Etiketa honen artxiboa: bertsolaritza

Euskara eredu ere badelako!

Euskara bere txikitasunean handia da, eta beste hizkuntza gutxitu batzuentzat eredu dela erakustera etorri zaigu ‘Tribuaren berbak’ saioaren azken atala.

Eredu ere bagarelako” izenburupean emititu du ETB1ek aste honetako saioa. Euskara zenbait alorretan, eta zenbait lurralderentzat, erreferente dela erakutsi du, eta, horretarako, hainbat pertsonaren esperientziak eta iritzia bildu ditu Kike Amonarrizek.
tribu-garabide_1024x576

Garabide hizkuntza lankidetza egiten duen garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Maddi Iñarrak eta Ander Bolibarrek azaldu dute hizkuntza biziberritzeko planak egiten dituztela, batik bat, Hego Amerikan. Euren ustez, hizkuntza berreskurapena da Euskal Herriak munduarekin elkarbanatzeko duen esperientzia interesgarrienetako bat. Kolonbiarekin, Guatemalarekin, Ekuadorrekin eta Mexikorekin harreman iraunkorra dute, eta herrialde horietako hainbat komunitatek eredu hartzen dute Euskal Herria hezkuntza-ereduari, herrigintzari eta komunikabideei dagokionean.
tribu-egana_1024x576
Bertsolaritza oso gurea dugu, eta, garai batean hala pentsatzen bazen ere, ez da kantu inprobisatuen adibide bakarra munduan. Portugalen, Galizian, Kanaria Uharteetan, Bretainian eta Iberoamerikan, besteak beste, topa ditzakegu horren adibideak. Gainera, azken urteotan asko zabaldu eta indartu dira bertsolaritzak kantu inprobisatua lantzen duten beste herrialdeekin dituen harremanak. Andoni Egaña bertsolariaren hitzetan, ezagutu dituzten munduko beste kultura guztietan, hemen bezala, amaieratik hasten dira bertsoa eraikitzen. Aldiz, kultura gehienetan musika-tresnen laguntzaz inprobisatzen dutenez, bitxia egiten zaie gure bertsolariek “a capella” kantatzea. Alabaina, atzerrian, bertsogintzak berak baino gehiago, hemengo auto-antolatzeko moduak harritu du jendea gehien; hau da, Bertsolari Elkartea sortzeak, eta hark ikerketak, zabalpenean eta transmisioan egindako lanak.
tribu-korrika_1024x576
Korrika ere erreferente da euskararen sustapenean. Lau urtean behin Euskal Herria kilometroz kilometro zeharkatzen duen lasterketa herrikoia 19.enez abiatuko da martxoaren 19an. Asier Amondo arduradunak adierazi du Korrika badela “auzolanaren eta elkarlanaren adibide”, eta “horrek laguntzen gaitu ahalduntzen, alde batetik, eta, bestetik, euskahalduntzen”. Bestalde, nabarmendu du kanpoko beste hizkuntza gutxitu batzuentzat erreferentzia ere badela, eta munduan dituen beste “anai-arreba” txiki batzuk aipatu ditu: Correlingua (Galizia), Correllengua (Katalunia), Corsa per la lenga (Val D’Aran), Ar Redadeg (Bretainia), Ray yr laith (Gales) eta Rith (Irlanda).

AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak, Korrikaz beharrean, helduen euskalduntze-alfabetatzeaz hitz egin dio Kike Amonarrizi. Haren hitzetan, hemen daukatribu-mertxemugika_1024x576n dimentsioa ez dauka beste inon. Dena den, adierazi du Kataluniari “inbidiaz” begiratzen diola. Izan ere, bertan, heldu batek katalana ikastea erabakitzen duenean, lehen eta bigarren mailak doan dauzka; hori ez da gertatzen, aldiz, euskarara ekarrita. Instituzio nagusiek laguntzen badute ere, (“eta eskerrak!”), ez dago Kataluniaren pareko “doakotasunik”.

Saioaren amaieran, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao elkarrizketatu ditu, elkarrekin, Amonarrizek.

