Artxiboa

‘estreinaldiak’ atalaren artxiboa

“Stoker” eta “Ayer no termina nunca”: dirua dagoenean, dirua ez dagoenean

2013(e)ko Maiatzak 13 Kristina Zorita Arratibel Iruzkinik ez

gure pantailetan dauden bi film komentatu nahi ditut gaur. Bata thiller psikologiko erotikoa, besteak krisia – bikote krisia eta krisi ekonomikoa- ardatz duen filma. Biak uztartu ditut, duela azken egunotan ikusi ditudalako eta narrazio zinematografikotik at dagoen erreflexioa sortu didatelako.

18 urte betetzen dituen egunean bertan aita galtzen du India Stoker (Mia Wasikowska) gazte bereziak. Aitarekin zuen erlazio bitxia galtzen du horrela. Baina ezagutzen ez duen Charlie osaba (Matthew Goode) dator etxera, bera eta ama zaintzera eta gutxinaka konturako da amankomunean gauza asko dituztela. Hori kontatzen digu Stoker filmak, kritiko askoren esanetan, thriller erotikoa dena. Nicole Kidman ere aktore duen filmean, Wasikowska eta Gooderen interpretazioak borobilak dira. Estetika – planoak eta eskenategi zein jantzien diseinua – eta musika dotore baina dotoreagoa erabili dira.

Hollywoodeko dirua izan du Chan-Wook Park korearrak filma egiteko. Estatu Batuetako zine industriaren babespean egindako lehen lana da. Eta askok beldur ziren Los Angeleseko estudioen matazan katramilatuko zela, ekoizpen etxeak gehiegi gozatuko zuela Parken estilo bortitza. Baina korearrak eutsi dio. Mendeku trilogia batek ezaguna egin zuen, batez ere, Cannesen epaimahaiaren saria eskuratu zion “Oldboy” filmak. Eta horietan egiten duen bezala indarkeriaren erroa eta nondik norakoak arakatzen ditu. Estiloari leial, besteetan agertzen diren bere hartz markak ikusiko ditugu: ordenagailuz sortutako efektuak eskenen arteko transizioak egiteko – adi, Kidmanen ilea belarrean bilakatuta – edota goraiziak mendeku arma bilakatuta.

Egunotan

Medio gutxiekin egindakoa da aldiz Isabel Coixeten proposamen berria. Berlingo Zinemaldian lehiaketaz kanpo eta Espainiar Zinearen Jaialdian, Malagan, krisiak eragin dion filma Ayer No Termina Nuncaaurkeztu du zuzendari katalanak. Antzerki lan batean oinarritu da, hain zuzen, Lot Vekemans holandarrak idatzitako Antes Te Gustaba La LLuvíaantzezlanean.

Krisi ekonomikoak jotako Espainiara itzuli da Alemaniara lan bila joandako gizonezko bat(Javier Camara). Emazte ohia (Candela Peña) ikusi eta ihes egin zuenean utzitako zauria berriro irekiko dute elkarrekin. Batzuek antzerki lana fidelegi aurpegiratu diote Coixeteri,beste batzuek oportunista deitoratu, krisi ekonomikoa aprobetxatzen duelako eskenategi bezala.  Bidegabeak iruditu zaizkit kritikok. Coixet maite dut nik, baita lan hau ere. Candela Peñak zoragarri egiten du minari, iraganari lotuta dagoen emakumearen papera.

Antzerki itxura areagotzen dute agian eskenategiek. Peña eta Camara euren mina aletzen dute kobazulo batean, utzitako porlanezko eraikuntza batean edo zelai batean. Eskenategi horietan mugitzen dira, taula baten gainean bezala. Niri hiru eskenategi horiek galera batek utzitako hutsunea eta mina gogoratu didate, baina baita erreflexioa ekarri: egun Espainiako zine industriak bizi duen krisi ekonomikoan medio gutxi behar dituen proposamenak egin behar dira.

