Post hau jarraitu ditudan eta elkarrizketa onartu ez didaten ezagunei buruzkoa da. Nire elkarrizketetan ikusiko zenutenez, euren bizitzari buruzko zehetasunak ezagutzea gustatzen bazait ere, errespetuz jokatzen dut eta ez naiz inoiz pasatu. Hala eta guztiz ere, ulertzen dut galdera berdinak mila bider erantzuten dituen norbaitentzat aspergarriak direla. Baina, batzuen eta besteen arteko jarrera ezberdintasuna ikusita, imajinatzen dut izaera kontua ere badela.

Anne Igartiburu
Anne Igartiburu
Norbait ezagunarekin lagun komuna daukadan bakoitzean, horrek zorte txarra ekartzen didala ematen du. Kontua da, lagun batek Anneren laguntzaile pertsonalari esan ziola elkarrizketa eskatuko niola, baina ez zegoela interesatuta erantzun zidan. Ez omen dugu batere glamourik… Anitzelen, Euzkitzerekin, ordea, poz-pozik egon zen Anne. Egia da Anitzelen lagunen artean zegoela, eta, egia esan, oso jatorra ematen du. Benetan jatorra den ikusteko gogoarekin geratu naiz.
Pedro Miguel Etxenike
Kasu honek harritu ninduen, izan ere, zientzialari gipuzkoarra hainbat elkarrizketetan entzunda nuen eta oso gertukoa eta naturala ematen zuen. Baina, orain arte, ez du elkarrizketa egiteko nire eskaera erantzun, beraz, ez duela nahi ulertu beharko dut. Bere idazkaria deitu nuen (bide batez, oso jatorra da eta euskaraz erantzuten du) eta eskaera pasatuko ziola esan zidan, baina emailez eskatzeko. Laster Physics Centerren X. urteurrena ospatuko zutela eta oso lanpetuta egongo zela gaineratu zuen. Presarik ez nuela erantzun eta emaila bidali nion. Handik astebetera berriro saiatu nintzen eta egun batzuk igaro ostean berriz ere. Ez dut erantzunik jaso. Urteurrenaren ospakizunak amaitu dira eta uste dut Etxenikek ez duela eitb gogoko edo Internet ez zaiola axola.
Aipatzekoa da pertsonaia ezagun askori web orri baterako elkarrizketa egitea denbora galtzea iruditzen zaiela; telebistarako, berriz, prest azaltzen dira. Jaun andreak, jakin ezazue telebista iragankorra dela eta Interneten, berriz, zuen elkarrizketak iraun egiten duela.

Jon Kortajarena
Jon Kortajarena
Hau ere ez dago interesatuta. Hitzez hitz horixe da bere agenteak emailean erantzun zidana: “Eskerrik asko baina orain, une honetan, ez gaude interesatuta. Agur”. Bada, gu bai, interesatuta gaude. Eta hori baino gehiago, hemengo lankideak asko sentitu zuen. Batzuk nazioarteko giroan mugitzen dira eta ez dute etxekoentzat astirik.
Fito
Nire lagun bat Fitoren elkarrizketak lotzen dituen pertsona da, baina horrek ez dit ezertarako balio izan. Duela bi hilabete edo, tartetxo bat eskatu nion, baina ezer ez. Espero dut biran dagoelako izatea…
Yon Gonzalez
Yonek ere ez. Oraingoz, ez dago interesatuta. Rabia filmaren errodajearen inguruan erreportaje bat idazteko egun oso bat eman nuen filmaketa taldearekin, eta Yon lanean ikusi nuen (uste dut lehen Jon zela). Nik ez nuen ezagutzen, baina lan ona egiten ari zela iruditu zitzaidan. Egun horretan filmatu zuten eszenan, Yon tailer mekaniko batean zegoen, mahukarik gabeko elastiko batekin. Ez dut gehiagorik esango, kar-kar. Laster estreinatuko dute filma eta ikusiko duzue.

Yon Gonzalez
Fermin Muguruza
Ferminek ere ez ditu komunikabideen elkarrizketak onartzen. Ezta lagunen bitartez eskatuta ere. Prentsa eramaten dion neskak esan zidanez, Euskadi Irratikoak aspalditik ditu zain. Are gehiago, Zinemaldian, goiz osoan berarekin hitz egingo zutela iragarri ostean, ez zen azaldu. Disko berria ateratzen duenean seguru oso jatorra dela…
Alberto Iñurrategi
Goiz batean Alberto Iñurrategi deitu nuen eta berehala hartu zidan telefonoa. Elkarrizketa bat egin nahi niola esan eta bilera batean zegoela eta une horretan ezin zuela erantzun zidan. 16:00etan deitzea proposatu nion eta honakoa bota zidan: “Saia zaitez”. Bada, saiatu nintzen eta amatatuta zeukan. Berriro saiatu nintzen eta amatatuta jarraitzen zuen. Eta horrela bi egun. Hirugarrenean, telefonoa hartu zuen eta ez duela elkarrizketa gehiagorik egin nahi esan zidan, mila aldiz kontatu duela gauza bera. Nik azaldu nion berari irudituko zaiola dena 50 aldiz errepikatu duela, baina pertsona berdinak ez dituela erantzun dituen 50 elkarrizketak irakurri, bakoitzak komunikabide bat edo bi jarraitzen dugula. Alferrik. Une honetan proiektu bat prestatzen ari dela azaldu zidan, baina ezin duela ezer aurreratu, bestela babesleek haserretuko zaizkio eta, beraz, ezin didala ezer esan. “Orduan, zure bizitzari buruz galdetuko dizut, orokorrean”. Ezetz. Ulertzera eman zidanez, babesleak lortu ahal izateko ematen ditu elkarrizketak; hau da, kontratuan dagoelako; baina, bestela, gorroto ditu. Pertsona ezagun askori gertatzen zaie. Egia esan, baliteke guri ere gertatzea, ez? Baina, beste batzuek, ordea, gauza bera milioi bat aldiz errepikatu eta irribarretsu jarraitzen dute. Izan ere, ezagunak badira ere, pertsonak dira, eta denetarik dago.

Felix eta Alberto Iñurrategi 2000. urtean
Bide batez, duela 13 urte inguru, telebistan lanean nengoela, bi mutil altu eta eder ikusi nituen korridorean, EiTBko Iurretako eraikinean. Modelo bi izango zirela pentsatu nuen, baina ondotik pasatu nintzenean Iñurrategi anaiak zirela ikusi nuen. Azal beltzarana, altuak, gihartsuak… Zuzenean telebistan baino hobeto zeuden! Saiatuko naiz Albertorekin hitz egiten saltzeko zerbait duenean, orduan ezin izango dit ezezkorik eman, kar-kar.
Zure iritzia