Handia eta Abracadabra Londresen gaur zabaltzen den BFI zinemaldian

Britania Handiko Zine Institutuak antolatzen duen “Londreseko BFI Zinemaldia”-k bere burua saltzen du esanez, “See the world’s best films. First” (Lehena izan munduko film onenak ikusten). Lehena, lehena, nekez; eskaintzen dituen hainbat film munduko zinemaldietatik pasatako eta saritutakoak baitira. Baina onartu behar zaio, munduko zine onenaren erakuslehioa dela. Gaur hasi eta urriaren 15rarte emango diren 253 film luzeen artean, adibidez, Veneziko sari nagusia jaso zuen Guillermo del Tororen “The Shape of Water” emango dute. Claire Denis, Michael Haneke, Andrew Haigh, Yorgos Lanthimos eta Richard Linklaterren azkenak ere izango dira ikusgai. Horiekin batera, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako “Handia” eta Pablo Bergerrek filmatutako “Abracadabra” izango dira BFI London Film Festivalen lehiaz kanpo. Eta hara bidaiatuko da Pantaila Handia hau ere.

Etxean, Donostiako Zinemaldian, Epaimahaiaren saria boltsikoratu ondoren, Handia filma Londresera joango da. Filma erretatzen duen Mikel Joakin Elizegi erraldoiak egin zuen modura. Lehiaz kanpo, astelehenenean eta asteartean emango dute. Londreseko Zinemaldiak filmean “egungo famatuen kulturarekin eta erakuste politikarekin” konexioa ikusi dute. “Giant desberdina izateaz drama hunkigarria” deritzo Zinemaldiak. Aitor Arregi eta Jon Garaño bertan izango dira filma erakusten. Larunbatean eta igandean gauza bera egingo du Pablo Berger bilbotarrak. Zinemaldian erakutsiko baitu Abracadabra filma. Zinemaldiak esaten duen modura gure ustez ere Maribel Verdu izugarria dago.

Zinemaldia zabaltzeko jada Toronton ikusi zen Breathe filma erakutsi dute Europako estrenaldian. Robin Cavendish abenturazaleak polioa harrapatzen duenean Afrikan, Diana emazteak bereak eta bi egingo ditu gizona Europara bueltan ekartzeko. Andrew Garfield eta “The Crown” seriegatik Urrezko Globoa irabazitako Claire Foyk gorpuzten dute bikotea. Espainian azaroaren 17an estreinatuko da “Una razón para vivir” izenburuarekin. Zinemaldia amaitzeko Donostian publikoaren saria jaso zuen Three Billboards Outside Ebbing, Missourifilma jarriko dute. Martin McDonagh zinegileak Peter Dinklage, Woody Harrelson, Frances McDormand eta Sam Rockwell zuzendu ditu. Kasu bietan zuzendari biak eta aipatutako aktore guztiak egongo dira Londreseko zinemaldian. Ez dira izar bakarrak izango. Nicole Kidman, Colin Farrell, Emma Stone, Carey Mulligan, Joaquin Phoenix, Adam Sandler eta Dustin Hoffman alfonbra gorritik pasako dira. Guillermo del Toro, Lynne Ramsay, David Fincher, Sally Potter, Todd Haynes, François Ozon, Richard Linklater eta Yorgos Lanthimos zuzendariak ere izango dira.

A saileko zinemaldia ez denez, BFI London Zinemaldiak beste jaialdietan parte hartutako filmak lehian jartzen ditu. Horrela, Lehia Nagusian izango den hamabi filmeen artean, Cannesen eta Venezian lehiatuko batzuk daude. Frantziako zinemaldian lehiatutako Robin Campilloren “120 BPM“, Andrey Zvyagintseven Loveless film ederrak izango dira Londresen. Veneziako zinemaldian lehian ere ikusi ziren Vivian Qu txinatarraren “Angels Wear White” eta Andrew Haigh britaniarraren “Lean on Pete” filmek parte hartutako dute zinemaldi honetan. Film Toronton eta Telluriden aritu da. Eta adi, Venezian aktore gazte onenaren saria jaso zuen Charlie Plummer protagonistak. Locarnon Sari Berezia jasotako “Wajib” ere izango da. Belenen jaiotako Annemarie Jacir-ren filma da Palestinaren hautagaia Oscar sarietarako.

“Wajib”. Zuzendaria: Annemarie Jacir

Oscarretara Argentinak bidalitako Zama eta Espainiak bidalitako Estiu 1993 Londreseko zine bilera honetan ikusiko dira. Biak emakumeek zuzendutakoak: Lucrecia Martel eta Carla Simon. Katalanaren kasuan Lehen Film Onenari ematen zaion Sutherland Award-en bila arituko da Ana Asensio madrildarrarekin eta beste 10 zuzendariekin. Osotara 5 emakume lehiatuko dira 12 zuzendari berri sail honen artean. Londreseko zinemaldiak azpimarratu du 112 emakumezko zine zuzendarien lana izango dituztela ikusgai.

Kristina Zorita Arratibel: