Artxiboa

‘Bitxikeriak’ atalaren artxiboa

Justin Bieber, lagunik gabe?

2013(e)ko Apirilak 12 Lady Rox Iruzkinik ez

Batek baino gehiagok pentsa dezake zoriontsu izateko osagai nagusiak dirua eta ospea direla. Justin Bieber artista kanadarrari galdetzen badiogu, ordea, agian ez da guztiz ados egongo.

Justin Bieber. Argazkia: Twitter

Justin Bieber. Argazkia: Twitter

Izan ere, Teen Vogue aldizkarian adierazi duenez, nahiko bizimodu bakartia du. Munduan barrena milaka jarraitzaile dituen arren, inork ez omen dio telefonoz deitzen, eta hiruzpalau lagunekin soilik du harremana. Gainera, ez da ingurukoez fidatzen.

Horrez gain, Socialbakers sare sozialak aztertzen dituen enpresak egindako ikerketa baten arabera, Twiterren dituen jarraitzaileen erdiak baino gehiago faltsuak dira. Urte hasieran, Justin Bieber zen jaun eta jabe microblogging sarean, Lady Gagaren aurretik. Orain, ordea, ezerezean geratu da sailkapeneko lehen postu hori, 37,4 milioi jarraitzaile izan beharrean, 17,8 milioi dituelako.

Badirudi, beraz, agertokietan lortzen ari den arrakasta ez dela kanadarraren eguneroko bizimoduan islatzen. Triste samarra, 19 urte baino ez dituela kontuan izanda, ezta?

Categories: Bitxikeriak Tags:

Izarrek ere maniak dituzte

2013(e)ko Apirilak 2 Lady Rox Iruzkinik ez

Jennifer_lopezGuztiok ditugu maniak. Arruntagoak edo bitxiagoak, baina denok ditugu maniak. Izarren artean ere askok dute horrelakorik, eta hauetako batzuk bitxiak dira benetan. Adibidez, Britney Spears pop musikako printzesak zoratu egiten ditu hoteletako langileak. Izkira eta ganba entsaladak, edari energetikoak, txikleak, karameluak eta hamarnaka zereal kutxa eskatzen ditu beretzat. Gainera, nahi duena lortzen ez badu, jendea kaleratzen hasten da. Ez da hori, baina, bere maniarik handiena. Izan ere, ahotsik gabe geratu zen egun batean, bere eztarria zaintzeko kamera hiperbariko bat erostea agindu zuen. Aurkitzea ez zen batere erraza izan, eta 11.000 euro balio izan zituen

Jennifer Lopez abeslari polifazetikoari nazka ematen omen dio jendeak erabilitako maindire artean lo egiteak, eta bere maindireak eramaten ditu beti hoteletara. Gainera, bere logela zuriz apaintzera behartzen ditu hoteletako langileak eta opilak eta alkohola egon beharrean ur natural botilak egotea eskatzen du. Izaera berezia du gainera, ikertzeko modukoa. Izan ere, ez da igogailuetan bakarrik egoteko gai, eta bizkartzainez inguratuta besterik ez da ateratzen eraikin publikoetatik. Gainera, Kolonbiara egin zuen bidaia batean saltoki-gune bat ixtea eskatu omen zuen, bera erosketak egitera joateko.

Paulina Rubioren aldagelek gutxienez 40 metro karratu izan behar dituzte, edateko ura hiru tenperaturatan izan behar du, eta toalla zuriak eta perfumatuak bakarrik nahi ditu. Behin, logela beltzez margotuta eta kandelaz beteta egotea eskatu zuen.

Musika munduko izar ospetsu eta tirabiratsuekin jarraituz, Mariah Carey ezin alde batera utzi. Manien erregina da hau. Ur mineral frantsesean bainatzen da, bere maskotekin batera, eta, dirudienez, ez da gai aurretik beste inork erabilitako komunak erabiltzeko.

Hilton hotelen oinordekoak, Paris Hiltonek, antza, BMW markako ibilgailuak bakarrik erabiltzen ditu, milaka dolar gastatzen ditu Swarovski markako kristalez apaindutako ura erosten, eta milioika dolar ordaindu zituen bere txerritxoa Marilyn Monroeren hilobiaren ondoan lurperatzeko lur zati bat erosten.

Gizonezkoen artean ere bada mania bitxirik duen izarrik. Brad Pitt aktoreak zoologiko bat eraiki du Frantzian duen gazteluan, bere seme-alabak mimatzeko. Hainbeste diru izanda, 20.000 dolar ordaindu zituen inoiz jaso ez zituen lore exotiko batzuk izateko.

‘Papito’ bira egiten ari zela, Miguel Bosek suite bateko lurra moketatzeko eskatu zuen. Gainera, edateko ur kopuru handiak eta sasoiko fruta eskatzen zituen.

David Beckham futbolariaren maniak ere ez dira oso ohikoak. Badirudi Victoria Beckam emaztearen handinahiaren parekoa dela berea. 1.800 euro ordaindu zizkion behin laguntzaile bati Gabonetako opariak irekitzeko, eta ia bi milioi euro gastatu zituen emazteari platinozko eta diamantezko bibradore bat oparitzeko, lanak behar baino denbora gehiago kenduz gero berarekin ez ahazteko.

