Nigatik balitz Urrezko palma jada eman daiteke. Zinemaldiko pelikula eta agian urteetako pelikula izan daiteke. Kritikari batzuek ez dute hainbeste maite. Sorrentinoren “La Grande Bellezza“. Zinegile italiarrak harrituta utzi nindun Andreottiren erretratua den “Il Divo” fimarekin. Canneseko Epaimahaiaren Saria jaso zuen. Orduan marraztutako hainbat lerro marrazki osoa bilakatu du orain. Liburu bakar batekin ospetsua egin den idazle-kazetaria da Jep Gambardella. Behin baino gehiagotan galdetzen diote zergaitik ez du liburu gehiago idatzi. Eta ez du erantzunik. Agian Edertasun Handiaren bila dagoelako. Baina glamourrez betetako festetara joan eta inguruetan lagun aberats eta guapoak baditu ere, ez du edertasun hori topatzen. Azken batean gezurretan oinarriak dituen mundu baten partaide baita, aspertzen den burgesia baten partaide.
Ezerezaren erretatua egin du Sorrentinok, egungo artea, eliza, kazetaritza elitista eta aristokrazia kritikatuz. Ikusleak gainera Felliniren “La Dolce Vita”ren errefentziak asko aurkituko ditu. Nahita. Hartan Marcello Mastroianni paseatzen zen Erromako kaleetan, honetan Tony Servillo (Il Divo-ko aktorea ere) dabil idazle-kazetari modura. Hartan argazkilaria zen Marcello, hemen argazkiak emakume aberatsa batek egiten ditu mugikorraz baliatuz eta gero facebookera bidaliz. Hartan Fontana de Trevin bainua hartzen zuen Annita Ekbergek, hemen Narbonna plazako Kontinenteen iturritik pasatzen da Jep eta gaueko maitalea. Eta nola ez, Fellinik hain maitatua dituen pertsonai bitxiak ere azaltzen dira honetan. Eta dena osatzeko azken plano hori Tiber ibaiaren barne, mendeetan Erromako estolderia izan den horretan.
Gehiegikerien erretratua ere egin du Steven Soderberghek lehiaketan gaur dagoen bigarren filmean. 1989an irabazi zuen Urrezko Palma estatubatuarrak “Sex, Lies & Videotapes” filmarekin. Eta hau parte hartzen duen seigarren aldia da. Liberace pianista eta bere mutil lagunaren lau urteko harremana pantailaratu du “Behind The Candelabra“filmean. Mutil lagunak idatzitako liburuan egindako gidoia oso gay, gehiegi eritzi zioten estudioek eta azkenean HBO telebista katearen laguntzaz egin du filma. Zuzendariak Cannesen esan duenez, “denbora batez azken filma izango du hauxe“.
Aktore oso ezagunak ditu. Michael Douglas itzel dago gay esageratuaren paperean. Bikotea Matt Damonek oso ondo jokatzen du. Gay estravanganza dago bai. Ukaezina da. Baina azken batean maitasun istoria bat da. Bi lagunak nola maitemintzen dira eta bizitzak nola banatzen ditun ikusten da. Era berean, gay izatea eta publiko egitea zein zaila zen gogoratzen digu. Farrez lehertzen egon naiz eskena batzutan baina ez da Sorrentinoren lanaren mailara iristen.
Sail Ofizialean emakume zinegile bakarra badugu, “Un Certain Regard” sailean berriz gehiago dira. Gaur hiru ziren. Claire Denis frantziarra berriz da Cannese, erronka modura egin duen “Les Salauds“ pelikularekin. Aurreko laneetan bezala Tindersticks taldearen musika du. Eta jada izena egiten ari denLucia Puenzo argentinarra Cannesen sail nagusi batean estrainatzen da “Wakolda“ filmarekin. Mendela naziaren ehiza Argentinan du gaitzat. Quebecen jaiotako Chloe Robichaud zinegileak “Sarah Prefere La Course” aurkeztu du. Jarraitu beharreko zinegilea omen da.
Aitortu behar dut. Gutxitan ateratzen naiz ni zine aretoetatik. Gutxitan lana egin dutenek gure errespetua izan behar dutelako. Erabilitako baliabideak eta esfortzua baloratu behar direlako. Baina ikusle bezala nire adimenari muzin egiten badiote, pelikula uzteko garaia dela deritzot. Eta gehiago zinemaldietan non aukera asko eta hobeagoak ditudan. Hori egin nuen lehiaketan lehenengoanTakisha Miikeren “Wara No Te“ (Shield of Straw) filmean eta ia ia bigarrenean ere, Valeria Bruni-Tedeschiren “Un château en Italie“ pelikula. Ihes egin.
Ume bat bortxatu eta hil duen susmagarri bat Japoniako hiri batetik Tokiora ekarri beharko du poliziak. Baina gizona hiltzeagatik dirutza eskeini du umearen aiton aberatsak. Eta horrek asko zailduko du hautatuko lau polizien lana. Hori kontatzen digu Miikek Canneseko lehian aurkeztu duen bigarren lana. Duela bi urte izan zen “Hara-Kiri: muerte de un samurai” lanarekin. Bere beste lan ezaguna “13 Asesinos” iaz ikusi genuen. Ba hura efektibistegia bazen niretzat, sinestezinak egiten ziren heriotz andanekin, honetan biderkatuta dago. Heriotz eta ekintza une sinesteziak, handinaiak, efektuz beteta. Hain gutxi maite dudan akziozko asiar generoaren adibidea da. Baina hori gutxi balitz, okerrena da ikusi duguna hitzez esplikatzen digutela berriz. Irudietan eman dutena ulertu ez bagenu bezala. Pelikula hutsala, zentzurik gabeko gidoiarekin, Miikeren maitaleek ere salbatu ez dutena.
Eta lehian bigarrena, Urrezko Palmaren bila arituko den emakume bakarra. Iaz emakume bat bera ere lehiaketan ez zegoelako kritikak jaso zituen Canneseko zinemaldiak. Aurten Valeria Bruni-Tedeschizuzendari modura hirugarren lana hautatu dute lan bakartzat. Eta filmea ikusi ondoren, horretarako ez zuen pena merezi. Askorentzat Carla Bruniren ahizpa da Valeria. Aktore eta orain errealizadoreak familiako kontuak plazaratzeko, autoanalisiarako erabiltzen du zinema. Valeriak berak hartu du lehen papera. Hirutan amaren papera, Bruni aizpen benetako amak Marisa Borinik antzezten du eta Louis Garrelek, Valeriaren bikotekide ohiak, bikotearena egiten du. Hirugarren film honetan Frantziara ihes egindako italiar aberatsak dira Valeria, ama eta euren anaia. Azken hau hilzorian dagoela, familiaren patrimonioa saldu beharko dute euren bizimodua ordaintzeko. Umorezko une asko daude filmean, atsegina egiten da baina ez dut uste zinemaldiko pelikula denik. Eta emakumeek lan hobeagoak eskeini dezaketela deritzot.
Zine une hobeagoak ditu “Un Certain Regard” sailean lehiatzen zen James Francoren azken lanak, “As I Lay Dying” filmak. Izenbereko Faulknerren lan pantailaratu du aktore eta zuzendariak. Gaztaroan hain maitatua izan zuen klasiko zaila era berritzailean emanez. Pantailak bitan banatzen du behin baino gehiagotan eta egun modan jarri den TV realityko elkarrizketak tartekatzen du. Lan hipnotikoa iruditu zait.
10 urtetan izan dira Coen anaiakCannesen, 1991an gainera Urrezko Palma irabazi zuten “Barton Fink” filmagatik. Azkenengoz duela 9 urte izan ziren. Igandean berriz itzuli ziren La Croisettera eta “vini, vidi, vinci” (etorri, ikusi eta irabazi zuten). Aurkeztu duten lan berriak “Inside LLewyn Davis“ filmak jada kinieletan lehen postua hartu du.
Errebindikazio film bat da. 1950.eneko hamarkadako New Yorkeko The Village auzo ezagunena zegoen musika giroa gogora ekarri nahi du pelikulak. Ez zen gero Peter, Paul and Mary bezalako taldeak sortu zuen giroa, garai hartan auzo horretan zeuden talde gehienek ez zuten diskorik atera. Bakan batzuek grabatu zuten eta horietako baten kanta Coendarrek eurek erabili zuten. Kantari horiek eta euren giroko beste pertsonaiak antzezteko Justin Timberlake eta Carey Mulligan (bigarren filmea Sail Ofizialean) besteak beste ikusi dugu edota Coendarren aktore kuttuna, John Goodman. Baina guztion begiradak Lewisen papera egiten duenOscar Isaac aktorengana jo dute. Guatemalan jaio eta “Drive” pelikulan papera zuen aktorea adi jarraitu beharrekoa bilakatu da.
