Artxiboa

‘Agenda’ atalaren artxiboa

Tolosa prest dago San Joan jaiei hasiera emateko

2011(e)ko Ekainak 22 Iruzkinik ez

Bihar arratsaldean Udaletxeko balkoitik jaurtikiko duten suziriarekin emango diote Tolosan jaiei hasiera. Animatu eta zintzilikatu Facebookeko orrialdean jaietako argazkiak eta kontatu zuen planak! Gaurko postean Sanjoanak eta bestelako kontuak ere aztertuko ditugu. Goazen laburpenarekin!

Iritsi da uda, eta udako lehendabiziko egunetan zer? Sanjoanak Tolosan. Ekitaldiak ez dira faltako datozen egunotan, Tolosako 2011ko Sanjuanen egitaraua begiratzea besterik ez dago, eta guk guzti horren berri izan nahi dugu, eta horretarako nahitaezkoa da zuen laguntza eta parte hartzea. Gainera erronka bat dugu martxan, eta oraindik ez dugu lortu. Gogoratzen? Tolosako Jaietarako 500 lagun lortu behar ditugu. 136 lagun falta zaizkigu beraz. Tolosakoak gara eta baietz lortu! Gonbidatu zuen lagunak ahalik eta azkarren Tolosako orrialdearen lagun egitera!

Jaiez  gain, baditugu bestelako gaiak Tolosan. Beñat Mendietak, esaterako, ekimen berezi baten berri ematen zigun horman, ekainaren 19an ospatzen zen Trukearen Egunaren berri, hain zuzen ere. Horrela animatzen zuen jendea Beñatek: “Eneeeee!!! dirurik gabeko trukaketak!! hau bai ona, krisi garaian horrelako gehiago egin beharko litzake!!”. Truke Egunaren inguruko kartela uzten zigun, gainera, horman.

Kartel. Trukearen Eguna Tolosan

Kartel. Trukearen Eguna Tolosan

Joseba Uriartek, berriz, esteka honekin, duela hilabete batzuk Tolosako Nazioarteko Lorate Jaialdiaren baitan inauguratu zen Zumardiandi eremuaren berri ematen zigun ondorengo hitzekin: “Artea eta naturak bat egiten duten duela hilabete Tolosan inauguratu zen Zumardiaundi parkean. Ez al duzu ezagutzen? eta zeren zain zaude?”. Esteka horretan eremu berri horren irudiak ikus daitezke, benetan ikusgarriak dira, beraz, animatu eta ezagutu Zumardiandi!

Maite Bazterretxeak ere aste honetan horman parte hartu du, kasu honetan Twiterreko erabiltzaile bati jasotako esteka honekin. Tolosan dagoen El Frontón de Tolosa jatetxeko jakien irudi zirraragarriak dira, beraz, goserik ez baduzu, ziur honek jateko gogoa piztuko dizula. Begira Maitek zer esaten zigun: “Jo a ze itxura. Twitterren irakurri diot @Garbancita-ri eta…a ze itxura duten taberna honetako pintxoek!! Jun beharko da!!”.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Gogoratu jaien atarian gaudela, eta zuek Tolosan gertatzen den guztiaren berri izatea nahiko genukeela. Beraz animatu eta kontatu zertan zabiltzaten, zein den Tolosan egin daitekeen planik onena, nora joan, zer ikusi.. alegia, jaiekin loturiko nahi duzuen guztiak. Bertan gertatzen dena ere iruditan jasotzen baduzue, ez lotsatu eta igo hormara. Besterik gabe jai zoriontsuak opa dizkizuegu. Ondo pasa eta pozik bizi!

Tolosa hasi da 2011ko Sanjuanak prestatzen

2011(e)ko Ekainak 8 Iruzkinik ez

Erronka berri bat jarri dugu abian 2011ko Tolosako Sanjuan jaietarako. Helburua? 500 laguni jai horietarako Tolosako Facebookeko orrialdea gustatzea. Hau eta eta beste zenbait gai jorratuko ditugu gaurko postean.

Uda iristear da eta berarekin, herrietako jaiei emango zaie hasiera. Tolosako lagunak deseatzen izango dira, urteroko legez, aurtengo Sanjuan jaietarako, eta hori dela medio, ebento bat sortu dugu Tolosako jaiak 2011 izenburupean. Gure xedea Sanjuanetarako 500 laguni Tolosako Facebookeko orrialdea gustatzea da, eta horretarako zuek zuen laguni orrialdearen lagun egiteko gonbitea botatzea nahiko genuke. Era horretara, gehiago izango gara eta gure herriko jaietan gertatzen den guztiaren berri izango dugu.