Categories: estreinaldiak Tags:

Giza Eskubideen XI. zinemaldia prest

2013(e)ko Martxoak 25 Kristina Zorita Arratibel Iruzkinik ez

Hamaikagarren edizioa du Donostiako zinemaldi honek. Baina guztiz errotuta dago. Giza eskubideen inguruan egiten den zinema erakustaldiak Patricio Guzmanen, Txileko dokumentalista ospetsuaren ikastaro bat izango du, besteak beste. Gaur film luzeen sail ofizialaren aurrerapena iragarri dute.

http://www.cineyderechoshumanos.com/2013/index.php?option=com_content&view=article&id=12&Itemid=8&idn=17594&lang=eu

Apirilaren 19tik 26ra egingo den zinemaldiaren sail ofizialean izango diren lehen 9 film luze aurkeztu dituzte. Horien artean, bi estrenaldi. Gipuzkoan filmatu eta ekoiztutakoak biak. Batetik Jorge Gil Munárriz gidoilearen zuzendari moduan lehen lana: El Método Arrieta“. Donostiako bi aizpen istorioa kontatzen digu. Lourdes eta Mentxu Arrietak begiraden bidez ulertzen diote elkarri, gaixotasun batek elbarri utzi ondoren. 30 urte daramate begieei esker elkar komunikatzen. Baina orain euren metodoa ezagutuarazi nahi dute, askoren bizitzak aldatzeko.

Beste estrenaldia, Jone Karresek eta Eneko Olasagastik zuzendutako Alardearen seme-alabak da. Irun eta Hondarribiako Alardeen historia kontatzen da, gatazka nola sortu zen eta euretan emakumeak parte hartzeko eskubidea errebindikatzen da. Ezbairik gabe polemikoa izango dena, baina beharrezkoa.

Zinemaldia zabaltzeko, jada horretan ibilitako Goran Paskaljevic izango dugu. Edo hobeto esan bere azken lanak. 2010an serbiarraren “Honeymoons” izan genuen ikusgai. Aurten When Day Breaks(Egusentian) filmak zabalduko du Giza Eskubideen XI. zinemaldia. Valladolideko Semincin ikusteko aukera izan nuen eta ederra iruditu zitzaidan Serbian Holokaustoaren nondik norakoak eta aldi berean, Serbian izan diren beste “holokaustoak” pantailaratzen dituen filma.

Ez da Semincin eman eta Donostira etorriko den film bakarra. Beste bi daude.  II Mundu Gerra bukatu ondoren Alemania osoa zeharkatu behar duten nazien seme-alaba batzuen istorioa kontatzen digu Lore“  fikziozko filmak. Alemanez filmatu zuen Cate Shortland australiarrak. Bigarren filma du eta horregatik Seminci zuzendari berri onenaren saria jaso zuen. Niri Semincin ikusitakoen artean gehien gustatu zitzaidana izan zen. Salamancako Basilio Martin Patinok Libre Te Quiero zuzendu du, M-15 mugimenduaren inguruan, Puerta del Solen izandako giroaz. Dokumental hau Semincin ere estreinatu zuen.

Gauzak horrela egitarau sendoa daukagu.

MAPA, belaunaldi baten egunkaria.

2013(e)ko Urtarrilak 31 Kristina Zorita Arratibel Iruzkinik ez

Sevillako Europar zinemaldian Europako domukental onena irabazi zuen ex-aequo. Orain Goya sarietarako izendatu dute. Eta gero eta zinemaldi gehiagotan ikuten ari dira. “Auspo” horri helduta, Madril eta Donostiako areto komertzialetan, SADEren Printzipe aretoan, estreinatzen da ostiral honetan, MAPA“, Leon Siminiani zuzendariaren lehen lan luzea, lehen dokumental luzea.

Lanetik kaleratu berri duten telebista zuzendari batek Indiara bidaia egiten du kanta bati eta neska baten gomendioei kasu eginez. Egunkari baten moduan egingo duen filma grabatzeko. Bertan dagoela neska maitatzen duela konturatzen da eta bueltatzen da. Baina itzulera ez da erraza izango.