Coendarren ironiak kontrapuntua izan du Holandatik etorritako “Borgman“ filmarekin. Holandako zinemaren izen ezaguna daAlex van Wanmerdam. 1992an “The Northerners” filmarekin hainbat sari jaso zituen, besteak beste zinegile gazteen Europako saria. 1998an Cannesen izan zen, “Un Certain Regard” sailean. Estreinekoz dago Sail Ofizialean eta egia esan ez du arrakasta handirik izan kritikoen partetik behintzat. Bikote aberatsa baten mundua puskatuko du sikopata batek. Van Wanmerdam zuzendariaren esanetan, “deabrua, gaiztotasuna eguneroko bizitzeko edozein lekutan, jende arruntan ere agertu daiteke“. Bere aurreko filmak baina ilunagoa dela hau gaineratu du zuzendariak.
Igandean gainera off Cannesetik itzulia egin nuen. New Yorkeko antzerki munduan, off Broadwayn lan ona piloa izaten badira, hemen zinemaldian, sail ofizialetik kanpo film ederrak ere ikusi daitezke. Canneseko zinemaldiarekin bat egiten da “La Semaine de la Critique“, baina zinemaldi jauregitik kanpo, batzutan La Croiseten bertan, pasealekuan gorako zine batean edota Bocca auzoan. Canneseko informazio laguntzaile batzuek ez zekiten nola joan ere. Baina zinezale ugari izaten da, sail nagusian sartzeko izaten diren gonbidapeen beharrik ez baitute. Lehena Eskoziatik etorritako “For Those In Peril“, arrantzan anaiaren galera gainditu ezinda dabilen gazte baten piurak arakatzen du. TV realityko puntuak eta plano berritzailez jositako lan mingarri baina ederra egin du Paul Wright zinegileak. Bigarren pelikula “Lunchbox“, Indian Mumbaiko banaketa zerbitzu baten hutsegitearen ondorioz zorigaiztoko etxeandre batek eta jubilatzeko zorian dagoen bulego langile batek harremana hasiko dute. Sentsibilitatez errodatu du Ritesh Batra zuzendariak.
Gertakariz betetako zinemaldia izaten ari da 66. edizioko hau. Ostiraleko goizaldean zinemaldiko babesleetako bat den Chopard bitxi etxeari 800.000 euro bitxietan lapurtu bazioten, arratsaldean CANAL PLUS katearen zuzeneko emisio batean pistola eta granada bat eskuetan zituen gizonak eten zuen saioa. Gizonak burutik jota zegoen eta armak faltsuak ziren baina segurtasuna indartzea eskatu du Cannesen batek baino gehiagok.
Choparden harribitxien faltan, Cannesen pelikulak ikusteko aukera dutenek zinemazko harribitxiak izan dituzte. Gutxitan hutsegiten du Kore-Eda Hirokizu japoniarrak. Eta oraingoan ere ez du hutsegin. Sekulako pelikula ederra da “Soshite Chichi Ni Naru” (Halako aitako, halako semea). Hain maitatua duen familiaren gaiari heltzen dio. Jaio zirenean aldatu zituzten bi umeen istorioa kontatzen digu zalantzik gabe egun japoniar zinegile onena denak. Gure zinemaldiak asko maite duenez, litekeena da PERLAK sailean ikusteko aukera izatea. Edo Golem banatzaileak gerturatuko du.
Lehiaketan bestea Arnaud Desplechin frantziarrak Ameriketako Estatu Batuetan filmatutakoa. Parez pare Benicio del Toro eta Mattieu Almaric jartzen ditu, “Jimmy P. (Psychotherapy of A Plains Indian)” filmean. Benicio Ameriketako Estatu Batuetan indiar bat da, Bigarren Mundu Gerran borrokatu ondoren, gaisorik dagoena eroetxe batean. Inork ez du diagnostikoarekin asmatzen Almaricek egiten duen psikiatra frantziar batekin topo egin arte. Etno-psikologiren aintzandarietako bat da psikiatra hau. Egiten duten saioetan bi gizonak deserrotutako arimak direla ikusiko dugu. Bien arteko elkarrizketan, ametsetan, sustraitutako filmak ez du Kore Edarenak izandako txaloak jaso.
Donostiako Zinemaldian Zabaltegi saila izango litzateke “Un Certain Regard” sailean bi emakume gaur. Batetik jada 2010an Cannesen bere lehen filmarekin izena lortu zuen Rebecca Zlotowski. “Belle Epine” aurkeztu zuen duela hiru urte. Lea Seydoux izan zuen aktore nagusia eta berriro errepikatu du larunbatean estreinatu duen “Grand Central”ean. Honetan Tahar Rahim izango du koprotagonista. Biak zentral nuklear bateko langileak dira eta euren amodiozko istorioa kontatzen digu Cannesen txalo artean hartu duten filmak. Bigarrenak Urrezko Kamara lortzeko lehian dago. Flora Lau-ren “Bends”, Hong Kongeko zine zuzendariaren lehen luzea da. Emakume aberats eta bere gidariaren arteko amodio istorioa kontatzen digu dramak eta Urrezko Kamara lortzeko lehian dago.
Zinezale askorentzat berri pozgarriena Alejandro Jodorowski frantziar/txiletar zuzendariaren lehen filma 23 urtetan egunotan ikusgai dagoela Cannesen. Kultuko zine zuzendaria denak “La Danza de La Realidad” ekarri du zinemaldira. Ikusi dutenen aburuz oso film ona.
Eta hirugarren egunean eguzkia atera da Cannesen. Behintzat eguraldiari dagokionez. Zinemari dagokionez zinematografi ederretako izpi ugariak jaso baitute egunotan akreditatuek. Baina gaur eguzkia, izar argia azaldu da ere lehiaketan. Kritikoen esanetan adi egon behar genuen Asghar Farhadi irandarraren azken lanari eta batean eta bestean entzun denaren arabera ez du hutsegin.
Irandarrak zuzendari onenaren Hartza jaso zuen Berlinen “A proposito de Elly” filmarekin eta Oscarra zuen “A Separation” filmagatik. Dibortzioaren ingurukoei heltzen dio berriz Iranetik kanpo egin duen lehen filmean. Frantzian eta frantsesez filmatu du “Le Passé” pelikula. Bertan frantziar batekin ezkonduta egon den irandar bat (Ali Mosaffa) Parisera itzultziko da emazte ohiarekin (Berenice Bajo) dibortzio paperak sinatzeko. Emakumeren harreman berriarekin duen draman eta euren alaba nerabareakin jasaten ari arazoekin nahastuko da gizona.
“Ez dago ezer unibertsalago familia baino. Ikusleekin lotura sendoena da” esan die erreportariei Farhadik. Filma Danimarkako, Frantziako eta Alemaniako ekoizpen etxe batzuek ekoiztu dute eta Europako MEDIA programaren diru gehien jaso duen filma da. Kritikarien lehen kinielatako dago jada “Le Passé” filma.
Txalo gutxiago jaso ditu lehiaketan Txinako produkzio bakarrak. Veneziako Urrezko lehoia “Still Life em>”rekin irabazi ondoren, izena egin zuen Zhangke Jia zuzendariak. Cannesen Txinako modernizazioaren indarkeriaren istorio bat ekarri du. “Tian Zhu Ding -A Touch of Sin” filmean benetan gertatu ziren lau pasadizo irudietan ematen du: mehatzari batzuen borroka ustelkeriaren aurka, inon errotu gabe lan bila Txinan zehar dabilen langileen egoera, prostituten abusua eta kateetan lan egiten duten beharginen suizidioa. Shangaien garapenaren inguruko dokumental batekin lehiatu zen Jia baina lehenengo aldia da Sail Ofizialean.
Euripean esnatu da Cannes. Aitzaki ederra zine aretoetara joateako. Eta aitzakia poztasuna bilakatuz, bi film onak ikusi dituzte gaur kritikoek eta zine industriatik akreditatzeko aukera izan dutenek.
Bartzelonan duela 34 urte jaio zen Amat Escalante. Baina lan osoa Mexikon egin du Cannesen aurten lehiatzen den zuzendari gazteenak. Zinemaldira “Heli“ bere hirugarren film luzea ekarri du. Eta kritikoen txaloak jaso ditu jada: oso lan ona eta zehatzatzat jo dute atzo eta gaur filma ikusi duten adituek. Infernurako bidaia, Mexikoko droga gerran kokatu du gazte batzuen amodio istorioa. Tortura uneak xumetzeko paisaien plano eder eta zabalak erabiltzen ditu maisuki Escalantek. Indarkeriak gazteegan duen eragina aztertu nahi du lehiaketa zabaldu duen filmak.
Gazteen edo nerabeen beste errealitate bat kontatu digu François Ozonek gaur lehiaketan zegoen bigarrenean. Aurreko filmean egin zuen modura nerabeak ditu protagonistak “Jeune et Jolie“ film honetan. Nerabeen prostituzioa aitzaki hartuta, bere haurtzaro-gaztaro horretara bidaiatu da zuzendari frantsesa. “Ilusio-galtzea jaiotzen da nerabetasunean: maitasuna ez da kontatu diguten modura, etb. Dena puskatzen zaigu” dio Ozonek. Gustura hartu du kritikak baina batez ere Marina Vacth aktore protagonista txalotu dute. Ederra baina ederragoa, intepretazio lana ederki eginda, batek baino gehiagok izarra jaio dela uste du.
Hortaz gain, gaur martxan jarri da “Un Certain Régard” saila, estilo eta egiteko era ezberdinen bila dagoen saila. Eta hasi kritikoak irrikaz itxaron duten Sofia Copolaren azkenarekin. Hollywoodeko izarrekin itsututako lapur batzuen benetako istorioa kontatzen digu “The Bling Ring“ filmak. Californian ere benetan gertatu zen istorioa kontatzen digu bigarrenak. Ryan Coogler“Fruitvale Station“ pelikularekin estreinatzen da Cannesen. Sundancen Publikoaren eta Sari Nagusia irabazi zuen indarkeri istoria honek.
Zinemaldien zinemaldia martxan da. CANNESeko 66. edizioa XX. mendeko hamarkada eroenean murgilduta, 20. hamarkadako garai zoroetan murgilduta hasi da. Cannesetik gertu idatzi zuen Scott Fitzgeraldek “The Great Gatsby” eleberria. Nobela hori bost aldiz pantailara eraman dute, azken aurrekoa Robert Redfordek antzezten zuena. Azken bertsioa “Moulin Rouge” zuzendu zuen Baz Luhrmanek egin du eta Leonardo DiCapriok jokatzen du paper nagusia. Horrekin zabaldu du Canneseko zinemaldia. Kritiko askoren iritziz nahiko bertsio txarra.
Zine ona ez du ekarri baina bai izarrak. DiCapriorekin batera paper nagusiak egin dituzten aktoreak izan dira La Croisetten, besteak beste, Carey Mulligan izar berria. Baina ez dira Cannesen distira sortu duten bakarrak. Sail Nagusian lehiatzen diren 20 filmen artean zeinek hartuko duen Urrezko Palma erabakitzeko 9 gizon eta emakume daude. Eta epaimahai horrek bere argi propioa du. Nicole Kidman, Daniel Auteil, Christoph Waltz eta Vidya Balan aktoreak eta Ang Lee, Cristian Mungiu, Naomi Kawase eta Lynne Ramsay zuzendariak izango dira. Eta horien buru Steven Spielberg da presidente. Estatubatuarra zoriontsu “lehiaketaz kanpo, zinemaldiek kultura eta bizimodu ezberdiak partekatzeko aukera ematen baitute“.
Maiatzak 27 bitartean, Frantziako Erriberako hiri honetatik beste izar batzuk pasako dira: Ryan Rosling eta Clive Owen aktore guapoak, Michael Douglas eta James Caan beteranoak eta aho zabalik uzten gaituzten Kristin Scott Thomas, Tilda Swinton eta Emma Watson aktoreak La Croisetten ikusteko aukera izango dira. Ez dira falta star systemeko beste batzuk: Justin Timberlake, Naomi Campbell, Sharon Stone edoeta Janet Jackson bezala.
Ikustekoa izango da garai bateko bi aktore nola hartzen dituzte. 87 urte dituen Jerry Lewis aktorea Cannesen izango da, parte hartu duen azken filma “Max Rose” aurkezten. Omenalditxoa izango da zinemaren historian jada dagoen aktoreari. Beste omenaldia Hitchcock eta Kim Novak. Zuzendari britaniarrak hilehoriak maite zituen. Horietako bat Kim Novak zorabio puntuan jarri zuen “Vertigo” luzemetraian, kritiko askoren ustez historiako film onenean. Novak anderea bera izango da izarra zinemaldiaren bukaera aldera, filmearen kopia berriztatu batekin.
gure pantailetan dauden bi film komentatu nahi ditut gaur. Bata thiller psikologiko erotikoa, besteak krisia – bikote krisia eta krisi ekonomikoa- ardatz duen filma. Biak uztartu ditut, duela azken egunotan ikusi ditudalako eta narrazio zinematografikotik at dagoen erreflexioa sortu didatelako.
18 urte betetzen dituen egunean bertan aita galtzen du India Stoker(Mia Wasikowska) gazte bereziak. Aitarekin zuen erlazio bitxia galtzen du horrela. Baina ezagutzen ez duen Charlie osaba (Matthew Goode) dator etxera, bera eta ama zaintzera eta gutxinaka konturako da amankomunean gauza asko dituztela. Hori kontatzen digu “Stoker“ filmak, kritiko askoren esanetan, thriller erotikoa dena. Nicole Kidman ere aktore duen filmean, Wasikowska eta Gooderen interpretazioak borobilak dira. Estetika – planoak eta eskenategi zein jantzien diseinua – eta musika dotore baina dotoreagoa erabili dira.
Hollywoodeko dirua izan du Chan-Wook Parkkorearrak filma egiteko. Estatu Batuetako zine industriaren babespean egindako lehen lana da. Eta askok beldur ziren Los Angeleseko estudioen matazan katramilatuko zela, ekoizpen etxeak gehiegi gozatuko zuela Parken estilo bortitza. Baina korearrak eutsi dio. Mendeku trilogia batek ezaguna egin zuen, batez ere, Cannesen epaimahaiaren saria eskuratu zion “Oldboy” filmak. Eta horietan egiten duen bezala indarkeriaren erroa eta nondik norakoak arakatzen ditu. Estiloari leial, besteetan agertzen diren bere hartz markak ikusiko ditugu: ordenagailuz sortutako efektuak eskenen arteko transizioak egiteko – adi, Kidmanen ilea belarrean bilakatuta – edota goraiziak mendeku arma bilakatuta.
Egunotan
Medio gutxiekin egindakoa da aldiz Isabel Coixeten proposamen berria. Berlingo Zinemaldian lehiaketaz kanpo eta Espainiar Zinearen Jaialdian, Malagan, krisiak eragin dion filma “Ayer No Termina Nunca” aurkeztu du zuzendari katalanak. Antzerki lan batean oinarritu da, hain zuzen, Lot Vekemans holandarrak idatzitako “Antes Te Gustaba La LLuvía” antzezlanean.
Krisi ekonomikoak jotako Espainiara itzuli da Alemaniara lan bila joandako gizonezko bat(Javier Camara). Emazte ohia (Candela Peña) ikusi eta ihes egin zuenean utzitako zauria berriro irekiko dute elkarrekin. Batzuek antzerki lana fidelegi aurpegiratu diote Coixeteri,beste batzuek oportunista deitoratu, krisi ekonomikoa aprobetxatzen duelako eskenategi bezala. Bidegabeak iruditu zaizkit kritikok. Coixet maite dut nik, baita lan hau ere. Candela Peñak zoragarri egiten du minari, iraganari lotuta dagoen emakumearen papera.
Antzerki itxura areagotzen dute agian eskenategiek. Peña eta Camara euren mina aletzen dute kobazulo batean, utzitako porlanezko eraikuntza batean edo zelai batean. Eskenategi horietan mugitzen dira, taula baten gainean bezala. Niri hiru eskenategi horiek galera batek utzitako hutsunea eta mina gogoratu didate, baina baita erreflexioa ekarri: egun Espainiako zine industriak bizi duen krisi ekonomikoan medio gutxi behar dituen proposamenak egin behar dira.
Astebete barru zinemaldien zinemaldia hasiko da: Canneseko Zinemaldia. La Croissete inguruetan zine industriaren jende asko ibiliko da eta baita blog hau ere. Bertatik informazio osatua emateko borondatea dugu. Epaimahaiak eta hautatatuko filmak izendatuta daude. Horien berri hurrengo postetan emango dugu. Gaur zinemaldiak zabalduko duen pelikulaz hitzegin nahi genuke: “The Great Gatsby“, Baz Luhrman australiarrak Scott Fitzgeralden liburuaren bertsio postmodernoa.
Jazzaren urteetan, 1920. hamarkadan eta Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostalde aberatsean dago kokatua amodio istorio hau. Burutu ezin den amodiozko istorioa berritua kritiko batzuk ikusi dute jada Estatu batuetan eta batzuk nahiko krudelak izan dira. Zeresan handiagoa ematen ari da soinu banda. “Moulin Rouge” filma zuzendu zuen egileak musika barra barra erabiltzen baitu bere filmetan. Honetan ere erruz erabili.
Lana del Rey hautatu du australiarrak filmaren abesti nagusia kantatzeko. Bere “Young and Beautiful“ behin eta berriz entzuten da filmearen bi ordu terditan. Jay-Z raperoak ere musikaren zati handi bat idatzi du. Polemika ez zaio falta: Amy Winehousen “Back To Black“ abestiaBeyoncék y Andre 3000k bertsionatu baitute. Horiekin batera, Jack White estatubatuarraren eta Florence and the Machine inglesen kantaren bat edo beste entzungai daude. Eta filmerako propio Londreseko The XX taldeak egindako “Together” abestia ere irratietan dugu egunotan, pelikularen ezkutuko iragarki modura.
Filma Cannesen eta Frantziako hainbat zinematan estreinatuko da maiatzaren 15ean, hurrengo asteazkenean. Espainian berriz ostiral horretan, maiatzaren 17an izango da ikusgai.
Lurrak sufritzen badu, guk sufritzen dugu, ergo lurraren ongizatea gure giza eskubide bat ere izan daiteke. Hori pentsatu nuen “Agronautas“ filma Giza Eskubideen Zinemaldian programatzen zutela ikusi nuenean. Eta aitortu behar dizuet pelikulak kontatzen duenarekin ezezik, izenburuarekin maitemindu nintzela. Nauta berez nabigatzailea da eta dokumental honetan agertzen diren 56 lagunak eredu berrien nabigatzaileak dira.
Bilboko lau lagunek hasi zuten proiektua 2011an: Juan Dopico zuzendaria, PEZ Arkitektura estudioko Elisa de los Reyes García eta Maé Durant Vidalbi eta Iñigo Calvo produktorea. Calvok adierazten duen bezala “Agronautas esplorazio bat da, gu eta ingurugiroaren artean, azterketa bat da“. Ikerketa horretan zera bilatzen zuten “atzeraldi ekonomiko, politiko, sozial eta ingurugiroko honen erdian gauzak beste era batera egiten ari direnak“.
Horrela Gaztela eta Leongo, Katalunianako, Euskadiko, Asturiaseko eta Madrilgo Erkidegoko 40 ekimenetako ordezkariak elkarrizketa dituzte. Nekazaritza ekologikoa, kontsumo taldeak, jaki transgenikoen aurkako borroka, energia berriztagarriak, etb. agertzen dira dokumentalean. Hori jaso nahi zuten onartzen du ekipoak. Dopico zuzendariak dioenez “egia da beste partea ez da agertzen, iritzi lerroa oso markatua dago baina hori nahi genuen, agertzen den jende hori“.
Dokumentala baina proiketu zabalago baten parte da. Arkitektura deseraikitzen ari dira, sukalde jasangarri bat egiten ari dira eta sukaldaritza tailerrak ematen ari dira. Eta webgunea sortu nahi dute. Ingurugiroa eta lurtarren arteko harremana hobetu nahirik.
Ostegunean izango duzue ikusgai 19:00tan Victoria Eugenia antzokian.
Zure iritzia