Lurralde

Jesukristoren anaiaren hilobia, ezagutzen ez duzun istorioa

golan

Thriller arkeologiko batetik hartutakoa dirudi jarraian helaraziko dizugun kontakizuna. Baina hala ere, benetakoa da. Trilogia batean zatitutako thrillerra. Hasierako bi zatiak mundu osoko hedabideen bitartez ezagutu ziren, eta ospe handia hartu zuten horrela. Baina trilogia osatzen duen azken abentura apenas zarata sortu gabe gertatu da. Guk, ordea, istorio osoa kontatuko dizugu.

Orain dela hiru hamarkada baino gehiago hasi zen kontu hau. 1980an Jeruselengo Talpiot auzoan bederatzi hezurtegi aurkitu ziren, orain dela 2.000 urtekoak. Maria, Mateo, Jesus –Joseren semea-, Maria, Jofa –Jesusen anaia-, eta Judas –Jesusen semea- izenekin markatuta zeuden hezurtegi horiek. Hamargarren hezurtegi bat falta zen, seguruenez aurretik lapurtuta eta merkatu beltzean sartuta.

2002an hamargarren hezurtegiaren berri eman zen. Zenbait hamarkadaz Oded Golan izeneko bildumagilearen eskutan zegoen. Baina urte horretan ikerlari batek Golani ohartu zionez, hezurtegi hori Jesukristoren anai batena izan zitekeen.

Yaakov Bar Yosef Akui di Yesua. “Jakue, Joseren semea, Jesusen anaia”. Arameoaz idatzitako esaldiak eragindako ekaitza izugarria izan zen. James Cameron zinegile ospetsuak horren inguruko dokumentala grabatu zuen, “Jesusen hilobi galdua” tituluarekin. DNA probetan eta kalkulu estatistikoen bitartez oinarrituta, Talpiot auzoan topatutakoa Nazareteko Jesusen familia zela defendatzen zen dokumental horretan. Honaino trilogiaren lehen zatia.

Hala ere, hamargarren hezurtegiaren idazkia faltsutze bat zela argudiatuz, Israelgo Estatuak bost lagun eraman zituen auzitara 2005ean. Besteak beste, hezurtegiaren jabea zen Oded Golan bildumagilea. Salaketaren oinarria faltsutzea izan zen. Horren arabera, hasierako esaldia -“Jakue, Joseren semea”- benetakoa zen, baina bigarren zatia – “Jesusen anaia”- garaikidea zen.

Honaino bigarren zatia. Guztia iruzur erraldoi bat izan zen, eta berriro ere nazioartean oihartzun asko jaso zuen albisteak. Kitto.

Baina istorio honen amaierak ez du sonarik izan. Oraindik ere bukatu gabe dagoen kontakizun honen hirugarren zatia. Zortzi urtez izan den epaiketak amaiera ustekabea izan du: esaldiaren bigarren zatia ez da faltsutze bat. Are gehiago, epaileak esan duenez, Israelgo agintariek hezurtegia behin betiko suntsitu dute. Iruzurra frogatu nahian idazkia silikonarekin igurtzi dute, bere patina suntsituz eta etorkizunean izan litezkeen ikerketak larriki oztopatuz. Hezurtegia Golani bueltatzeko agindua eman zuen epaileak.

Oraindik ere leku askotan entzuten da Oded Golanek iruzurra burutu zuela, baina justiziaren arabera hori ez da egia. Are gehiago, Golan larriki kaltetua izan da, bere sinesgarritasun eta ohorean bederen. Adituak, noski, hezurtegiaren benetakotasuna defendatzen jarraitzen du. “Hezurtegi batean hildakoaren anaiaren izena agertzea guztiz arraroa da. Normalean hildakoaren eta bere aitaren izenak jartzen ziren. Soilik bere anaia oso ezaguna zenean aipatzen zen bere izena. Beraz, hezurtegia Nazareteko Jesusen anaia zen Jakuarena da”, esan zigun orain zenbait hilabete Golanek berak.

Zaila da jakitea bertakoa Jesukristoren familia ote den. Hori frogatzeko Golan eta Cameronek argudiatutako estatistikek kritika ugari jaso dute, baina Israelgo agintariek erabilitako argudio nagusia –idazkiaren faltsutzea, alegia- guztiz alboratuta geratu da. Bestelakorik kontatu badizute ere, Jakue hori, Jose izeneko baten semea izan zen, eta baita Jesus izeneko baten anaia ere.

Irudia: Oded Golan


Paleolito aroko parkea, gero eta gertuago

atapuerca_zaldiak_962x390

Iritsi berri dira Atapuercara. Orain arte bikote bat baino ez zeukaten. Baina pasa den astean talde oso bat ekarri dute.

Paleolito Bizia dute izena, eta jo ta ke ari dira haien ametsa betetzeko lanean. Paleolito aroko ekosistema bat gutxi gora behera nola izen zen bisitariei erakustea. Eta irakastea ere. Horretarako basa piztien erreserba handi bat eraikitzen ari dira Atapuercatik gertu. Przewalski zaldiak, uroak eta bisonteak erdi-askatasunean ikusteko aukera izango da bertan. Homo Heidelbergensis espeziekoek erabili izan zituzten ehiza gune beretsuetan, gainera.

Przewalski azken basa-zaldia da.  Planeta osoan 1.500 bat baino ez daude, gehienak Mongolian bizi direlarik, eta guztiek hamar bat arbaso dute abiapuntu. Horregatik, aberastasun genetikoa sustatu aldera, garrantzitsua da taldeak munduan zehar sakabanatzea. Gure arbasoek kobazuloetan marraztu zituzten zaldien ondorengo zuzenak dira.

“Historiaurrean benetako murgiltze bat sortu nahi dugu”, azaldu zigun orain urtebete inguru Paleolítico Vivo Elkarteko buru Eduardo Cerdak. “Bisitariak orain dela 20.000 urte inguruko baso batean sartzeko aukera izango du, garaiko animaliez inguratua eta Paleolito aroko arbasoen antzera sentituz”, gaineratu zigun ilusio handiz.

Uste baino geldoagoa izan da ibilbidea, administrazioaren aldetik ez baitute laguntzarik jaso eta, are gehiago, oztopo burokratiko ugari pairatu behar izan dute. Baina pasa den asteko zaldi berrien etorrerak seguruenez ekimen honetako sustatzaileek soberan duten ilusioa gehiago puzten lagundu dutelakoan gaude. Orain bisonteak baino ez dira falta, baina laster helduko direla ziur gara. Oztopoek ezin baitituzte ametsik politenak eragotzi.

Irudia: Paleolítico Vivo


Faraoi beltzak: Egiptori arnas berria eman zioten nubioak

Meroe_962x390

Vivian Davies zur eta lur gelditu zen. Britainiar Museoko kontserbadoreak aurrean zuena ez zen nolanahiko kontua. Hieroglifikoaz idatzitako hogei lerro inguru baino ez ziren, baina hor kontatzen zenak Egiptoko historiaren pasarte garrantzitsu bat aldatuko zuen. 2002. urtea zen, eta Daviesen aurkikuntza horren ostean faraoien zibilizazioaren inguruan idatzitako liburuak berridatzi behar izan ziren.

Luxorretik 90 bat kilometrora dagoen El-Kab izeneko herrian izan zen aldaketa horren abiapuntua, bertako agintari baten hilobian. XVII. dinastian (Kristo aurreko 1575-1525 urteetan) Egiptok jasandako erasoaldiaren berri ematen zuen testu horrek. Inbaditzaileak hegoaldeko auzokideak izan ziren, Kush erreinukoak. Normalean egiptoarrak ziren kushiten aurkako erasoaldiak burutzen zituztenak, eta ez kontrako bidean. Nubian kopuru handian zegoen urrea bilatzen zuten bereziki egiptoarrek, eta ondorioz kushitena ia beti estatu ahulagoa izan zela uste zuten adituek. Vivian Daviesek aurkitutakoak, berriz, ideia hori desegin zuen.

