako Zinemaren Sari Nagusia, eta fizkioan, animazioan eta dokumentalen sailetan Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak.

Valladoliden euskal zinegileen uzta ederra

Share Button

Abisatu genuen. Arrakastaz estreinatu zuen Telmo Esnalek bere azken film laburra Vallladoliden, Seminicin. Eta publikoaren arrakastak epaimahaiean izan zuen isla. Seminciko film labur espainar onena eritzi zioten “Hamaiketakoa”. Eta halaxe jaso zuen saria larunbatean Valladolideko Calderon antzokian Telmo Esnalek. Hortaz gain, Jacques Audiarderrekin batera Thomas Bidegainek idatzitako gidoia, “De rouille et d’os” filmaren gidoiak saria jaso zuen. Horrela zuberotarrak Cannesen lortutakoa errepikatu zuen. Audiardek gainera zuzendari onenaren saria eta filmearen gizonezko aktoreak iruditxoa lortu zuten Semincin. Edizio honetako arrakastatsuena da beraz.

281524_10151280854756171_889107410_n

Esnal eta Bidegainez gain, beste izen euskaldun batzuk izan ziren Seminciko edizio honetan. Imanol Uribe Sail Ofizialeko epaimahaikidea zen eta Enrique Urbizuk eta Alberto Iglesiasek maisuen eskolak eman zituzten. Hortaz gain, Iglesiasi ohorezko saria, Ohorezko Galburua eman zioten.

Dokumentalei eskaintzen zaien “Tiempo de Historia” sailean berriz Iñaki Artetaren azkena ikusteko aukera izan zen. Bilboko zuzendariak hiru bat film luze ETAren biktimei eskaini ondoren eta horietako batekin, “Trece entre mil” sail horretako bigarren saria jaso zuen 2005an.
 

Aurten ez du lortu Nicolas Redondo Urbietari eskainitako dokumentalarekin. “Testigo Involuntario. Nicolás Redondo”. Sindikalista eta buruzagi sozialistak berak esaten duen modura, bera “nahigabeko lekuko” izan da azken 80 urtetako gertakari nagusien “nahigabeko lekukoa”. Eta hainbatetan bera protagonista nagusi izan zen. Esaterako Felipe Gonzalezekin izan zuen lehian. Horren inguruan hainbatek esandakoek eta senideek kontatutakoek Nicolás Redondo hurbilago bat irudikatzen dute.

Semincin, Hamaiketako ederra

Share Button

Telmo Esnal berriz arrakastatsu Valladoliden. Iaz “Urte Berrion Amona” filma oso gustuko izan zuen Seminciko zuzendariak, Javier Angulok, eta pelikula Gaztela Leongo zinemaldi honetara ekarri ondoren, gonbitea luzatu zion zuzendari zarauztarrari: “hurrengoa hemen”.

Eta halaxe egin du. Telmo Esnalen azken film laburra “Hamaiketakoa” Semincin estreinatu dute. Publikoak asteazkenean ikusi zuen estrainekoz eta arrakastaz. Txalo asko eta barreak entzun ziren ia 300 ikusle hartzen dituen aretoan. Beharrezko barreak berez gai goibelak, gogorrak dituen Seminci honetan.

1349202205

Esnalek lau minututan herri bateko pasadizoa irudikatzen du. Egunero hiru emakume adindu hamaiketan elkartzen dira, kafetegi baten aurrean. Zita elkarri eman diote lekuko izateko. Paco Sagarzazu eta Zorion Egilorrek antzezten duten pertsonaiek ordu horretan egunero duten elkarrizketa bitxiaren leku izateko.

Antzezle onak, umorea eta tentsio ondo eutsita “Hamaiketakoa”n.

Maracaibon euskal detektibe baten piurak

Share Button

Donostiako zinemaldiak Europa eta Hegoamerika arteko koprodukzio foroa antolatu behar du aurten estrainekoz. Euskal ikusentzunezko sektorerako proiektu estratetikotzat jo dute sortzaileek. Euren esanetan aldaketa une hauetan – hots, krisi garai hauetan – finantziazio iturri berriak etorri daitezke.

Euskal hegoamerikar koprodukzioak aspaldi egiten dira. Ia 20 urte ditu “Maite” komediak, Kubako eta euskal produktoreen artean egindako lehen filmak. Gerora etorri ziren “Omerta”, “Dragoi ehiztaria” edota “Valeria Descalza”.

