Artxiboa

‘Topagunea’rekin etiketatutako sarrerak

Mintza Eguna, Elizondon

2011(e)ko Maiatzak 27 admin Iruzkin 1

TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak antolatuta, Mintza Eguna ospatuko da Elizondon. Aurtengo edizioa, seigarrena, ekainaren 4an izango da. Euskara Elkarteek herrietako euskaltegiekin eta euskalgintzako beste zenbait eragilerekin kudeatzen dituzten mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten berbalagun, mintzakide, mintzalagun, solaskide guztiek elkar ezagutu eta egun
Mintzapraktika mugimenduaren tamaina ezagutzera emateaz gain, ikasturteari bukaera goxoa ere eskainiko dio seigarren Mintza Egunak. mintzaeguna

Topagunearen arabera, “gero eta jende gehiagok daki euskaraz, hizkuntzaren ezagutza gero eta arinago zabalduz doa. Erabilera ere haziz doa, baina erritmo apalagoan.”

Jende askoren harreman sareak erdaldunak dira, eta horrek zaildu egiten du euskara jakitetik euskaraz aritzerako jauzia ematea. Jauzi horretan laguntzeko, mintzapraktika egitasmoak daude abian hainbat herritan: bospasei lagunek osatutako talde txikiak osatzen dira, horietan euskaraz naturaltasunez moldatzen diren lagunak, haien jarioa landu nahi dutenekin elkartzen dira. Taldeok maiztasun jakin batekin biltzen dira (astean behin, gehienetan) euskaraz mintzatzeko eta tarteka-tarteka, ekintza osagarriak ere antolatzen dituzte, taldekideen gustuen araberakoak. Talde horiek guztiek topaleku birtuala dute interneten, MINTZAPRAKTIKA webgunean, bai eta “erreala” ere, urtero egiten den Mintza Egunean.

Mintza Egunaren egitaraua

11:00etan Ongi etorria eta hamaiketakoa Elizondoko Merkatu plazan
12:00etan Ibilaldi gidatua tokiko berezitasunak ezagutzeko.
13:30ean Mintzabermuta
14:30ean Bazkaria Merkatu Plazan (eguraldi txarra eginez gero frontoian).
16:00etan Sari banaketa.
16:30ean Euskal erromeria.

Irakurri, gozatu eta oparitu

2011(e)ko Apirilak 29 admin Iruzkin 1

Topagunearen Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizioa abian da. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa Hego Euskal Herriko 12 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.

liburuak

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

Irakurri: lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehen pausua. Hartzea eta irakurtzea, noski.

Gozatu: liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu: azken pausua, aurrekoetan bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 Euskara Elkarteko kidea izanez gero.

Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:  batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea, eta azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa apirilaren 23an hasi zen, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 23an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko.