Artxiboa

‘ibaialde ikastola’rekin etiketatutako sarrerak

Lodosako Ibaialde Ikastola bizirik! 25 urtez euskara Erriberan zabaltzen

2012(e)ko Urtarrilak 26 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Mendiak aldapatsuak izaten dira, baina beti dago tontorrera iristeko aukera. Eman beharreko pausoak, handiak eta nekagarriak izaten dira zenbaitetan, baina apurka-apurka gailurra egitea badago. Zailtasunak zailtasun, beti dago argi izpiren bat hor nonbait, eta hori dela eta, guztiok bat egin eta ahalegin berezia eginez, izugarrizko lorpenak lortzen dira.

Lodosa-Sartagudako Ikastolaren egoera ez da erraza. Eremu ez euskaldunean kokatuta dagoen aldetik, Ikastetxea egoera ekonomiko zaila bizi du eta horren aurrean Ikastolen Elkarteak laguntzeko deia luzatu du, izan ere, Euskarak Lodosako ikastola behar du. Kanpaina berezi bat jarri da martxan, eta aurreneko egitasmoa “Euro bat, marrazki bat” izenekoa izan da. Euskal Herriko ikastoletako ikasleek marrazki bana egin eta ikastetxe bakoitzak euro bat emango du matrikularik duen ikasle bakoitzeko. Horrez gain, Ibaialde Ikastolak gizarte osoari egin dio dei laguntza emateko, eta kontu korronte bat ere zabaldu du norberak bere ekarpen propioak egiteko. Entzun  Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak Ibaialde Ikastolaren inguruan kontatutakoa Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan.

Aurten ikastolak 25 urte beteko ditu eta zailtasun horiek ez dute zapuztuko mende laurdena betetzeak merezi duen ospakizuna. Otsailaren 5ean, urte horietako bizipenak eta gaurko oztopoak batu egingo dira jai eta aldarrikapen kutsua izango ospakizun batean. Tolosako abesbatza, pailazoak, herri kirolak, bertso saioak edo Bizardunak, Ze Esatek! eta beste zenbait talde izango ditu lagun jaiak. Hemen egitaraua oso osorik!

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Lodosako Ibaialde Ikastolaren historia

1991. urtera egin behar dugu saltoa, orduantxe, sortu baitzen Ibaialde Ikastola 9 haurrekin. Lekualdaketa ugari jasan ditu ikastetxean. Urte horietan zehar, matrikulazioak gora egin dute, eta irakasle bakarra egotetik, horien kopurua ere handitu da. Mende laurdena darama Lodosako ikastolak foru administrazioaren oztopoak gainditzen eta euskararen normalizazioaren alde etengabe lanean. Datorren asteburuan, ibilbide luze eta korapilatsu horri merezitako ordaina emango diote jai handi batean.

Guk ere eman diezaiegun geure bultzadatxoa Lodosako Ibaialde Ikastolari.  Euskaldun guztioi jaian parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu, ikastolek Euskara sustatzea baitute ardatz. ERRIBERAN ERE EUSKARAZ! ESKERRIK ASKO ETA ZORIONAK!