Etiketa honen artxiboa: eskola

Eskolaren lana euskararen erabilera sustatzeko

Tribuaren Berbak saioan, eskolak euskararen erabilera indartzeko egiten ari diren lanaz aritu dira Kike Amonarriz eta haren gonbidatuak.

estatistika

Iaz, milioi erdi pasatxo ikasle izan zen Euskal Herrian, Haur hezkuntzatik hasi, eta Lanbide Heziketaraino. Horietatik, % 51k D ereduan ikasi zuten, euskara hutsez; % 15ek, B ereduan, eredu elebidunean: % 14k A ereduan, euskara irakasgai gisa soilik izanda; eta % 20k erdara hutsez. Datu horiek asko aldatzen dira eremu administratiboaren arabera, ez baita egoera bera EAEn, Nafarroan, eta Ipar Euskal herrian.

suberbiola

Pablo Suberbiola

Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak dio euskararen erabilera oso desberdina dela ereduaren arabera, bai ikasgelan, bai jolaslekuan. Jakina, D ereduan da handiena. Dena dela, nabarmendu du eredu bakoitzeko erabilerak aztertzerakoan kontuan hartu behar dela bakoitzeko ikasleen tipologia oso desberdina dela. Ikasleak bizi diren ingurunean dagoen erabileraren parekoa izango da erabilera bai eskolan, baita handik kanpo ere. Beraz, eskolak erabilera bultzatzeko zer hobetu badu ere, beste sektore batzuetan askoz gehiago dago hobetzeko.

Nola lor daiteke euskara eskolako hizkuntza izatetik bizitzako hizkuntza izatera heltzea? Jasone Aldekoa Hezkuntza Berriztatzeko aholkulariak azaldu du Ulibarri programarekin ari direla lanean arlo horretan. Helburua da nerabeak izatea euren hizkuntza hautuaren jabe. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da familiaren atxikimendua, hor egiten delako hizkuntzaren erabilera intimoa. Bestalde, ezinbestekoa da aisialdiko jarduera guneen lana.

Ikasleei eurei ere galdetu die Kikek, eta, haien hitzetan, beharrezkoa dela euskaraz eskaintza handiagoa izatea entretenitzeko; eskolatik kanpo ere erabil dezaketela sumatu behar dute. Hau da, euskarak erakargarri izan behar du eurentzat.

gasteizEskola asko ari dira saiatzen paper gaineko teoriak praktikara eramaten. Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan izan da, hasteko, Amonarriz. Bertako arduradunek esan diotenez, “euskaraz gero eta gehiago dakite, baina gero eta gutxiago erabiltzen dute”. Oso gazte direnean asko hitz egiten dute, baina handitzen doazen heinean, galtzen doaz. Horregatik, euskararen erabilera sustatzeko lan handia egiten dute, eta eustea lortzen dute.

Hernaniko Inmakulada kristau eskolan % 10 baino ez dira euskaldunak. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan D eredua dute ezarrita, baina DBHn B eredua dute, etorkin ugari matrikulatzen baitzaie maila horietan. Ikasgela barruan eta kanpoan euskaraz aritzen dira HHn eta LHn; DBHn, berriz, gaztelaniaz. Hernaniko Dobera euskara taldekoekin lankidetzan, egitasmoak gauzatzen dituzte aisialdian euskararen erabilera sustatzeko. Zeregin nagusitzat dute euskararen gaineko sentimendua eta motibazioa sortzea, “horren atzetik etorriko delako erabiltzeko grina”.

Tolosako Laskorain ikastetxean % 96 aritzen dira euskaraz gelan eta jolastokian. 80ko hamarkadan, berriz, egoera bestelakoa zen; garapen horretan lan izugarria egin du “Euskaraz Bizi” planak. Helburu nagusiak dira hitz egitea, errotzea eta adin desberdinetara iristea. Adinak kontuan hartuta, HHn eta LHn lortu nahi dute ikasleek eskolan eraikitzea harreman sare euskalduna. Horretarako, ezinbesteko laguntzailea da Argitxo iratxoa. LHko 2. Eta 3. zikloetan, ikasleek berezko duen lehiako eta jolaserako joerei heltzen zaie; eta DBHn ikasleei gogorarazi nahi diete zein garrantzitsua den euskaraz bizitzea.

