Artxiboa

‘San Joan’rekin etiketatutako sarrerak

Hitzapasa, hika, Txindoki magala bizirik, Blues goiz eta gauak…

2010(e)ko Uztailak 1 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi!

San Joan atzean geratu diren arren, Tolosako argazkiak ikusteko aukera daukazu jarraian jasoko duzuen postean. Hori bai, hasteko, uda ikasteko eta ondo pasatzeko proposamenak ere jaso ditugu.

Tolosaldea. Ernio. Argazkia: Txomin Rezola

Tolosaldea. Ernio. Argazkia: Txomin Rezola

Hitzapasa, hiztegia lantzeko jokoa sarean. Hementxe da euskarazko Pasapalabra. Maite Goñi Ordiziako Jakintza Ikastolako eta EuskalJakintza blogaren sustatzaileak Hitzapasa sareratu digu: alfabetoko hizki guztiekin errosko bat osatzen dute, eta guk hizki bakoitzarekin hasten den hitza asmatu behar duzue.Badago, beraz, teknologia berriekin euskara(z) ikastea eta gozatzea.

Hika ondo erabiltzeko ikastaroa Elduainek Hitano ikastaroak antolatu ditu, uztailaren 5etik 16ra. Baldintzak: euskaldun zaharra izatea eta Ega izatea. Rondilla 40 zenbakiko kaleko egoitzan izango da.

Aipatu bezala, hemen dituzue San Joanetako jaietan ateratako argazkiak.

Txindoki magala bizirik. Duela hilabete batzuk Zuhaitz parkea zabaldu zuten Larraitzen eta orain turismo eta bertako produktuen salmentarako gunea egokitu dute.

Ibarratik ere albiste onak datozkigu, izan ere, udal eraikinetan kontsumitzen den energia gastua murrizteko prest dago. Egingo diren lanek aurrekontua 207.000 eurotakoa da eta lanok, hiru hilabetetan egingo dira. Kiroldegi, Uzturpe ikastola, kultur-etxea, haurtzaindegia eta udaletxean ekingo dituzten lanok.

Elkartasun argazki jendetsua «Ion, gure artean nahi zaitugu» lemapean, Ion Telleriaren aurkako euroaginduaren inguruko epaia ezagutu bezperan, ehundik gora idiazabaldarren babesa jaso zuen Telleriak. Txomenaneko Parkean, hainbat herritar eta hainbat eragile eta taldeko ordezkariak elkartu ziren.

San Joanak igarota, orain urteroko beste hitzorduari egingo diogu tokia, Blues egun eta gauak datoz Tolosara. Ostiral honetan ekingo diote Europako Blues talderik onenekin eta baita Lou Marini saxojole handiarekin.

Eskerrik asko guztioi hor egoteagatik eta laster arte.

Tolosa jaietan, azoka, Edurne Pasaban, San Joan bezpera eta musika

2010(e)ko Ekainak 25 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi!

Ostiral on! eta asteburu hobea opa dizuegu. Ekaineko azken lan asteari agur esateko ere Tolosako blog honetarako azken laburpena prestatu dugu.

Lehenik eta behin, parte hartu duzuen guztioi eskerrak eman dizkizuegu, esate baterako: Leire Romero Clementeri, berak horrela idatzi du Tolosako Orrialdeko hesian: “A vivir los San Juanes como se merece Tolosa!!!”

Jesus Elorduik ere horrela zioen: “Ondo pasa San Joanak!!!! Gora Tolosa!!”

Bestalde, agendan apuntatzeko ekitaldien berri eman aurretik, iragan astean izandakoak ere gogoratuko ditugu.

Udako lehen egunaren bezperan, igandean, Tolosa kostaldeko herria zirudien. Urola Kostako produktuak nagusitu ziren San Joan azokan. Tolosako jaietako ekitaldi berezia, Urola Kostako produktuak dastatzeko aukera eskaini zen, sardinak eta baita txakolina ere.

Edurne, Tolosako alaba kuttuna! Mendizale tolosarra, 14 zortzimilakoak igo dituen Europako lehen emakumea da. Tolosako seme-alaba kuttun egin duten zazpigarren tolosarra da, bere aurretik, Antonio Zavala, Juan Garmendia Larrañaga, Eduardo Mocoroa, Antoñita Bandrés eta Felipe Dugiolsek jaso baitzuten seme kuttun izateko ohorea, hala ere, lehen emakume tolosarra izaten jarraitzen du. Zorionak, Edurne Pasaban!

Tolosa Kantari herriko festen barruan izango da. Hil honetako Tolosa Kantari kantu-jira herriko festen barruan egokitu da. Hain justu, San Joan festetako koadrilen egunean, ekainaren 26an, hilero bezala, eguerdiko 12etan elkartuko dira kantu-jiran parte hartu nahi dutenak Tolosako ‘Tontokalen’, parte zaharreko kale eta plazetatik barrena ibiltzeko kantuan. Koadrilen eguna dela eta, Plaza Berrian ekitaldi berezia egingo da koadrilekin batera.

Tolosak bere egunik handiena bizi zuen. Jaietako ekitaldirik esanguratsuena, prozesioa da eta aurten emozioz eta seriotasun osoz bizi da. Eguneko berrikuntzarik aipagarriena Euskal Herria plazan egondako eskopeteroen azken deskargak. Gora Tolosako jaiak!!

San Joan bezpera benetan berezia da. Gau magikoa Tolosaldean. Tolosaldeko plaza eta baserri ugaritan ospatu zen San Joan bezpera, tradizioak dioen moduan, sua piztuz. Iluntze partean bailara osoa kez bete zen, baina baita musika, dantza eta giro bikainaz ere. Herri afariak ere egin ziren hainbat kasutan gauari hasiera bikaina emateko. Azpimarratzekoa Ibarran Allur dantza taldearen ekimenak izandako arrakasta, lehen aldiz piztu baitzen bertan plazan San Joan sua. Jendeak bikain erantzun zuten etorkizun oparoa izan daitekeen tradizioaren oinarriak ezarriz.

Udara Iraolako zuloan. Urteroko ohiturari jarraituz Et Incarnatus orkestrak kontzertua eskaini zuen Urkizu auzotik gora dagoen Iraolako Zuloan, naturaren erdian. Munduko bost kontinenteetako musikaz osatutako saioa eskaini zuen Mikel Zeberiok zuzentzen duen orkestrak.

Besterik gabe eta hurrengo astean San Joanetako ajearekin egongo garen arren, Tolosako Facebookeko orrialdean eta blogean bat egiten jarraituko dugu.

Eskerrik asko guztioi eskainitako laguntza eta arretagatik eta laster arte.

Ondo pasatu!