Monthly Archives: Martxoa 2012

Udaberria iritsi da … gure zine aretoetara

Share Button

Zinera joatera askotan esperientzia gustagarria izaten da. Bakarrik edo lagun, familia edo bikotearekin. Palomitak hartuta edo eskuhutsik. Are gustagarriagoa izan daiteke, prezioa merketzen badizute. Eta horrela izaten da Frantziako zine askotan data hauetan. Urtero legez, gaur, igandean, hasita eta hiru egunez, astearterarte, zine sarrera 3,5 eurotan izango duzue. Ohiko “Le printemps du cinema” operazioa da.

Banku baten laguntzaz, Frantziako zineen elkartearen eskaintza da. Karteldegian ikusgai diren filmak erdiprezioa ikusi daitezke. Hamairu urtez egin dute horrelako jaialdia. Eta gero eta arrakasta gehiago du. Horrelakoak ez dira dena den bitxiak hexagonoan. Telerama aldizkariaren laguntzaz, erdi prezioan jartzen dituzte urtarrilean egun batzutan euren sarrerak hainbat arte eta entsaiuko zineek. Ekintza hauek balio ote dute zinezaleak sortzeko? Ez dut datu hori baina egia esan 2011 oso urte hona izan zen Frantziako zine aretotan. Azken harmarkadetan izan duten ikusle kopuru handiena izan dute.

Udaberriko lora horiek Iparraldeko zine aretotan ere agertuko dira. Beraz profitatu. Eta profitatu ere datorren asteburuan Urruñan izango den Orson Wellsen asteburua. Zine zuzendari estatubatuarraren hiru filmak emango dituzte, besteak beste, Rita Hayworth emaztearekin egindako “Shangaiko Dama”. Baina deigarriena Euskal Herrian filmatu zuen dokumentala: “The Basque Countries”  izango da ikusgai igandean Itsas Mendi zinean. 1955an BBCrako Wellsen filma komentatuko du Guy Lalannek. Berarekin hor agertzen diren pertsonai batzuk izango dira. 

Klubetako zinea

Share Button

Krisi ekonomikoak hortz luzeak ditu. Hozkada handienak kultura arloan eman ditu. Ederki dakite kreatzaileek. Eta ez eurek bakarrik, programatzaile askok ere sufritzen dute sosen eskasia. Sufritu duten azkenetakoak Azpeitiako zinekluba antolatzen dutenak. S.O.S. bat, laguntza deia zabaldu dute sare sozialetan. Eurek salatu dutenez, udaletxeak “ultimatuma” eman die. Ikusle gehiago izan behar dute, bestela laguntza galtzeko arriskuan daude. Horregatik agian, eman duten azken film entzute handia izan duen berri bat: “Drive”.

 Ikusleak erakartzeko edo, Beasaingo “Goieniz Zinekluba”k herriko pintxo poteoaren berri eman du bere Facebook-ean. Ia ostegunero eskeintzen duten emanaldian, aste honetan “Inside Job” eman behar zuten. Azkenean aldatu eta ”Los colores de la montaña” (Kolombia-panamarra) eskeiniko dute. Iazko Donostiako zinemaldian, zuzendari berrien sari jaso zuen, Carlos Cesar Arbelaez egileak.

 Zineklub txiki hauek zailtasunak dituzte pelikulak eskuratzeko. Garestiago egiten zaie, entzute eta tradizio handiko zinekluben aurrean. Merkeago lortzen ditu esaterako FAS zineklub bilbotarrak. Europako zineklub zaharren artean, bigarrena da Bilboko zineklub hau. 1952an sortu zen. Egun, 200 bat ikusle izaten ditu asteartero egiten dituzten emankizun bakoitzeko. Bereizgarritasunen artean, FASen emanaldi askok aurkezleak ditu: izan zuzendariak eurak edo adituak. Hilabete bukaeran egin behar duten berezi batean Isaki Lacuesta zuzendariak bere azken produkzioak “El Cuaderno de Barro” eta Donostiako azken urrezko maskorra irabazi zuen “Los Pasos Dobles” erakutsi behar ditu.

And the oscar goes to … faborioetara

Share Button

Los Angelesen, Estatu Batuetako Oscar Sarien 84. edizioa: sorpresa gutxi eta zinemari omenaldia. Horrela laburtuko nuke igande-asteleheneko gau-goizaldeko sari banaketa. Izan ere, Oscar osabaren iruditxo gehien, bosna, zinema eta batez ere zinema mutua omentzen duten bi filmek eraman dituzte: “Hugo” eta “Artista”.

Martin Scorsese handiak formetan XXIgarren mendeko zinemari heldu dio XX mende hasierako zinema omentzeko. 3 dimentsiotan lehen saiakera egin du zine mutuko Melies zinegilea omentzeko. Niri pelikula izugarri ederra iruditu zait. Baina “Hugo” galtzailetzat jo daiteke. 11 izendapen zituen eta bost lortu, sail txikietan, besteak beste, argazki onena. Scorsese maisuak ez du 2007an lortutako zuzendari onenaren Oscar saria berriz eskuratu.

Horretan ere faboritoak “lapurtu” dio iruditxoa. Ia zine munduan ematen diren sari gehienak irabazita Oscarretan lehiatu da “The Artist” (“Artista”) frantziarra. Eta atzo ez zuen hutsegin. Sari potoloa, film onenari saria jaso zuen, zine mutuari zuri beltzean egindako omenaldia honek. Nire omenaldi bezala gehiago gustatu zitzaidan “Hugo” baina Estatu Batuetako akademikoek bestela iritzi diote. Horrela “Artista” Oscarra irabazten duen lehen film frantziarra da. Garaipena borobiltzeko Michel Hazanavicius zuzendariak eta Jean Dujardin aktore nagusiak iruditxoa lortu zuten.

 

Dujardin-ek Cesar ezik, sari gehienak irabazi ditu, zine mutuko aktore batena egiteagatik, hitzik egiten ez duen paperean. Beraz saria jasotzea ez zen sorpresarik izan. Ezta Meryl Streep, emakume aktore onenarena jasotzea. Hirugarren iruditxoa lortu du horrela. Orain Margaret Thatcher ezagunaren klon-a bilakatzeagatik. Itzela dago Streep.

Ez zen sorpresarik izan atzerritar filmaren onenaren saria “Nader eta Simin, banaketa” filmari eman izanak. Denek goraipatu dute. Nahiz eta gauzak munduan dauden moduan, zeresana eman du filma irandarra izateak. Ez gintuen ustekabean harrapatu ezta Alberto Iglesiasek esku hutsik ateratzeak. Hirugarren aldia zen baina oraingoan ezta ere. Musikagile donostiarrari gailendu zitzaion “Artista”ko soinu bandaren egileak. Beste batean, Alberto!