Etiketa honen artxiboa: negua

Lizarraga (Nafarroa). Argazkia: Jose Luis Imaz.

Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

Honezkero galtzekotan diren atsotitz eta esaera zahar askori laguntzeko asmoz, hona hemen negu sasoirako baliagarria den zerrenda bat. Ahozko literaturaren altxorra ez galtzeko, esamoldeak erabili egin behar baitira, beste irtenbiderik ez dago.

Gainera, neguko atsotitzak eta esaera zaharrak zein baino zein ederragoak dira. Zerrenda hau horren lekuko:

– Abenduan

• 21: San Tomas eguna, argitu orduko iluna
• Abenduko elurra gazta zaharraren pare
• 24: Gabon, dagoenean bonbon, ez dagoenean egon
• 25: Eguberri argitsu, ogia gero lastotsu
• Eguzki zuriaren ondoren, laino beltzak
• Elurretan jaio eta izotzetan bataiatu
• Ihintza gaineko hegoa, gauerako hodeia
• Urteberri, urtezahar, Martxelino galtza zahar

– Urtarrilean

• Urtats, Urteberri, zoroak ere igarri
• Ilbeltza egiten badu txuri, ardiak haziko du; ilbeltza egiten badu hil beltz, ez ardi eta ez axuri
• Izotzila, hotzak hila; otsaila firili-faraila; martxoa dinbirri-danbarra; apirila biribila, urdandegian hila.
• Eguzkiak erretzen badu urtarrila, zoaz eske-zakuaren bila
• Izotzileko elurra, burnia; otsailekoa, altzairua; martxokoa, harria; apirilekoa, lurra; eta maiatzekoa, gazura
• Urtarril hotza, neguaren bihotza
• Urtarrilean pinpirina ikusi baino, otsoa ardi jaten ikusi nahiago
• Urtarrila bero, zinkurinak gero
• Urtarrileko elur, burdinazko elur
• Urtarrila euritsu, urtea dirutsu
• Urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe
• 17: San Anton . Sasoian sasoiko, San Antonez ospelak belarritako
• Puzker handia kakagura, izotz handia elur-gura
• 20: San Sebastian hotza, neguaren bihotza
• 22: San Bizente hotza, neguaren bihotza
• Leia (izotza), zaharraren hilgarria, gazteen zahargarria
• Mendian elurra, elurra, artzainen zapela makurra
• Negu bigunegiak, uda gogorregia
• Negua eguzkitsu, ondoko ura euritsu
• Elurra mendian, haize hotza herrian
• Negu elurtsu, urte garitsu
• Neguak edertzen du uda

– Otsailean

• Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia
• 2: Kandelario elurra dario; San Josek lagunduko dio
• 3: Kandelario elurra dario; San Blasek lagunduko dio
• 5 (Santa Ageda): Otsaileko lorea, ez balitz hobea; apirileko lorea, batez baino hobea; maiatzeko lorea, hura da florea!
• Otsaila, katu-hila
• Otsailtxo munduan, aldiz eguzkitan, aldiz sutondoan
• Otsailean bero, negua gero
• Otsailean tximeleta baino, otsoa ardi artean ikusi nahiago
• Otsailean irteten du hartzak leizetik
• Otsailean, katuak ere arrain eskean
• Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino
• Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du
• Otsaileko euri, urteko ongarri
• Otsaileko, oloa olo; martxokoa, olotto; apirilekoa, ez olo eta ez lasto
• Otsailtxo laburrean, katarrak gau-lapurrean
• Otsaila, nahiz laburrena, da hilabete txarrena

– Martxoan

• Martxoaren hasiera, zaharraren piztuera
• 3: Done Emeteri Zeledon, porrua ereiteko aro on
• Eguzki eta euri, martxoko eguraldi
• Oteak martxoan lore, ez da faltako eri eta dolore
• Lantxerra (lanbroa) martxoan noraino, apirilean elurra haraino
• Martxoan arrautza eta martxoan txita
• Martxoko trumoiak berrogei eguneko ekaitza
• 12: San Gregorio, elurra dario; San Josek, lagunduko dio
• Martxo kaldartxo, ez ardi eta ez artantxo (urteko ardia)
• Martxoaren erdi inguruan, gaua eta eguna ia berdinduan
• Martxo lehorra, maiatza bustia
• 19: San Jose goizeko ihintzak, kentzen ditu gaitzak
• Martxoa eurite, urtea ogite

 

Gehiago ezagutzen al dituzu?