Inbasio hura lehen abisua baino ez zen izan. Ondoren ere kushita negroideek ia mende batez egiptoarrak menderatu zituzten. XXV. dinastian izan zen hura, guztira zazpi faraoi beltz izan zituen aroan. Egiptoko krisialdi bat aprobetxatu zuten horretarako, baina faraoi beltz horiek egiptoarrak baino egiptoarragoak bazirela erakutsi zuten. Ez zen kasualitatea izan. Denbora luzez Nubia edo Kusheko biztanleek, Egiptoren eraginetik gertu bizi izan zirenek, faraoien erlijioa eta usadioak bereganatu zituzten, eta iparraldean zeukaten inperioa krisialdi batean sartu zenean haiek izan ziren Egiptoko berezko ezaugarriak mantendu izan zituztenak.

Pianjy Kusheko erregeak Kristo aurreko 730ean menderatu zuen Egipto. Garai horretan erabat sakabanatuta zegoen faraoien herrialdea, “taifa” moduko erreinu ezberdinetan zatiturik. Berriro ere botere zentralizatua ezarri zen, eta erlijio eta ohitura zaharrak berpiztu begin ziren. Bere atzetik beste sei faraoi beltz izan ziren, harik eta asiriarrak boteretik bota eta hegoaldera bueltatzera behartu zituzten arte. Baina denbora luzez kushitek Egiptoren oroimena mantendu zuten haien herrialdean, eta horren testigu dira bertan eraikitako Meroeko piramideak. Gizako piramideen tamaina eta harrokeria ez dute horiek, baina hala ere ezin daiteke ukatu edertasun itzela badutela. Egipto bere horretan mantentzea lortu zuten faraoien gustura.

Irudia: Fabrizio Demartis (CC BY-NC-SA 2.0)


Agiri historikoen lapurreta masiboa ikertzen ari da Ertzaintza

agiriak_962x390

Lapurtutako milaka agiri historikoren bila ari da Ertzaintza, ikerketa horretan buru-belarri ari den lantaldeak Lurralderi jakinarazi dionez. Agiri prefilatelikoak dira, posta zigiluak asmatu baino lehenago erabiltzen zirenak. Garai horretan, gutun garrantzitsuak tolestu egiten ziren eta ondoren lakre bat ezartzen zitzaien.

Historialari eta adituentzat, noski, gutunen edukia da garrantzitsuena, testu horiek iragana hobeto ezagutzen laguntzen dutelako, baina agiri mota horiek saldu eta erosten dituztenentzat balio gehien duena lakratutako zigilua da. “Dokumentu hauek pisura saltzen dira merkatu beltzean”, dio polizia ikerketa horretan dabilen Txetxuk.

Artxibo publiko zein pribatuetan gertatu den lapurreta masibo honen arduraduna kontrolpean dauka Ertzaintzak, eta bere aurkako froga andana du ere, baina momentu honetan ikerlarien ardura nagusia agiri horien berreskuratzea da.

Lehen ikerketak 2011an hasi ziren, Bergarako Artxiboan lagun batek egindako lapurreta aurkitu zenean. Ostutako 200 bat dokumentu antzeman zitzaizkion pertsona horri. Gertakari horretatik abiatu zen ikerketa, eta agiri asko berreskuratu baziren ere, une horretan ikerlariek ez zuten susmatzen kasuak gaur egun duen tamaina handia hartu behar zuenik.

Delitu horiek antzematea, ordea, ez da erraza. Askotan oso zaila baita jakitea artxibo batetik zerbait lapurtu ote den, batez ere udalek dituzten artxibategi txikien kasuan. Izan ere, udal gehienek daukaten ondare guztia ez dute inbentariatuta, eta baliteke zenbait agiri desagertzea inor konturatu gabe. Horrela Historia bera geure begien aurrean desagertzen da.

Hau ez da, hala ere, Ertzaintzaren baitan Ondareaz arduratzen den lantaldeak irekita daukan kasu bakarra. Aurtengo maiatzean Gernikako Santa Maria Elizan dagoen estatua baten buruaren desagerpena ere haien lan mahaien gainean irekita dagoen kasua da, besteak beste.