anikostera

Ani Kostera

Kanboko Xalbador ikastegian 317 ikasle dituzte. Barnealdeko herrietatik datozenek, etxean euskaraz aritzeko aukera izaten omen dute; kostaldekoek, berriz, gutxiago. Lehen ikasgela barruan zein kanpoan arraroa zen ikasleek komentarioren bat frantsesez egitea. Gaur egun, ordea ez. Beraz, berreskuratze lan horretan, eskolak funtzio publikoa du. Gainera, euren gain hartzen dute ikasleei euskararen etorkizuna euren eskuetan dagoela ikustarazteko ardura. Kontzientzia hori landu behar dute gurasoekin eta haurrekin. Dena den, ikastetxeko arduradunek adierazi dute ofizialtasuna lortzeak gauzak asko erraztuko lituzkeela.

Nafarroan, legea aldatzeak D eredua zabaltzeko aukera gehiago emango du datorren ikasturtetik aurrera. Hori pozgarria da Sortzenen arabera, baina arazo batzuk gainditzeko beharra dago oraindik ere. PAI programa ezartzeak (ingeles ordu gehiago sartzeko) kalte egin dio euskarari. Gainera, hiztun kopuruak gora egin du, baina erabilerak, ordea, ez. ETB3 bertan ezin ikusi izanak eragin handia izan du, marrazki bizidunak euskaraz ezin ikusita, euskaraz zegoen esparru bat galdu baita. Sortzenek ikasleen erabilera sustatzeko egiten du lan, normalean familiak erdaldunak direlako, eta gaztelaniaz hitz egiteko joera dutelako.

jasonecenoz

Jasone cenoz

Jasone Cenoz EHUko katedradunak dio hizkuntza akademikoa lantzea beharrezkoa dela, eta eskolak lan hori egiten duela. Dena dela, nabarmendu du euskara eguneroko bizitzako hizkuntza bihurtu behar dugula. Bestalde, eleaniztasunaren garrantzia ere azpimarratu du: “Euskara babestu behar da, eta gehiena euskaraz egin behar da, baina beste hizkuntzak ere landu behar dira, beharrezkoak direlako”.

Saioa amaitzeko, Irungo Berritzeguneko Iñaki Biainengana jo du Amonarrizek. Haren hitzetan, eskola euskararen arnasgunea da, eta lan handia egin dezake, baina ezin du bakarrik egin. Beste “hanka” batzuk behar ditu: familia, aisialdiko eskaintza eta hedabideak. “Euskara erabiltzen jarraitzea nahi badugu, euskararen aldeko jarrera modu sistematikoan lantzen hasi beharko ginateke”, esan du. Gainera, familiei dagokienez, garrantzitsua da umeei transmititzea euskara erabiltzeko ohitura. “Erakutsi behar zaie euskara ongi ikastea inbertsio garrantzitsua dela etorkizunean lan munduan integratzeko eta sozializatzeko”.

Urtetan eskolaren bizkar gainean ipini da euskalduntzearen erantzukizuna. Irakasteari, ikasleen ezagutza-multzoa handitzeari, euskararen gaineko trebetasun-maila ere areagotzea eskatu zaio. Hiztun osoak sortzeko, ordea, gizarte osoa da beharrezkoa. Bizkar-zorroa elkarbanatuta aiseago eramaten dela zama, alegia.

Arrasate: euskara eta kooperatibismoa

arrasate_aitzindari_1024x576

Arrasate aitzindaria izan da, bai euskara talde eta euskal komunikabideen sorreran, bai eta kooperatibismoari dagokionez ere. Ideia hau jorratu du eta bi ideia horiek uztartzen saiatu da aste honetan ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioa.

Joxemari Muxika AEDko presidente ohia

Joxemari Muxika AEDko presidente ohia

Horretarako Kikek Amonarrizek Joxemari Muxika AED Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko presidente ohiarengana jo du lehendabizi. Elkartea, erreferentzia bilakatu zen gainontzeko euskara talde zein elkarterentzat.

AED 1983. urtean sortu zen euskara arrasatearren bizi-esparru guztietara zabaltzeko helburuarekin. Garai hartan, gaztelaniak itota zuen euskaldungoa eta Arrasate erdal mundu batean bizi zen. Testuinguru gordin horretan, euskararen egoeraz kezkatuta zegoen zenbait ‘kontzientziadun’ pertsona bilduta osatu zuten elkartea.  Gauzak horrela, lantalde ezberdinak jarri zituzten martxan euskararen erabilera bultzatzeko. Horien artean, gaur egun Arrasaten oso garrantzitsuak diren bi: lan-mundua eta hedabideak (Arrasate Press aldizkaria, egun Goeiena Telebista den Arrasate Telebista…).