Istorioa pertsonala, autografikoa da. Siminiani beraren lau urtetako istorioa laburbiltzen da orduterdiko pelikulan. Eta horrek zalantza asko sortu dizkio Siminiani berari “behin baino gehiagotan nere buruari galdetu nion, zergatik interesatu behar zaio edonorri ni bezalako tipo arrunt baten istorioa“.

Maitasun istorioa bat eta hortik nola atera kontatzen da, baina ez bakarrik. Eta agian hor dago ikuslearen enpatia. Horregatik interesatzen zaio. 30 eta 40 urte arteko gaurko belanauldiaren egunkaria ere izan daiteke. “Bai, belaunaldi bat irudikatzeko borondatea dago“, dio Siminianik. Gainera krisi ekonomikoa tartean sartu zaio, gaia bilakatuz. “Zalantzarik ez. Guk genuen erreferente bitalak erortzen ari dira, besteak beste, curriculuma egitearena, arrakasta izan, … guzti horiek lehertu dira eta balore berriak aurkitu behar ditugu“.

Irudiekin offean kontatzen du Simianinik berak bere istorioa. India zergatik hautatu duen galdetuta erantzun bikoitza ematen du “Indiari buruz dugun imaginarioarekin jokatu dut, alegia, zure burua bilatu nahi duzuela askok eta askok Indiara joatea gomendatzen dizute“. Eta beste arrazoia ekonomikoa: “oso merkea da, hilabetean 200 eurorekin bizitzea dago“.

Izan ere, zuzendariak proiektuari bakarrik ekin dio. Berak grabatu, idatzi eta montatu du. Azkenean diru gabe geratu zenenean “AVALON ekoizpen etxe eta banatzailearekin hitzarmena egin nuen. Produkzio osoa nik egingo nuen, esango genuke, amateur moduan. Eta post produkzioa lan profesional batek egingo zuen. Eta hain zuzen, horretarako Espainian zine esperimentalentzat eman den azken subentzioa jaso genuen“. Simianinik horrela lan egiteari proiektu hibridoa deitzen dio eta berak dioenez, krisiak jota, askok hori egin beharko diote.

Categories: estreinaldiak Tags:

Django, Tarantinok western-a filmatzen duenean

2013(e)ko Urtarrilak 18 Kristina Zorita Arratibel Iruzkinik ez

Aitortu behar dizuet. Gogoz baina beldurtuta iritsi naiz “Katea kendutako Django” ikustera. Beldurrez, 165 minutuko metrajea baitu. 2 ordu eta hiru laurden zinemako aulki batean eserita. Eta beldurtuta Quentin Tarantinoren estilo odoltsua, biolentoa ez dudalako hain maite.

 

Baina esan behar dut. Asko gustatu zaidala western hau, mezua duen western hau. Ohi duenez Quentin Tarantinok aurreko zinea irudikatu eta omendu ditu. Kasu honetan, italiarrek egindako Spaghetti Western-a. Hori hasierako kredituetatik ikusi daiteke, hizkiak Westernean erabiltzen zirenak dira eta Ennio Morriconeren kanta bat aipatzen da. Benetan, Sergio Leoneren konpositore maitatu izan zenaren 4 musika zati erabiltzen ditu Tarantinok soinu bandan.

 

Omenaldi handiena izenburuan dago. Jatorrizko Django 1966an zuzendu zuen Sergio Corbuccik. Franco Nero italiarra zen Django, ia aurrekonturik gabe egindako western horretako izarra. Nerok 200 bat film egin ditu baina gehienek ia hitzegiten ez zuen cowboy horren paperean gogoratzen dute. Nerok agerraldi bat du Tarantinoren pelikula honetan.

Tarantinoren filmean, Django beltza da, sarien ehiztari aleman batek (Christoph Waltz) esklabutzatik askatzen duen heroia. Jamie Foxx aktoreak gorpuztu du beltzen iraultzaren heroi hau. Foxxen esanetan, Tarantinok horrela omenaldia egiten die beltzek egindako westerni ere.

Mezua duela diot Europar vs Amerikaren izaeren arteko lehia behin baino gehiago ikusten baitugu. Eta afro amerikarren iraultzarako deiak ere daude. Hortaz gain, gonbitea egiten dizuet: ez galdu Waltzen aktore lana – Urrezko Globoa eman zioten, edota Samuel L. Jacksonena. Eta zorionekoa ere Don Johnsonen agerraldia edota Quentin Tarantinok berak egindako eskena. Esan bezala gustura pasatako denbora.

Categories: estreinaldiak Tags:

Zinemaldietako sarien piurak.

Zinemaldietan saritutako bi filmak ditugu orain gure pantailetan, pantaila handietan. Asteburu honetan estreinatu da Espainia osoan Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi duen filma, “Dans La Maison”. François Ozon zuzendariak gidoi onenaren saria ere jaso zuen Donostian film honengatik. Hegoaldeko zine aretotan baino lehen, pelikuaren etxean, Frantzian eta Belgikan eta Holandan estreinatu zen thriller hau.

Irakaskuntzaz gogaitutako irakasle bat eta bere ikasle baten arteko harremana pantailaratzen digu filmak. Pelikulak ikuslea gainera errealitatea eta fikzioa arteko joko batean sartzen du. Eta nola ez, Ozonek “8 femmes” edo Potiche bere lanetan bezala umorea sartzen du Donostian, publikoak eta kritikak, biak aldi berean txaltotu zuten film honetan.

Film frantsesaz gain, gurean Italiako azken belaunaldiko zuzendari baten, Matteo Garroneren berriena estreinatu da ere. Anai Handia programaren parodia da “Reality”. Cannesen estreinatu zenean, kritika txarrak jaso zituen – kritikoek gehiago espero zuten “Gorroma” zuzendu zuen egileaz. Baina Canneseko bigarren sari nagusiena eskuratu zuen, eta hori besapean, urritik Baiona eta Biarritzeko aretoetan, besteak beste, ikusgai izan dute. Asteburu honetatik hegoaldekoetan dago.

Zinemaldi batean sari lortzeak ez du ezer esan nahi. Seminciko, Valladoliko zinemaldiko sari nagusia jaso zuen “Les cheveux de Dieu” film marokiarrak. Casablancako erasoen nondik norakoak aztertzen ditu filmak. Niri luzeegia iruditu zitzaidan. Baina epaimahaiak antza egungo errealitate bati, marokiar zinegile batek Nabil Ayouchek, heldu izana azpimarratu zuen. Hala eta guztiz ere, Cannesen, maiatzean ere saritu muten filma areto komertzialetan ikusteko zain egon behar dugu. Datorren urterarte, urtarrilerarte, ez da estreinatuko Frantzian. Belgikan otsailean eta Holandan maiatzan aurreikusita daude estreinaldiak. Gaztela Leongo zinemaldian saria jaso bazuen ere, Espainian oraindik ez du banatzailerik.

Skyfall, erori eta berriro zutik jartzen den Bond

Aitortu behar dut. Ez naiz oso James Bond zalea. Ez ditut txitxo txintxo pertsonai honen pelikulak jarraitzen. Ez nago serieko atal berria noiz atera zain egoten. Baina estreinatu bezain laster joan naiz seriaren azkena ikustera. Eta Sam Mendes zuzendariak egin duen “Skyfall” hau asko gustatu zait.

Daniel Craig aktore inglesak berriz jantzi du smoking bat 007 agentearena egiteko. Baina Sam Mendes ingelesak ere estrainekoz zuzendu du agenteen agente honen istorietako bat. Eta ederra da benetan. Ohiko lasterketak, borrokak, maltzurrak eta emakume objetuak daude. Baina Mendesek bere ikutua eman dio, agentearen iragarena bueltatuz pertsonaia humanizatu du. Gainera adinarekin eta anbigotasunarekin, anbigotasuna sexualarekin jokatu du Mendesek. Eta hor itzel dago  Javier Bardem. Agentea izandako maltzur zoroarena ederki egin du.

