Sasoiko elikagaiak: gaztainak

2009(e)ko Azaroak 16 Jone Jemein Iruzkinik ez

gaztainak

Udazkenean eta neguan gaztainak erretzea nahiko ohikoa da. Kale askotan gaztaina-saltzaile ugari ikusten ditugu. Modu horretan kontsumitzea ohikoena bada ere, ez da era bakarra. Erreak jateaz gain lurrunean egosi daitezke.

Askok gaztainak fruitu lehorrekin alderatzen badituzte ere, konposizioari dagokionez zerealekin antzekotasun gehiago dituzte. 196Kkal dituzte 100 g bakoitzeko. Karbohidrato-proportzio handia dute (% 38), batez ere karbohidrato konplexuak. Horregatik, gaztainak oso ongi murtxikatzea gomendatzen da, almidoiaren digestioa errazteko eta, horrela, haizeak eta urdaileko pisutasuna saihesteko. Gainera, proteina eta zuntz proportzio garrantzitsua du eta horrek, gosea asetzea eragiten du. Gaztaina erreak beste jaki koipetsuagoak ordezka ditzakete. Bestalde, duen zuntz kopuruagatik idorreria ekiditeko elikagai paregabea da.

Gaztainak gordinik hartzen baditugu ezin dugu ahaztu tanino ugari dituztela, beraz, egoera horretan hartzean hesteetako mina eragin ditzakete.

Kirolarientzat, hazkuntza garaian dauden adingabekoentzat, eta lanbide gogorrak dituzten pertsonentzat oso egokiak dira. Gainera, edoskitze-garaian dauden emakumezkoentzat, esne-ekoizpena areagotzeaz gain, emakumezkoak egoera horretan nahitaezko dituen mantenugai ugari dituztelako.

Perretxikoak, udazkeneko fruituak

2009(e)ko Azaroak 10 Jone Jemein Iruzkinik ez

Perretxikoak biltzeko garaian gaude. Udazkenarekin euria eta hezetasuna heldu dira eta bi egoera hauek perretxikoak sortzeko faktore ezin hobeak dira.

Baina dietetikoki zelakoak dira perretxikoak?

Kaloria gutxi dituzte (100 gramoko 20 Kkal) gehiena ura baita, beraz, dieta hipokalorikoak edo argaltzeko dietak jarraitzen dituztenentzat oso egokiak dira. Hala ere, helburu hori lortzeko perretxikoak modu erraz batean prestatu behar dira, koipe gutxirekin, plantxan, labean edo baporean, adibidez.

Perretxikoak erreak presta daitezke, modu horretan zaporea indartzen da baina, bitaminen %25a inguru galtzen da. Perretxikoak oso mamitsuak ez direnez, labean ez lehortzeko komenigarria da osorik jartzea. Mantenugaiak eta zaporea mantentzeko teknikarik onena lurrunean egostea da. Urik ez dagoenez mantenugaiak ez dira bertan disolbatzen, elikagaian mantentzen dira.

Olioarekin salteatu, entsalada batean jarri edo beste elikagai batzuen goarnizioa izan daitezke.

Perretxikoek B taldeko bitamina ugari dituzte. Zehazki, B2 eta B3 bitaminak bereizi egiten dira. Gainera, mineralen artean iodoa, potasioa eta fosforoa ditu. Duten fosforo kantitateagatik, haurdun dauden emakumeentzat, haurrentzat eta nerabeentzat egokiak dira, mineral horrek hezur eta hortzen garapenean funtzio garrantzitsua du.

Haurrei normalean ez diegu perretxikorik ematen, ez gaude ohituta, askotan beraientzat itxura erakargarria ez dutelako. Errefusa saihesteko goarnizio moduan eman ahal dizkiegu (zati txikietan).

Categories: Dietetika Tags:

Euskal sukaldariak Danimarkan (III)

2009(e)ko Azaroak 6 Oxtan Zelev Iruzkinik ez

2009-11-06

Gaur, erakustaldien bigarren eguna izan da, Bixente Muñozen txanda hain zuzen ere.

Taste the Art ekimenean ohi denez, Sugarri Hondarribiko jatetxeko sukaldariak artelan batzuen interpretazioa egin du, eta emaitza abangoardiako bi pintxo izan dira, porrua eta otarrainxka oinarri zituztenak.

Bestela, eguna lasai joan da eta Danimarkara bertaratutako taldekoak Den Gamle By ikustera joan gara.  Museo honetan Danimarkako hainbat tokitatik ekarritako etxeak daude, denak ere aro ezberdinetakoak.


Categories: Euskal sukaldariak Tags:

Euskal sukaldariak Danimarkan (II)

2009(e)ko Azaroak 5 Oxtan Zelev Iruzkinik ez

Gaur Jose Ramón eta Conchitak hasi dute erakustaldia eta, haien atzetik, Pantxo Bedialaunetaren txanda etorri da. Hasiera batean eguerdiko  12:00etan hasi behar ziren, eta bakoitzak ordubeteko tartea izan behar zuen, baina azkenean, 16:00etan hasi da eta hitzaldi laburragoak egin behar izan dituzte..

Jose Ramonek eta Conchitak bi pintxo egin dituzte: txipiroia orekari eusten eta txirrista. Gero, Pantxok beste bi hauek egin ditu: txipiroia maila gorenean eta  omenaldia Arabako Errioxari.

Ondorengo bideoetan euskal sukaldariek egin dituzten honako pintxoak ikus ditzazkezue: Txipiroia orekari eusten, txirrista, txipiroia maila gorenean eta omenaldia Arabako Errioxari.
Bihar, hilak 6, Bixenen txanda izango da.

Categories: Euskal sukaldariak Tags:

Euskal sukaldariak Danimarkan (I)

2009(e)ko Azaroak 5 Oxtan Zelev Iruzkinik ez

Hondarribia-Bartzelona-Kopenhage-Aarhus (2009-11-03)

Bidaiariak: Jose Ramon Elizondo eta Kontxita Bereziartua (sukaldariak eta senar-emazteak, Aloña Berri tabernakoak), Pantxo Bedialauneta (sukaldaria, Ondarroako Cantabrico tabernakoa), Bixente Muñoz (sukaldaria, Sugarri Jatetxea eta Bar Gran Sol), Juancar Ayerbe (Hondarribiko Ostalaritzako Gerentea eta ETBko taldea (Jokin, Jasone, Bakarne eta Maite)

Goizeko 6:30ean aireportuan elkartu ginen denok eta bertan hasi ziren komeriak. Pantxok erositako antxoa eta atuna maletetan banatu behar zen, pisu gehiegi ez eramateko. Maleta bat gehiegi bete eta kremallera apurtu zen. Prezintoarekin itxi behar izan zuten eta nahiko maleta “sospetxosoa” ematen zuen. Bidaia luzea izan zen. Aarhusera iritsi eta maleta bat ez zen iritsi. Zein? Sospetxosoa ematen zuena (janari asko eta Bixenen arropa guztiarekin)!! Erreklamazioa egin eta autobus batean hirira joan ginen. Iritsi orduko, ilunduta zegoen eta kriston hotza zegoen. Afaltzeko toki bat aurkitu genuen eta, afaldu ostean, hotelera.

2009-11-04

Goizean sukaldaritza eskolara joan gara euskal sukaldariek bertako ikasleei gauean pintxoak nola egin behar dituzten azal diezaieten. Aarhusetik 45 km-ra dago eskola eta hainbatek siesta txiki bat egiteko aprobetxatu dute bidaia. Pixka bat kaosa izan da, ez baitute denbora askorik 440 pintxo inguru egiteko. Oraintxe bertan, barra bat prestatzen ari dira pintxo guztiak jartzeko.

IMGP3939


elkartu ginen denok eta bertan hasi ziren komeriak. Pantxok erositako antxoa eta atuna maletetan banatu behar zen pisu gehiegi ez eramateko. Maleta bat gehiegi bete eta kremallera apurtu zen. Prezintoarekin itxi behar izan zuten eta nahiko maleta “sospetxosoa” ematen zuen. Bidaia luzea izan zen. Aarhus-era iritsi eta maleta bat ez zen iritsi. Zein?? Sospetxosoa ematen zuena (janari asko eta Bixen-en erropa guztiarekin). Erreklamazioa egin eta autobus batean hirira joan ginen. Iritsi orduko gaba zan eta kriston hotza zegoen. Afaltzeko toki bat aurkitu genuen eta afaldu ostean hotelera.

2009-11-04

Goizean sukaldaritza eskolara joan gara sukaldariek bertako ikasleei gaberako pintxoak nola egin behar dituzten azal diezaieten. Aarhus-etik 45 km-tara dago eskola eta hainbatek siesta txiki bat egiteko aprobetxatu dute bidaia. Pixkat kaosa izan da ze denbora askorik ez dute 440 pintxo inguru egiteko. Oin momentuan, barra bat prestatzen ari dira pintxo guztiak jartzeko.

Categories: Euskal sukaldariak Tags:

Piperren onurak

2009(e)ko Urriak 20 Jone Jemein Iruzkinik ez

Ugariak izan dira uztailean eta abuztuan jan ditugun piper berdeak. Orain, piper erreen garaia heldu da. Denboraldiko elikagaia denez aipamen berezia merezi du elikagai honek.

Energia gutxikoa da piperra (100 gramoko 19 Kkal), hein handi batean ura delako osagai nagusia (%94). Energia-iturriak karbohidrato konplexuak (%4 inguru), proteinak (%0,9) eta gantz urri-urriak dira (%0,2). Zuntza, berriz, dezente ematen du piperrak (%1,2), zainzuriek eta bestelako barazki askotxok baino neurri apalagoan. Mineralei dagokienez kobre eta potasioaren agerpena handia da, fosforo eta selenioena urriagoa, eta hein txikiago batean, kaltzioa, burdina, magnesioa eta zinka ere aurkitzen dugu piperrean. Sodioa ere kopuru apal-apalean daukanez, gatz gutxiko dieten osagarri izan daiteke.

C bitaminaren iturri ona da (125 mg 100 gramoko), laranja, limoi edota marrubiaren bi halako eta gehiago du, eta kiwiaren bikoitza. Baina, jakina denez, piperra erre, egosi edo frijitzean, bitamina horren parte bat galdu egiten da.

A bitaminaren aurrendari eta barazkiaren kolore bizien eragile den b-karoteno ugari dute piperrek (750 mg 100 gramoko). Kopuruz, apalago datoz B6, B1, B2 eta B3 bitaminak eta, azkenean, E bitamina.

Eragozpen bakarra du piperrak: digestio-aparatuko arazoak (gastritisa edo ultzera, konparazio baterako) pairatzen dituenak hobe du piperretik urruntzea, ortuari honek hesteetako mukosa narritatu egiten duelako.

Categories: Dietetika Tags:

Nola interpretatu elikagaien piramidea?

2009(e)ko Irailak 30 Jone Jemein Iruzkinik ez

Elikagaien piramidea ikus-gida bat da, eta bere xedea modu osasuntsu eta orekatuan jaten irakastea da. Hartu daitezkeen eta hartu behar diren elikagaiak zeintzuk diren eta horiek egunero zein kantitatetan kontsumitu behar diren erakusten digu.

Erpinean dauden elikagaiak kantitate txikiagoan hartu behar dira, eta oinarritik hur daudenak, berriz, kantitate handiagoan eta gehiagotan:

1. taldea: piramidearen oinarria da. Zerealak, ogia, irinak, patatak, pasta, etab. daude bertan. Talde honetako elikagaietatik lortu behar dira egunean hartu beharreko kaloria gehienak. (6-11 egunean.)
2.taldea: frutak eta barazkiak. Talde honetako elikagaiak oso garrantzitsuak dira bitamina asko (batez ere antioxidatzaileak) ematen dituztelako eta duten zuntz kopuruagatik. (Frutak: 2-3 egunean, eta horietako bat gutxienez zitrikoa izan behar da; barazkiak: 3-5 egunean, eta horietako bat gutxienez gordinik jan behar da.)

3. taldea: piramidearen erdigunea da. Esnekiak, haragia, arraina, itsaskiak, oilaskoa, arrautzak eta lekaleak daude bertan. (Esnekiak: 2-4 egunean; haragia, arraina eta arrautzak: 3-4 aldiz astean; lekaleak: 3-4 aldiz astean.)
4.taldea: piramidearen azken maila. Olioak, koipeak, gurina, margarina eta gantz kantitate handia duten elikagaiak daude bertan, bai eta azukrea, eztia eta horiek biak dituzten elikagaiak (pastelak, opilak eta freskagarriak) ere. Neurriz hartu behar dira, norberaren energia-beharren arabera; dena dela, animalia jatorrizko gantzak betiere kantitate txikian hartu behar dira, gantz-azido saturatu eta kolesterol asko dutelako. (Olioa: 3-6 aldiz egunean; gainerakoak: noizbehinka.)

Beste piramide batzuek (Elikadura Komunitarioaren Espainiako Elkarteak gomendatzen duena, adibidez) graduazio baxuko hartzitutako edariak (ardoa eta garagardoa, besteak beste) ere biltzen dituzte, Mediterraneoko dietaren parte direlako.
Elikagaien piramideaz gain, nutrizio-heziketarako beste baliabide grafiko batzuk ere proposatu dira, adibidez, elikagaien gurpila.

Categories: Sailkatugabeak Tags:

Energia beharrizanak:

2009(e)ko Irailak 10 Jone Jemein Iruzkinik ez

Pertsona bakoitzak bere gorpuzkera eta egiten dituen jardueren arabera energia beharrizan desberdinak ditu. Nutrizioan erabiltzen den energia unitatea kilokaloria da (1Kkal = 1000 kaloria). Batzuetan kilokaloriaren ordez kaloria hitza erabiltzen da.
Pertsona baten gastu kalorikoa hainbat faktoreren araberako da:
- Adina: gastu kalorikoa, heldu batengan, adinaren alderantziz proportzionala da.
- Sexua: emakumeek gizonezkoek baino ehun adiposo gehiago dituztenez, gastu energetiko txikiagoa izaten dute.
- Altuera: zenbat eta garaiera txikiagoa izan pertsona batek, orduan eta txikiagoa izango da gastu kalorikoa ere.
- Atsedena: atseden hartzeak, gutxi gorabehera, %10 jaisten du gastu kalorikoa.
- Egoera bereziak: haurdunaldiak, edoskitzeak, estresak eta zenbait patologiak gastu kalorikoa handitzen dute.
- Jarduera fisikoa: kirola maiz egiten duten pertsonek masa muskular gehiago dute, eta, beraz, bere gastu kalorikoa handiagoa da.
- Tenperatura: kanpoko tenperatura aldaketek organismoko beharrizan energetikoan eragiten dute.

Categories: Sailkatugabeak Tags:

Jogurtaren nutrizio-propietateak

2009(e)ko Irailak 8 Jone Jemein Iruzkinik ez

Jogurta elikagai funtzionaltzat hartzen da, hau da, on egiten dio giza osasunari. Elikagai honek proteinak, koipeak, bitaminak eta gatz mineralak eskaintzeaz gain, peristaltismoa handitzen eta heste-igarotzean laguntzen duten bakterioak ditu; hortaz, egokia da zenbait idorreria arazorentzat.

Laktosa kantitate gutxi duenez (azido laktikoan irakin duelako) laktosa hatu ezin dutenek produktu hau hartuta ez dute arazorik izaten.

Inmunitate-sistema indartzeko ere egokia da, linfozitoen eta inmunoglobulinen sintesiak estimulatzen baititu.

Aipatu behar da, bestalde, hozkailuan gorde behar ez diren jogurtak (esneki-postre izenaz ezagutzen direnak) ez direla janari funtzionaltzat hartzen, ez baitute bakterio bizidunik.

Categories: Sailkatugabeak Tags: ,

Udarako postre aproposak

2009(e)ko Abuztuak 7 Jone Jemein Iruzkinik ez

Udako elikaduraren faktore garrantzitsuenetariko bat hidratazioa da; hori dela eta, udako otorduetarako postre aproposena fruta da, gehienbat likido asko duena: sandia, meloia, melokotoia, arana, anana, abrikota… Ur asko izateaz gain, horiek guztiak sasoiko frutak dira, beraz orain hartzeko aukera aprobetxatu behar dugu! Fruta-mazedoniak ere egokiak dira.

Bazkaldu ondoren gozoren bat hartzeko gogoa izaten dutenei frutazko sorbeteak (ur kantitate handia eta fruten onura guztiak dituzte) eta izozkiak gomendatzen dizkiet. Azken horiek udako produktu izarra dira, dudarik gabe, eta gaur egun mota guztietakoak aurkitu ahal ditugu.


Izozkia
elikagai atsegin eta freskagarria da, erraz digeritzen dena. Gaur egun, izozkiak egiteko industriak garatutako teknikei eta izozkiaren nutrizio-osaerari esker, produktu hauek zeinahi gustutara egokitzeko modukoak dira (hamaika zapore, kolore, egitura, osagai…), baita zenbait pertsonaren premia bereziak asebetetzekoak ere (azukrerik gabeak diabetikoentzat, kaloria gutxikoak pisua kendu behar dutenentzat, etab.).

Argi dago ezin ditugula gehiegi hartu, baina noizbehinkako kontsumoa guztiz osasungarria da.

Categories: Dietetika Tags: ,