Eta gaiaz aldatuz, Tolosako aste berdearen inguruan hitz egin behar dugu. Olatz Gartziak gurean parte hartzen zuen eta tolosan lore eta landeen inguruko jai handiaren berri ematen zigun ondorengo hitzekin: “Loreek eta landareek beteko dituzte herriko plazak datorren asteetan zehar, eta horren harira, bideo politt bat uzten dizuet, Tolosako bizilagunen balkoiak zein eder apainduta dauden ikusteko”. Hemen Olatzek uzten zizkigun irudiak. Gozatu!

Beñat Mendietak, berriz, esteka honen bidez jakinarazten zigun arrakasta handia izan zuela aste berdeak Tolosan. “Giro bikaina Tolosa Berdez jaian!!! Lore ederrak erosi genituen gainera!!! ea zenbat aguantatzen diguten!!!”. Izugarri pozten gara horrelako ekimenek horrenbeste jende erakartzeaz.

Tolosatik gertu, Larraitzen, hain justu, Nazioen Munduak autordeterminazioa aldarrikatzeko mosaiko jendetsua antolatu du uztailaren 2rako, eta honen berri, Aralar Parke Naturalak ematen zigun, eta ondorengo bideoa gaineratzen zigun.

Eta honekin agur esango diogu gure gaurko postari. Besterik ezean, datorren astean ikusiko dugu elkar. Gogoratu nahi duzuen guztia ongietorria izango dela gure horman, eta ondoren, zuek esandakoak, blog honetara ekarriko ditugula. Pozik bizi eta eskerrik asko hor izateagatik.

Bisiguaren festa Tolosan, Cobra eta Trumbo Bonberenean…

2011(e)ko Maiatzak 31 Iruzkinik ez

Ekainaren 11n Tolosan ospatuko den bisiguaren festa, edo iragan larunbatean Cobrak eta Trumbok Bonberenean emandako kontzertuak; horiek izan dira, besteak beste, Tolosako horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Goazen laburpenarekin!

Urteroko hitzordua iristear da. Bisiguaren festa handia ospatuko da datorren asteburuan Tolosan. Olatz Gartziak esteka honekin ematen zigun albistearen berri, eta horrela zihoen: “Deseatzen nago egun hau iristeko!!! bisigua, munduko jakirik onena!!”. Ekitaldiak faltako ez badira ere, Bisigua izango da jaun eta jabe, eta Orioko hiru sukaldarik, 325 bisigu inguru erreko dituzte, 650 lagun ingururentzat.

Iragan larunbatean, berriz, Bonberenean Cobra eta Trumbo taldeen kontzertua ikusteko aukera izan zen, eta honen berri Amaia Fernandezek ematen zigun horrela: “Larunbat honetan Tolosako Bonberenean Cobra eta Trumbo taldeak!! ze gogok!! Earki egongo da!!!”. Cobra taldearen argazki bat eskegi zuen, gainera, horman:

Cobra taldea

Cobra taldea

Itxaso Apraizek albiste hau eskegitzen zuen eta ondorengo iruzkina gehitzen zuen: “Zorionak Aitor!! Honetan ere gu garaile!! a ze itxura duen pintxoak!! sagardotegiko menua….mm. Oraintxe jango nuke. Aupa Tolosa!!!!”. Izan ere, iragan astean Tolosako Amets tabernak irabazi zuen Gipuzkoako Pintxo Txapelketa. Zorionak bene-benetan!

Nazioarteko ingurumen egunaren harira, Tolosan hainbat ekintza antolatu dira, besteak beste, bideo-foruma, zinekluba eta antzerkia, guztiak ere elikadurarekin eta kontsumoarekin loturikoak. Honen berri Beñat Mendietak ematen zigun esteka honekin, eta hitz hauek gaineratzen zituen: “Konturatu al zarete Tolosan egiten diren ia ekintza guztiak janarekin lotuta daudela? nola gustatzen zaigun jatea!!!”. Jaia datorren ekainaren 16ra arte luzatuko da, beraz, aprobetxatu eta ondo pasa!