Arrakastaz hasi du bere ibilbidea. Frantzian Bond seriaren pelikula batek inoiz izan duen estrenaldi arrakastatsuena izan du. Izan ere, Ian Fleming idazleak sortutako pertsonaia zineman ikusten dugun 23. aldia da. Lehena duela 50 urte filmatu zen. “Dr No” zuen izena, Ursula Andressek bikinia ezaguna egin zuen hura. Sean Connery zen James Bond hura eta again 50 urte hauetan pertsonaia gorpuztu duten sei aktoreetako ezaguna.

50 urte bete, baina “Skyfall”en bukaeran dioten bezala, “to be continued”, aurretik beste 50 urte ditu mitoak.

Categories: estreinaldiak Tags:

Semincin, Hamaiketako ederra

Telmo Esnal berriz arrakastatsu Valladoliden. Iaz “Urte Berrion Amona” filma oso gustuko izan zuen Seminciko zuzendariak, Javier Angulok, eta pelikula Gaztela Leongo zinemaldi honetara ekarri ondoren, gonbitea luzatu zion zuzendari zarauztarrari: “hurrengoa hemen”.

Eta halaxe egin du. Telmo Esnalen azken film laburra “Hamaiketakoa” Semincin estreinatu dute. Publikoak asteazkenean ikusi zuen estrainekoz eta arrakastaz. Txalo asko eta barreak entzun ziren ia 300 ikusle hartzen dituen aretoan. Beharrezko barreak berez gai goibelak, gogorrak dituen Seminci honetan.

1349202205

Esnalek lau minututan herri bateko pasadizoa irudikatzen du. Egunero hiru emakume adindu hamaiketan elkartzen dira, kafetegi baten aurrean. Zita elkarri eman diote lekuko izateko. Paco Sagarzazu eta Zorion Egilorrek antzezten duten pertsonaiek ordu horretan egunero duten elkarrizketa bitxiaren leku izateko.

Antzezle onak, umorea eta tentsio ondo eutsita “Hamaiketakoa”n.

Maracaibon euskal detektibe baten piurak

Donostiako zinemaldiak Europa eta Hegoamerika arteko koprodukzio foroa antolatu behar du aurten estrainekoz. Euskal ikusentzunezko sektorerako proiektu estratetikotzat jo dute sortzaileek. Euren esanetan aldaketa une hauetan – hots, krisi garai hauetan – finantziazio iturri berriak etorri daitezke.

Euskal hegoamerikar koprodukzioak aspaldi egiten dira. Ia 20 urte ditu “Maite” komediak, Kubako eta euskal produktoreen artean egindako lehen filmak. Gerora etorri ziren “Omerta”, “Dragoi ehiztaria” edota “Valeria Descalza”.

Orain Venezuela eta Euskadi arteko koprodukzio baten estrenaldiaren berri dugu. Duela 4 urte filmatu baina aurtengo uztailean Venezuelako zine aretoetan emango dute “La Niña de Maracaibo” luzea. Miguel Curiel zuzendari venezolarrak duela 20 urte amestu zuen proiektuak Asier Hernandez aktore donostiarra du protagonista nagusi.

Goenkaleko German ezaguna, Asier Hernandez Euskal Herritik Maracaibora doan detektibe bat da. Alatriste du izena. Guajiroen erregeak deitu du bere emaztea, bere “niña” zaintzeko. Ezkontza hori ez dute begi onez ikusten tribuko tradizionalistek. Detektibea iristearekin batera gainera, talka egingo dute bi munduk: europarron mendebaldeko munduak eta guajiroen munduak.

Waayu etnia eta euren lurraldea, Guajira, luze erretratzen duen lehen pelikuletakoa da hauxe. Waayuen hizkeran, Wayuunaikin, egindako lehen fikziozko filma da. Hiru hizkuntzatan egindako pelikula da: euskara eta gaztelera ere erabiltzen baitute protagonistek.Asier eta euskara ez dira gure zantzu bakarrak filmean.  Eskarmentu handiko Xanti Salvador Bilboko soinu teknikaria arduratu da hiru hizkuntza horiek eta Guajira ederraren soinuak merezi duten moduan, tajuz, grabatzen.

Venezuelako Meridako zinemaldian ikusi zen estrainekoz “La Niña de Maracaibo” filma. Orain Venezuelako zine aretoetan emango da. Donostiako zinemaldian ikusi ahal izango dugu? Erantzuna, gutxi barru.

Cannes, iritsi da zinemaldien zinemaldia

2012(e)ko Maiatzak 16 Kristina Zorita Arratibel Iruzkinik ez

Frantziako Kosta Urdineko hiri honetako zine jaialdia, zinemaldi izarren artean izar da. Bertan agertu nahi dute euren lan berria estrainekoz zuzendari eta produktora gehienek. Zine munduko kazetari gehienak bertaratzen dira eta Cannes agertoki eta merkatu ederra bilakatzen da maiatzeko 10 egun hauetan.

Horren adibide, gaur hasten den 65. edizio honetan parte hartzen duten izen handien zerrenda. Lehiatzen diren 22 filmen artean, Abbas Kiarostami, Jacques Audiard, David Cronenberg edo Michel Hanekeren azken lanak daude. Zaila beraz Nano Moretti italiarrak zuzendutako epaimahaiaren lana.

Cannesen estreinatu ondoren, batzuk berehala ikusgai izango dira gure aretoetan. Gaur zinemaldia zabalduko du Wes Andersonen “Moonrise Kingdom” estatubatuarrak. Eta gaurtik ikusgai izango da, besteak beste Donibane Lohitzuneko Le Select, Baionako l’Atalante eta Biarritzeko Le Royal zineetan. Hurrengo egunotan etorriko dira Jacques Audiard edo David Cronenbergen lanak.

Azpimarratu behar da Ramon Agirre donostiarra Canneseko sail ofizialean izango dela. Michel Hanekeren “Amour” filmean aritu da, lan txiki batean bada. Protagonista, Jean-Louis Trintignant bizi den etxean atezaia da Agirre. Ez da euskaldunen parte hartze bakarra. “7 días en la Habana” film kolektiboetako piezatxo bat zuzendu du Julio Medem donostiarrak eta zinta hori lehiaketaz kanpo ikusiko da estrainekoz Cannesen. Frantziako zinemaldi honetan estreinetuko du Dario Argentok bere “Dracula 3D” filma eta bertan aritu da Unax Ugalde aktore gasteiztarra. Izuaren maisuak Carpatoetako banpiroaren historiaren bertsio berria Sail ofizialean izango da, lehiaketaz kanpo.

Categories: Zinema jaialdiak, estreinaldiak Tags:

Anjelina Jolieren ‘Salt’, asteko film ikusiena

2010(e)ko Abuztuak 25 admin Iruzkinik ez

angelina jolie saltEman berri dituzten datuen arabera, Angelina Jolie protagonista duen Salt filma izan da asteburuko ikusiena gure zinemetan. Hain zuzen ere, 1.810.000 euro lortu ditu filmak bere estreinaldiko asteburuan, Espainiako Estatuan. Bere atzetik geratu dira Origen, Centurión eta Toy Story 3.

Europan zehar dabil orain aktore ezaguna filma promozionatzen eta esan duenez, horrebeste gustatu zaio film hau egitea, bigarren zatia errodatzeko prest egongo litzatekeela.

Orain arte egin dituen akziozko filmekin alderatuta, “ezberdina” dela Salt uste du Joliek: “Egin ditudan beste akziozko filmak fantasian oinarrituta zeuden, baina hau benetako istorio batean oinarritzen da eta horrek asko aldatzen ditu gauzak. Izugarri gustatu zait pertsonaia horren barruan sartzea”.

Ez galdu trailerra, oraindik filma ikusi ez baduzu!!