Artxiboa

‘Euskararen eguna’rekin etiketatutako sarrerak

#euskarazbizinahidugu TT izatea lortu dugu!

2012(e)ko Abenduak 3 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Abenduaren 3a da gaur, Euskararen Nazioarteko Eguna. Munduko txoko guztietan entzuten ari gara euskara, eta sare sozialak ere sutan esnatu dira goizean goizetik. Egun onak ematearekin batera hasi gara euskaltzaleok Twitter bidez Euskara goraipatzen eta gure hizkuntzaren inguruko txioak bidaltzen. Horren adibide garbia da goizeko 08:50etik 09:10era #euskarazbizinahidugu hasthag-a TT izan dela. Egun guztian zehar etengabea izan da jarioa eta edozein ordutan sartu den erabiltzaile oro konturatuko zen gaurkoa egun berezia dela euskaltzaleontzat. Goazen egunak eman duena errepasatzea! :-)

Euskararen Nazioarteko Eguna. Iturria: euskaraz.net

Euskararen Nazioarteko Eguna. Iturria: euskaraz.net

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna Twitterren

Ba al dakizue zein izan den gaur #euskarazbizinahidugu traolarekin gehien bertxiotu den txioa? EsaldiakEuskaraz kontuak txiokatu duena. 193 bider izan da bertxiotua eta ondorengoa dio:

“Euskaraz hitzegitea da egunero leku guztietan euskaldun egiten nauena, horregatik #EuskarazBiziNahiDugu ! ”

Euskal tuitlariok Euskararen Nazioarteko Egun hau nola bizi dugun ikusi nahi al duzue? Modu askotako esaldi eta txioak ikusi ditugu. Batzuk esaera zahar eta esamoldeak erabili dituzte, beste askok, euskal kanta eta bideoen bidez nahi izan dute euskararen erabilera aldarrikatu, eta izan dira zorion esaldien bidez ospatu dutenak ere.  Hemen dituzue horietariko batzuk:

ʟєɪʀє@addiictedtoyou

Euskal Herrian euskara hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia zerri askara. #EuskarazBiziNahiDugu.

lide@zuazo_lide

euskara da euskaldun egiten gaituena! #EuskarazBiziNahiDugu

kukooo.@kuko_16

Gau ta egun eskeraz bizi nahi dut da gauza bera egin dezakezu zuk!! #euskarazbizinahidugu

Mikel Erbiti @erbitiPackman

Izan zirelako gara, garelako izango zarete #EuskarazBiziNahiDugu

Aitor Madrid@munduariso

Euskarak 365 egun http://www.youtube.com/watch?v=jji–SOOUuw&feature=em-uploademail … #Euskarazbizinahidugu

Maitane Weizap@maitane_idame

Euskaraz bizi nahi dut goizean goizik, ez da amets bat nire nahia da baizik. #EuskarazBiziNahiDugu

gorka urtaran @gorka__urtaran

♫♫ Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena? ♫♫… #EuskararenEguna #euskarazbizinahidugu http://www.youtube.com/watch?v=Ej2XLHbfF-s&feature=youtube_gdata_player …

Julen@JulenGudari

“…gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak…” #EuskarazBiziNahiDugu

Hemen #euskarazbizinahidugu traola erabiliz une honetan Twiterren dagoen jarioa

Katalanez ere zorion mezu ugari heldu zaizkigu, baita hemendik urrun dauden euskaldunen txioak ere, eta euskal komunikabideek eta euskalgintzako hainbat ordezkarik ere Twitter erabili dute #euskarazbizinahidugu-la aldarrikatzeko.

XabierEuzkitze

Euskara da nire aberria. #EuskarazBiziNahiDut #EuskararenEguna

Urtzi Urkizu@urtziurkizu

Txinatarrak txineraz, yankiak ingelesez eta alemanak alemanieraz bizi diren bezala euskaldunok #euskarazbizinahidugu

joseba permach@jpermach

Euskarak ez luke egunik izan behar. Egunero-egun osoan zehar euskaraz aritzea beharko luke izan normaltasunik normalena #EuskarazBiziNahiDugu

GAZTEA@GAZTEA

#euskarazbizinahidugu Euskaren Eguna dela eta @GAZTEA-n euskal musika dugu gaur nagusi http://ow.ly/fLMq3 http://ow.ly/fLMq5

zuzeu@zuzeu

Guk ere Euskaraz bizi nahi dugu, eta horretarako gure alea jarriko dugu. http://www.youtube.com/watch?v=-1FxKvg5hvs … #EuskarazBiziNahiDut

Independència@LaIndepe

Ajudem als companys d’Euskal Herria a fer TT #EuskarazBiziNahiDugu

Ikusi duzuen moduan, euskarari buruzko aldarrikapenak lau haizetara zabaldu dira Twitterren, baina ekitaldiak asteburu osoan izan dira, esaterako, Donostian. Gipuzkoako hiriburuko kaleetan “Euskaraz bizi nahi dut” lelopean egindako manifestazioan bi aurpegi ezagun ikusi genituen, “gure atsuak”, eta eurekin uzten zaituztegu. Baina aurrez, honatx gure mezua: Atzo, gaur eta bihar #euskarazbizinahidugu. Gora gure hizkuntza, gora euskara!