Euskararen indarguneei dagokionez, Baztarrikak hezkuntza eta helduen euskalduntzea aipatu ditu, eta esan du “erreferente garela hizkuntza politika integralak ditugulako (hedabideetan, zerbitzu publikoetan, administrazioan, IKTetan, unibertsitatean…)”. Aitzitik, Bilbaok azpimarratu du euskalgintzatik zenbat proiektu sortu den, zenbat ekarpen egin zaion bai norbanakoak, bai espazioak euskalduntzeari. Nonbait, ez da ohikoa kanpoan eragileak, enpresak eta abar gai izatea komunean jartzeko euren printzipioak, eta ahots bakar batez hitz egitea.

tribu-baztarrika-bilbao_1024x576Ahulguneei buruz ere hitz egin dute. Kontseiluko idazkari nagusiak herritarrak aktibatzeko beharra aipatu du, eta azpimarratu du “euskaraz biziko den komunitate trinkoa” behar dugula, eta “norberak horren kontzientzia hartu” behar duela.
Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailari dagokionez, onartu du asko dagoela hobetzeko eta egiteko euskara biziberritzeko, baina gakoa dela “euskara erabiltzeko gai denak euskara erabiltzeko gogoa izatea, eta euskara erabiltzeko hautua egitea; azken batean, euskara euskaldunentzat erakargarri gertatzea”.

Horretarako, beharrezkoak dira gizartearen inplikazio aktiboa eta adostasun eta sozial zabala. Baztarrikak azpimarratu du “politika euskararen zerbitzura” behar dugula, eta ez “euskara politikaren zerbitzura”.

Amaitzeko, biek ahala biek aitortu dute bidea luzea dela. Eta horretarako, jakina, beharrezkoa da erakundeek eta eragileek norabide berean lan egitea.

Euskararen ahozko ondarea ezagutzen

Milaka urte pasa dira euskara sortu zenetik eta gure garaietaraino ahoz ahoko transmisioari esker iritsi da, hein handi batean. Horixe landu du aste honetan ETB1eko “Tribuaren Berbak” saioak, ahozko euskara.

Xabi Paya eta Kike Amonarriz

Xabi Paya eta Kike Amonarriz

Kanta zaharrak, koplak, bertsoak, zirtoak, ipuinak, esaerak, herri-antzerkia, igarkizunak… belaunaldiz belaunaldi pasa diren espresio ugari ditu euskarak. Horietako asko bildu ditu Xabi Payak “Ahozko euskal literaturaren antologia” liburuan.

Eta Payak egindako ikerketa eta dokumentazio lan horren arabera, gure garaietara iritsi den ahozko literaturaren espresiorik zaharrena Beotibarko gudua”-ren kantua da. Abestiaren hasiera soilik iritsi da; izan ere, gudua 1321. urtean izan zen eta XVI. mendekoa da jasotzen duen dokumentu zaharrena.

Esaera zaharrak ere ahozko hizkuntza dira. Eta horri lotuta jolas bat proposatu zuen Twitter bidez “Tribuaren Berbak” saioak: Esaera zaharrak berritu, modernizatu, eta twitterren argitaratzea #esaerazaharberrituak traolarekin batera. Hauek dira jasotako batzuk: “Usteak erdia Gurtel” (@Alper_ego), “Smartphone merkea, nagusiaren nekea” (@joxe) edota “Artzainaren etxean, Tetra Brik” (‏@gorostizaitor). Bururatzen al zaizue besterik?

Josune Zabala

Josune Zabala

Baina idazten hasi izan ez bagina, galdu egin ote zitekeen gure hizkuntza? Josune Zabala, Soziolinguistika Klusterreko kideak aitortu digunez, arrisku hori egon zitekeen; nahiz eta badiren idatzizko sistemarik ez duten hizkuntzak eta oraindik bizi direnak.

Hala ere, ahozkotasuna eskolatik ikastea ezinbestekoa dela gaur egungo gizartean irizten dio, komunikatzaile onak izatera iristeko. Horretarako metodologia landu ahal izateko, laborategi bat jarri zuten martxan 2011n eta materiala osatu dute eskoletan ahozko komunikazioa landu dezaten.

Amaia Agirre

Amaia Agirre

Gazteentzat, eta heldu askorentzat, bertsolaritza da ahozko hizkuntzaren espresiorik ezagunena; izan ere, Amaia Agirre bertsolari eta irakaslearen hitzetan, bertsolaritzak asmatu du gizartearen eskakizunei erantzuten eta egitura sendoa osatu du Bertsolaze Elkartearekin, Mintzola lantegiarekin eta Xenpelar dokumentazio zentroarekin. Baina batez ere, hezkuntzan dago ongi errotua, hezkuntza arautuan dagoeneko bertso-zaletasuna pizten dute euskararekin jolastuz eta, ondoren, gehiago sakondu nahi duenak 1.400 bertso-eskola ditu horretarako.