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko postari. Zuek jarraitu horman parte hartzen eta Tolosan gertatzen den guztia ezagutarazten. Aste bete barru ikusiko dugu berriz ere elkar, eta bitartean, izan zoriontsu!

Josu Iztueta Tolosako bidaiaria Nepalera abiatuko da gaur

2011(e)ko Maiatzak 3 Iruzkinik ez

Josu Iztueta, bidaiari amorratua eta Tolosako bizilaguna gaur abiatuko da Nepal aldera, eta bere azken bidaia izango dela azpimarratu du. Hau izan da aste honetan horman gehien eztabaidatu den gaia. Goazen laburpenarekin!

Itxaso Apraizek, esteka honen bitartez jakitera ematen zigun Josu Iztueta tolosarra gaur joango dela Nepal aldera. Bere azken bidaia izango dela kontatzeaz gainera, bidaiatzeko zaletasunaren inguruan ere hitz egin du Josuk elkarrizketan. Zorte ona opa diogu!

Beste behin, Aralar Parke Naturalak gurean parte hartu du esteka honekin Tolosaldeko Abaltzisketa herrian egiten den eskola txikien festara gonbidatzen gintuen ondorengo hitzekin: “Eskainaren 12an Eskola Txikien festa ospatuko da Abaltzisketan eta gogor ari dira lanean bertako ikasle, irakasle eta gurasoak“.

Eta proposamen polit honekin agur esango diogu gure gaurko postari. Jarraitu horman parte hartzen, guztion artean gehiago gozatuko dugu eta Tolosako kontuez. Mila esker eta pozik bizi!

Lapurtutako haurrak Tolosan, Bide Ertzean Musika Sarietan…

2011(e)ko Apirilak 29 admin Iruzkinik ez

Lapurtutako haurren kasua Tolosako ospitaleetan eta Bide Ertzean talde tolosarrak Espainiako Musika Sarietan jasoko duen golardoa izan dira aste honetan horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Baina badira beste batzuk ere, beraz, has gaitezen!

Azken aldian asko ari gara entzuten lapurtutako haurren kasua. Orain arte urrun ikusten bagenuen ere, apurka-apurka ari dira kasuak gure inguruan azaltzen. Esteka honen bitartez ezagutarazten genuen lapurtutako haurren trafikoa Gipuzkoan asko eman dela, eta horren adibide garbia da Tolosa, izan ere, dagoeneko herriko bi ospitaleen aurkako hamabi salaketa jarri dituzte.

Gaztea-k ere horman parte hartu du aste honetan, eta lotura honekin jakitera ematen zigun Tolosako Bide Ertzean taldearen “Don Inorrez” kantak irabazi duela Espainikoa Musika Saria, euskarazko kantu onenaren atalean. Bide Ertzeanez gain, Fitok eta Delorean talde zarautarrak ere sarituko dituzte Espainiako Musika Sarietan.

Itxaso Apraizek, berriz, astebururako plan berezia egiten zigun. Izan ere, urte batzuk atzera egiten badugu, 1955an Jose Luis Villarejok eta bere emazteak, Concepción Momeñek, Colorin txotxongilo ezaguna sortu zuten, eta gaur oraindik ere bizirik dirau, izan ere, Tolosako Topic-en, Colorin eta bere lagunen erakusketa dago ikusgai datorren ekainaren 19ra arte. Esteka honekin, horrela esaten zigun Itxasok: “Opor garaiak aprobetxatuz, etxeko txikienentzat plana! Tolosako Topic-en, Colorin eta bere lagunen erakusketa dago ikusgai, datorren ekainaren 19ra bitarte. Ez galdu!!”.

ETBko Orain saioak, Bonberenearen bideo eder bat emititu zuen duela gutxi. Bonberenea egitasmoa 1997an abiatu zen, eta harrezkero Tolosako etxe koloretsua ezinbesteko erreferentzia bilakatu da. Denboraren poderioz, eta ekinaren ekinaz, sona berezia lortu dute bertan egiten diren ekitaldi eta emanaldiek, tartean, musikarekin loturiko ehunka zuzeneko kontzertu. Hemen erreportajea. Gozatu!

Eta Aralar Parke Naturalari eskerrak emanez, aste honetan ere gurean parte hartu duelako, gaurko postari agur esango diogu. Mila esker hor izateagatik eta jarraitu horman parte hartzen. Datorren astean kontu gehiago kontatuko dizkizuegu, baina bitartean, pozik bizi!

