Frantziako zine aretoetan ikusle gehiago izan zuten iaz aurreko urtean baino. Horren arrazoiak? Ez ditut argi – izan daiteke frantziar zinegileek gero eta produkzio hobeagoak egiten dituztela, genero eta estilo guztietan. Iaz ¨Intouchables¨ filmak markak hautsi zituen Hexagonoan eta kanpoan ere. Beste arrazoi bat izan daiteke sustapen neurriak. Esaterako igande honetan hasten den ¨La Fete du Cinema¨.
Lau egunez, ekainaren 24tik 27ra, lehen zine sarrera bat prezio normalean erosi (6 edo 7 eurotan) eta hurrengo saioetarako txartelak 2,5 eurotan eskuratu ahal izango dira. Beherapen horri esker ikusle askok filmak “aurkitzen” dituzte. Inkesten arabera, ekimena profitatzen duten hamar ikusletatik 3k bestela ikusiko ez lituzketen filmak ikusten dituzte zine festa honetan. Ekimenak gainera ikusle berriak erakartzen ditu zine aretoetara.
Eta ez pentsa. Ekimena pribatua da guztiz. Azken 28 urte hauetan Frantziako zine aretoen federakuntzak antolatu du. Hau da, zine aretoek beraiek bezeroak, zine ikusleak erakartzeko egiten duten ekimena da. Azken bost urtetan, banketxe ezagunen baten laguntza izan dute gainera.
Aukera izan ezkero profitatu. Gure zine aretoetan, Cannesen izandako hainbat film baitaude. Esaterako, Cronenberg-en Cosmopolis, “Moonrise Kingdom”, edota “On The Road”. Eta Garañok eta Goenagak iaz egindako “80 egunean” filma ikusgai hainbat filmetan.
Donostiako zinemaldiak Europa eta Hegoamerika arteko koprodukzio foroa antolatu behar du aurten estrainekoz. Euskal ikusentzunezko sektorerako proiektu estratetikotzat jo dute sortzaileek. Euren esanetan aldaketa une hauetan – hots, krisi garai hauetan – finantziazio iturri berriak etorri daitezke.
Euskal hegoamerikar koprodukzioak aspaldi egiten dira. Ia 20 urte ditu “Maite” komediak, Kubako eta euskal produktoreen artean egindako lehen filmak. Gerora etorri ziren “Omerta”, “Dragoi ehiztaria” edota “Valeria Descalza”.
Orain Venezuela eta Euskadi arteko koprodukzio baten estrenaldiaren berri dugu. Duela 4 urte filmatu baina aurtengo uztailean Venezuelako zine aretoetan emango dute “La Niña de Maracaibo” luzea. Miguel Curiel zuzendari venezolarrak duela 20 urte amestu zuen proiektuak Asier Hernandez aktore donostiarra du protagonista nagusi.
Goenkaleko German ezaguna, Asier Hernandez Euskal Herritik Maracaibora doan detektibe bat da. Alatriste du izena. Guajiroen erregeak deitu du bere emaztea, bere “niña” zaintzeko. Ezkontza hori ez dute begi onez ikusten tribuko tradizionalistek. Detektibea iristearekin batera gainera, talka egingo dute bi munduk: europarron mendebaldeko munduak eta guajiroen munduak.
Waayu etnia eta euren lurraldea, Guajira, luze erretratzen duen lehen pelikuletakoa da hauxe. Waayuen hizkeran, Wayuunaikin, egindako lehen fikziozko filma da. Hiru hizkuntzatan egindako pelikula da: euskara eta gaztelera ere erabiltzen baitute protagonistek.Asier eta euskara ez dira gure zantzu bakarrak filmean. Eskarmentu handiko Xanti Salvador Bilboko soinu teknikaria arduratu da hiru hizkuntza horiek eta Guajira ederraren soinuak merezi duten moduan, tajuz, grabatzen.
Venezuelako Meridako zinemaldian ikusi zen estrainekoz “La Niña de Maracaibo” filma. Orain Venezuelako zine aretoetan emango da. Donostiako zinemaldian ikusi ahal izango dugu? Erantzuna, gutxi barru.
Pozez zoratzen daude Moriarti Produkzioak konpainiakoak. Pozez Parisen “80 egunean” filmak izan duen harreragatik. “Espagnolas en Paris”ek antolatzen ohi duen “Different 5! L’autre cinema espagnol” zine erakustaldian asteburuan erakutsi zuten Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako filma.
Bigarrenez ziren gainera. Iaz jada aurkeztu baitzuten filma. Berriro pelikula erakusteko eskatu diete, Frantzian, areto komertzialetan datorren asteazkenean estreinatuko baitute. Euskaraz, frantseseko azpitituluekin emango dute Hexagono osoan. “Epicentre Films” banatzailea itxaropentsu da. 23 edo 25 kopia artean banatuko ditu estatu frantziar osoan ederki barreiatzeko. Espainian baina kopia gehiago. Iberiar Penintsulan estrainatu zenean 15 kopia izan baitziren.
Hainbat zinemaldietan parte hartu eta sariak jaso ondoren, filmak duen beste pausu garrantzitsua. Euskaraz egindako filma bat Frantzia osoan, areto komertzialetan, ematea marka da.
Badakit. Pantailako mitoak hilkorrak dira. Marilyn ez zen hil baina aurten 50 urte betetzen dira Norma Jean Baker zendu zela. Tintatutako hilehoria zuen emakume ahula desagertu zen, mito erotikoa zen Marilyn Monroe aktorea izarren zapaian eta filmetan geratu zen betiko, gazte.
Lau pelikula esanguratsu hartu dituzte. Euretan abesten, dantzatzen eta interpretatzen bere bikaintasun osoan erakusten dute Monroe. Esaterako, “Gentlemen Prefers Blondes” (Los Caballeros Las Prefieren Rubias), non “Diamonds Are Girl’s Best Friends”, ezaguna kantatzen duen. Gero hainbestek bertsionatu duten abestia.
“Niagara”, “The Seven Year Itch” (La Tentación Vive Arriba) eta “The Misfits” (Vidas Rebeldes) ikusgai izango dira ekaineko ostiraletan, gaueko zortzietan.
“The Misfits”ek esanahi berezia du. Filman aktore lanetan Montgomery Cliff aritu zen, Marilyn bezala heriotz trajikoa izan zuena. Eta pelikularen gidoia, Marilyren orduko senarrarena da: Arthur Millerrena. Pelikula estreinatu baino astebete lehenago dibortzitu ziren. Urtebetera 1962ko abuztuaren 5ean, emakumea itzaldu zen, Marilyn Monroe izarra betiko piztuta geratuz.
Zure iritzia