Mattin Irigoien

Mattin Irigoien

Hala ere, ahozko hizkuntzak askoz alor gehiago ditu. Ipar Euskal Herrian, adibidez, antzerkiak du jarraipen handia. Mattin Irigoien antzerkigilearen hitzetan publikoa du antzerkiak inguru hartan eta herrian gertatutakoa espresatzeko edo aldarrikatzeko ere erabili da askotan, hurbileko gaiak landuz. Libertimenduak  dira gaur egun horren adibide; dantzari eta bertsolariekin batera, zirtzilak aritzen dira ekimen hauetan, kale-antzerkia eginez.

Kike Amonarriz eta Aintzane Agirrebeña

Kike Amonarriz eta Aintzane Agirrebeña

Azkenik, Ahotsak proiektua ere ezagutu dugu ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Ahozko ondarea eta herri hizkerak jasotzeko helburuarekin sortutako egitasmoa da eta, martxan jarri zenetik, 279 herritako informazioa bildu dute, 4.601 elkarrizketa eginez eta 19.183 bideo osatuz. Horiek guztiak www.ahotsak.com webgunean dituzte Aintzane Agirrebeña koordinatzaileak saioan azaldu duenez.

Saioa osorik ikusteko:

Euskaraz ba al dago umorerik?

Umorea gai hartuta ibili da aste honetan ‘Tribuaren Berbak’ ETB1eko saioa. Herrialde eta hizkuntza ezberdinetan umorea ezberdina ote den jakin nahi izan du Kike Amonarrizek gidatzen saioak.

Uxoa Anduaga soziologoa

Uxoa Anduaga soziologoa

Lehendabizi, umorea zer den argitu behar dela eta, umoreari buruz tesia egiten ari den Uxoa Anduagarekin hitz egin du. Umorearen ezaugarriak hiru direla argitu du Uxoak. Lehendabizi fenomeno soziala izan behar du (arraroa da pertsona bat bakarrik, bestelako arrazoirik gabe, barre egiten ikustea). Bestetik, hauslea izan behar du; hau da, normala denaren eta ez denaren arteko haustura suposatzen du umoreak. Eta azkenik, umoreak atsegingarria izan behar du, bestela ez baita umorea.

Bestalde, umorea egitean ohikoa izaten da norberaren taldea normala edo orekatua dela iradokitzea; eta besteen taldeak normalak ez direla adierazten da. Hala gertatzen da hainbat talde sozialei buruzko txisteak egiten direnean; hala nola, bilbotarrei buruzkoak, giputxiei buruzkoak, baserritarrei buruzkoak, Lepekoei buruzkoak, eta abar.

Horri lotuta, euskaldunok serioak garela esaten da normalean. Eta Uxoaren hitzetan XIX. mendean Espainian euskaldunei buruz sortu zituzten txisteei esker da irudi hori, hein batean. Baina orokorrean ez da horrela eta horren adibide dira inauteriak edo bertsolaritzako pasarte asko adibidez.

Tradiziozko euskal umorearen adibideetako bat Pernando Amezketarra dugu. Milaka pasarte barregarri utzi zituen 1764an Amezketan jaio zen Fernando Bengoetxea Altunak. Ahoz aho transmititu ziren Gregorio Mujikak jaso eta idatzi zituen arte. Euskal umorearen antologian gordeta daude, baina tamalez euskal literaturan ez dugu horrelako adibide asko.

Xebastian Lizaso

Xebastian Lizaso

Bertsolaritzan ere asko jokatu izan da umorearekin. Lazkao Txiki, Mattin, Mitxelena bezalako bertsolarietan umorea finkatu zela adierazi dio Kike Amonarrizi Xebastian Lizasok. Eta gaur egun galtzen ari ote den galdetuta, Xebastianek dio gizartean, orokorrean, hizkuntza ohiturak aldatzen ari direla. Alegia, duela urte batzuk, herri txikietan ohikoa zen elkarri minik egin gabe umore ukituarekin adarra jotzea eta gaur egun galtzen ari dela hori. Baina oraindik ere bertsolaritzan esanahi biko hitzak, ziriak eta adarra jotzeak badutela bere lekua.

Aitziber Garmendia eta Iker Galartza

Aitziber Garmendia eta Iker Galartza

Gaur egun, telebista saioetan eta antzerkian umorea euskaraz egiten da eta horren eragileetako bi dira Aitziber Garmendia eta Iker Galartza. ‘Kontrako Eztarria‘, ‘Hau ez da Finlandia’ eta ‘Wazemank’ saioetan, adibidez, presentzia handia du edota izan du umoreak. Baita antzerkian ere: ‘Ondoko hilobiko gizona‘ antzezlanarekin batera eta bestera dabiltza. Txiki txikitatik ‘pailazokerietan eta tontoarena egiten’ aritu izan direla esaten dute biek. Eta euren antzezlanetan baten bat barrezka hasi eta mareatu edo konorterik gabe gelditu izan dela ere aitortu diote Kike Amonarrizi.