Ba al zenekien Euskararen Eguna 1949an ezarri zela?

2012(e)ko Azaroak 14 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Abenduaren 3a ate joka dugu, eta urteroko legez, ekitaldiak ez dira faltako Euskararen Nazioarteko Egunean. Horien artean, Euskaldunok Euskaraz Facebook orrian dugun erronka: 10.000 lagun biltzea abenduaren 3rako. Euskararen Egunaren nondik norakoak aztertu nahi izan ditugu gaurkoan, euskararen eta euskaldunon inguruko kontuak biltzea baita Euskararen blog honen helburua. Noiztik ospatzen da? Zergatik abenduaren 3an? :-)

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna: Ba al zenekien….


…. Euskararen Eguna guztiz lotuta dagoela Xabierko Frantzisko deunarekin? 1552ko abenduaren 3an hil zen Frantzisko, eta kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan izan ziren, hots, euskaraz.

…. 1949. urtean ezarri zuela Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna? 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten. Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioaren dokumentu batekin topo egin dugu Sarean.

1949ko Euskararen Eguneko idatzia. Iturria: Eusko Sare

1949ko Euskararen Eguneko idatzia. Iturria: Eusko Sare

.… Euskararen Egunak hainbat izen izan dituela? Lehendabiziko edizioan “Eskuararen Eguna” erabili zen eta ondorengo urteetan “Euzkararen eguna” edo “Euzkara Eguna” bezala ikusi izan dugu. Egun Euskararen Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna erabiltzen dira.

…. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat txokotan ere ospatzen dela Euskararen Nazioarteko Eguna? Jakin badakigu Mexikon, Bartzelonan, Washingtonen, Buenos Airesen eta Parisen ere euskara goraipatzen dela abenduaren 3an.

… 2006ko Euskararen Egunerako abestia egin zuela Benito Lertxundik? Hemen dituzue kantaren bi zati:

Euskara giza ondarea da: komunikazio

eta batasunerako tresna.

Elkar ulertu eta giza helburu gorenera

heltzeko beharrezko baliabidea.

Hizkuntza ispilu leiala da,

non kondairan zehar, herri baten

baldintza sozialak isladatzen diren.

….. 2008. edizioan Jokin Mitxelena marrazkilariak eta Ion Martin bertsolariak komiki bat sortu zutela Euskaren Egunaren harira?

euskararen-nazioarteko-eguna-2euskararen-nazioarteko-eguna-3euskararen-nazioarteko-eguna-4

Euskara hizkuntza bakarra eta berezia da, eta hori goraipatzea eta zaintzea, guri, euskaldunoi dagokigu. Aurten ere kalera aterako gara milaka eta milaka euskaldun euskarari keinu bat egitera. Eta milaka lagun izatea nahi dugu sarean;  horregatik, Euskaldunok Euskaraz Facebook orrialdean 10.000 lagun lortzea, horixe da gure erronka. Eskerrik asko guztioi, maitatu euskara, eta BIZI EUSKARAZ! :-)

Urratsak eginez, korrika, kilometroz kilometro, jairik jai euskaraz!

2012(e)ko Irailak 14 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Duela gutxi jaietan euskaraz aritzeko hiztegia aurkeztu genizuen Euskararen blog honetan. Euskara sustatzen jarraitu nahian, gaurkoan, urtean zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetan Euskararen alde antolatzen diren jaiak izango ditugu hizpide, eta ikasturte berriari begira , jai horien inguruko datu eta xehetasunak ematen saiatuko gara. Hemendik gutxira egingo den jai batekin emango diogu hasiera euskararen inguruko jaien zerrendari :-)

NAFARROA OINEZ 2012

Zer da Nafarroa Oinez: Nafarroako Ikastolen jaia da. Urtero Nafarroako ikastola bat arduratzen da jai hau antolatzeaz, tokian tokiko eta unean uneko beharren arabera. Zazpi bat kilometroko ibilbidea prestatu eta gune ezberdinak kokatzen dira, adin eta gustu guztietarako jarduerekin.
Noiz: urriaren 21ean
Non: Iruñean
Antolatzailea: Zizur Txikiko San Fermin Ikastola

Has zaitezte 2012ko Nafarroa Oinez jairako prestetzen:

KILOMETROAK 2012

Zer da KilometroakGipuzkoako ikastolen jaia da. 1977az geroztik egiten den euskalzaleen topaketa hau urriko lehen igandean ospatzen da eta helburu nagusia Gipuzkoako Ikastolei bultzada ematea da.
Noiz: urriaren 7an
Non: Andoainen
Antolatzailea: Aita Larramendi Ikastola

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2012

Zer da Euskararen Nazioarteko Eguna: Euskara omentzeko asmoz urtero abenduaren 3an Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten den ekitaldia da.
Noiz: abenduaren 3an
Non: Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan

Antolatzailea: Eusko Ikaskuntza

Ukan

HERRI URRATS 2013

Zer da Herri Urrats: Iparraldeko ikastolak laguntzeko antolatzen den jaia da, maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dena Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin.
Noiz: Maiatzaren bigarren hamabostaldia (eguna zeazteke)
Non: Senperen
Antolatzailea: Seaska, Iparraldeko Ikastolen Federazioa.

ARABA EUSKARAZ 2013

Zer da Araba Euskaraz: Arabako ikastolen jaia da, Ikastolen Elkarteak urtero ekainaren erdialdean ospatzen duen ekitaldia. Euskararen erabilera Araba osoan bultzatzea du helburu, baita ikastolen azpiegiturak hobetzea ere. Hori dela eta urtero Arabako ikastola bat arduratzen da antolakuntzaz.
Non: Amurrion
Noiz: Ekainaren 16an
Antolatzailea: Aresketa Ikastola

IBILALDIA 2013

Zer da Ibilaldia: Bizkaiko ikastolen jaia da. Getxon egin zen lehen aldiz 1978an eta honek ere, beste lurraldeetan bezala, euskara bultzatu eta Bizkaiko ikastolen egoera hobetzeko helburua du.
Nun: Portugalete
Noiz: Eguna zeazteke
Antolatzailea: Asti-Leku ikastolak

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA 2013

Zer da euskal Eskola publikoaren jaia: Euskal Hezkuntza Publikoaren alde eta euskara bultzatzeko asmoz urtero Euskal Herriko herri ezberdin batean egiten den jaia da.
Nork antolatzen du: Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak

Aurtengo datuak, noiz eta non izango den jakin bezain pronto, partekatuko dugu. Bitartean hemen duzue 2012ko Euskal Eskola Publikoaren jaiko kanta:

KORRIKA

Zer da Korrika: Euskararen alde Euskal Herrian barrena lasterka egiten den martxan da. Bi urtez behin egiten da eta ibilbidea aldatu egiten da.
Noiz: Martxoan
Non: Zehazteke
Antolatzailea: AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du

586259_korrika_donostia_original_imagen

Jai batean, bestean, jarrai dezagun EUSKARAREN ALDE LANEAN! :-)

Euskararen aldeko lipdub-ak: Euskararen aldarria, kantuz!

2012(e)ko Abuztuak 6 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Euskararen aldeko ekimen mordoa daude, egunero, Euskal Herriko txoko guztietan. Aspaldian, ordea, gure hizkuntzaren aldarria egiteko modu polit eta dibertigarria sortu da: lipdubak egitea.

Lelo hau erabili dute lipdub askok.

Lelo hau erabili dute lipdub askok.

Gehienetan, herriko jendeak parte hartzen du, bertako udalak edo talde batek antolatuta. Euskal Herrian egindako lipdub politenen bilduma egitea pentsatu dugu, denon gozagarri. Hona gure aukeraketa:

ARABA

Udalak antolatuta, aurtengo ekainaren 2an grabatu zuten lipduba Amurrio herrian, “Euskaraz bizi nahi dut” lemapean:

BIZKAIA

Bilbon, Santutxu eta Txurdinaga auzoetan, euskararen astearen harira egindakoa beteranoetako bat da. 2011ko martxoan igo zuten:

GIPUZKOA

Egian, Egia Euskaraz Egunean, maiatzaren 12an grabatu zuten:

IPARRALDEA

Kanaldude telebistaren laguntzarekin egina, Ortzaizen, ikastolak 25 urte betetzen zituela ospatzeko lipdub hau egin zuten 2011ko ekainean:

Ortzaizeko ikastolako haur eta gurasoen lipduba.

Bideoa ikusteko, sakatu irudian.

NAFARROA

Bidankotzen, Erronkarin, maiatzaren 16an, Uskararen Egunean egin zuten bideo polit hau:

Zuenean egin duzue halakorik? Egiteko asmorik? Bada, hala bada, zabaldu gurean ere: blog honetan edo Euskararen Facebookeko orrialdean… eta Gora euskara!

Euskara: Baionatik Bilbora jaialdirako sarrerak zozketan. Doan joan nahi?

2011(e)ko Abenduak 16 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Abenduaren 20an Euskara eta iparraldeko euskal kantak ardatz izango dituen “Baionatik Bilbora” jaialdira doan joateko zozketa izango dugu hizpide gaurkoan. Baina Euskaldunok Euskaraz orrialdean beste zenbait konturen inguruan aritu gara euskaldunok. Errepasoan gurekin etorriko al zara? :-)

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz izeneko kontzertua egingo da datorren asteartean, hilak 20, Bilboko Euskalduna Jauregian. Euskal Herriko kantagintzaren eta kulturaren historian Iparraldeak izan duen  garrantzia aditzera ematea du helburu ekitaldi honek. Ekimen berezia honetara doan joateko aukera eskaintzen dizugu euskaldunon Facebookeko orrialdean. Nola? Oso erraza da. Euskararen blogean harpidetu eta zuzenean zozketan parte hartuko duzu. Animatu! Astelehen arratsaldera arte duzu epea!Azkar ibili!!!


Bestalde, jakinarazten genizuen Multimedia Komunikazio UPV/EHU-EITB Masterrak mahai-inguru bat antolatu zuela euskarazko komunitate birtualen arrakastaren gakoez eta euskararen komunitate birtual berriak ehuntzeko estrategiez eztabadaitzeko asmoz.

Eta gaur egun handia izan da Goenkale zaleentzat. Izan ere, Zea Maysek Atxurin egingo zuen grabaketara joateko gonbitea luzatzen genizuen, eta dagoeneko grabatuko zuten, gaur goizean baitzen hitzordua EITBren Miramongo egoitzan. Euskalherria Rockanrollek grabaketan parte hartzea gustatuko litzaiokeela komentatzen zuen. Espero dugu bertan izatea!

Euskararen eguna eta Durangoko azoka, protagonistak

Iragan astean azoka ezaguna ospatu zen Durangon. Beste behin aukera anitza izan zen; kontzertuak, liburu eta diskoak, eztabaidak… Egitarau osoaren berri ematea zaila bazen ere, Durangoko Azokan Berri Txarrak, Su Ta Gar, Lisabo eta Mikel Markez izango zirela aipatzen genizuen. Gainera, zuek zer erosi zenuten galdetzen genizuen. Robe Txanek Su Ta Gar eta Governors taldeen azken lanak erosi zituela kontatzen zigun, “sinatua eta argazkitxoa barne”, esaten zuen alai. Maite Otañok ere “denetik” erosi omen zuen, “Pirritx eta Porrotxen azken CDa, Ken zazpirena, Gabon abestiena. Haur literatura….. Hitz bitan…. Diruzorroari astindu ederra!!!! Baina pena merezi du!!!!”. Bai noski, Maite. Irantzu Maguregik horren ondo saldu den Sarrionandiaren liburua erosi zuen eta “Pirritxen muxu goxo bat etxera ekarri” zutela Durangotik bueltan kontatzen zigun.

Eta Euskararen Egunerako Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean 10.000 lagun lortzeko erronka lortu ez badugu ere, laburpen hau aprobetxatu nahi dugu eskerrak emateko, bihotz-bihotzez. Orrialdean zuen iruzkinak ikusita, ziur gaude ederto pasa zenutela. Donostiarrak Mintzodromoan ospatu zuten Euskararen Eguna. Asko izan zineten egunean bertan, lehenago eta baita ondoren ereuskara, gure hizkuntza, zoriondu zenutenak. Beraz, zuen izen eta iruzkin guztiak hemen biltzea ezinezkoa denez, ESKERRIK ASKO euskaldun guztion partetik. :-) Hemen dituzue, irakurri nahi izatera, euskaldunok orrian egin ditugun iruzkin guztiak.

Lucia Linazak kalean entzundako pasarte batekin utziko zaituztegu: “Gaur Zeanin egon naz eta tipo batek beste bateri galdetu deutso ia joango den bueltatxo bat egitera. Honek ezetz erantzun deutsonean lehenengoak “azkok” esan dau. Ze polite! Atzinetik ez neban entzun, gehienetan aitari. Asko poztu naz”. Izan zoriontsu, ondo pasa asteburua eta laster arte euskaldunak! Eta ahaztu Facebookeko orrialdean nahi duzuen guztiakontatu dezakezuela eta guk hemen, Euskararen blog honetan zuek kontatutakoak bilduko ditugula. :-)

Euskararen Eguna ate joka dugun honetan, 10.000 lagun biltzeko erronka gertuago Facebooken

2011(e)ko Abenduak 1 Ane Santesteban Iruzkin 1

Larunbat honetan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta gure Facebookeko orrialdean geroz eta gehiago gara. Horregatik eguna heldu aurretik euskaldun guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskararen alde egin duzuen guztiagatik. Erronka izango dugu hizpide gaurko laburpenean, baina beste gai batzuk ere jorratuko ditugu ondorengo lerroetan. Etorriko al zarete gurekin? :-)

Azken asteotan, abenduaren 3an egingo den Euskararen Egunaren harira, hainbat ekitaldiren berri eman dizuegu Euskaldunok Euskaraz Facebooken, horien artean erronka bat: Euskararen Egunerako 10.000 lagun biltzea orrialdean. Erronkara heltzeko oraindik nahiko urrun bagaude ere, gorakada nabarmena izan da orrian, beraz, ESKERRIK ASKO! :-) Asko izan zarete erronkan sinistu duzuenak, eta utzi dituzuen iruzkin guztiak hemen biltzea ezinezkoa bada ere, horietako batzuk bildu nahi izan ditugu.

