Etiketa honen artxiboa: MinoriTB

Euskararen Eguna ate joka dugun honetan, 10.000 lagun biltzeko erronka gertuago Facebooken

Larunbat honetan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta gure Facebookeko orrialdean geroz eta gehiago gara. Horregatik eguna heldu aurretik euskaldun guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskararen alde egin duzuen guztiagatik. Erronka izango dugu hizpide gaurko laburpenean, baina beste gai batzuk ere jorratuko ditugu ondorengo lerroetan. Etorriko al zarete gurekin? 🙂

Azken asteotan, abenduaren 3an egingo den Euskararen Egunaren harira, hainbat ekitaldiren berri eman dizuegu Euskaldunok Euskaraz Facebooken, horien artean erronka bat: Euskararen Egunerako 10.000 lagun biltzea orrialdean. Erronkara heltzeko oraindik nahiko urrun bagaude ere, gorakada nabarmena izan da orrian, beraz, ESKERRIK ASKO! 🙂 Asko izan zarete erronkan sinistu duzuenak, eta utzi dituzuen iruzkin guztiak hemen biltzea ezinezkoa bada ere, horietako batzuk bildu nahi izan ditugu.

Elisa Alvarezek, Joseba Orbegoak edo Unai Larrañagak, esaterako, erronka lortuko dugula uste dute, eta Josu Orbek, berriz, norberak bere gogoeta egiteko, ondorengo hitzak uzten zituen: “Momentu honetan 6575 garela ikusten dut baina, zenbatek daukagu euskara nabigatzailearen lehen hizkuntza? Zenbatek daukagu Feisbuka euskaraz? Zenbatek sistema eragilea? Aurrera! Eman pausua!!!”. Juan Luis Ormaetxeak “euskara dela euskaldun egiten gaituena” esaten zigun, eta Patxi Goñik, berriz, hitz eder hauek partekatzen zituen gu guztiokin: “Gu gara euskara gu euskaraz gara”. Eskerrik asko bihotz-bihotzez guztioi eta lortzen ez badugu ere, zuen hitzek eta animoek bete egin gaituztela esan nahi dizuegu.

Euskararen jatorriaren dokumentala, Bernardo Atxaga Anitzelen….

Euskararen Egunarekin jarraituko dugu, izan ere hori abiapuntu hartuta, atzo ETB-1n Hasier Etxeberriaren “Euskararen jatorria: Enigma europar bat” dokumentala estreinatu zen. Dokumentalaren estreinaldiaren kontua aste hasieratik dabil gure orrialdean bueltaka. Liv Lif Tailorrek ikus-entzunezkoaren trailerra partekatu zuen. “Itxura ederra dauka”, gaineratzen zuen. Gaur arratsaldean bertan, gainera, Iban Bilbaok EITB Nahierara Euskara, Enigma europarra dokumentala ikusteko lotura uzten zigun: “Ia noiz dakoten tartetxu bet 😉” esaten zuen. Zuek ere ikus-entzunezkoa ikustera gonbidatzen zaituztegu, euskaldunok belaunaldiz belaunaldi hitzetik hortzera darabiltzagun gaien berri ematen baitigu Hasierrek zuzendutako lan honek.

Eta gaiez aldatuz, gaur gauerako hitzordu bat. Bernardo Atxaga idazle euskaldunaren ibilbide profesionala zein pertsonala gertutik ezagutu nahi izatera, ez galdu Xabier Euzkitzek gidatutako saioa, Bernardo Atxaga Anitzelen egongo baita gaur gauean.

Garazi Weyek “Euskara…atzo, gaur eta beti” izeneko bideoklip eder bat partekatzen zuen Facebookeko orrialdean. BBKKlip txapelketarako egindako bideo bat zela kontatzen zigun. Honen aurrean Azkue Fundazioak ere iruzkina uzten zuen eta aste honetan irabazleak nortzuk diren esango dutela jakinarazten zigun. “Benetan bideo polita!”, gaineratzen zuen. Zorte on ona opa diogu bai Garaziri baita bideoklipean parte hartu duten lagun guztiei ere. Guk ere euskaraz maite zaituztegu!! Hemen duzue bideo oso osorik! Gozatu!

Amaitzeko, asteartean MinoriTB jardunaldi irekia egin zen EITBren Bilboko Egoitzan. Berrikuntzen artean Txio zuzeneko emanaldietan integratzen den jarraipen tresna erabiltzeko aukera izango zela kontatzen genizuen, izan ere, sare sozialetan ere euskera bultzatzea da euskaldun guztion helburua, eta bagoaz, piskanaka, betetzen.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Gogoratu larunbatean euskaldunok hitzordua dugula, Euskararen Eguna ospatuko baita munduko hainbat txokotan. Goio Etxezarragak horman uzten zigun hitz hauekin agurtuko gara. “Heuskara ialgi hadi plazara!. Euskaldunok euskaraz kalean!!!!!!”. Besarkada bat guztioi eta egurra erronkari!! Lortuko dugu eta! 🙂

Sare sozialak euskaraz? horra erronka, euskaldunok euskaraz!

Gazteek sare sozialetan euskarari ematen dioten erabilera aztertuko dugu gaurkoan, eta Facebookeko orrialdean dugun erronka errepasatzeaz gainera, larunbatean Irunen egingo den Hitz Gurutzatuen Txapelketaren berri ere emango dugu. Hori guztia euskara maitatu, euskara ikasi eta euskara goraipatzeko helburuarekin. Bidean gurekin etorriko al zarete? 🙂

Behin eta berriro entzuten dugu sare sozialak geroz eta leku handiagoa hartzen ari direla gure gizartean, batez ere gazteen artean. Euskal gaztediak ere maiz erabiltzen ditu erreminta berri horiek baina…  Zer nolako erabilera ematen diote? ETB-1eko “Arratsaldero” saioan, honi erantzuna ematen saiatu dira. Eta iritziak? Denetarikoak! Erreparatu irudiei eta egin zuek ere gogoeta gai honen aurreran:

Larunbatean euskaldunok hitzordua dugu Irunen, izan ere, Ola Sagardotegian Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa egingo da. Atzo, azaroak 23,  zenuten izena emateko azken eguna. Ekitaldi honen xedea euskara aberastea da beraz, arrakasta izatea espero dugu euskara bihotzean eramaten dugun guztiok.

Txikia izanagatik ere, euskarak bere txokoa du, beste zenbait hikuntza txikik bezalaxe, eta hori dela eta, datorren azaroaren 30ean, euskarak harrera egingo die hainbat hizkuntza gutxituri MinoriTB jardunaldien  baitan EITBren egoitzan. Bertan egon nahi izatera, idatzi minoritb@eitb.com helbidera eta eman zure izen abizenak. Animatzen?

Erronka, puri –purian

Iragan astean 10.00 lagun Euskaldunok Euskaraz komunitatean biltzeko erronka bero-bero zegoela kontatzen genizuen, eta blogera esteka partekatu bezain pronto, zuek, euskaldunok, hartu zenuten hitza. Gorka Askatasuna euskaldun berria da, eta gure orrialdean interesaturik, ia testuak gazteleraz jartzerik genuen galdetzen zigun. Euskararen txokoa denez, ezinezkoa zela erantzun bagenion ere, gure albisteak irakurtzera animatzen genuen, horrela, apurka-apurka hizkuntza gehiago menderatzeko. Izugarria da jendeak euskara ikasteko egiten duen esfortzuar, eta izugarri pozten gara, baita Gontzal Sierra ere, izan ere, esteka hau uzten zion Gorkari pixkanaka aurrera egin dezan. Juan Villanuebak, berriz, Euskararen Egunean zein kontzertu izango ziren galdetzen zuen horman, eta Gasteizen abenduaren 3an izango ziren taldeen berri ematen genion.