Iban Arantzabal, Goienako zuzendaria

Iban Arantzabal, Goienako zuzendaria

Goiena Telebista Debagoieneko eskualdean eta Aramaion ikus daiteke, eta bertako gertaerei buruz aritzeaz gain harrobi lanak ere egiten ditu, hamaika kazetarik, aurkezlek eta teknikarik hemen eman baitituzte lehen urrats profesionalak. Anne Igartiburu, Maider Egues eta Asier Aranguren, adibidez, Arrasate Telebistan hasi ziren. Kike Amonarriz bertara hurbildu da, eta Iban Arantzabal, Goienako zuzendariarekin hitz egin du komunikazio taldearen (telebista, irratia, prentsa, internet, mugikorretarako aplikazioak…) inguruan gehiago ezagutzeko. Herria, herritarrak, inguruko edukiak eta euskara ditu Goeinako komunikazio taldeak oinarri.

Bestalde, kooperatibismoa XIX.mendean sortu bazen ere, Arrasate ere erreferentzia bilakatu da zentzu horretan. Kooperatibismoa da Arrasate munduko mapan kokatu duena, Mondragon Korporazioa bertan sortu eta bertan errotu baita. 289 erakundez osaturik dago, 80.000 langile baino gehiago ditu mundu osoan zehar, eta Euskal Herriko enpresa talderik handiena da.

Arianne Kareaga Lankidetzaren Ikertegiko (LANKI) kidea

Arianne Kareaga Lankidetzaren Ikertegiko (LANKI) kidea

Tribuaren Berbak saioa kooperatibismoa gertutik ezagutu nahi du, eta horretarako Arianne Kareaga Lankidetzaren Ikertegiko (LANKI) kidearekin hitz egin du. Mondragon Unibertsitateak kooperatiben esperientzia ikertzeko xedez sortu zen 2000.urtean.  Kooperatibismoarentzat unerik gozoenak ez badira ere, eredua zalantzan ez dagoela azpimarratu nahi izan du Ariannek. Euskarak kooperatibismoaren filosofian izan duen garrantziaz ere hitz egin digu ( Almen ikastola, HUHEZI irakasle eskola, euskara planak…).

Nuria Agirre, Laboral Kutxako Giza Baliabideetako zuzendaria

Nuria Agirre, Laboral Kutxako Giza Baliabideetako zuzendaria

Mondragon Korporazioaren beste erakunde batengana jo du Kike Amonarrizek:  Nuria Agirre Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendariarekin hitz egin du, euskarak kooperatibetan bizi duen egora ezagutzeko. Nuriak azaldu digunez, Laboral Kutxak garrantzia handia eman dio betidanik euskarari, euskara eta euskal kultura sustatzea euren izaeraren oinarri direlarik.

Unai Diego, Orbea-Txinako zuzendaria

Unai Diego, Orbea-Txinako zuzendaria

Bestalde, Orbea ere Mondragon taldeko beste kooperatiba bat da. Hasieran, armagintzari lotutako enpresa bat izan zen, baina gaur egun bizikletaren negozioa ardatz du. Egoitza nagusia Mallabian du, baina Portugalen eta Txinan ere baditu fabrikak. Mundu guztian zabalduta dagoen euskal marka da. Horrela, Kike Amonarrizek Unai Diego Orbeak Txinan duen zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan du, skype bidez.

Beraz, Arrasate herri sarrailagile bat izatetik euskarekin harreman zuzena duten finantza, banaketa, industria eta ezagutza lantzen dituzten hainbat enpresaren habia bihurtu dela ikusi dugu aste honetako ‘Tribuaren Berbak’ saioan.

Nola gerturatu etorkinak euskarara?

Etorkinek euskararekin daukaten harremana ikertu du aste honetan ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioak; guregana datozenek euskara nola jasotzen duten eta euskarara nola gerturatu ditzakegun jakiten, hain zuzen ere. Eta ongi-etorri goxoa eginez, gure hizkuntza hobeto hartzen dutela ondorioztatu du.

Etorkinei buruzko 'Tribuaren Berbak' saioa

Etorkinei buruzko ‘Tribuaren Berbak’ saioa

Hego Euskal Herrian 285.000 etorkin inguru bizi da gaur egun, biztanleriaren %7,3. Euskal Autonomia Erkidegoan, esate baterako, 58 mila amerikar, 41 mila europar,37 mila afrikar, 12 mila asiar, 121 ozeaniar eta 30 aberrigabe bizi dira.

Horiek guztiek euskara bere egin dezaten, eskolak paper garrantzitsua jokatzen duela irizten dio Amelia Barquin HUHEZIko irakasleak. Orain arte bezala, kanpotik datozkigun ume horiei harrera ona egin, “karinoz hartu”, eta bertakoei ematen zaizkien aukera berberak ematen jarraitu behar duela aurrerantzean ere dio Barquinek.

Amalia Barquin HUHEZIko irakaslea

Amalia Barquin HUHEZIko irakaslea

Eta era berean, haur bakoitzaren egoera ulertzen eta, behar denean, goxatzen saiatzea ere garrantzitsua da. Izan ere, lehen aldiz gure eskoletara iristen diren etorkinen egoerak oso ezberdinak dira: batzuk txikiak dira, besteak dagoeneko helduagoak, batzuk ikasturte hasieran datoz, besteak ikasturtea aurreratua dagoenean, kasu batzuetan familiek arazo juridikoak izan ditzakete… Horrek guztiak estresa eta egonezina sor dezake gaztetxoengan, beraz, ulertzea eta laguntzea ezinbestekoak dira gizartean integratu daitezen, baita hizkuntzari dagokionean ere.

Xabier Mendiguren, EH 11 Kolore

Xabier Mendiguren, EH 11 Kolore

Eta ez eskoletan bakarrik. Xabier Mendigurenek EH 11 Kolore elkarteko ordezkariak ere gauza berbera aipatzen du. Gure ongi-etorria eta abegia eskainiz, errazago integratuko zaizkigu eta ulertuko dute bertako hizkuntza errealitatea. Horrekin batera, Xabierren hitzetan, euskarak guztion arteko lokarri funtzioa bete behar du eta horretarako bitartekoak behar direla dio.

Horrela bada, Eskoriatzako Udalak etorkinei euskara ezagutzeko eskura jartzen dizkien baliabideak ezagutu ditu ‘Tribuaren Berbak’ bertako euskara teknikaria den Mari Carmen Arrietaren eskutik. Txikienentzako aisialdi programak eskaintzen dituzte, bertan jaiotako haurrekin batera eta, noski, guztiak euskaraz. Horrez gainera, nerabeei apropos zuzendutako euskara eskolak ere ematen dituzte. Eta helduenentzat Topagunearekin batera bideratzen duten Auzoko izeneko programa daukate; etorkinek eta bertakoek elkar ezagutzea ahalbideratzen dute eta gure hizkuntza errealitateaz jabetzen dira.

Yuli Vargas kubatarra 'Tribuaren Berbak' saioan

Yuli Vargas kubatarra ‘Tribuaren Berbak’ saioan

Eskoriatzan bertan, Yuli Vargas kubatarra ezagutu du Kikek. Yuliren hitzetan hona etorri zenean ez zekien euskara bazegoenik ere. Ondoren, euskara ikasten hasi zenean eta hitz egiten saiatzen zenean, euskaldun askok erdarara jotzen genuela konturatzen zen eta ezin zuen euskara nahi adina erabili, batik bat trabatzen zenean. Baina, ikasten jarraitu zuen eta gaur egun primeran hitz egiten du; batuaz gainera, Eskoriatzako hizkera ere ikasi du.

Saioa osorik ikusteko:

Euskarak aisialdi egitasmoetara irten behar du

Euskararen inguruan egindako ikerketek esaten digute euskararen ezagutza hazten ari dela, haur eta gazteengan bereziki. Baina ingurura begiratuta, sarri entzuten ditugu gaztetxoak erdaraz kalean. Fenomeno hori aztertu du aste honetan Kike Amonarrizek gidatzen duen ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Eskolan haur gehienek euskaraz ikasten badute, zergatik ez ditugu kalean horiek denak euskaraz aditzen?