Elisa Alvarezek, Joseba Orbegoak edo Unai Larrañagak, esaterako, erronka lortuko dugula uste dute, eta Josu Orbek, berriz, norberak bere gogoeta egiteko, ondorengo hitzak uzten zituen: “Momentu honetan 6575 garela ikusten dut baina, zenbatek daukagu euskara nabigatzailearen lehen hizkuntza? Zenbatek daukagu Feisbuka euskaraz? Zenbatek sistema eragilea? Aurrera! Eman pausua!!!”. Juan Luis Ormaetxeak “euskara dela euskaldun egiten gaituena” esaten zigun, eta Patxi Goñik, berriz, hitz eder hauek partekatzen zituen gu guztiokin: “Gu gara euskara gu euskaraz gara”. Eskerrik asko bihotz-bihotzez guztioi eta lortzen ez badugu ere, zuen hitzek eta animoek bete egin gaituztela esan nahi dizuegu.

Euskararen jatorriaren dokumentala, Bernardo Atxaga Anitzelen….

Euskararen Egunarekin jarraituko dugu, izan ere hori abiapuntu hartuta, atzo ETB-1n Hasier Etxeberriaren “Euskararen jatorria: Enigma europar bat” dokumentala estreinatu zen. Dokumentalaren estreinaldiaren kontua aste hasieratik dabil gure orrialdean bueltaka. Liv Lif Tailorrek ikus-entzunezkoaren trailerra partekatu zuen. “Itxura ederra dauka”, gaineratzen zuen. Gaur arratsaldean bertan, gainera, Iban Bilbaok EITB Nahierara Euskara, Enigma europarra dokumentala ikusteko lotura uzten zigun: “Ia noiz dakoten tartetxu bet ;) ” esaten zuen. Zuek ere ikus-entzunezkoa ikustera gonbidatzen zaituztegu, euskaldunok belaunaldiz belaunaldi hitzetik hortzera darabiltzagun gaien berri ematen baitigu Hasierrek zuzendutako lan honek.

Eta gaiez aldatuz, gaur gauerako hitzordu bat. Bernardo Atxaga idazle euskaldunaren ibilbide profesionala zein pertsonala gertutik ezagutu nahi izatera, ez galdu Xabier Euzkitzek gidatutako saioa, Bernardo Atxaga Anitzelen egongo baita gaur gauean.

Garazi Weyek “Euskara…atzo, gaur eta beti” izeneko bideoklip eder bat partekatzen zuen Facebookeko orrialdean. BBKKlip txapelketarako egindako bideo bat zela kontatzen zigun. Honen aurrean Azkue Fundazioak ere iruzkina uzten zuen eta aste honetan irabazleak nortzuk diren esango dutela jakinarazten zigun. “Benetan bideo polita!”, gaineratzen zuen. Zorte on ona opa diogu bai Garaziri baita bideoklipean parte hartu duten lagun guztiei ere. Guk ere euskaraz maite zaituztegu!! Hemen duzue bideo oso osorik! Gozatu!

Amaitzeko, asteartean MinoriTB jardunaldi irekia egin zen EITBren Bilboko Egoitzan. Berrikuntzen artean Txio zuzeneko emanaldietan integratzen den jarraipen tresna erabiltzeko aukera izango zela kontatzen genizuen, izan ere, sare sozialetan ere euskera bultzatzea da euskaldun guztion helburua, eta bagoaz, piskanaka, betetzen.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Gogoratu larunbatean euskaldunok hitzordua dugula, Euskararen Eguna ospatuko baita munduko hainbat txokotan. Goio Etxezarragak horman uzten zigun hitz hauekin agurtuko gara. “Heuskara ialgi hadi plazara!. Euskaldunok euskaraz kalean!!!!!!”. Besarkada bat guztioi eta egurra erronkari!! Lortuko dugu eta! :-)

Sare sozialak euskaraz? horra erronka, euskaldunok euskaraz!

2011(e)ko Azaroak 24 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Gazteek sare sozialetan euskarari ematen dioten erabilera aztertuko dugu gaurkoan, eta Facebookeko orrialdean dugun erronka errepasatzeaz gainera, larunbatean Irunen egingo den Hitz Gurutzatuen Txapelketaren berri ere emango dugu. Hori guztia euskara maitatu, euskara ikasi eta euskara goraipatzeko helburuarekin. Bidean gurekin etorriko al zarete? :-)

Behin eta berriro entzuten dugu sare sozialak geroz eta leku handiagoa hartzen ari direla gure gizartean, batez ere gazteen artean. Euskal gaztediak ere maiz erabiltzen ditu erreminta berri horiek baina…  Zer nolako erabilera ematen diote? ETB-1eko “Arratsaldero” saioan, honi erantzuna ematen saiatu dira. Eta iritziak? Denetarikoak! Erreparatu irudiei eta egin zuek ere gogoeta gai honen aurreran:

Larunbatean euskaldunok hitzordua dugu Irunen, izan ere, Ola Sagardotegian Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa egingo da. Atzo, azaroak 23,  zenuten izena emateko azken eguna. Ekitaldi honen xedea euskara aberastea da beraz, arrakasta izatea espero dugu euskara bihotzean eramaten dugun guztiok.