Ondare historikoaren aurkako delituak antzematea eta ikertzea helburu duten ertzainen lana ez da beste zereginetan aritzen direnen modukoa. Izan ere, beraien lana askoz geldoagoa da, eta kasu bakoitzean aditu askorengana jo behar dute. Lan horren emaitza, hala ere, oso gogobetegarria da, agenteek beraiek aitortu digutenez: “Kasu honetan ehundaka dokumentu eskaneatu behar izan ditugu”, diosku lantaldean aritzen den Iñakik. “Espainiako Independentzia Gerran bere familiari idatzi zion soldadu baten gutuna zeure hatzamarrekin ukitzea gauza zirraragarria da, eta gauza bera gertatzen da, esaterako, Felipe IV.a erregearen gutun bat ukitzean ere”.


Karbono dioxidoaren lehen injekzioak hasi dituzte Espainian

hontomin_962x390

Berotegi efektuaren erantzule nagusienetakoa den CO2 gasaren lehen lurpeko injekzioak egiteari ekin diote Euskal Herritik 75 bat kilometrora dagoen Hontomin izeneko herrian.

Instalazio esperimentala da Burgoseko herri txiki horretan dagoena, eta Ciudad de la Energia (Ciuden) izeneko fundazioa arduratzen da bere funtzionamenduaz. Bere zeregin nagusia beste hainbat industrietan sortzen den CO2a bahitzea eta lurperatzea da.

Lurralde blogetik hilabete inguru eman dugu informazio hori baieztatu nahian, baina Fundazioarekin egindako ahaleginak alferrikakoak izan dira orain arte. Kontsultatuko iturriek ez omen zekiten injekzioak hasiak ziren ala ez, eta informazio hori zeukana “bidaian” zegoen.

Gaztela eta Leongo Juntarengana jo dugun egun berean etorri da baieztapena. Ciuden-eko bozeramale batek aitortu digunez, “milaka metro kubiko ur injektatu dira, eta horiekin batera ehunka tona CO2 ere”. Lurperatutako ura lehenagotik egitura geologiko horretan bertan zegoen ur bera izan da, eta bozeramaleak azpimarratu duenez “bertan egiten diren lan guztiak Fundazioak dituen esperimentazio baimenen baitan kokatu behar dira”.

Ehun tona CO2-k gutxigorabehera 54.300 metro kubiko hartzen ditu. Beraz, ez dago argi zenbat ur eta zenbat CO2 lurperatu diren orain artean.

Eztabaida ugari sortu du karbono dioxidoa bahitu eta lurpean gordetzeko teknikak. Zenbaiten ustez klima aldaketa gutxitzeko tresna egokia izan daiteke karbonoa lurzoruan injektatzea, baina teknika horrekiko kritiko direnek diotenez irtenbide arriskutsua eta hutsala da. Estatu Batuak edo Norvegia bezalako herrietan erabiltzen den teknika da, baina ia beti agortutako petrolio guneei lotua.

Irudia: Ciuden


Euskal Herriko Kapadoziari begirada berria

Markinez_962x390

Batzuk klaustrofobia eragiteko gai diren zulo txikiak dira. Beste batzuk, berriz, askoz handiagoak dira, eta barruan ibiltzean ematen du erraz bidaia daitekeela denboran zehar. Baina guztiek dute amankomuneko ezaugarria: bikainak dira, mendian tailatutako harribitxi zoragarriak.

Faido, Laino eta Markinez herrietan daude kobazulo artifizial horiek, Trebiñuko zonaldean, eta aspaldiko garai baten testigu isilak dira. Kobazulo eremitikoak dira, azken datazioen arabera VI. mendetik aurrera eraikiak. Edo, hobeto esanda, zulatuak. Izan ere, bertako mendien arrokak hondeatuz eraiki ziren bizileku horiek.

