
Honekin estreinatzen da Global Funk bloga. Ostiraletako irratsaioa (gaueko hamarretatik hamabietara) festa izateaz gain, blog bihurtu dugu. Irratsaiotik dantzalekura bidean gure burutik pasatzen diren kontu guztiak ekarriko ditugu hona. Hasteko, gurekin izango dugun dj JADD-en berri eman nahi dizuegu. Ostiralean Bukowskin eta larunbatean Bullit-en arituko da soul hoberena pintxatzen.
JADD 80ko hamarkadaren erdialdetik dago presente Madrilgo musika beltzeko zirkuituetan.Madrilgo klub ezagunenetakoetan egin du lan: Siroco Soul Club (90-95), Kathmandu Jazzin Club (95-08), Marula café (2003. urtetik), eta, horrez gain, sustatzaile ere aritu da Soul Cellar, Funky People, Soul Cargo eta Blackout klubetan.
Jazzin Club disc-jockey taldeko kide da eta egun Marula café-n eta Kathmandu-n ari da dj lanetan.Improvisto! saileko bi diskoen egilea da. Serie horrek 70ko hamarkadan Hi Top diskoetxerako egindako grabaketak biltzen ditu, nazioartean ere da ezaguna eta oso kritika onak jaso ditu, gainera.
2006an Madrilgo Hiri Kultura festibalera gonbidatu zuten, 2007an Gasteizko Jazz Jaialdira; Gijongo Nazioarteko Zinema Jaialdian izan da hainbatetan, baita Minijazz/Gasteiz, Jazzaldia/Donostia eta S.O.U.L. jaialdietan ere, besteak beste. Horrez gain, beste hainbat hiritako soul, jazz eta funk klub eta ekitaldietan izan ohi da: Soul4real (Bilbo), Movin On (Bartzelona), eta Colonia, Dresden, Dusseldorf, Hamburgo eta Goterborg hirietako musika beltzeko klub garrantzitsuenetan aritu da.
1986an musika beltzean espezializatutako Atlantic City irrati-programa sortu zuen. Programa hori 90eko hamarkadaren erdialdean Soul Incorporated-en eman zuten, hiru urtez.
Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluko Dialsoul taldeko kide izan da duela gutxi arte, taldea desegin arte, hain zuzen. Disko bilduma handia du, batez ere lehen edizioz osatuta, aldizkari espezializatuetan idatzi ohi du, eta Vampisoul eta Guersenn diskoetxeen hainbat lan berrargitaratzeko erabilitako material grafikoa berea da.
Dantza egin, eta motherfunker bilakatzeko garaia da.

Share on Facebook
Zuen iritziak