Orain Venezuela eta Euskadi arteko koprodukzio baten estrenaldiaren berri dugu. Duela 4 urte filmatu baina aurtengo uztailean Venezuelako zine aretoetan emango dute “La Niña de Maracaibo” luzea. Miguel Curiel zuzendari venezolarrak duela 20 urte amestu zuen proiektuak Asier Hernandez aktore donostiarra du protagonista nagusi.

Goenkaleko German ezaguna, Asier Hernandez Euskal Herritik Maracaibora doan detektibe bat da. Alatriste du izena. Guajiroen erregeak deitu du bere emaztea, bere “niña” zaintzeko. Ezkontza hori ez dute begi onez ikusten tribuko tradizionalistek. Detektibea iristearekin batera gainera, talka egingo dute bi munduk: europarron mendebaldeko munduak eta guajiroen munduak.

Waayu etnia eta euren lurraldea, Guajira, luze erretratzen duen lehen pelikuletakoa da hauxe. Waayuen hizkeran, Wayuunaikin, egindako lehen fikziozko filma da. Hiru hizkuntzatan egindako pelikula da: euskara eta gaztelera ere erabiltzen baitute protagonistek.Asier eta euskara ez dira gure zantzu bakarrak filmean.  Eskarmentu handiko Xanti Salvador Bilboko soinu teknikaria arduratu da hiru hizkuntza horiek eta Guajira ederraren soinuak merezi duten moduan, tajuz, grabatzen.

Venezuelako Meridako zinemaldian ikusi zen estrainekoz “La Niña de Maracaibo” filma. Orain Venezuelako zine aretoetan emango da. Donostiako zinemaldian ikusi ahal izango dugu? Erantzuna, gutxi barru.

80 EGUNEAN: Frantziako estrenaldiaren atarian

Share Button

Pozez zoratzen daude Moriarti Produkzioak konpainiakoak. Pozez Parisen “80 egunean” filmak izan duen harreragatik. “Espagnolas en Paris”ek antolatzen ohi duen “Different 5! L’autre cinema espagnol” zine erakustaldian asteburuan erakutsi zuten Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako filma.

Bigarrenez ziren gainera. Iaz jada aurkeztu baitzuten filma. Berriro pelikula erakusteko eskatu diete, Frantzian, areto komertzialetan datorren asteazkenean estreinatuko baitute. Euskaraz, frantseseko azpitituluekin emango dute Hexagono osoan. “Epicentre Films” banatzailea itxaropentsu da. 23 edo 25 kopia artean banatuko ditu estatu frantziar osoan ederki barreiatzeko. Espainian baina kopia gehiago. Iberiar Penintsulan estrainatu zenean 15 kopia izan baitziren.

Hainbat zinemaldietan parte hartu eta sariak jaso ondoren, filmak duen beste pausu garrantzitsua. Euskaraz egindako filma bat Frantzia osoan, areto komertzialetan, ematea marka da.

Zinema munduak zitalak maite ditu

Share Button

Nola diren sari banaketak. “No habrá paz para los malvados”, Enrique Urbizu bilbotarraren thriller-a Donostiako zinemaldian izan zen. Baina ez zuen maskor bat bera ere jaso. Atzo ordea Goya sarietako garaile nagusi izan da. 14 izendapen zituen eta 6 iruditxo eskuratu ditu, tartean nagusienak. Espainiako Zine Akademiako kideen aburuz iazko pelikula onena izan da eta Urbizu zuzendari onena. Urbizuk Michel Gaztambide nafarrarekin sinatu duen gidoiak ere saria jaso du. Eta aktore onena, polizia korruptoarena egiteagatik, Jose Coronado. Jogurtat iragartzetik bizi iraun duen aktoreak Goya saria jaso du, “25 urte ondoren”, berak esan duen bezala.

Euskal zinemaren gaua ere izan da. EITB nahieran ikusgai dagoen eta Pedro Rivero bilbotarrak zuzendu duen ““BirdBoy”” zintak animaziozko film labur onenaren saria eskuratu du. “Blackthorn” westernak lortu ditu lau sarietatik bik euskal profesionalei zor die. Clara Bilbaok jantzi ditu western horretako pertsonaiak eta Juan Antonio Ruiz Anchiak fotografiaren ardura izan du. Pelikula honen kasuan, ezin ulertu nabil Sam Shepard itzela nolatan ez dute ezta izendatu ere.

Almodovarrek ere euskal profesionaleei zor die jasotako lau sarietatik bi. Karmele Soler eta Alberto Iglesias donostiarrek makillajean eta soinu bandan iruditxoa eraman dute. Iglesias markak hautsita, jada 10 Goya batitu. Sari eskasak baina Almodovarrentzat. Bere filma, “La Piel Que Habito” Gaueko gailtzailetzat jo daiteke. Akademiatik kanpo urteetan egon ondoren, galan parte hartu zuen Pedro Almodovarrek. Denek zuzendari onenaren edo pelikularen onenaren saria jasoko zuela ordainean espero genuen. Ez zen horrela izan. Urtetako desairegatik mendekua ote?

Aldarrikapen askoren gaua izan da. Zientzia fikziozko “Eva” filma maisuki zuzendu duen Kike Maillok eskerrak ematerakoan, Claudia Vega, bere protagonista aldarrikatu du, nerabe izaki egun ezin baitute saritu. Maillok  eskola publikoaren alde hitzegin zuen. Garzon epailea berriz goraipatu zuen Isabel Coixetek dokumental onenaren saria jasotzerakoan.

Eta aldarrikatu bere lana Santiago Segurak. “Torrente IV” filma ikusiena izan da Espainian iaz. Baina berak gogoratu zuen bezala izendapen ziztrin bat bera ere. Beste ahaztuak: publikoa. Amaia Etxezarreta kazetariak tuit batean esan bezala, sarituetako inork ez baizuen sarrera pagatzen ditugunak gogoan eduki.

Kimu berdeen uzta oparoa

Share Button

Nire lehen post-a. Lehen idatzia zinemari eskeinatako blog honetan. Eta estrainekoz ekiteko, zinegileek eurek hasteko jorratzen duten eremuan arituko naiz: film laburretan. Izan ere, Euskadiko Filmategiaren Kimuak ekimenaren uzta berria, 14garrena, oparoa baitator. Maila altuko hautaketa da.  Kimu berdeak dira, gure zinemak lore gehiago eman dezakelaren seinale, ondo elikatuz gero.

Berdea aipatu dut, baina beste kolore bat gailentzen da: beltza. Inoiz osatu duten sorta beltzeena prestatu dute, hautatzaileek beraiek aitortzen dutenez. Drama nagusi baita 9 film labur hauen artean. Drama hutsa da esaterako “Zeinek gehiago iraun”. Urteetan komikigile izandako Gregorio Murok forman kolorez betetako istorioa tristea osatu du.  Murok Goya sarietako bat, Espainiako zine sarietako bat irabazi dezake, animaziozko film labur onena sailean.

Umorezko printz bakanetakoak aldiz “Lagun mina” pelikulan.                         Jada konsagratutzat jo dezakegun Joxe Mari Goenagak umore finezeuskaldunen adiskidetasun mitifikatua hankaz gora jarri du.

Lagun mina (Hasiera/Inicio) from Moriarti on Vimeo.

Aurtengo katalagoa beltza datorkigu gainera genero horietakoa baitira hautatutako 2 filmak. Eta zuri-beltzean grabatu dituzte 2 pelikula ere.  “She’s Lost Control” bikaina azpimarratu nahi nuke. Haritz Zubillaga zuzendariak 30 sari baino gehiago irabazi zituen aurreko film laburragatik, “Las Horas Muertas”. Orduan errodatzen duen maisutasuna agertu zuen eta berriz agertu du ingelesez filmatutako thriller honetan. Kontrola galdu zuen emakumearen istoria sariak jasotzen hasi da, esaterako Zinebi saria.

Aipatzekoa da  edizio honetatik Kimuak ekimenak babesle berria duela: Etxepare institutua. Ziur naiz kanpora begira promoziorako lanabes inportantea izango dela. Nazioarteko zinemaldietan eta euskal etxeetan. Baina Kimuak eta edozein euskal film laburren hutsunea gurean da. Hainbat zinemaldi edo zine-klubetik kanpo ez dira film laburrak ikusten. Gure areto komertzialek apenas programatzen dituzte. Eta horrela oso zaila zaigu ikusleei Kimuak 2011ko hautaketa bat bezala disfrustatzea.

“She’s Lost Control”, un corto de Haritz Zubillaga from [ The House of Films ] on Vimeo.