Zeintzuk izan ziren Turkiako Kapadoziaren baliokide txikitzat jotzen den paisaia hau eraiki zuten pertsonaiak? Orain dela gutxira arte erantzun bakarra zegoen: kobazulo eremitikoak ziren, Euskal Herriko lehen kristau eremitek eraikiak. Gizartetik at gelditzen ziren fededun erradikalen bizilekua, Jainkoarengandik gertuago bizi nahi zutenak eta Jesukristoren martirioa bakartasunean bilatzen zutenak, alegia.

Garai horretan fenomeno arrunta zen eremitismoa, eta mende askotan zehar bizimodu hau Kristautasunaren geografia osoan mantendu izan zen. Mugimendu hori, ordea, mandatarien eta Eliza beraren kontroletik at gelditzen zen gehienetan, eta horregatik lehen ordenuak eta monasterioak eratzen hasi ziren, guztiek amankomuneko arau eta ohitura batzuen menpe. Fededun hippie horiek kontrolatuago izateko modu bikaina izan zen hura.

Baina adituek egindako azken ikerketen ondorioz, eremitismoaren ideia hori baztertzen ari da pixkanaka. Ezinbestean eremitismo hutsetik baino haratago zihoan fenomenoa izan behar izan zen bertan garatu izan zena.

Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologoa den Agustin Azkaraten ustez, bertako orografian egindako aldaketa oso garestia izan zen, eta bizileku hori eratzeak ezinbestean errekurtso handien beharra zuen. “Aldaketa hori burutzeko autoritate maila nahikoa zuen norbaiten existentzian pentsatu behar dugu”, dio Azkaratek argitaratzear dagoen zientzia-komunikazio batean.

Kobazuloen inguruan Ebroren haranean egindako zeramikak topatu dira, eta bertako Eliza batean idatziak daude. Faktore horiek Azkarateren susmoa handitu dute. Garai eta mende horretan erraztasunez idazteko gai zen jendea zegoen bertan, eta ondorioz mezu horiek irakurtzeko gai zen jendea ere egon behar zen.

Analisi arkeobotanikoek ere lagundu dute bertako inguruetan zegoen paisaia ulertzen. Lurralde, Paisaia eta Ondarea Katedraren koordinatzailea den Azkaratek horiek ere izan ditu kontutan inguru eremitikoaren ideia hutsetik baino haratago joateko. Analisiek erakusten dutenez, inguru horietan gizakiaren eragina oso handia izan zen, “belardi eta zereal soroak nagusi zirelarik”, eta ganadu ugari ere bazegoen.

Bertan egona bazara ere, ikuspuntu berri hau bisita berri baterako aitzaki berria izan daiteke. Ekonomia garatu batean oinarritutako herria, bizia eta fededuna, baina ez bakarrik eremita hippien komuna. Galdera nagusiak, ordea, airean jarraitzen du: zergatik eraiki zuten horrelako bizilekua? Norengandik babestu nahi zuten?


Exoilargiak, zientzialarien hurrengo helburua

Enzeladus_962x390

Gure lurraren parekoa den planeta bat topatzea aspaldiko ametsa da. Horretarako, noski, beste planetak aurkitu behar dira unibertsoan, eta hori ez da lan erraza. Orain dela zenbait hamarkada teoria bat baino ez zena 1995an baieztatu zen, gure eguzki-sistematik kanpoko lehen planetaren berri izan zenean.

Lerro hauek idazten ditugun momentuan 1516 exoplaneta baieztatuta daude, eta Kepler misioak 3359 kandidatu berri ditu. Orain albistea ez da, beraz, exoplaneta berri bat topatu izana, ezaugarri bereziak dituen bat detektatzea baizik. Normala denez, bizia sustengatzeko gaitasuna erakusten duten ezaugarriak dira gehien bilatzen direnak: lurraren antzeko tamaina izatea, bere izarrarekiko kokapen egokian egotea (ez hurbilegi, baina ezta urrunegi ere), arrokaz eratutako estruktura izatea edota ur zantzuak izatea dira besteak beste astrobiologoek topatzea espero dutenak.

Horiek aurkitzea, baina, ez da erraza. Oraindik ere zuzenean ikusteko gaitasunik ez dugu, eta haien existentzia eta ezaugarriak beraien izarrak islatzen duen argian bilatu behar dira. Besteak beste planetek izarrean eragiten dituen perturbazioak erabiltzen dira planeta horiek nolakoak diren igartzeko.

Ondorengo galdera jakina da. Planeta horiek ilargiak izango dituzte? Gure eguzki-sisteman dauden auzokideei begiratuz gero, ilargiak izateak zer edo zer normala izan behar du. Exoplaneta horiek ingura dezaketen exoilargiak topatzea, ordea, askoz zailagoa da. Zeregin horretan lantalde bat baino ez da aritzen mundu osoan, Kanadako Espazio Agentzian lanean dabilen David Kipping-ek gidatzen duena, alegia.

Ilargi horiek bilatzearen arrazoia jakin-min hutsetik baino haratago doa. Izan ere, ilargi horiek bizia mantentzeko kandidatu egokienak izan litezke. Berriro ere gure eguzki-sistemari begira jartzen bagara, ilargiak dira bizia bilatzeko tokirik aproposenak. Jupiterren inguruan dagoen Europan, adibidez, ura egon daitekeela uste da, eta Saturno orbitatzen duen Titan ilargian atmosferaren zantzuak topatu dira. Bi planeta erraldoi horien inguruan diren beste satelite batzuk, Enzeladus, Kalisto eta Ganimede bezalakoak, espazioan bizia bilatzen dutenen jomugan daude ere.

Espazioan bizi bideragarria sustengatzeko gai den tokia topatzea askok espero dugun albistea da, eta gaur egungo ezagutzatik abiatuta normalena berri zirraragarri horrek planeta bat izango du protagonista. Baina akaso albiste hori jasotzeko askoz denbora gehiago beharko da. Kosmosean bizi daitezkeen gure auzokideak agian espero ez dugun tokian egon daitezkeelako. Planeta baten inguruan. Lasai asko. Biraka.


Halloween, paganismoa ate joka

Halloween_962x390

Urriaren 31an baliteke etxeko txirrinak jotzea. Eta akaso etxeko atea irekitzean mozorrotutako hirukote bat agertuko zaizu.

Tira, zalantza askorako tarterik ez dago. Mozorroen atzean ezkutatzen den hirukotea Naia, Ibai eta Junek osatuta dago, herriko ume bihurri horiek. “Trikimailua ala tratua” esango dizute seguruenera. Eta zuk hiru aukera izango dituzu. Tratua onartu eta gozokiak eman ala trikimailua zer ote den deskubritzea. Hirugarren aukera ez da hain arrunta, baina posiblea ere bada: ukabila altxatu eta internazionala abestu ahal diezu beldurrik gabe. Nolatan azaldu dira globalizazioaren mesederako aritzen diren agente txiki horiek Agate Deuna ez den egun batean gozoki eske!

Baina hiru ume horien portaerak ba du Clan, Disney Channel edota ETB3 baino haratago doan bidea. Baita Hollywood baino haratagokoa ere. Gaurkotutako ohitura pagano baten isla da zure aurrean garatzen ari dena.

Izan ere, haur zein helduek amesgaiztoetatik ateratako pertsonaiez mozorrotzen diren gauak sustrai sakonak ditu antzinako tradizioetan. Irlandar festa da jatorriz, herrialde honetako etorkinek Estatu Batuetara eramana eta globalizazioari esker mundu osoan zehar barreiatu bada ere.

Halloween zeltiar, erromatar zein kristau tradizioetan du abiapuntua. Zeltiarren urtea azaroaren 1ean hasten zen, eta herri horretan egun garrantzitsua zen oso. Uda eta uztaren garaiaren bukaera eta gau luze eta hotzen nagusitasuna markatzen zuen egun horren bezperan zeltiarrek Samhain izeneko festa ospatzen zuten. Haien sinesmenen arabera, gau horretan hildako eta bizidunen munduaren arteko muga bereziki malgua bihurtzen zen, eta horregatik haien herriak izpirituez betetzen ziren.

