Tag Archives: Amezketa

Zeintzuk dira munduko herririk euskaldunenak?

Amazonia munduko birika edo arnasgunerik garrantzitsuena den moduan, hizkuntzek ere arnasguneak dituzte, hau da, erabilera handiko guneak. Ideia hau abiapuntu hartuta, euskararen arnasguneak jorratu ditu aste honetako ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioak.

tribu_aizpurua

Jon Aizpurua, Hizkuntza Politikarako Sailburu ordetza

Horretarako, Jon Aizpurua, Hizkuntz Politikarako Sailburu ordetzako kidearengana jo dugu. Eusko Jaurlaritzak euskararen bosgarren mapa soziolinguistikoa argitaratu berri du. Bertan, euskarak duen egoera eta bilakaera aztertzen da, EAEko biztanleria kontutan hartuz. Azterketa honetaz eta euskara indartsuen dagoen eremuez gehiago ezagutu nahi izan du Kike Amonarrizek aurkezten duen saioak.

Mapa soziolinguistiko honetatik bi ondorio nabarmendu ditu Aizpuruak. Lehenik eta behin, euskararen ezagutzak aurrerapen handia egin du. EAEKo euskaldunen portzentajea %22tik %36ra igaro da. Bestetik, euskaldunen ezaugarriak ere aldatu dira. Orain 30 urte, euskaldun gehienak helduak ziren, gune euskaldunetan bizi ziren eta euskara etxean zein eremu informalean erabiltzen zuten. Gaur egun, aldiz, euskaldunen artean gero eta gazte gehiago daude, gune erdaldunetan bizi dira, eta euskara etxetik kanpo ikasi dute, eskolan zein euskaltegietan.

Azpeitia, herririk euskaldunena

Azpeitia, herririk euskaldunena

Gainera, emaitzen arabera lau eremu soziolinguistiko sailkatu dituzte: Lehena,  euskaldun kopurua %20tik beherakoa duena; bigarrena, %20tik %50era bitartekoa; hirugarrena, %50tik %80rakoa; eta azkenik, laugarrena, %80tik gorakoa. Azken eremu honetan, EAEko herririk euskaldunenak aurkitzen dira. Guztira 62 udalerri daude honetan, 61 Bizkaia eta Gipuzkoakoak dira, eta 1, Arabakoa: Aramaio, hain zuzen ere. Horrela, 5.000 biztanle baino gehiagoko herrien artean Azpeitia munduko herririk euskaldunena dela adierazi digu Jon Aizpuruak.

Honekin lotuta, Lea-Artibai da eskualderik euskaldunena. Bertokoek esaten dutenaren arabera, orain garai batean baino gehiago erabiltzen da euskara. Etorkinek ere euskaraz hitz egiten dute bertan eta.

Xabier Bengoetxea euskara teknikaria

Xabier Bengoetxea euskara teknikaria

Xabier Bengoetxea euskara teknikariak ere Tolosaldeko lau herri-arnasgune ikertu zituen: Berastegi, Asteasu, Alegia eta Amezketa. Hizkuntza bat ahul dagoen herrietan   hizkuntza hori indarberritzeko prozesuan, arnasguneak oso garrantzitsuak direla azpimarratu du Bengoetxeak. Azken finean, daukagunetik abiatu behar garelako edozein indarberritze prozesutan (etxeak, eskolak…). Dena den, lau arnasgune hauetan egindako azterketan ahulguneak ere azaldu dira: esparru formalean euskararen erabilera areagotu bada ere, etxe giroan ahuldu da. Aldaketa sozialek, kulturalek, demografikoek… euskararen erabileran eragina izan dutela esan du Xabier Bengoetxeak.

Tribuaren Berbaksaiok ere Iparraldeko euskararen arnasguneak ezagutu nahi izan ditu. Horretarako, Kike Amonarriz Pagolara hurbildu da eta bertako bi lagunekin izan da: Maitena eta Jean Claude.

Pagola

Pagola

Historikoki, euskararen arnasgune izan da Pagola eta bere ingurua. Lehen, gehienek euskaraz hitz egiten bazuten ere, denborarekin euskaldun kopurua txikituz joan dela esan digu Maitena Etxeber Pagolako erizainak.

Jean Claude Aguerre eta Maitena Etxeber

Jean Claude Aguerre eta Maitena Etxeber

Bere adinekoen artean, eskola frantziarrari leporatzen dio euskara ez erabiltzearen arrazoi nagusiena. Maitena lau urterekin eskolan sartu zenean, soilik euskaraz hitz egiten zekien. Eskolan, ordea, zigortu ez zezaten frantsesez egitera behartuta zegoen. 80 urtetik gorakoek ere, euskara maitatzen duten arren, ohituragatik frantsesez aritzea nahiago dutela esan du. Haur eta gazteen artean, ere euskararen erabilera asko jaitsi dela dio.

Jean Claude Aguerre irakasleak euskara ama-hizkuntza izan zuen, eta frantsesa eskolan ikasi zuen. Gaztaroan, ordea, euskara baztertu zuen inkontzienteki. Egoera honi buelta eman nahi dio orain, eta bere familiarekin euskaraz hitz egin eta bizi nahi du.

Beraz, pertsonak, herria eta hiriak etengabe aldatzen ari dira, eta era berean, hizkuntzak ere eraldaketa horietara moldatzen dira.  Honen harira, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egiten duen lana eta helburuak hurbilago ezagutzeko Maren Belastegi UEMAko presidentearengana jo du Kike Amonarrizek.

Maren Belastegi UEMAko presidentea

Maren Belastegi UEMAko presidentea

UEMA orain 23 urte sortu zuten eta 19 herrik osatutzen zuten. Egun, EAE eta Nafarroako 70 herrik osatzen dute UEMA. Hasieran, herrietako administrazioak euskalduntzen batu zituen indar guztiak. Orain, herritarren bizitza pribatua eta publikoa euskaraz izatea da UEMAren helburu nagusienetako bat.

Arnasguneak herri handi edo hirietan ere aurki ditzakegula esan du Marenek. Horrela, Zarautz, Azpeitia, Bermeo, Bergara eta Tolosa, adibidez, UEMAren barnean dauden herriak dira, eta %70 baino gehiagok euskaraz hitz egiten dute. Udalerri hauetan bezala, euskararen aldeko politika aurrerakoia eginez gero, herri bat arnasgune bihurtu daitekeela eta euskaraz bizitzea posiblea dela gaineratu du.

Beraz, hizkuntza batek biziraun nahi badu, inguruan arnasgune indartsu eta sanoak edukitzea ezinbestekoa da.