Korrika 17 Tolosan eta Oinkari dantza taldearen ikuskizuna

2011(e)ko Apirilak 19 Iruzkinik ez

Hamazazpigarren Korrika Tolosan edo Villabonako Oinkari dantza taldearen ikuskizuna izan dira aste honetan Tolosako horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Jarraian hauek eta beste hainbat albiste errepasatuko ditugu.

Hamar egunetan zehar euskararen aldeko lasterketak Euskal Herri osoa zeharkatu du, eta nola ez, Korrika 17 Tolosan ere izan da. Beñat Mendietak horrela esaten zigun: “Korrika Tolosan ere izan zen. Ikusi irudiak!!! Aupa Tolosa eta aupa Korrika!!! Maitatu, ikasi, ari… euskalakari!”. Tolosatik Korrika pasa zen uneko irudiak ere uzten zizkigun horman. Hemen bideoa:

Itxaso Apraizek ikuskizun baten berri ematen zigun, izan ere, pasa den ostiralean Villabonako Oinkari dantza taldeak “Ari du ikuskizuna estreinatzen zuen Tolosako Leidor aretoan, 22:30ean. Itxasok ondorengo argazki eder hau uzten zigun horman.

Villabonako Oinkari Dantza Taldea

Villabonako Oinkari Dantza Taldea

Hau guztiaz gainera, albiste honekin Tolosako bizilagun bat aberastu zela kontatzen genizuen. Telekino izeneko joko batera jolastu omen zuen eta ia 2 milioi irabazi zituen, baita auto bat, etxe bat eta bi pertsonentzako bidaia. Hori bai hori zortea.

Gainera, Itxaso Apraizek gogorarazten zigun iragan asteazkenean Alberto Ariño orientatzaileak ikastaroa eskainiko zuela Tolosako Gorosabel eraikinean. Horrela ematen zigun hitzorduaren berri: “Ez ahaztu bihar, Alberto Ariño orientatzailearekin batxilerra eta Heziketa Zikloei buruzko ordubeteko hitzaldi informatiboa izango dela. Hitzordua arratsaldeko 6:30ean Orixen izango da, Gorosabel eraikinean”.

Amaitzeko Elduaien hizkuntza eskolak guren parte hartzen zuen eta horrela esaten zigun: “Ezagutzen al duzu Tolosako Kondeko Aldapan dagoen akademia? Zer iruditzen?”.

Ba galdera horrekin guk gaurkoz amaitutzat emango dugu aste honetako posta. Zuek segi horman Tolosako albisteak uzten, guk zuek kontatuko hori blog honetara ekarriko ditugu. Segi ondo eta mila esker hor izateagatik.

Lara Arruabarrena tenista tolosarra, Boga Berria erakusketa Tolosan…

2011(e)ko Apirilak 12 admin Iruzkinik ez

Lara Arruabarrena tenista Andalucía Tennis Experience-n eta Boga Berri erakusketa Tolosako Aranburu Jauregian, hauek izan dira aste honetan Facebookeko horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Goazen asteko laburpenarekin!

Iragan astean jakin genuen, esteka honen bitartez, Lara Arruabarrena tenista tolosarra final –laurdenetarako sailkatu dela Marbellan jokatzen ari den Andalucía Tennis-Experience-n. 18 urte besterik ez ditu Larak baina apurka-apurka gora egiten ari da eta beraz, bideari ekin baino ez dio egin. Zorte on ona opa diogu gure tolosarrari!

Bestalde, Olatz Gartziak erakusketa baten berri ematen zigun horman ondorengo hitzekin: “Aranburu jauregian emakume arraunlarien inguruko argazki erakusketa dago ikusgai, Boga berria izenarekin. Egon al zarete? ni atzo izan nintzen eta argazki ederrak daude…Hilaren 23ra arte egongo da zabalik. Hemen aurrerapen bat!!”. Boga Berria argazki erakusketaren helburua joan den irailean ospatutako Emakumezkoen Kontxako I Bandera gogoratzea da, izan ere, emakumeek eremu berri bereganatu zuten Kontxako estropadan. Erakusketaren irudi ederrak uzten zigun, gainera:


Musika ere izan da hizpide aste honetan horman, izan ere, Itxaso Apraizek jakinarazten zigun lotura honekin apirilaren 9an Tolosako Bonberenean Fiachras eta Garate taldeen kontzertua ikusteko beta egongo zela.

