Larruazala, ilea eta azkazalak zaintzeko aholkuak

2010(e)ko Urtarrilak 19 Jone Jemein Iruzkinik ez

ile

Elikagai baten falta dagoenean, ilean, azalean eta azkazaletan asko nabaritzen da. Horregatik, gure elikadura zaindu behar dugu. Ilea ahula eta hauskorra bihurtzen da eta distira galtzen du. Azala berriz, lehortzen eta ezkatatzen da. Sintoma hauek izateak organismoa nekatuta dagoela eta batez ere, bitamina eta mineralen nutrizio gabeziak daudela esan dezake.

Gainera, ilea, azala eta azkazalak etengabe berritzen ari dira eta horregatik nutrienteak behar dituzte. Gure azala 28 egunean behin aldatzen dugu, urtero ilea 125mm hazten da eta azkazalak astero milimetro erdi bat .

- Hasteko, ura funtsezkoa dela esan behar da. Egunero, 1’5 litro ur eta likido hartu behar ditugu. Horrela, larruazala ederki hidrataturik egongo da eta kaltegarri dituen toxinak erraztasun handiagoz suntsituko ditugu.

- Proteinen gabeziak ile ahula eta distira eta pigmentu gabekoa izatea eragiten du.

- Zinkak keratinaren sintesian parte hartzen du. Gainera, ilearen eta azkazalen hazkuntzan eragina du. Non dago zinka? Itsaskietan (muskuiluetan adibidez), fruitu lehorretan, arrautzetan…

- Burdina ere kontuan hartzeko beste faktore bat da. Honen gabeziak ile ahula eta hauskorra, eta azkazaletan orban zuriak eragiten ditu. Gainera, azala eta azkazalak zurbilagoak dira zirkulatzen duen hemoglobina kantitateagatik. Hauek erraietan, leketan, haragian eta arrainean aurkitu daitezke.

- Elikagai gantzatuak ere beharrezkoak dira larruazal ederki egituratu eta leun mantentzeko. Horregatik, oliba olioa, ahuakatea, arrain urdina, landare olioa eta fruitu lehorrak hartzea komeni da.

Gabonetako postreak

2009(e)ko Abenduak 29 Jone Jemein Iruzkinik ez

Joan den astean, jai egun hauetan oreka bat mantentzearen garrantziaz hitz egin nizuen. Ez da erreza, janari oparoegiei postrea gehitu behar baitizkiogu, eta ez edozein motatako postreak, Gabonetakoak! Turroiak, polboroiak, mazapanak … Guztiak oso kalorikoak dira, baina banan-banan aztertu behar ditugu, osaketa oso desberdina baita, batez ere koipe motari dagokionez.

Turroia eta mazapanak eztia, azukreak eta almendrekin egiten dira. Nahasketa horri beste osagai batzuk gehi dakizkioke arrautza zuringoa eta gorringoa, fruitu lehorrak, txokolatea, likoreak … Oso energetikoak dira, baina koipe hori hain txarra ez dela esan dezakegu, gantz asegabeak baitira, fruitu lehorretan aberatsak direnak.

Beste alde batetik, polboroiak ditugu, eta hauek oso kalorikoak izateaz gain, txerri gantza edo gurina dute, biak oso aberatsak koipe  saturatuetan edo “koipe txarretan”.

Gainera, garai honetan fruitu lehor asko kontsumitzen dira, almendrak, pinaziak, intxaurrak … eta fruta lehortuak, orejoiak, aranpasak eta mahaspasak. Gabonetako ohiko produktuak baino alternatiba osasungarriagoak dira, baina ezin dugu ahaztu behar, elikagai energetikoak ere badirela, beraz, neurriz kontsumitu behar dira.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi postre guztiak kendu behar ditugunik, baizik eta neurriz hartu behar ditugula.

A! eta ezin dugu anana ahaztu. Hori bai dela aukerarik onena, arina eta digeritzeko erraza!

Categories: Dietetika Tags: ,

Dieta menopausia garaian

2009(e)ko Abenduak 17 Jone Jemein Iruzkinik ez

Menopausiarekin batera aldaketa fisiko eta emozional garrantzitsuak gertatzen dira. Sintoma eta aldaketa fisikorik ohikoenak hauek dira: izerdia, min artikularrak, pisua hartzea eta desmineralizazioa. Gainera bizitzako epealdi honetan pisua hartzeaz gain, osteoporosia eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua dago. Beraz, dieta orekatua jarraitzeaz gainera, gaixotasun bi hauek prebenitzeko komenigarria litzateke gomendio hauek kontuan hartzea:

1.- Arrisku kardiobaskularraren faktoreak murrizteko eta pisua kontrolatzeko:

-Koipe aseak saihestu behar dira, hau da; erraiak, txarkuteria, esnegaina, gurinak eta haragi batzuk (txerrikia batez ere).

