Orrialde nagusia > Dietetika > Haurren jarrera otorduetan

Haurren jarrera otorduetan

Beste egunean egunkarian irakurri nuen Haurren Elikaduraren behatokiak egindako ikerketa batean ikusi dutela, 10 urte baino gutxiagoko 53.000 ume euskaldunek gaizki jaten dutela (gutxi gorabehera %27a). Hala ere, gaizki jaten duten umeen portzentaje hori Estatu mailakoa (%47a) baino txikiagoa da. Gaizki jateak zer esan nahi du? Elikagai gutxi jaten dituztela, barietate gutxirekin edo bi faktore horiek batera ematen direla.

Ikerketa horren arabera, familien elikadura-ohiturak aldatu dira, eta umeak geroz eta selektiboagoak dira (azkenean menuan elikagai barietate gutxi sartzen dute eta gainera, mantenugai gutxi izaten dituzte). Gainera umeek lekaleak, arraina eta barazkiak saihesten dituztela ikusi da. Askotan gurasoek istiluak saihesteko amore ematen dute eta umeei gustuko dituzten elikagaiak ematen dizkiete.

Bizkaian gaizki jaten duten 27.000 ume daude, Gipuzkoan 19.000 eta Araban 8.000.

Adituen arabera gurasoek gaizki jatearen sintomak 2.urtetik aurrera antzematen dituzte. Hor sortzen da lehenengo arazoa, denborarekin konponduko dela pentsatzen baitute. Hala ere, normalean alderantziz izaten da, urteak aurrea joan ahala, egoera larriagotu egiten da.

Arazo hau normalean mutiletan gehiago ematen da nesketan baino eta are gehiago seme-alaba bakarretan.

Kausa nagusia gurasoen jarrera izaten da, umeen nahiak betetzen dituztelako eta otorduetan bete beharreko arauak ezartzen ez dituztelako. Askotan istiluak saihesteko umea entretenitzen saiatzen dira, telebistarekin edo jolasekin.

Ikerketaren arabera otorduen %40an istiluak sortzen dira.

Adituen arabera gaizki jatearen arazo hau 2. urtetik aurrera agertze denez, gurasoak adin horretatik aurrera beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte. Bestela, arazoa konpontzen ez bada, berrezitzea askoz ere zailagoa izango da.

Hartu beharreko lehenengo neurria, otorduetan diziplina eta arau batzuk ezartzea da: ordutegiak errespetatu, mahaian ohitura jakin batzuk izatea, familia osoa bazkaltzen saiatzea, elikadura erregulatzea edo elikagaien aukeraketa ez baimentzea, adibidez.

Gaizki jatearen ondorioak anitzak dira, familia arteko istiluak eragiteaz gain, denborarekin umearen garapen fisikorako arriskutsua izan daiteke, eta beste motatako arazoak ere eragin dezake: eskolako errendimendua jaitsi edo elikadura desoreken agerpena (obesitatea adibidez).

  1. Momentuz ez dago iruzkinik.
  1. Momentuz aipurik ez.