Duela urte batzuk, Elton Johnek 60.000 dolar gastatzen zituen urtero loreak erosten. Horrela, ez da hain arraroa 2007. urtean Gasteizen egon zenean hoteletik kontzertua eman behar zuen lekura joateko limusina bat erabili izana eta Viña del Mar jaialdiko 53. edizioan hoteleko logelan narruzko ezer ez egotea eskatu izana.

Kristen Stewart, haurdun?

2012(e)ko Azaroak 26 Lady Rox Iruzkinik ez

Robert Pattison eta Kristen Stewart

Robert Pattison eta Kristen Stewart

Albisteak ezustekoan harrapatu gaitu, baina, txutxu-mutxu guztien arabera, Kristen Stewart haurdun egon liteke! Aita, noski, Robert Pattinson bikotekidea omen da.

Azkenaldian zeresan asko eman du bikoteak. 4 urteko harremana hautsi egin zuten duela urtebete. Garai hartan Kristen ‘Blancanieves’ filma grabatzen ari zen, eta filmeko zuzendariarekin abentura bat izan zuen. Baina badirudi Robertek denborarekin barkatu egin ziola, eta, ordutik, etengabe aritu dira harremana hausten eta berreskuratzen.

Oraingoan oso serio hasi omen dira berriro; izan ere, OK Magazine aldizkariak baieztatu duenez, Kristen haurdun dago. Aktoreak berak duela gutxi egindako adierazpenen arabera, bere seme-alabek Roberten begiak izatea nahi du. Baliteke amets hori laster betetzea.

Gaur egun, bikotea Crepusculo sagako azken filma promozionatzen ari da, biran. Film horretan ere alaba bat dute elkarrekin. Guraso lanetan entrenatzen ibili ote dira?

Liam Hemsworth eta Miley Cyrusen bizitza sexuala pil-pilean dago

2012(e)ko Irailak 25 Lady Rox Iruzkinik ez
Miley Cyrus eta Liam Hemsworth

Miley Cyrus eta Liam Hemsworth

Abeslariaren esanetan, bikotea euren harremanaren unerik beroenetako batean dago. Zale guztiak txundituta utzi ditu Mileyk The Enquirer egunkarian bere harreman sexualen berri emanda. Bikoteari etxeko leku guztietan egitea gustatzen zaiola, eta ezohiko leku eta uneetan egiten dutela esan du.

Badirudi ezagutzen genuen Hannah Montana aspaldi utzi zuela atzean Mileyk. Bikotearen sexu harremanak “oso basatiak” direla esan du, eta bikotekideak erabat asetzen duela. Horren esanetan, sexuaren kalitatea da bikote-bizitza zoriontsua izateko lehen baldintza.

Oraindik ez dakigu Liamen iritzia, baina neska-laguna bezain sutsua izango ote da?

Billie Joe Armstrongek burua galdu du

2012(e)ko Irailak 24 Lady Rox Iruzkinik ez

Green_day3.ok_Green Day taldeko abeslariak sekulako showa eman zuen iHeart Radio festibalean, Las Vegasen. Antza denez, punk taldearen kontzertuari minutuak kentzea erabaki zen Usher abeslariari denbora gehiago emateko.

“Basket Case” kantu ezaguna jotzen ari zen taldea, Armstrongi kartel baten bidez kontzertua bukatzeko minutu bat besterik ez zutela esan ziotenean. Orduan hasi zen benetako ikuskizuna… Abeslariak gitarra lurraren aurka hautsi eta ikusle artera bota zuen. “Ni ez naiz Justin Bieber madarikatua! 1988tik jotzen dut! Hau txantxa izan behar da!” eta antzeko adierazpenak oihukatuz bukatu zen Green Day taldearen emanaldia. Mike Dirnt baxu-jotzaileak ere txikitu zuen bere musika-tresna, eta “fuck you!” batez agurtu zen taldea.

Taldeak barkamena eskatu du jada, Facebook bidez, eta abeslaria desintoxikazio zentro batean sartuko dela tratamendua hasteko iragarri du. Askoren ustez, festibalean emandako ikuskizunak lotura zuzena du abeslariak droga kontsumitzearekin. Zuek zer uste duzue?

Liam Gallagher, partida batean, musuka

2012(e)ko Irailak 20 Lady Rox Iruzkinik ez
Liam Gallagher musuka

Astearte gauean, Madrilera bidaiatu zuen Oasis taldeko bokalista ohiak, Manchester City futbol taldea animatzeko asmoz Real Madrilen aurkako partidan, baina, antza, ez zuen lortu partidaren amaiera ikustea… Polemika sortzeagatik dugu ezagun abeslaria, eta asteartean ere ez gintuen esku hutsik utzi. Bere taldeak gola sartu bezain laster, artista zelaira jaitsi zen eta segurtasun agente bati sekulako musua eman zion!
Gallagher Santiago Bernabeutik egotzi zuten, eta horren erokeria Twitterren pil-pilean dago ordutik. Partida Real Madrilek irabazi zuen, baina zeresana Gallagherrek eman du.

Amy Winehousen lehentasun gastronomikoak

2012(e)ko Irailak 12 Lady Rox Iruzkinik ez
Amy Winehouse. Argazkia: EFE

Amy Winehouse. Argazkia: EFE

Urte bete baino gehiago igaro da Amy Winehouse abeslaria hil zenez gero, baina bere inguruko albiste eta bitxikeriek ez dute etenik. Orain ezagutu dugun datuak zur eta lur utzi gaitu: Mercadonako patata-tortilla oso gustuko omen zuen.

Mitch Winehouse Amyren aitak bere alabari buruzko liburua argitaratu du. Artista britainiarraren nondik norakoez gain, bien artean zuten harremana ere aztertu du. Horren guztiaren berri emateko, Vanity Fair aldizkariak Londreseko Jazz After Dark pubean elkarrizketatu du.

Alabaren arrakasta eta porrotei buruz mintzatu zen Mitch luze eta zabal, galderaz galdera. Bat-batean, ordea, Sam Shaker tabernako jabeak Amyren ahultasunetako bat agerian utzi eta Mercadonako patata-tortilla asko gustatzen zitzaiola aitortu zuen!! Berak ekartzen omen zion Espainian oporretan izaten zen bakoitzean. Harrigarria, ezta?

Rihannaren tatuaje berria

2012(e)ko Irailak 10 Lady Rox Iruzkinik ez

Amona omentzeko era berezia aukeratu du Rihannak. Izan ere, tatuaje berria egitea erabaki du bularraren azpian. Isis jainkosa egiptoarraren irudia aukeratu du, eta twitter sare sozialaren bidez zabaldutako argazkian erakutsi digu.

Rihannaren tatuaje berria. Argazkia: twitter

Rihannaren tatuaje berria. Argazkia: twitter

Uztailean hil zen Grand Dolly, minbizia ezin gaindituta. Zenbait kontzertu bertan behera uztea erabaki zuen Barbadoseko abeslariak, oso triste sentitzen zelako. Orduz gero, oporretan ibili da munduan barrena, eta bere nondik-norakoen berri eman digu sare sozialen bidez.

Musika arloan, Talk That Talk Tour biran murgildu da berriz ere. Horrez gain, “We found love” kantaren bideoklipa urteko bideorik onena aukeratu zuten MTV Video Music Awards sarietan. Amodio kontuetan ere ari da zeresana ematen Rihanna. Askok diotenaren arabera, Chris Brownekin zuen harremanari berrekin dio, joan den astean MTV galan elkarri musu eman ziotelako.

Beyonce eta Jay-Z, bikote boteretsuena

2012(e)ko Abuztuak 10 Lady Rox Iruzkinik ez

Iaz zerrendako bigarren tokian geratu ziren Forbes aldizkariak egiten duen zerrendan, baina aurten lortu dute: munduko bikote boteretsuena osatzen dute Beyonce eta Jay-Z artistek. 78 milioi euroko ondarea pilatzea lortu dute, orain arte egindako ibilbide profesionalari esker.

Beyoncé eta Jay-Z. Argazkia: Getty

Beyoncé eta Jay-Z. Argazkia: Getty

Atzean geratu dira Gisele Bündchen eta Tom Brady, lau urte sailkapenaren lehen postuan egon ostean. Jarraian, David eta Victoria Beckham daude, hirugarren.

Podiumetik kanpo, Brad Pitt eta Angelina Jolie aktoreek dute laugarren postua. Azkenaldian, ezkontza prestatzen lanpetuta dauden arren, arrakastatsu ari dira zineman lanean.

Azkenik, orain arte zerrendan indartsu zeuden zenbait bikote ez dira boteretsuenen artean agertzen, elkarren arteko harremana etetea erabaki dutelako: Tom Cruise eta Katie Holmes, eta Demi Moore eta Ashton Kutcher, besteak beste.

Shakira eta Pique, elkarrekin oporretan

2012(e)ko Uztailak 16 Lady Rox Iruzkinik ez

Zurrumurru ugari entzun ditugu azken asteotan bikote famatu honen inguruan. Shakira haurdun dagoela diote batzuk. Elkarren arteko harremana eten egin dutela esan duenik ere bada. Ez batak ez besteak, ordea, ez du ezer esan.

Shakira eta Pique oporretan. Argazkia: twitter

Shakira eta Pique oporretan. Argazkia: twitter

Ohikoa den moduan, sare sozialak aukeratu dituzte oraingoan ere beraien bizimoduaren berri emateko. Gerard Pique Bartzelonako futbol-jokalariak argazki berri bat ipini du twitteren duen profilean. Bertan, paddleboarding izeneko kirol-jarduera egiten ikus daitezke.

Hala, beraz, txutxumutxu guztiak ezeztatu, eta biak batera zoriontsu bizi direla argi utzi nahi zan dute.