Euskararen nazioarteko eguna, euskarak milaka aurpegi, e-uskaltegia
Kaixo guztioi!
Zer moduz joan da astebukaera? Bide batez, Zorionak Erreala eta errealzaleoi!!Espero dugu ospakizun galantak egotea Gipuzkoa aldean. Nahiz eta kalean euria zarra-zarra dabilen, gure blogeko orrialdean informazioa eta alaitasuna dira nagusi . “Euskaldunok Euskaraz” orrialdeko hesian jasotakoekin laburbilduma prestatu dugu oraigo aste honetan ere.
Hasteko, Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira, nik ere euskaraz, guk ere euskaraz eta beste hamaika aldaera hartzen dituen lelo mutantearekin gazteen artean euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina jarri du abian Donostiako Euskararen Udal Patronatuak.
Euskarak milaka aurpegi, milaka ahots ekimena kanpaina honen baitan dago. Webgune honen bidez kanpainarekin atxikimendua adierazten duten pertsonen argazkiekin osaturiko mosaiko bat egiten ari dira. Norberak bere argazkia webgunean kargatu ahal izango du modu errazean eta automatikoki argitaratuko da webguneko mosaikoan, aurretik bat egin duten gainontzeko pertsonen argazkiekin batera.
Eusko Ikaskuntzak ere Euskararen Nazioarteko eguna izango dela eta, beste ekimen bat antolatu du. Beñat Mendietak dioen bezala: “Euskararen egunerako diseinatu diren kamiseta bat lor dezakezu, euskararen hitz politena zein den esanez eta zergatik, azaroaren 29a baino lehen. Animatu!”
Bestalde, Maite Lasak ere beste web orrialde baten inguruko informazioa ekarri digu, e-uskaltegiarena alegia. “Gune
honetan euskara lantzen lagunduko dizuten hainbat baliabide topatuko duzu. Horien artean zure kabuz lantzeko moduko baliabide asko eta baita AEKren online katalogoa eta haren inguruko informazioa ere.” Baina ez da informazioa utzi digun bakarra izan, Begoña Ugartek, Aunia eleberriaren ingurko informazioa utzi digu, bertan euskal herriko janzkera historikoen inguruan hitz egiten da.
Aste honetan hauek izan dira blogean utzi dizkiguzuen notiziarik nabarmenenak, animatu parte hartzen eta informazioa blog honen bitartez zabaltzen!

Zure iritzia