Txikia izanagatik ere, euskarak bere txokoa du, beste zenbait hikuntza txikik bezalaxe, eta hori dela eta, datorren azaroaren 30ean, euskarak harrera egingo die hainbat hizkuntza gutxituri MinoriTB jardunaldien  baitan EITBren egoitzan. Bertan egon nahi izatera, idatzi minoritb@eitb.com helbidera eta eman zure izen abizenak. Animatzen?

Erronka, puri –purian

Iragan astean 10.00 lagun Euskaldunok Euskaraz komunitatean biltzeko erronka bero-bero zegoela kontatzen genizuen, eta blogera esteka partekatu bezain pronto, zuek, euskaldunok, hartu zenuten hitza. Gorka Askatasuna euskaldun berria da, eta gure orrialdean interesaturik, ia testuak gazteleraz jartzerik genuen galdetzen zigun. Euskararen txokoa denez, ezinezkoa zela erantzun bagenion ere, gure albisteak irakurtzera animatzen genuen, horrela, apurka-apurka hizkuntza gehiago menderatzeko. Izugarria da jendeak euskara ikasteko egiten duen esfortzuar, eta izugarri pozten gara, baita Gontzal Sierra ere, izan ere, esteka hau uzten zion Gorkari pixkanaka aurrera egin dezan. Juan Villanuebak, berriz, Euskararen Egunean zein kontzertu izango ziren galdetzen zuen horman, eta Gasteizen abenduaren 3an izango ziren taldeen berri ematen genion.

Baina horiek ez dira 10.000 lagunetara helduko garela dioten bakarrak. Josune Arestik, esaterako, kantuan animatzen gintuen: “Guk Euskaraz, Zuk Zergatik ez?”. Urkoren abesti horrek gu ere animatu gintuen, eta Etxe abeslariak egindako kanta horren bertsioa iruditan uzten genuen. Markel Del Riok ere ez zuen zalantzan jartzen erronka lortzearena: “noski lortuko dugula,eta 10.000 ez.15.000 gutxienez!!”.

Duela pare bat aste eta Euskararen Nazioarteko Egunari begira, euskararen ginkana sarean zela kontatzen genizuen eta Kutxa Ekoguneak aste honetan gurean parte hartu du eta ondorengo galdera bota digu: “Irakurtzea asko maite duzu, baina ba al dakizu zein den euskaraz idatzitako libururik zaharrena? Eman erantzuna www.euskararenginkana.net helbidean!”. Ba al dakizue? Guk horman ere esaten genizuen bagenekiela.. eta dagoeneko hartu dugu parte, ia globoan hegaldia lortzen dugun. Zuetakoren bati egokituz gero, kontatu zer moduzko esperientzia izan den!!

Euskararen eguna geroz eta hurbilago dago eta ari gara gure koadrila handitzen Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Oraindik “Gustuko dut” botoiari eman ez dion norbait ezagutzen baduzu, badakizu!! Euskaldun guztiok egon behar dugu txoko honetan. Jarraitu geure hizkuntzaren inguruko kontuak hemen partekatzen, guk zuek kontatutakoak Euskaren blog honetan bilduko ditugu eta. Josunek utzitako kantuaren lehendabiziko hitzekin, agur esango dizuegu gaurkoz. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen,eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten…handik… nekez….Guk Euskaraz… Zuk Zergatik ez? Badakizue, Euskaraz bizi!! :-)

Euskarak izango al ditu 10.000 lagun Facebooken? Erronka bero dago

2011(e)ko Azaroak 17 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Euskararen Eguna ate joka daukagu eta eguna mundiala izatea nahi dugu. Hori dela eta, Facebookeko orrialdean erronka abiatu genuen duela aste batzuk. Dagoeneko ba al zara Euskaldunok Euskaraz orrialdearen lagun? Abenduaren 3an izango ditugun kontzertuez gainera, euskararen inguruko beste hainbat konturi errepasoa egingo diegu gaurkoan. Goazen, bada, laburpenarekin! :-)

Euskaldunon eta Euskararen txokoak ez du arnasarik hartzen, eta euskararen inguruko jakintza aditzera emateaz gainera, egunotan erronka ederra daukagu martxan, datorren abenduaren 3rako, 10.000 lagunek euskaldunok euskaraz orrialdea gustuko izatea. Horren aurrean, zuetariko askok horman parte hartu duzue eta erronka lortuko dugula aipatzen zenuten. Joxemari Carrere, esaterako, erronkatik haratago joan: “10.000 bakarrik? Gu Roberto Carlos kantari brasildarra baino gutxiago ez gara izango, badakizue: “Yo quiero tener un millón de amigos…” Hark lortu bazuen… guk 2 milioi, edo gehiago!!!”. Ohiana Prietok, Iker Iturriegik, Gurutzeta Sorondok eta Izaskun Kortazarrek ere lortuko dugula uste dut, eta Imanol Ibaigorriagak, berriz, hitz eder hauek uzten zituen euskararen txokoan: “Berbetan, eskribiduten, esateko eran, nazena naz euskaraz, besarkada bat danoi”. Besarkada handi bat zuri ere, baita gugan sinestu duzuen guztioi ere!

Eta ez gara aspertuko Euskaren Eguna mundiala izango dela esaten. Gaztea irratiak ere orrialdean parte hartzen zuen eta, datorren abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta, Gasteizko Mendizorrotza Kiroldegian hainbat kontzertu izango direla kontatzen zigun. Gogora ekartzen zuen, gainera, “Euskaldunok euskaraz orrian erronka dutela eta abenduaren 3rako 10.000 lagun izatea nahi dutela. Lortuko al dute?”. Lortuko ez dugu ba! Zuen laguntzarekin, hori eta gehiago lortuko dugu, ziur. Gatibu, EH Sukarra, Kerobia eta Hesian taldeak izango dira Euskararen Eguneko giroa berotuko duten taldeak.

Euskara telebistan eta teknologia berrietan

Teknologia berrien presentzia geroz eta handiagoa da euskal gizartean, eta euskarak ere badu bere txokoa mundu honetan. Iragan ostiralean euskarak Facebookean proba-garaia gainditu zuela kontatzen genizuen. Aurrerantzean, beraz, Facebook sare sozialak eskaintzen dituen tresna guzti-guztiak dagoeneko euskaraz ditugu!

Hau guztiaz gainera, eta teknologia berrietan euskara areagotzeko asmoz, igande honetan, azaroak 20, hauteskunde gaua euskal blogariekin pasatzeko gonbitea luzatzen genizuen. Hirugarren hitzordua da hau, duela bi urte pasatxo hauteskunde autonomikoetan egin baitzen lehenengoz baita azken udal eta foru hauteskundeetan ere, bigarrengoz. Animatzen al zara 2011ko hauteskunde orokorrak euskal blogariekin igarotzera? Gainera, Txio zerbitzua probatzeko aukera izango da, hitzordu ezberdinak sare sozialen bitartez jarraitu ahal izateko zerbitzu berria.

Eta sare sozialetatik telebistara egingo dugu saltoa, izan ere, astelehen honetan Mihiluze saioak, euskararekin jolas egiten duen saio honek, denboraldiko lehen sari potoloa banatu zuten eta, hala, Aitor eta Iñigok 22.815 euroko saria irabazi zuten. Aupa bikote, zorionak, eta segi euskaraz jolasean!

Eta amaitzeko, bertsolaritza gustuko dutenentzat aipamena. Pasa den igandean Hitzetik Hortzera ETB-1eko saioa eskaini zen telebistan. G Puntua eta Sarako bertso afaria izan zituen protagonista, eta EiTB Nahieran saioa oso osorik ikusteko aukera eskaintzen genizuen. Ikusi al duzue? Benetan merezi du!!

Eta honekin gaurkoz amaiera emango diogu laburpentxoari. Badakizu, euskaldun, hauxe da zure txokoa. Partekatu euskararen inguruko albisteak, hitzorduak, argazkiak… Guk zuek esandakoak Euskararen blog honetan bilduko ditugu. Eta ez ahaztu, egin euskaraz! Muxu potolo bat guztioi eta laster arte! Pozik bizi! :-)

Euskararen ginkana sarean da! Euskararekin ondo pasatu nahi al duzu?

2011(e)ko Azaroak 10 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira, Euskararen Ginkana lehiaketa antolatu dute sarean. Gogoratu, gainera, erronka dugula abian egun horretarako. Dagoeneko ba al zara Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdearen lagun?

Kutxa Ekoguneak, Euskararen Udal Patronatuarekin elkarlanean Euskararen Ginkana lehiaketa abiarazi zuen iragan astean. Esteka honekin jakitera ematen genizuen lehiaketa honen berri. Astero parte hartzaileek www.euskararenginkana.net webean euskarari buruzko galdera edo proba bati erantzun beharko diote. Lehiaketa gazteei zuzenduta dago bereziki eta banaka jokatu behar da. Modu erraza eta polita euskaraz jolasteko ezta? :-) Ba hori ez da dena, sariak baitaude jokoan. ¡Animatu eta eman izena, sare sozialetan eta teknologia berrietan euskararen presentzia gehitzea beharrezkoa da eta!

