Artxiboa

‘Topic’rekin etiketatutako sarrerak

Lapurtutako haurrak Tolosan, Bide Ertzean Musika Sarietan…

2011(e)ko Apirilak 29 admin Iruzkinik ez

Lapurtutako haurren kasua Tolosako ospitaleetan eta Bide Ertzean talde tolosarrak Espainiako Musika Sarietan jasoko duen golardoa izan dira aste honetan horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Baina badira beste batzuk ere, beraz, has gaitezen!

Azken aldian asko ari gara entzuten lapurtutako haurren kasua. Orain arte urrun ikusten bagenuen ere, apurka-apurka ari dira kasuak gure inguruan azaltzen. Esteka honen bitartez ezagutarazten genuen lapurtutako haurren trafikoa Gipuzkoan asko eman dela, eta horren adibide garbia da Tolosa, izan ere, dagoeneko herriko bi ospitaleen aurkako hamabi salaketa jarri dituzte.

Gaztea-k ere horman parte hartu du aste honetan, eta lotura honekin jakitera ematen zigun Tolosako Bide Ertzean taldearen “Don Inorrez” kantak irabazi duela Espainikoa Musika Saria, euskarazko kantu onenaren atalean. Bide Ertzeanez gain, Fitok eta Delorean talde zarautarrak ere sarituko dituzte Espainiako Musika Sarietan.

Itxaso Apraizek, berriz, astebururako plan berezia egiten zigun. Izan ere, urte batzuk atzera egiten badugu, 1955an Jose Luis Villarejok eta bere emazteak, Concepción Momeñek, Colorin txotxongilo ezaguna sortu zuten, eta gaur oraindik ere bizirik dirau, izan ere, Tolosako Topic-en, Colorin eta bere lagunen erakusketa dago ikusgai datorren ekainaren 19ra arte. Esteka honekin, horrela esaten zigun Itxasok: “Opor garaiak aprobetxatuz, etxeko txikienentzat plana! Tolosako Topic-en, Colorin eta bere lagunen erakusketa dago ikusgai, datorren ekainaren 19ra bitarte. Ez galdu!!”.

ETBko Orain saioak, Bonberenearen bideo eder bat emititu zuen duela gutxi. Bonberenea egitasmoa 1997an abiatu zen, eta harrezkero Tolosako etxe koloretsua ezinbesteko erreferentzia bilakatu da. Denboraren poderioz, eta ekinaren ekinaz, sona berezia lortu dute bertan egiten diren ekitaldi eta emanaldiek, tartean, musikarekin loturiko ehunka zuzeneko kontzertu. Hemen erreportajea. Gozatu!

Eta Aralar Parke Naturalari eskerrak emanez, aste honetan ere gurean parte hartu duelako, gaurko postari agur esango diogu. Mila esker hor izateagatik eta jarraitu horman parte hartzen. Datorren astean kontu gehiago kontatuko dizkizuegu, baina bitartean, pozik bizi!

Berazubi berri bat Tolosan, Joxantonio Ormazabal idazleari omenaldia…

2011(e)ko Apirilak 4 Iruzkinik ez

Berazubiko berritze lanak edo Joxantonio Ormazabal idazleari iragan larunbatean Tolosan egindako omenaldia izan dira horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Baina ez dira bakarrak izan. Goazen laburpenarekin!

Aspalditik zurrumurruak baziren ere, pasa den astera arte ez genuen ziur jakin Berazubiren etorkizuna. Joseba Uriartek, ondorengo esteka honen bitartez jakinarazten zigun azkenean Berazubiko instalazioak eraberritu egingo direla eta publiko bihurtuko direla. Horrela esaten zigun Beñatek: “Ze ondo, Berazubi berri bat!!! baña obrek ez dute luze iraungo ala?”. Eskerrik asko, Beñat.

Bestalde, Ane Goikoetxeak omenaldi baten berri ematen zigun albiste honekin. Duela urte bete eskas zendu zen Joxantonio Ormazabal Zegamako idazlea, eta urteurrenaren aitzakiarekin, Elkar argitaletxeak eta beste hainbat lagunek omenaldia egin zioten larubatean Tolosako Topic-en. Lanbidez irakaslea, Tolosako ikastetxean aritu zen urte luzez haur eta gazteekin lanean. Horrela ematen zigun Anek hitzorduaren berri: “Joxantonio Ormazabal idazlea omenduko dute bihar Tolosako Topic-en arratsaldeko 17:30ean. Duela urte bete eskas zendu zen Joxantonio Ormazabal idazle zegamarra, eta Tolosako ikastolan lanean aritu zen”. Besarkada bat Joxantonioren familia osoari.

Amaitzeko, Aralar Parke Naturalak ere gurean parte hartu du lotura honekin eta horrela esaten zigun: “Eguraldi ona egingo duela aprobetxatuz, Larraitzera igotzea plan ederra izango da larunbaterako!”. Kontua da Tolosatik hurbil, Alegiako Larraitz Auzoan, hain zuzen, Langaurre Txirrindulari Elkarteak antolatuta, txirrindulari froga ospatu zela larunbatean.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Zuek jarraitu Tolosako horman parte hartzen eta guk gure aldetik astero bezala blog honetara ekarriko ditugu zuek esandakoak. Bitartean ondo segi eta pozik bizi.