Felix Zubia medikua

Felix Zubia medikua

Baina orokorrean, barre egitea osasunarentzako oso ona dela frogatu du ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Felix Zubia medikuaren hitzetan honako onura hauek ekartzen ditu: tentsioa jaisten du, bihotzari on egiten dio, giharrak indartzen ditu (abdominalak egitea bezalakoa da), defentsak indartzen ditu (infekzioen aurka eragiten du) eta gaixotasun auto-inmuneentzat ere osasungarria da.

Beraz, egin dezagun barre, zeren eta barre egiteak bizitza luzatzen omen du edota, gutxienez, biziko ditugun egunak kalitate handiagoz bizi ditzagun lortuko dugu.

Saio osoa ikusi:

Bagoaz Euskal Herritik Mundura! Ba al dakizu Korrikaren kanta?

“Eman euskara elkarri” lelopean abiatuko da datorren martxoaren 14an Euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Korrika 13ren kanta makina bat bider entzungo dugu lasterketak irauten duen bitartean. Hori dela eta, euskaldunok ondo ikasteko asmoz, hemen duzue Esne Beltzaren “Bagoaz” kanta!

Esne Beltza, Korrika 18ren aurkezpenean. Argazkia: AEK Euskalariak

Esne Beltza, Korrika 18ren aurkezpenean. Argazkia: AEK Euskalariak

Korrika 18ren letra: BAGOAZ!!!

Bagoaz Euskal Herritik mundura
eskua emanaz elkarri
bideak direla gure lotura
urratsak direla gure oinarri.
Bagoaz Korrika…
elkar entzunaz elkar ulertzera,
bagoaz Korrika…
Euskara eman eta elkar bizitzera.

Euskara da euskaldunon ezaugarri
guztion lur eta guztion zeru,
horregatik maite dugu izugarri
eta gehiago maita dezakegu.
Bagoaz Korrika…
ikastera eta erakustera,
bagoaz Korrika…
BAGOAZ KORRIKA
EGIZU HITZ HERRI ZAHAR HERRI BERRI
BAGOAZ KORRIKA
EMAN EUSKARA ELKARRI
BAGOAZ KORRIKA
EGIZU HITZ HERRI ZAHAR HERRI BERRI
BAGOAZ KORRIKA
EMAN EUSKARA ELKARRI
HARTU ETA EMAN EUSKARA ELKARRI!
Maule, Donibane Garazi, Baiona,
Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea.
Herri guztietan euskara, bai ona!
hizkuntza baita gure bilgunea.
Bagoaz Korrika…
euskara elkarri ematera,
bagoaz Korrika…
BAGOAZ KORRIKA
EGIZU HITZ HERRI ZAHAR HERRI BERRI
BAGOAZ KORRIKA
EMAN EUSKARA ELKARRI
BAGOAZ KORRIKA
EGIZU HITZ HERRI ZAHAR HERRI BERRI
BAGOAZ KORRIKA
EMAN EUSKARA ELKARRI
HARTU ETA EMAN EUSKARA ELKARRI!
KORRIKA, TIPI TAPA!
KORRIKA, TIPI TAPA!
KORRIKA, TIPI TAPA!

Hona hemen Korrika 18ren bideoklipa

Euskarak izango al ditu 10.000 lagun Facebooken? Erronka bero dago

Euskararen Eguna ate joka daukagu eta eguna mundiala izatea nahi dugu. Hori dela eta, Facebookeko orrialdean erronka abiatu genuen duela aste batzuk. Dagoeneko ba al zara Euskaldunok Euskaraz orrialdearen lagun? Abenduaren 3an izango ditugun kontzertuez gainera, euskararen inguruko beste hainbat konturi errepasoa egingo diegu gaurkoan. Goazen, bada, laburpenarekin! 🙂

Euskaldunon eta Euskararen txokoak ez du arnasarik hartzen, eta euskararen inguruko jakintza aditzera emateaz gainera, egunotan erronka ederra daukagu martxan, datorren abenduaren 3rako, 10.000 lagunek euskaldunok euskaraz orrialdea gustuko izatea. Horren aurrean, zuetariko askok horman parte hartu duzue eta erronka lortuko dugula aipatzen zenuten. Joxemari Carrere, esaterako, erronkatik haratago joan: “10.000 bakarrik? Gu Roberto Carlos kantari brasildarra baino gutxiago ez gara izango, badakizue: “Yo quiero tener un millón de amigos…” Hark lortu bazuen… guk 2 milioi, edo gehiago!!!”. Ohiana Prietok, Iker Iturriegik, Gurutzeta Sorondok eta Izaskun Kortazarrek ere lortuko dugula uste dut, eta Imanol Ibaigorriagak, berriz, hitz eder hauek uzten zituen euskararen txokoan: “Berbetan, eskribiduten, esateko eran, nazena naz euskaraz, besarkada bat danoi”. Besarkada handi bat zuri ere, baita gugan sinestu duzuen guztioi ere!

Eta ez gara aspertuko Euskaren Eguna mundiala izango dela esaten. Gaztea irratiak ere orrialdean parte hartzen zuen eta, datorren abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta, Gasteizko Mendizorrotza Kiroldegian hainbat kontzertu izango direla kontatzen zigun. Gogora ekartzen zuen, gainera, “Euskaldunok euskaraz orrian erronka dutela eta abenduaren 3rako 10.000 lagun izatea nahi dutela. Lortuko al dute?”. Lortuko ez dugu ba! Zuen laguntzarekin, hori eta gehiago lortuko dugu, ziur. Gatibu, EH Sukarra, Kerobia eta Hesian taldeak izango dira Euskararen Eguneko giroa berotuko duten taldeak.

Euskara telebistan eta teknologia berrietan

Teknologia berrien presentzia geroz eta handiagoa da euskal gizartean, eta euskarak ere badu bere txokoa mundu honetan. Iragan ostiralean euskarak Facebookean proba-garaia gainditu zuela kontatzen genizuen. Aurrerantzean, beraz, Facebook sare sozialak eskaintzen dituen tresna guzti-guztiak dagoeneko euskaraz ditugu!

Hau guztiaz gainera, eta teknologia berrietan euskara areagotzeko asmoz, igande honetan, azaroak 20, hauteskunde gaua euskal blogariekin pasatzeko gonbitea luzatzen genizuen. Hirugarren hitzordua da hau, duela bi urte pasatxo hauteskunde autonomikoetan egin baitzen lehenengoz baita azken udal eta foru hauteskundeetan ere, bigarrengoz. Animatzen al zara 2011ko hauteskunde orokorrak euskal blogariekin igarotzera? Gainera, Txio zerbitzua probatzeko aukera izango da, hitzordu ezberdinak sare sozialen bitartez jarraitu ahal izateko zerbitzu berria.

Eta sare sozialetatik telebistara egingo dugu saltoa, izan ere, astelehen honetan Mihiluze saioak, euskararekin jolas egiten duen saio honek, denboraldiko lehen sari potoloa banatu zuten eta, hala, Aitor eta Iñigok 22.815 euroko saria irabazi zuten. Aupa bikote, zorionak, eta segi euskaraz jolasean!

Eta amaitzeko, bertsolaritza gustuko dutenentzat aipamena. Pasa den igandean Hitzetik Hortzera ETB-1eko saioa eskaini zen telebistan. G Puntua eta Sarako bertso afaria izan zituen protagonista, eta EiTB Nahieran saioa oso osorik ikusteko aukera eskaintzen genizuen. Ikusi al duzue? Benetan merezi du!!

Eta honekin gaurkoz amaiera emango diogu laburpentxoari. Badakizu, euskaldun, hauxe da zure txokoa. Partekatu euskararen inguruko albisteak, hitzorduak, argazkiak… Guk zuek esandakoak Euskararen blog honetan bilduko ditugu. Eta ez ahaztu, egin euskaraz! Muxu potolo bat guztioi eta laster arte! Pozik bizi! 🙂

Aiziak biali du!!!!!

Aiziak biali du edo haizeak ekarri du eitb.com-eraino. Blog berri bat jarri dugu martxan, bertsolaritzaren ingurukoa. Plaza zabala izan nahi du honek, bertsoarekin zerikusia duen orok izango du lekua blog berri honetan, euskaraz eta euskaratik. Gaiak, Xabier Sukia eta Onintza Enbeita bertsolariek jarriko dituzte.  Batzuetan tiraka eta besteetan tiroka arituko dira, bakoitza beretik. Hitza Jolas eta Hitzetik Hortzera-ko edukien erakusleiho ere izango da plaza hau.  Ibilbideari ekiteko, jokatu berri den Nafarroako Bertsolari Txapelketari egin diogu lekua. Horra: