Elikadura kirol anaerobikoetan:
Kirol anaerobikoak intentsitate handikoak dira, oxigeno ekarpen eskasa dutenak eta energia gehienbat muskuluetan metatutako glukogenotik lortzen dutenak. Glukogeno erreserbak mugatuak dira eta azkar agortzen dira; horregatik, aktibitate anaerobikoa denbora-tarte labur batean baino ezin daiteke egin. Gizakiak kirol anaerobikoa 1,5 minutuan bakarrik egin dezake. 100 metroko lasterketa, luzera-jauzia, kulturismoa, halterofilia, gimnasia eta igeriketako lasterketa laburrak dira kirol anaerobikoaren adibide batzuk.
Elikadura kirol espezialitatearen, esfortzu-intentsitatearen eta entrenamendu-bolumenaren araberakoa izango da.
Proteinetan aberatsak diren dietek ez dute muskulu-masa handitzen. Hori entrenamendu eta dieta orekatu baten bitartez lortzen da. Gainera, ikerketa batzuen arabera, muskuluak garatzeko karbohidratoak proteinak bezain garrantzitsuak dira, odolean intsulina kantitatea handitzen baitute. Horregatik, kirolarien dietaz arduratzen direnen esanetan, dieta ez da proteinekin eta aminoazidoekin osatu behar; kaloria kopuru egokia duen dieta bat izanez gero, horien % 15 proteinak badira, nahikoa da kirolariaren beharrak asetzeko. Muskuluetako glukogenoa murrizteak nekea eta indarra gutxitzea omen dakar.
Hori dela eta, muskuluak hazteko egokiena karbohidratoak dituzten jakiak (pasta, patatak, arroza, lekaleak, frutak eta barazkiak) proteinak dituzten beste batzuekin (haragia, arraina, arrautzak, esnea eta esnekiak) konbinatzea da. Ariketa fisikoa egin aurretik biak hartzen badira, muskulua osatzen lagunduko dute, eta kirola egin ondoren hartzen badira, glukogenoa berreskuratzen lagunduko du eta proteinak galtzea saihestuko. Kirola egin osteko elikadura kirol aerobikoetan zaindu beharreko berbera da.
