Kirmen Uribe, idazlea eta Lehendakariaren laguna
Ederki pasatu nuen Kirmen Uriberi elkarrizketa egiten; hobeto esanda, berarekin solasean. Biharamunean New Yorkera abiatu behar zen (berriz ere), eta bere alaba Arane jaiotzear zegoen. Mikel Urmenetaren blogean (Kukuxumusu) bere argazkia ikusita nuen, parranda gau batean, eta elkarrizketa egiteko gogoa sortu zitzaidan. Pertsonaia ezagunak beste ikuspegi batetik ikustea gustatzen zait, denek uzten ez badidate ere. Kirmen Uribe oso alaia eta naturala iruditu zitzaidan. Lehendakariari buruz galdetu nionean baino ez zen moztu. Patxi Lopez Lehendakari izan aurretik ezagutzen zuela kontatu zidan, baina besterik ez. Egia esateko harritu ninduen. Zertaz ezagutuko dute elkar? Patxi Lopezen blogean Uriberi buruzko post bi daude.

Kirmen Uribe lagunartean.
Ez nion alabari buruz galdetu, baina “Bilbao-New York-Bilbao” eleberrian bere bizitza pribatuari buruz hitz egiten zuela aipatu nionean, ez duela uste eguneroko gauzak ezkutatu behar zirenik erantzun zidan, “adibidez, alaba bat izango badut, argi esaten dut”. Alabari buruz hitz egin nahi zuela ematen zuen, baina momentuan ez nintzen konturatu eta ez nion ezer galdetu.
Edozein galderarekin barre egiten zuen eta lagunen moduan hitz egin genuen. Gauzarik atseginena da hori norbait elkarrizketatzen duzunean. Pertsona asko erne egoten da, elkarrizketa izan beharrean erasoa izango bazen bezala. Oraingoan ez zen horrelakorik gertatu, inondik inora.



Zure iritzia