IBIL2D: Euskal Herria alderik alde

Larunbat honetan telebista saio berria abiatuko da ETB1en. IBIL2D du izena, eta Sortu Media enpresak ekoitzitako egitasmoa da. eta Euskal Herria alderik alde ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du. Txokoak, mendiak, ostatuak, natura, monumentuak, historia, kultura eta, batez ere, pertsonak.

Jon Gomez Garaik aurkeztua, IBIL2D saioaren lehenengo atalak Urduñako lurrak eta inguruak zeharkatuko ditu, eta bertan bisita daitezkeen interesgune esanguratsuenak eramango ditu pantailara.

Baina IBIL2D ez da telebista saio arrunta. Telebistan kontatzen ditugunak zuk zeuk zeure kabuz bizi, ikusi eta senti ditzazun nahi dugu. Horretarako, hainbat baliabide jarriko ditugu zure eskura.

09 Bagate

Mapak, GPSa eta Errealitate areagotua
Blog honetan bertan, astelehenero, saio osoaren bideoa argitaratuko dugu. Baina geuk proposatutako ibilbideak poltsikoan eraman ditzazun ere nahi dugu. Saio bakoitzean ikusi eta erakutsi ditugun toki esanguratsuenak mapa gainean jarriko ditugu horretarako. Ibilbide osoaren GPS arrastoa Google Maps-en gainean ikusi ahal izango duzu eta, gainera, GPS arrasto hori zure ordenagailura jaisteko aukera izango duzu (GPX eta KML formatuetan). Hartara, nahi izanez gero, zure GPS gailuan gorde eta hurrengo asteburuan zuk zeuk egin ahal izango duzu telebistan proposatu dizugun bidea!

Mapak eta GPS arrastoak ez ezik, beste baliabide eder bat ere izango duzu eskura. Errealitate areagotua izeneko teknologia erabiliz, mugikorraren kameraren bitartez zure inguruari begiratzen diozunean, pantaila gainean agerraraziko dizkizu zein toki bisita ditzakezun. Leku bakoitzaren inguruko informazio gehigarria izango du lotuta interesgune bakoitzak, eta mapa gainean ikusi ahal izango duzu bertara nola irits zaitezkeen, besteak beste. Zure smartphonean Layar edo Wikitude nabigatzaileak instalatzea ezinbestekoa da horretarako.

Saioa abiatu artean zerbitzu hau ez da egongo eskuragarri. Beraz, apur bat itxoin beharko duzu oraindik. Pixkanaka pixkanaka joango gara azaltzen nola erabil eta, jakina, zalantzarik baduzu jarri gurekin harremanetan.

01 Urduña

Sare Sozialak

Blog honetan hurrengo saioari buruzko informazioa plazaratuko dugu astero. Gainera, Twitter eta Facebook sare sozialen bitartez, ikusleen eta saioa egiten dugunon arteko elkarrizketa zuzena sustatu nahi dugu.

Informazio gehigarria, estekak, argazkiak eta bestelakoak argitaratzen joango gara bai blogean eta baita sare sozialetan ere. Zuk ere parte hartzea nahi dugu. Ez zara ikusle hutsa, zuk ere egiten duzu bidea, eta nahi izanez gero IBIL2D ere egingo duzu. Aurkeztuko dizkizugun ibilbideen inguruko informazio gehigarria baduzu, blogean, Facebooken eta Twitterren iruzkina eginez jakinarazi diezagukezu saioa egiten dugunoi, baita beste ikusleei ere.

Gainera, oraindik ez ditugu saio guztiak grabatu. Horregatik, zuk zeuk ibilbide berriak proposa ditzazun nahi dugu. Proposamena jaso ostean saioa grabatzeko aukerak aztertuko ditugu.

Larunbat honetan, 21:30ean, has zaitez bidea egiten ETB1en!

Leave a Comment