Amaitzeko, gure laguna den Olatz Gartziak ostiralean Tolosako Kultur Etxean “Xentimorik Gabe” ikuskizunera gonbidatzen gintuen eta ikuskuzinaren kartela uzten zigun horman. Ikuskizuneko protagonistak Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreak dira.

Kartela. "Xentimorik gabe ikuskizuna"

Kartela. "Xentimorik gabe ikuskizuna"

Aipatzekoa da baita ere Aralar Parke Naturalak ere gurean parte hartu duela. Eta honekin amaiera emango diogu aste honetako laburpenari. Zuek badakizue nahi beste albiste, argazki, bideo… utz ditzakezuela horman eta guk astero astero zuek esandakoak blog honetara ekarriko ditugula. Besterik ez. Pozik bizi!

Berazubi berri bat Tolosan, Joxantonio Ormazabal idazleari omenaldia…

2011(e)ko Apirilak 4 Iruzkinik ez

Berazubiko berritze lanak edo Joxantonio Ormazabal idazleari iragan larunbatean Tolosan egindako omenaldia izan dira horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Baina ez dira bakarrak izan. Goazen laburpenarekin!

Aspalditik zurrumurruak baziren ere, pasa den astera arte ez genuen ziur jakin Berazubiren etorkizuna. Joseba Uriartek, ondorengo esteka honen bitartez jakinarazten zigun azkenean Berazubiko instalazioak eraberritu egingo direla eta publiko bihurtuko direla. Horrela esaten zigun Beñatek: “Ze ondo, Berazubi berri bat!!! baña obrek ez dute luze iraungo ala?”. Eskerrik asko, Beñat.

Bestalde, Ane Goikoetxeak omenaldi baten berri ematen zigun albiste honekin. Duela urte bete eskas zendu zen Joxantonio Ormazabal Zegamako idazlea, eta urteurrenaren aitzakiarekin, Elkar argitaletxeak eta beste hainbat lagunek omenaldia egin zioten larubatean Tolosako Topic-en. Lanbidez irakaslea, Tolosako ikastetxean aritu zen urte luzez haur eta gazteekin lanean. Horrela ematen zigun Anek hitzorduaren berri: “Joxantonio Ormazabal idazlea omenduko dute bihar Tolosako Topic-en arratsaldeko 17:30ean. Duela urte bete eskas zendu zen Joxantonio Ormazabal idazle zegamarra, eta Tolosako ikastolan lanean aritu zen”. Besarkada bat Joxantonioren familia osoari.

Amaitzeko, Aralar Parke Naturalak ere gurean parte hartu du lotura honekin eta horrela esaten zigun: “Eguraldi ona egingo duela aprobetxatuz, Larraitzera igotzea plan ederra izango da larunbaterako!”. Kontua da Tolosatik hurbil, Alegiako Larraitz Auzoan, hain zuzen, Langaurre Txirrindulari Elkarteak antolatuta, txirrindulari froga ospatu zela larunbatean.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Zuek jarraitu Tolosako horman parte hartzen eta guk gure aldetik astero bezala blog honetara ekarriko ditugu zuek esandakoak. Bitartean ondo segi eta pozik bizi.

Gipuzkoa Encounter informatika topaketa egin dute asteburuan Tolosan

2011(e)ko Martxoak 21 Iruzkinik ez

Tolosa informatikarien topaleku bihurtu da asteburu honetan. Ordenagailu eta teknologia berrien topaketarik handienak ostegunean ireki zituen ateak eta igandera bitarte luzatu da. Baina ez da Facebookeko horman eztabaidatu den gai bakarra izan. Goazen aste honetako laburpenarekin!

Urteroko legez, aurten ere Usabal kiroldegian ospatu da informatikarien jai handia. Esteka honen bitartez jakitera ematen genuen 600 lagun bilduko zirela jaialdiaren bosgarren edizio honetan. 1.200 metro koadroko azalera, 450 ordenagailu, segundoko 1.000 megako abiadura duen Interneterako konexioa, lehiaketak, txapelketak eta jolasak, hori guztia eta gehiago topatu du asteburuan Gipuzkoako herri honetara hurbildu denak. Itxaso Apraizek, albiste honekin, jaialdiak arrakasta itzela izan duela azaldu digu.

