Lurralde

Piramide Handian gauza miresgarrien susmoa hartu dute

Gizako piramideak

“Gauza miresgarriak ikusten ditut”. Duela ia mende bat Tutankamonen hilobian muturra sartzean Howard Carterrek esandakoak arkeologiaren atzean dagoen zirrararen laburpen bikaina da. Belaunaldi askotako arkeologoek halako une bat bizitzeko ametsa izan dute.

Gaur antzeko eguna izan daiteke Piramide Handiari dagokionez. Nazioarteko zientzialari talde batek gutxienez 30 metro luze dituen ezkutuko barne estruktura berri baten aurkikuntza iragarri du. Nature aldizkarian eman dituzte xehetasunak.

Carterren esaldi ospetsua, oraingoan, “gauza ikusgarrien susmoa daukat” bilaka daiteke. Izan ere, ikertzaileek teknologia ez suntsitzaileak erabili baitituzte piramidea arakatzeko. Besteak beste, izki kosmikoen azpiproduktu diren muoien analisia egin dute. Izpi hauen portaera aztertuta, ikertzaileak barne estrukturak atzemateko gai dira, giza gorputzean hezurren estruktura ikusteko X-izpiak erabiltzen diren modu berean. Ganbera hau galeria handiaren gainean dago, eta bere existentzia muoien analisian oinarritutako hiru tekniken bitartez baieztatu ahal izan da.

Hamarkadetan zehar Keops faraoiaren Piramide Handian ganbera sekretuak daudela uste izan da. Bereziki azken bi urteetan indartu dira zurrumurruak, ScanPyramids proiektuaren aurrerapenak direla eta. Iaz ikerketa talde honek iragarri zuen bazitekeela piramidearen iparraldean ganbara bat egotea, normalean halako ganberak babesteko erabiltzen den falka itxurako estruktura baten azpian.

Aurkitu berri den ganbara honen funtzioa, momentuz, ezezaguna da. Oraindik bertan sartzeko bidea topatu beharra dago. Orduan, Carter berri batek, seguruenera zuntz optikoko hari txiki baten bitartez, 4.500 urtez ezkutuan egon den sekretu bat azalerazteko aukera izango du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude