Orrialde nagusia > Dietetika > Perretxikoak, udazkeneko fruituak

Perretxikoak, udazkeneko fruituak

Perretxikoak biltzeko garaian gaude. Udazkenarekin euria eta hezetasuna heldu dira eta bi egoera hauek perretxikoak sortzeko faktore ezin hobeak dira.

Baina dietetikoki zelakoak dira perretxikoak?

Kaloria gutxi dituzte (100 gramoko 20 Kkal) gehiena ura baita, beraz, dieta hipokalorikoak edo argaltzeko dietak jarraitzen dituztenentzat oso egokiak dira. Hala ere, helburu hori lortzeko perretxikoak modu erraz batean prestatu behar dira, koipe gutxirekin, plantxan, labean edo baporean, adibidez.

Perretxikoak erreak presta daitezke, modu horretan zaporea indartzen da baina, bitaminen %25a inguru galtzen da. Perretxikoak oso mamitsuak ez direnez, labean ez lehortzeko komenigarria da osorik jartzea. Mantenugaiak eta zaporea mantentzeko teknikarik onena lurrunean egostea da. Urik ez dagoenez mantenugaiak ez dira bertan disolbatzen, elikagaian mantentzen dira.

Olioarekin salteatu, entsalada batean jarri edo beste elikagai batzuen goarnizioa izan daitezke.

Perretxikoek B taldeko bitamina ugari dituzte. Zehazki, B2 eta B3 bitaminak bereizi egiten dira. Gainera, mineralen artean iodoa, potasioa eta fosforoa ditu. Duten fosforo kantitateagatik, haurdun dauden emakumeentzat, haurrentzat eta nerabeentzat egokiak dira, mineral horrek hezur eta hortzen garapenean funtzio garrantzitsua du.

Haurrei normalean ez diegu perretxikorik ematen, ez gaude ohituta, askotan beraientzat itxura erakargarria ez dutelako. Errefusa saihesteko goarnizio moduan eman ahal dizkiegu (zati txikietan).

Categories: Dietetika Tags:
  1. Momentuz ez dago iruzkinik.
  1. Momentuz aipurik ez.