Baina horiek ez dira 10.000 lagunetara helduko garela dioten bakarrak. Josune Arestik, esaterako, kantuan animatzen gintuen: “Guk Euskaraz, Zuk Zergatik ez?”. Urkoren abesti horrek gu ere animatu gintuen, eta Etxe abeslariak egindako kanta horren bertsioa iruditan uzten genuen. Markel Del Riok ere ez zuen zalantzan jartzen erronka lortzearena: “noski lortuko dugula,eta 10.000 ez.15.000 gutxienez!!”.

Duela pare bat aste eta Euskararen Nazioarteko Egunari begira, euskararen ginkana sarean zela kontatzen genizuen eta Kutxa Ekoguneak aste honetan gurean parte hartu du eta ondorengo galdera bota digu: “Irakurtzea asko maite duzu, baina ba al dakizu zein den euskaraz idatzitako libururik zaharrena? Eman erantzuna www.euskararenginkana.net helbidean!”. Ba al dakizue? Guk horman ere esaten genizuen bagenekiela.. eta dagoeneko hartu dugu parte, ia globoan hegaldia lortzen dugun. Zuetakoren bati egokituz gero, kontatu zer moduzko esperientzia izan den!!

Euskararen eguna geroz eta hurbilago dago eta ari gara gure koadrila handitzen Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Oraindik “Gustuko dut” botoiari eman ez dion norbait ezagutzen baduzu, badakizu!! Euskaldun guztiok egon behar dugu txoko honetan. Jarraitu geure hizkuntzaren inguruko kontuak hemen partekatzen, guk zuek kontatutakoak Euskaren blog honetan bilduko ditugu eta. Josunek utzitako kantuaren lehendabiziko hitzekin, agur esango dizuegu gaurkoz. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen,eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten…handik… nekez….Guk Euskaraz… Zuk Zergatik ez? Badakizue, Euskaraz bizi!! 🙂

Euskarak harrera egingo die hainbat hizkuntza gutxituri, MinoriTB jardunaldietan

Txikiak izanagatik, balio berezia duten hizkuntzak badira munduan: gure euskara, nola ez, baina baita eskoziarra, galesa, galiziarra… eta horiek denek merezi duten tokia izango dute EITBren Bilboko egoitzan. Izan ere, datorren asteartean, hilak 30, MinoriTB, Hizkuntza Gutxituen Telebisten Jardunaldia, antolatu du EITBk.

Interes duen orok Multibox aretoan, goizeko 9:00etatik aurrera du zita. Are, hurbiltzerik ez duenak, eitb.com-en zuzenean jarraitzea izango du. Sarrera doakoa izango da eta, bertaratzeko, nahikoa da minoritb@eitb.com helbidera posta elektroniko bat bidaltzearekin, izena eta abizena zehaztuta.

MinoriTB jardunaldien kartela.

MinoriTB jardunaldien kartela.

Hizkuntza handiak erabiltzearen aldeko apustua egiten den munduan egonda, hizkuntza txikiek, erabiliak eta zabalduak izateko, gero eta traba gehiago aurkitzen dituzte hedabide eta sare orokorrean. Hain justu, hizkuntza gutxituak lantzen dituzten telebistek etorkizuna izateko inflexio-puntu garrantzitsua zehaztea du ekitaldiak helburu.

Jardunaldiotan izango dira, besteak beste, Michael Lally, Circom-eko presidentea; Keith Jones, telebistako edukien aditua, Galeseko BBCtik etorria; eta Robert Durban ikerlari eskoziar ezaguna. Azken honek  hizkuntza gutxituak eta hedabideetan izan behar duten lekua ikertzen ditu. Horiez gain, Galiziako Telebistako zuzendaria, Rosa Vilas; Europako Parlamentuko Ikus-entzunezkoen zuzendaria, Fernando Carbajo, eta, Joan Rosés, TV3ko telebista era berrietan aditua, ere bertaratuko dira. EITBko zuzendari nagusiak, Alberto Suriok, emango dio hasiera ekitaldiari eta, arratsaldez, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak itxiko du. Goi-mailako profesionalak bilduko ditu eta Europa mailan eredu bilakatu nahi du jorratzen duen alorrean.

Euskara, beraz, bere hizkuntza anaia-arrebak hartzeko zain… Animatuko zu ere?