Artxiboa

‘suziria’rekin etiketatutako sarrerak

Tolosa prest dago San Joan jaiei hasiera emateko

2011(e)ko Ekainak 22 Iruzkinik ez

Bihar arratsaldean Udaletxeko balkoitik jaurtikiko duten suziriarekin emango diote Tolosan jaiei hasiera. Animatu eta zintzilikatu Facebookeko orrialdean jaietako argazkiak eta kontatu zuen planak! Gaurko postean Sanjoanak eta bestelako kontuak ere aztertuko ditugu. Goazen laburpenarekin!

Iritsi da uda, eta udako lehendabiziko egunetan zer? Sanjoanak Tolosan. Ekitaldiak ez dira faltako datozen egunotan, Tolosako 2011ko Sanjuanen egitaraua begiratzea besterik ez dago, eta guk guzti horren berri izan nahi dugu, eta horretarako nahitaezkoa da zuen laguntza eta parte hartzea. Gainera erronka bat dugu martxan, eta oraindik ez dugu lortu. Gogoratzen? Tolosako Jaietarako 500 lagun lortu behar ditugu. 136 lagun falta zaizkigu beraz. Tolosakoak gara eta baietz lortu! Gonbidatu zuen lagunak ahalik eta azkarren Tolosako orrialdearen lagun egitera!

Jaiez  gain, baditugu bestelako gaiak Tolosan. Beñat Mendietak, esaterako, ekimen berezi baten berri ematen zigun horman, ekainaren 19an ospatzen zen Trukearen Egunaren berri, hain zuzen ere. Horrela animatzen zuen jendea Beñatek: “Eneeeee!!! dirurik gabeko trukaketak!! hau bai ona, krisi garaian horrelako gehiago egin beharko litzake!!”. Truke Egunaren inguruko kartela uzten zigun, gainera, horman.

Kartel. Trukearen Eguna Tolosan

Kartel. Trukearen Eguna Tolosan

Joseba Uriartek, berriz, esteka honekin, duela hilabete batzuk Tolosako Nazioarteko Lorate Jaialdiaren baitan inauguratu zen Zumardiandi eremuaren berri ematen zigun ondorengo hitzekin: “Artea eta naturak bat egiten duten duela hilabete Tolosan inauguratu zen Zumardiaundi parkean. Ez al duzu ezagutzen? eta zeren zain zaude?”. Esteka horretan eremu berri horren irudiak ikus daitezke, benetan ikusgarriak dira, beraz, animatu eta ezagutu Zumardiandi!

Maite Bazterretxeak ere aste honetan horman parte hartu du, kasu honetan Twiterreko erabiltzaile bati jasotako esteka honekin. Tolosan dagoen El Frontón de Tolosa jatetxeko jakien irudi zirraragarriak dira, beraz, goserik ez baduzu, ziur honek jateko gogoa piztuko dizula. Begira Maitek zer esaten zigun: “Jo a ze itxura. Twitterren irakurri diot @Garbancita-ri eta…a ze itxura duten taberna honetako pintxoek!! Jun beharko da!!”.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Gogoratu jaien atarian gaudela, eta zuek Tolosan gertatzen den guztiaren berri izatea nahiko genukeela. Beraz animatu eta kontatu zertan zabiltzaten, zein den Tolosan egin daitekeen planik onena, nora joan, zer ikusi.. alegia, jaiekin loturiko nahi duzuen guztiak. Bertan gertatzen dena ere iruditan jasotzen baduzue, ez lotsatu eta igo hormara. Besterik gabe jai zoriontsuak opa dizkizuegu. Ondo pasa eta pozik bizi!