-Arrain eta zerealen kontsumoa handitu.

-Zuntz asko jan behar da (fruta eta barazkiak, eta zereal integralak).

-Egunean litro eta erdi edo bi litro ur edan behar dira.

-Azukre ugariko jakien kontsumoa murriztu.

2.- Osteoporosi arriskua gutxitzeko:

-Egunean gutxienez 2 errazio edo ano esneki hartu behar dira, kaltzio asko baitute. Esnea, jogurra edo gazta hartu daiteke baina kontuan hartu behar da kaloria kopurua desberdina dela, beraz, esneki gaingabetuak hartzea komeni da. Gainera, aurretik aipatu dudan moduan, pisua kontrolatzea oso garrantzitsua da.

Zer da ano bat? esne baso bat, 2 jogurt edo 40 gr. gazta.

-Tabako eta alkoholaren kontsumoa murriztu behar da, biek hezurrak deskaltzifikatzen laguntzen baitute.

Dieta egokia jarraitzeaz gain maiztasunez jarduera fisikoren bat egin behar da.

Berez, aholku hauek denok jarraitu beharko genituzke, baina menopausia agertzen denean askoz garrantzitsuagoa da emandako gomendioak betetzea.

Euskal txerria: altxor gastronomikoa

2009(e)ko Abenduak 11 Oxtan Zelev Iruzkinik ez
Categories: Gastronomia Tags:

Haurren jarrera otorduetan

2009(e)ko Abenduak 2 Jone Jemein Iruzkinik ez

Beste egunean egunkarian irakurri nuen Haurren Elikaduraren behatokiak egindako ikerketa batean ikusi dutela, 10 urte baino gutxiagoko 53.000 ume euskaldunek gaizki jaten dutela (gutxi gorabehera %27a). Hala ere, gaizki jaten duten umeen portzentaje hori Estatu mailakoa (%47a) baino txikiagoa da. Gaizki jateak zer esan nahi du? Elikagai gutxi jaten dituztela, barietate gutxirekin edo bi faktore horiek batera ematen direla.

Ikerketa horren arabera, familien elikadura-ohiturak aldatu dira, eta umeak geroz eta selektiboagoak dira (azkenean menuan elikagai barietate gutxi sartzen dute eta gainera, mantenugai gutxi izaten dituzte). Gainera umeek lekaleak, arraina eta barazkiak saihesten dituztela ikusi da. Askotan gurasoek istiluak saihesteko amore ematen dute eta umeei gustuko dituzten elikagaiak ematen dizkiete.

Bizkaian gaizki jaten duten 27.000 ume daude, Gipuzkoan 19.000 eta Araban 8.000.

Adituen arabera gurasoek gaizki jatearen sintomak 2.urtetik aurrera antzematen dituzte. Hor sortzen da lehenengo arazoa, denborarekin konponduko dela pentsatzen baitute. Hala ere, normalean alderantziz izaten da, urteak aurrea joan ahala, egoera larriagotu egiten da.

Arazo hau normalean mutiletan gehiago ematen da nesketan baino eta are gehiago seme-alaba bakarretan.

Kausa nagusia gurasoen jarrera izaten da, umeen nahiak betetzen dituztelako eta otorduetan bete beharreko arauak ezartzen ez dituztelako. Askotan istiluak saihesteko umea entretenitzen saiatzen dira, telebistarekin edo jolasekin.

Ikerketaren arabera otorduen %40an istiluak sortzen dira.

Adituen arabera gaizki jatearen arazo hau 2. urtetik aurrera agertze denez, gurasoak adin horretatik aurrera beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte. Bestela, arazoa konpontzen ez bada, berrezitzea askoz ere zailagoa izango da.

Hartu beharreko lehenengo neurria, otorduetan diziplina eta arau batzuk ezartzea da: ordutegiak errespetatu, mahaian ohitura jakin batzuk izatea, familia osoa bazkaltzen saiatzea, elikadura erregulatzea edo elikagaien aukeraketa ez baimentzea, adibidez.

Gaizki jatearen ondorioak anitzak dira, familia arteko istiluak eragiteaz gain, denborarekin umearen garapen fisikorako arriskutsua izan daiteke, eta beste motatako arazoak ere eragin dezake: eskolako errendimendua jaitsi edo elikadura desoreken agerpena (obesitatea adibidez).