Pablo Suberbiola soziologoa

Pablo Suberbiola soziologoa

Eusko Jaurlaritzak eta Soziolinguistika Klusterrak egindako Arrue ikerketa eskuetan hartuta hasi du ibilbidea ETB1eko saioak. Pablo Suberbiola soziologoarekin aztertu dituzte ikerketa honetatik ateratako datuak eta lehendabiziko datua da EAEko Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen %60 euskaraz mintzatzen dela gelan ikaskideekin.

Haur horiei etxean nola aritzen dien galdetuz gero, %20k erantzun zuten euskaraz aritzen direla eta, lagunekin txateatu zuten azken aldiaz galdetuta, %26k erantzun zuen euskaraz izan zela.

Beraz, adin horretako gaztetxoek eskolan gehiago egiten dute euskaraz kalean baino. Gainera, adinean gora eginda, gelan euskaraz aritzen diren gazteen portzentajeak behera egiten du; 13-14 urtekoen artean adibidez %29k egiten du euskaraz eskolan.

Ondorioz, Suberbiolaren hitzetan eskolak eremu babestu bat ematen die haur eta gazteei bertan euskaraz aritzeko, baina kanpora irtetean bakoitzak inguruan gehien erabiltzen den hizkuntzari heltzen dio.

Txatxilipudi elkartea, Arrasate

Txatxilipudi elkartea, Arrasate

Euskararen erabilera sustatu nahi baldin bada, komenigarria da gazteen aisialdiko ekintzetan eragitea. Eta hala egin dute hainbat herritako euskara zerbitzuetan eta euskara elkarteetan. Adibide bat Arrasateko Txatxilipurdi elkartekoa da. Aisialdirako ekimenak antolatzen dituzte: ludotekek, udalekuak… Alde batetik, kalera atera dituzte egitasmo horiek, gazteek euskara leku itxiekin erlazionatu ez dezaten. Eta bestetik, gazteei eurei hitza eman diete. Herriko plaza batean zer egin zitekeen gazteek eurek erabaki zuten eta erabakitakoa martxan jarri zuten. Hori guztia euskaraz.

Euskara zerbitzua, Lasarte

Euskara zerbitzua, Lasarte

Lasarteko euskara zerbitzuan ere aspaldi ikasi zuten euskara aisialdi guneetan bultzatu behar dela, erabilera zabaldu dadin. Eta eman ditu fruituak; izan ere, dituzten datuen arabera 1986an %43 zen euskaraz ongi aritzeko gai eta gaur egun %86ra igo da kopuru hori. Martxan jarritako ekimenetako bat Kuadrilategi da. Gazteentzako aisialdiko ekintzak antolatzen dituzte, baina koadrilan eman behar dute izena, taldean hartu behar dute parte. Eta horrela, koadrilako hizkuntza ohituretan eragitea dute helburu.

Azkenik, Sarako Gozatuz bizi ekimenaren berri ere eman dute ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Guraso eta haurrek aisialdi denbora elkarrekin eta euskaraz pasatzea du helburu egitasmo honek.

Izan ere, haurrak imitatzaile bikainak dira. Helduok egiten duguna errepikatzen dute etengabe, baita hizkuntza ohiturei dagokionean ere. Horregatik gure haurrek euskara erabili dezatela nahi badugu, helduok hasi behar dugu hizkuntzaren aldeko hautua egiten.

Hori argi dute Real Sociedad futbol taldean ere. Badakite haurren eta gazteen eredu direla eta balore asko zabaltzen dituztela, baita hizkuntza ohitura ere.

Realeko entrenatzaile eta jokalariak Kikerekin

Realeko entrenatzaile eta jokalariak Kikerekin

Taldean erdia inguru euskaldunak dira, entrenatzailearengandik hasita. Hori dela eta, naturala da euskaraz aritzea Realeko jokalarientzat, nahiz eta euskaldunak ez direnekin erdaraz egiten duten. Eta horrela, euskaraz, agertzen dira jarraitzaileen aurrean ere.

Gainera, badakite euskarak bestelako abantailak ere badituela kanpoko taldeen aurka ari direnean batik bat. Etsaiek normalean ez dute ulertzen elkarri esaten diotena eta jokaldia komunikatzerakoan ondo etortzen zaie.

Jon Ansotegik dioen bezala alor guztietan bizi daiteke euskaraz. Erabiltzea da egin behar den bakarra.

Ikusi saio osoa