Bisiguaren festa Tolosan, Cobra eta Trumbo Bonberenean…
Ekainaren 11n Tolosan ospatuko den bisiguaren festa, edo iragan larunbatean Cobrak eta Trumbok Bonberenean emandako kontzertuak; horiek izan dira, besteak beste, Tolosako horman gehien eztabaidatu diren gaiak. Goazen laburpenarekin!
Urteroko hitzordua iristear da. Bisiguaren festa handia ospatuko da datorren asteburuan Tolosan. Olatz Gartziak esteka honekin ematen zigun albistearen berri, eta horrela zihoen: “Deseatzen nago egun hau iristeko!!! bisigua, munduko jakirik onena!!”. Ekitaldiak faltako ez badira ere, Bisigua izango da jaun eta jabe, eta Orioko hiru sukaldarik, 325 bisigu inguru erreko dituzte, 650 lagun ingururentzat.
Iragan larunbatean, berriz, Bonberenean Cobra eta Trumbo taldeen kontzertua ikusteko aukera izan zen, eta honen berri Amaia Fernandezek ematen zigun horrela: “Larunbat honetan Tolosako Bonberenean Cobra eta Trumbo taldeak!! ze gogok!! Earki egongo da!!!”. Cobra taldearen argazki bat eskegi zuen, gainera, horman:

Cobra taldea
Itxaso Apraizek albiste hau eskegitzen zuen eta ondorengo iruzkina gehitzen zuen: “Zorionak Aitor!! Honetan ere gu garaile!! a ze itxura duen pintxoak!! sagardotegiko menua….mm. Oraintxe jango nuke. Aupa Tolosa!!!!”. Izan ere, iragan astean Tolosako Amets tabernak irabazi zuen Gipuzkoako Pintxo Txapelketa. Zorionak bene-benetan!
Nazioarteko ingurumen egunaren harira, Tolosan hainbat ekintza antolatu dira, besteak beste, bideo-foruma, zinekluba eta antzerkia, guztiak ere elikadurarekin eta kontsumoarekin loturikoak. Honen berri Beñat Mendietak ematen zigun esteka honekin, eta hitz hauek gaineratzen zituen: “Konturatu al zarete Tolosan egiten diren ia ekintza guztiak janarekin lotuta daudela? nola gustatzen zaigun jatea!!!”. Jaia datorren ekainaren 16ra arte luzatuko da, beraz, aprobetxatu eta ondo pasa!
Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko postari. Zuek jarraitu horman parte hartzen eta Tolosan gertatzen den guztia ezagutarazten. Aste bete barru ikusiko dugu berriz ere elkar, eta bitartean, izan zoriontsu!


Zure iritzia