Tag Archives: Toti Martinez de Lezea

Toti Martinez de Lezea eta bere alegiazko etxea

  • Menéame0

Toti Martinez de Lezeari egindako elkarrizketa atseginetako bat izan da. Artikuluan bertan idatzi nuen bezala, berak hartu zidan telefonoa eta horrek harritu ninduen. Gainera, berehala eman zidan baiezkoa. Larrabetzura hurbilduko nintzela esan nionean (bertan bizi da eta), bere etxera gonbidatu ninduen. Bitxia izan zen etxea zein zen azaltzeko modua: “Hansel eta Grettelen etxea bezalakoa da, baina litxarreriak izan ordez, landareak ditu”. Eta benetan, ezinezkoa da ez ikustea. Izugarri gustatu zitzaidan etxea. Horren inguruan idatzi ostean, jende askok galdetu zidan ea argazkirik nuen. Sentitzen dut, ez daukat. Hemen ikusten dituzuenak baino ez. Totiri galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion bere etxeari buruzko bideoa egitea, baina ez zuela nahi erantzun zidan. Pena.

Toti Martinez de Lezearen lorategia

Toti Martinez de Lezearen lorategia

Kanpotik fatxada txiki bat ikusten da, atetxo bat eta bugainbilea bat. Barrutik, sartu bezain laster, liburuz beteriko espazio handi bat topatzen dugu aurrez aurre. Artisautza eta era guztietako objektu originalak ere badaude: lehoi baten goma-aparrezko burutik hasita, Totiren amak egindako buztinezko emakume figuren bilduma bateraino. Eskuinaldean sukaldea dago, beheko suak egongelatik bereizita. Ezkerrean, Totik lanerako erabiltzen duen gela, liburuz beteta.

Egongelak altuera bi ditu. Ezkerreko aldean maila bi jaitsi behar dira eta hantxe dago sofa. Gelaren beste puntan lorategira irteteko atea dago eta, ondoan, geletara igotzeko eskailerak daude.

Lorategiko irteeran bertan, apirikua dago kulunka handi batekin eta plaka handi batek honako dio: “Itxaropena Plaza”. Toti benetan Esperanza deitzen da eta, euskera, Itxaropena. Banbuz egindako horma erraldoi batek apirikua eta lorategia banatzen ditu. Lorategia landareak maite dituen edozeinen ametsa da. Topikoa erabiliz, esan daiteke landaretza izugarri oparoa dela. Gune batzuetan, “oihana” moztu egin dute eta era guztietako landareak jarri dute horren ordez. Gune bat baratza jartzeko garbitu dute eta bertan, Totiren senarra lagun biologo batekin lanean ari da modu ekologikoan lantzen dituzten barazkiei etekin osoa ateratzeko. Konposta sortzeko kaiola moduko bat ere egin dute.

Toti Martinez de Lezea bere lorategiaren sarreran

Toti Martinez de Lezea bere lorategiaren sarreran

90 urte baino gehiago dituen bere amari buruz hitz egin zidan Totik. Gaztetan, txapelduna izan zen igeriketan eta bere gurasoen argazki bat erakutsi zidan. Gaztetan agertzen dira biak, bainujantziaz jantzita Bartzelonako hondartzatik korrika. Txapelketa batera joan ziren Bartzelonara eta antza, debekatuta zegoen horrelako bainujantzi batekin (hankak erakusten) ibiltzea. Toti entzun ostean eta bere amak egindako esmalteak ikusi eta gero, zalantzarik ez daukat, bere ama emakume berezia da.

Totiren senarra ere berezia iruditu zitzaidan. Ingeniaria da, baina erretiroa hartu du; bizar zuri luzea dauka eta lorategian ematen ditu orduak. Bere landareei buruz hitz egiteaz oso pozik azaldu zen eta bere etxean ezezagunak ikusten ohituta zegoela iruditu zitzaidan. Oso gizon hurbila dela esango nuke.

Elkarrizketa egiten nuen bitartean, Skyperen soinua entzun genuen Totiren ordenagailuan. Bere alaba zen, Txinatik deika. Elkarrizketa bat egiten ari zela azaldu eta alabak beranduago deituko ziola esan zion. Bere alaba, suhia eta iloba Beijingen bizi badira ere, Skyperi esker egunero hitz egiten dutela azaldu zidan Totik. Bere ilobaren argazkiekin egin duen argazki albuma erakutsi zidan. Nik Nur “ezagutzen” dut Nur haurrentzako liburuen bildumako protagonista delako. Egia esateko, marrazkilariak ederki egin ditu pertsonaiak: Toti, bere senarra, Nur…

Alde egin aurretik, Totik bere liburu bi oparitu zizkidan eta sinatu eta dena egin zizkidan. Itzultzeko gonbitea egin zidan, hurrengoan nire familiarekin. Seguru oso interesgarria dela eurekin egun pasa egitea.