Eta abenduaren 3an egingo den euskaren aldeko jai handiaren harira, gogoratu nahi dizuegu erronka dugula abian! Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean abenduaren 3rako 10.000 lagun batuko al ditugu?. Dagoeneko 5.640 lagun gara, baina burugogorrak garela diote, ba nabaritu dadila!! Ia denon artean euskararen txoko eder hau handitzea lortzen dugun. Aurtengo Euskararen Eguna mundiala izango da! Gomendatu txoko hau zure lagunei, hilabete baino gutxiago dugu eta erronka gainditzeko!!

Eta atzo bertan Hiru3 eitb.com.eko atari berriaren berri ematen genizuen, Interneten marrazki bizidunak ikusteko aukera zabala eskaintzen duen orria. Aurrerantzean, beraz, Dragoi Bola, Shin Chan, Doraemon… ETB-3n gaur egun emititzen diren marrazkiak edozein momentutan Internet bidez ikusteko aukera dago, eta soilik klik eginez zure marrazki bizidun edo saiorik gustukoena ikus dezakezu! Raquel Ibarluceak, pozik, horrela esaten zigun: “Hau bai ona! nere semi Mikeleri asko gustatzen jako Txirri,Mirri, eta Txiribiton ikusten eta Amerikatan bakarrik ikusi leike dogu Domeketan”. Gu ere izugarri pozten gara, Raquel, telebista euskaraz ikustea euskaldunontzat berri bikaina baita!! :-)

Honekin amaiera emango diogu gure gaurko postari. Euskara maite baduzu eta euskalduna bazara, parte hartu gure Facebookeko orrialdean, gure hizkuntzaren inguruko albisteak biltzen ditugu eta txoko honetan, eta ondoren, blog honetan biltzen ditugu zuek esandakoak. Aupa zuek!! Ondo ondo pasa egun hauek eta eskerrik asko!!

Euskarazko aditzak jolasean landu nahi?

2011(e)ko Urriak 27 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Euskarak eta euskal aditzek lanak ematen dizkigute zenbaitetan eta horri aurre egiteko asmoz, erreminta berri bat aurkeztu dizuegu Facebookeko orrialdean. Hori eta mugikorretarako aplikazio baten berri, gaurko laburpenean. Goazen jolasean, gaurko postarekin!

Eskolan baita eskolatik kanpo ere maiz izan ohi ditugu buruko minak euskal aditzekin. Ba… badaukagu irtenbidea!! Nola? Hemen aurkezten dizugun tresna berri honen bitartez. Eskolako ohiko taula aspergarriak albo batera utzi eta kasuak eta pertsonak aukeratu beharko dituzu, eta ondoren webguneak adizki zuzena emango dizkizu. Klik eginez, eta modu erraz, xinple eta intuitiboan, Euskal aditzak ikasteko eta zalantzak argitzeko webgune berria da Aditzak.com, Ideatecak hil honetan argitaratu berri duen txokoa. Askok eta askok eman diozue “Gustuko botoiari” eta Amaia Irabak, berriz, tresna berriaren inguruko iruzkina utzi du: “ideia ona iruditzen zait”. Jolastu, egin klik eta ikasi aditzak behar den bezala erabiltzen!

Izugarria da sakelako telefonoek nola aldatu duten mundua. Honetan ere euskaldunok euskaraz egin nahi dugu, eta orain arte ez dugu aukera handirik izan. Aurten ordea, Nonicken, Bilbon eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joeren inguruan antolatzen dituzten nazioarteko biltzarrean ideia berri bat sortu da, eta ideia hori, gauzatu da dagoeneko. SwiftKey tresnaren euskarazko bertsioaz ari gara, norberaren mugikorrarekin euskaraz hitz bat idatzi eta hurrengo hitzaren lehen hiruzpalau letrak soilik tekleatuta, telefonoak euskaraz hitz osoa zein den aurreikusi eta automatikoki idazten duen aplikazio berriaz. Sakelakoan ere euskaraz egin nahi dugu!! Hemen duzue azalpen bideo bat eta egin froga!!

Amaitzeko gogorarazten dizuegu erronka dugula martxan zuentzako. Abenduaren 3a, euskararen eguna, egun mundiala izatea nahi dugu eta horretarako zuen laguntza behar dugu. 10.000 lagun bildu nahi ditugu! Lortuko al dugu? Euskaldun asko gara Euskal Herrian, eta nabaritu dadila! Animatu zuen lagunak gure lagun egitera!! Euskararen eta euskaldunon topalekua da hau eta, beraz, partekatu geure hizkuntza honen inguruko albisteak, hitzorduak… eta beste zenbait kontu gure horman. Ez ahaztu Euskaldunok Euskaraz egin behar dugula!  Pozik bizi!! :-)