Gastroenteritisaren tratamendua

2009(e)ko Azaroak 27 Jone Jemein Iruzkinik ez

Azkenaldi honetan pertsona askok izan dute gastroenteritisa. Gastroenteritisa aldi berean urdaileko eta heste meharreko mukosen hantura-prozesua da. Gaixotasun honen tratamenduan batez ere bi faktore hartu behar dira kontuan: hidratazioa eta dieta.

Gastroenteritisak sintoma desberdinak ditu: botaka egitea, beherakoa, sukarra eta buruko mina, besteak beste. Deshidratazioa izaten da arazo ohikoena. Hori saihesteko gure gorputzak beherakoaren eta botaka egitearen ondorioz galdu dituen likido guztiak hartu behar ditugu. Horretarako zopak, saldak, ur hutsa, jogurtak … hartzea komenigarria da. Gainera, edari hotzak eta zukuak alde batera utzi behar dira.

Deshidratazioa pairatzeko arrisku handiena dutenak, jaioberriak, haurrak, adindunak eta sistema immunologiko ahula dutenak dira.

Bestalde, gaixotasun hau izaten dugunean ez dugu goserik izaten. Zer egin behar dugu? Janari arinak jan, beraz, koipe gutxiko janariak prestatu behar dira: zopak, saldak, plantxan egindako janak… Hau gastroenteritisean oso garrantzitsua da, urdaila ez gainkargatzeko. Dieta honi ‘dieta biguna’ deitzen zaio.

Dieta bigunean gomendatzen diren elikagaiak hauek dira:

- Zopak (azenarioz, arrainaz edo arrozaz egindakoak)

- Jogurta

- Oilaskoa eta arrain zuria plantxan edo egosiak

- Arrautzak (tortillan edo egosiak)

- Pureak

Saihestu behar diren elikagaiak:

- Fruta (gordinik)

- Frijituak

- Hestebeteak

- Esne osoa

- Gasdun edariak eta edari hotzak

- Txokolatea, pastelak, gozokiak…

San Sebastian Gastronomika (3. eguna)

2009(e)ko Azaroak 25 Oxtan Zelev Iruzkinik ez
Categories: Gastronomia Tags: ,

San Sebastián Gastronomika (2. eguna)

2009(e)ko Azaroak 23 Oxtan Zelev Iruzkinik ez

San Sebastián Gastronomika (1. eguna)

2009(e)ko Azaroak 23 Oxtan Zelev Iruzkinik ez
Categories: Gastronomia Tags:

Neguko gaixotasunak eta elikadura

2009(e)ko Azaroak 19 Jone Jemein Iruzkinik ez

Gripea

Gripeak, katarroak, pneumoniak eta, hau da, hotzarekin zerikusia duten gaixotasunak neguan asko ugaritzen dira.

Urtero eta aurten batez ere, gripea izaten da oihartzun handien izaten duen neguko gaixotasuna. Gehienetan ohean egun batzuk egonda joaten bada ere, batzuetan arriskutsua izan daiteke, bestelako gaitzak ere eragin ditzakeelako. Gehienbat adineko pertsonentzat eta nolabaiteko gaixotasun kronikoa dutenentzat da arriskutsua.

Askotan esan dudan bezala dieta orekatua eta osasungarria jarraitzea gaixotasunak prebenitzeko ezinbestekoa da. Badaude mota honetako gaixotasunaren prebentzioan laguntzen duten elikagai batzuk:

* C bitaminak funtzio immunologikoa estimulatzen du.

* Mantenugai batzuen gabeziak edo eskasiak gripea agertzeko arriskua handitzen dute. Horien artean selenioa (arrautzetan, zerealetan, lekaleetan, haragi eta arrainetan agertzen dena) eta zinka (gibelean, gazta onduetan eta itsaskietan dagoena) daude.

* Hartziturako esnekietan (jogurtak adibidez) dauden bakteriak ere osasungarriak dira.

Hala ere, gripeak norbait gaixotzen duenean, oso garrantzitsua da atseden hartzea, lo egitea, likido asko edatea eta dieta osasungarria egitea. Tabakoa eta alkohola saihestu egin behar dira. Esan bezala, likidoaK ezinbestekoak dira. Hainbat eratara har daitezke: ur minerala hutsik edo laranja edo limoi zukuekin, tipula egosiarekin salda bat egin daiteke, infusioak (eukaliptoarena adibidez). Sukarra izanez gero, deshidratazioa, mukosen lehortasuna eta organismoan egon daitezken toxinak kanporatzen laguntzen dute.

Normalean gaixorik gaudenean ez dugu goserik izaten. Oso garrantzitsua da erraz digeritu daitezken elikagaiak hartzea, hortaz, koipe gutxiko menuak prestatu beharko ditugu.