
Anjel Alkain eta Aitor Gabilondo
Komikoekin gertatzen da denbora guztian barregarriak izatea espero dugula, eta ez du zertan horrela izan behar. Are gehiago, horrela izanez gero, jasangaitza izango litzateke. Anjel Alkaini elkarrizketa egin nionean tipo normala iruditu zitzaidan. Galderak erantzun zituen, lan egiten egongo bazen bezala. Ez dut uste bere burua aktore dramatikotzat duenik, eta ez da hori bere helburua. Komikoa da, lan egitea du helburu, eta horretarako borrokan ari da. Egia esan, nahiko ondo joan zaio…
Nirekin oso zuzena eta nahiko jatorra izan zen, baina barregarria izan gabe. Bere lana, lana baino ez dela badakiela uste du. Hori bai, Radio Euskadiko “Antes de mirar cruzar” saioan entzuten dudanean, nik barreak botatzen ditut. Elkarrizketatu nuen pertsona bera denik ezin dut sinetsi. Agian, ez da hain aktore txarra izango…
Unibertsitatean ikasten ari nintzela ezagutu nuen Carlos Sobera. Gezurra badirudi ere, Publizitatearen Zuzenbidea ikasgaiaren irakasle izan nuen; karrera guztian gazteleraz izan nuen ikasgai bakarrarena, alegia (Kazetaritza eta Publizitatea, biak kontuan izanda). Batzuen ustez, zentzurik gabe hitz egiten zuen, baina niri bere eskolak oso barregarriak iruditzen zitzaizkidan. Benetako umore bakarrizketak egiten zizkigun. Bereziki gogoratzen dut bere arrebaren ezkontzari buruzko solasaldi bat, Japonian ezkondu behar zela kontatu zigun eta jakin nahi nuke benetakoa zen edo asmakizun hutsa. Oso ona izan zen. Ez dut gogoratzen egun horretan ikasgaiaren zer gai azaltzen ari zen…

Carlos Sobera
Carlos Soberak Adela Gonzalezekin aurkezten duen “Consumidores” saioa hasi behar zela eta, elkarrizketatu nuen. Eta okerrena horixe izan zen, elkarrizketa saioaren aurkezpenagatik baldintzatuta geratu zela, eta ez zen nahi nuen bezala geratu. Hala eta guztiz ere, nire ustez, prentsaren aurrean Carlos Sobera ez da hain txistagarria (berak esaten duen bezala); ez unibertsitateko gelan bezain beste, behintzat. Nahiko irribarretsua bada ere, ez du burua galtzen. Penagarria.
Carlos Soberari egindako elkarrizketan kontatu zidana alde batera utzita, bere alabei buruz ere hitz egin genuen (bata berea da eta bestea bere emazteak bazuen aurretik). Lokartzeko orduan baino ez dituela ikusten esan zidan, “aita gehienak bezala”, baina asteburua eurekin buru belarri ematen duela.
Africaren ilea ikusgarria da. Gertutik ikusira telebistan baino politagoa da. Distira ederra dauka. Africari buruz dokumentatzen hasi nintzenean zenbait datuk harritu ninduten: katalana da, hiru seme-alaba ditu eta bere aita bidaiari ausarta zen. Ez du ematen, ez?
Berehala onartu zuen elkarrizketa era makillatuta eta orraztuta etorri zen jarraian albistegia aurkeztera zihoalako. Ez dakit jakingo duzuen zelan makillatzen dituzten, baina nahiko geruza lodia daramate. Aurrez aurre, nik esango nuke hainbeste makillaje gabe politago dagoela, baina pantailak horrela eskatzen du.

Africa Baeta
Lotsatia eta hiztun ona iruditu zitzaidan. Bere seme-alabei buruzko gauzak galdetu nizkion, gero sartu ez banituen ere; baina egin nuen ideia orokorra honako izan zen: oso emakume familiarra da eta bere lana maite du. Nafarroako Canal 6 telebistan hasi zela kontatu zidan. Berarekin batera, bere senarra hasi zen, nahiz eta egun komunikazio alor ezberdin batean jardun. Bidaiak egitea atsegin du, baina hiru seme-alabekin zaila egiten zaio, eta Bossen jarraitzailea da, Bruce Springsteeni buruzko bloga dauka eta guzti! Asteburuetan aurkezten oso pozik zegoela esan zidan, eta orain, astean zehar aurkezten, oso ondo antolatu behar dela bere seme-alabekin egon ahal izateko, izan ere, Iruñean bizi da.
Africa Baetari egindako elkarrizketa irakurri eta zeuek erabaki.
Zure iritzia