Horietako asko senide zein lagunen izpirituak ziren. Haientzako janaria eta ardoa uzten zuten etxeko atarian, eta festaren bukaeran hildakoen mundura egin behar zuten bueltako bidaia errazteko kandelaz betetzen zituzten bideak. Baina izpiritu on hauen presentziaz gain, bestelako arima gaiztoek ere, gudetan hildako etsaien izpirituek esaterako, bizidunen mundura salto egiteko aukera zuten. Bisitari hauek, noski, ez ziren zeltiarren gustuko lagunak, eta horregatik tentu handiz ibili behar ziren.

Britainiar Uharteetan eta Galiaren iparraldean bereziki bizi ziren herri zeltierren ohiturek aldaketa sakonak izan zituzten erromatarren konkista zela medio, eta konkistatzaile berrien tradizioak zein mundu ikuskera sustrato zeltiarrarekin nahasi ziren. Erromatarren Feralia izeneko festa ospatzen zuten hildakoen mesedean, eta antzinako Samhain festak itxura berria hartu zuen.

Aldaketa hauek, hala ere, are handiagoak izan ziren kristautasuna zabaldu zenean. Errotik sustraitutako tradizio pagano askorekin gertatu bezala, Elizak Samhain gaua festa kristaua bihurtu zuen. Konbertsio hau instituzionalizatzeko, IX. mendean Bonifazio IV.a aita santuak Domu Santu eguna ezarri zuen azaroan batean, santu ezagun zein ezezagunak oroitzeko egun gisa. Ordutik hona tradizio kristauan hildakoak oroitzeko festa nagusia izan da, eta hilerrietara egindako bisitak eta eskaintzak egunaren protagonista bihurtu dira.

Baina aurreko gaua, Samhain ospatzen zenekoa, ez zen guztiz ahaztu. Azaroaren 1a “Allholowmas” bazen ere (“Santu guztien eguna”, Erdi Aroko ingelesez), aurreko gaua “All Hallows Eve” izenarekin ezagutzen hasi zen, gaurko Halloween gauaren izenaren oinarri.

Sustrai katoliko eta zeltiarrak konbinatzen dituzten irlandarrak izan ziren ahaztear zegoen festa hau berrindartu zutenak Ipar Amerikara joan zirenean bizitza berri baten esperantzan. Aurretik ingelesek Halloweenekin erlazionatutako hainbat tradizio Ipar Amerikako kolonietara eraman bazituzten ere, 1846an izandako patataren gosete handiak eragindako irlandarren emigrazio fluxu erraldoiak herrialde berriaren kontzientzian gogotik errotu zuen festa.

Horrela, XX. mendearen hasieran Halloween Estatu Batuetako alde gehienetan zabalduta zegoen, eta hildakoen omenezko gaua zena haur festa bilakatu zen pixkanaka. Denborarekin, eta telebista eta zinemari esker batez ere, tradizioak munduko leku askotara zabaldu izan zen.

Zure etxeko atariraino heldu arte.


Munia, ahaztutako arabar erregina

Alfonso_II_962x390

Asturiasko Fruela I.a erregeak (757-768) baskoien aurkako erasoaldia burutu zuenean, lurraldeak eta harrapakinak baino gehiago eskuratu zuen. Bere sorterrirako bueltan emakume gazte bat eraman zuen berarekin batera.

Alfontso III.aren kronika da garai horretako gertakarien berri ematen digun dokumentu ia bakarra, eta bertan ere asko ez da azaltzen Muniari buruz. “Baskoiei egindako gerra harrapakinaren parte zen Munnia izeneko neska berarentzat gordetzea agindu zuen Fruelak. Geroago berarekin ezkondu zen eta Alfontso semea izan zuten”.

Historialariak ez dira ados jartzen ea ezkontza horrek maitasuna ala politika izan ote zuen oinarri. Biak ere izan litezke, zergatik ez. Maitasuna izanda ere, Fruelak ez zuen amaiera goxorik izan. Beraren aurka konspiratzen ari zela pentsatuz, bere anaia hil zuen, baina 768an jauregiko konspirazio batek, oraingoa bai benetakoa, erregea akatu zuen. Erraz ulertu daitekeenez, Munia erreginak jauregitik alde egin zuen berehala Ximena eta Alfontso bere bi seme-alabekin batera. Lehenik eta behin Galizako komentu batean izan ziren, eta bigarren erbesteratze batean Muniaren senideekin babestu ziren, Araban.

Muniaren semea zen Alfontsok Asturiasko erreinua eskuratu zuen gerora, Alfontso II.a Kastua izenarekin ezagutua. Erregealdi luzea izan zuen erdi-baskoia izan zen Alfontso, eta antza bere amaren herriarekin nahiko ongi moldatu izan zen, urte horietan ez baitago erregistratuta baskoien matxinadarik.

Tradizioak dioenez, Muniaren omenez eraiki zuen Fruelak Oviedo hiria, garai horretako jauregia Cangas de Onis-en bazegoen ere. Tradizio hori babesten duen idatzizko frogarik ez dago, baina kontakizunak oinarri sendoa izan dezake, Alfontso II.ak Oviedora eraman baitzuen hiriburua, bere amarentzat Fruelak eraiki omen zuen hirira hain zuzen. Bertako erregeen panteoian daude Muniaren gorpuzkiak, Historiak aipatzen duen lehen arabarrarenak.


Aita santu galduaren bila

Alejandro_iv_962x390

Garai zeharo gatazkatsua izan zen Europan, baina bereziki Italian eta Vatikanoaren inguruan. Tirabira politikoek Alejandro IV.a aita santua (1254tik 1261era agintean) Erromatik alde egitera behartu zuten. Era horretan hasi zen aita santuen exilio garaia, ia mende batez Erromatik kanpo egin behar izan zutelako.

Hain zen egoera kaxkarra, ezen aita santu hori Viterbon hil zenean bere jarraitzaileek ezkutuan hilobiratu behar izan zutela. Tokia jakina zen, baina hilobiratzearen leku zehatza sekretuan mantendu izan da mende askotan zehar. Gaurdaino. Teorian bederen, bere hilobia Eliza Katolikoak ofizialki kokatzeke duen aita santu bakarra omen da Alejandro IVa.

Egoera horrekin bukatzea du helburu Alberto Pichardo arkeologo espainiarrak zuzentzen duen proiektuak. Aita santu horren hilobia topatu nahi du, eta horretarako Viterboko agintarien zein Elizaren baimena du. Herriko katedrala eta bere aurrean dagoen plazan aritzen dira lanean. Hainbat urte eta bere poltsikotik jarritako diru asko inbertitu ditu Pichardok zeregin horretan, baina momentu honetan finantziazio berri baten beharra dute.

Hilobia topatzeko goi mailako teknologiak erabili dituzte, geofisikarekin erlazionatutako hamabi bat teknika erabili dituztelarik. Georradarra, tomografia elektrikoa, magnetometria edo mikrograbimetria bezalako teknikak erabilita, lurraren azpian dagoenaren mapa osatzen saiatzen dira ikerlariak.

“Metodologia bakoitzak anomalien irudi bat ematen du”, azaldu digu Pichardok. “Arkeologo gisa dugun zeregina datu horiek guztiak bildu eta interpretazio bat osatzea da”.

Teknika horiei esker orain arte topatu dutena ez da makala izan. Etruskoen garaiko tenpluaren horma, eliza paleokristauaren arrastoa, katedralean hasi eta herriko plazaren azpitik bideratzen den tunela eta horren bukaeran kripta ere. Bertan bi anomalia metaliko topatu dituzte, baina ingurUetan beste hilobi batzuk ere badirelaren zantzua dute ikerlariek.

Ez da gainera lantaldeak duen proiektu bakarra. Beste artista handi baten hilobia topatzeko Italiako unibertsitate batekin hizketan ari dira, baina momentuz hau da esan dezakegun bakarra. Zenbaitetan, kazetariok denbora batez ahoa itxita mantentzen jakin behar dugu ere. Amets baten bila ari direnei zor diogun errespetua da isiltasun hori.

Irudia: Istituto Alessandro IV.