Baina bestelako jardueren berri ere izan dugu aste honetan. Esaterako, Joseba Uriartek ondorengo lotura honekin egunotan Tolosan aniztasunaren eta diskriminazioaren aurkako jardunaldiak egingo direla kontatzen zigun. Mila esker, Joseba.

Gainera, argazki lehiaketak martxan jarraitzen du horman, izan ere, zuen argazkiak ikusteko desiratzen gaude. Horman astero uzten dugun laburpenean, blogean argitaratzen dugunean, beti argazki bera ikusten da, eta argazki hori zuen izatea nahi dugu. Parte-hartu eta bidali zure argazkia! Datorren astelehenean “Gustuko dut” gehien dituen argazkia aukeratuko dugu. Segi argazkiak bidaltzen!

Amaitzeko, Leire Bazkezek argazki eder bat uzten zigun eta bide batez kontatzen zigun Euskadiko txapela lortu zutela tolosaldeko taldekoek neguko triatloian. Zorionak, beraz, guztiei. Hemen argazkia!

Neguko triatloiko parte-hartzaileak

Neguko triatloiko parte-hartzaileak

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Jarraitu parte hartzen horman eta guk, beti bezala, zuek kontatutako guztia blog honetara ekarriko dugu. Aste hona pasa eta badakizue, bidali zuen argazkiak lehenbailehen.

Zegamako parea, Ordiziako gazta, Bide Ertzean, Bizikleta Azoka, turismoa

2010(e)ko Irailak 16 Kaitin Allende Iruzkinik ez

Kaixo guztioi:

Badirudi jada, udako eguraldia agurtzen ari dela, baina gurean, Tolosako Orrialdean, betiko moduan, denon artean berotasuna edota txarrenera jota epeltasuna mantentzen ahaleginduko gara. Horretarako beti izaten dira ongi etorri zerorrek bidalitako oharrak.

Hasteko, pantaila txikira begira jarriko gara.

Ezagutzen dituzu? Seguru, hemendik aurrera ez duzula kapitulurik galduko. Aitor eta Luis Perez, Zegamako aita-semeak. Aitor eta Luis Perez aita-semeak dira eta Zegamatik datoz. Ehiza eta arrantza maite dituzte eta finalera iristeko aukera handiak dituztela uste dute. Aitorri eta Luisi edo beste hautagaiei zure puntuazioa eman diezaiokezu kastingaren.

Leslie Adams: “Ummmm!!! gazta gozoa benetan….zuk zenbat emango zenuke hori dastatzeko? J. Aranburu Elkarteak irabazi du Ordiziako Gazta Lehiaketa. Beasaingo Dolare jatetxeak 7.200 euro ordaindu ditu lehen saria irabazi duen gazta erdiarengatik”.

Mokadu gozoa hartu ondoren, tarte musikala irekiko dugu. Bide Ertzean taldearen azken lana. Irailaren 29an aurkeztuko du Bide Ertzeanek ‘Don inorrez’ lana. 13 kantu berri bilduko ditu bertan boskote tolosarrak eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratuko dute diskoa. Entzun lehen singlea: “Zurekin dantzatu nahi nuke”.

Bizikleta Azoka irailaren 18rako! Larunbaterako plan polita, benetan; Tolosako Mankonunitatea bizikletarekin erlazionatutako objektu guztiekin bigarren eskuko azoka prestatzen ari da.

Maite Bazterretxea: “Azkar ibili! PIRRITX PORROTX ETA MARIMOTS irailaren 18an ikusi nahi? Sarrerak Beasaingo eta Ordiziko Lirain lurrin dendetan”.

Tolosaldean turismoak funtzionatzen du!!!! 2009 urtean baino % 120 gehitu da turismo bulegotik igarotakoen portzentaia.

Tolosarra bazara eta gainerakoei interesatuko zaien zerbait baduzu (albiste, deialdi, ohar, iritzi, argazki…), denon artean Tolosako orrialdean partekatu dezakezu. Gure aldetik, hitz ematen dugu, zuk jarritako hori lau haizetara zabaltzen lagunduko zaitugula. Zure zain gaude.

Azken ohar honekin, laster arte esango dugu, hori bai, aldez aurretik eskainitako laguntza eta arretagatik eskerrak eman nahi dizkizugu.