Kategorien artxiboak: Tribuaren Berbak

‘Tribuaren Berbak,’ euskara modu dinamikoan, eraikitzailean eta ilusioz ikusarazi digun saioa

2013ko azaroaren 13an, urduri hasi zuen ibilbidea ‘Tribuaren Berbak’ saioko lan taldeak. Kike Amonarrizen eta haren lankideen helburua zen euskararen gaineko saioa egitea; euskararen inguruko interesa piztuz, hizkuntzarekin gozatuz, ikusleak harrituz eta jendeak izan ohi dituen kezkei eta galderei erantzuten saiatuz. Betiere modu atsegin eta alaian. Orain, denboraldiko azken atalean, ondorioak ateratzeko eta egindako lanaren errepasoa egiteko unea iritsi da.

estitxu

Estitxu Garai EHUko irakasleak aipatu du saioak modu eraikitzailean begiratu diola euskararen egoerari, aurrera egiteko moduan, freskotasunez eta dinamikotasunez. Haren hitzetan, programaren gakoetako bat izan da konektatu duela jendearen esperientziekin. “Euskararen aldeko kanpainetan ere horretan sakondu beharko litzateke; euskara erakutsi, baina jendearen bizitzan duen eraginean oinarrituta”. Izan ere, Garaik nabarmendu du jendeari ikusarazi behar zaiola euskarak zein onura dituen beste hizkuntzek ez dauzkatenak.

Munduan 6-7 mila hizkuntza inguru daude, eta, milioi bat hiztunetatik gorakoak, 400-500 inguru dira. Euskal hiztunak milioi bat garenez, munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen % 10ean gaudela esan dezakegu. Lehen saioan kalera atera zen Amonarriz jendeari euskarak munduan betetzen duen tokiari buruz galdetzera. Azken saio honetan ere gauza bera egin du, eta pertzepzioa apur bat hobea izan bada ere, gure burua oso txiki ikusten jarraitzen dugu.

inakilarranaga

Iñaki Larrañaga

Iñaki Larrañaga kazetariak galesa eta euskara alderatu ditu, eta nahiko parekoak direla esan du: populazioan antzekoak gara, tamaina eta dentsitate aldetik ere bai; gainera, galestarren laurdenak hitz egiten du galesa, eta inguruko hizkuntza nagusiarekiko (ingelesarekiko) oso desberdina da (euskara gaztelaniarekiko eta frantsesarekiko desberdina den moduan). Dena dela, euskarak azken 20-30 urteetan normalizazio prozesu bizkorragoa izan du, bereziki, Eusko Jaurlaritzak babesa eta laguntza eman duelako. Galestarrentzat eredu garela esan daiteke, eta horren adibide da Korrikaren anaia galestarra martxan jarri zutela duela zenbait urte.

Larrañaga gasteiztarra denez, bertako eta Arabako egoerari buruz ere aritu dira. Azken hamarkadetan euskararen presentzia asko handitu da: “orain ez da hain harritzekoa kalean euskara entzutea, zaila izan arren”. Beste hizkuntza batzuen sarrerarekin, euskara ari da bere tokitxoa izaten, eta datozen urteetarako zabalkunde handiagoa izatea aurreikusten du. Horrek oztopoak kenduko dizkie euskaldun berriei euskara erabiltzeko, eta aukera berriak zabalduko ditu. “Gasteiz erdaldunaren mitoak badu egiatik zerbait, baina, gaztelania nagusi izanagatik ere, euskara bigarren hizkuntza indartsua da, eta erakunde eta herritar asko pasatu dira euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera”.

morris

Mikel Morris

Euskarari lotutako mitoei buruz ari garela, nabarmentzekoa da euskara ikastea zaila dela dioen mitoa. Mikel Morris itzultzailea amerikarra da, eta 12 hizkuntza ikasi ditu, tartean, euskara. Haren hitzetan, linguistika munduan euskara ikastea oso preziatua da, hizkuntza ez-indoeuropar bakarra delako, eta jatorri misteriotsua duelako. Nabarmendu du euskal fonetika oso erraza dela. Gainera, ez dago generorik, euskal aditza oso erregularra da, “matematikoki erraza da”. Beraz, haren hitzetan,, oinarrizko euskara ikastea ez da zaila.

zuazo

Koldo Zuazo

Koldo Zuazo hizkuntzalariarekin elkartu da Kike, euskararen egungo egoeraz hitz egiteko. 60ko hamarkadatik hona, beste dinamika batean sartuta gaude. Ahozko hizkuntza izatetik, idatziz ere erabiltzera pasatu ginen orduan jaiotako ikastolei esker. Hori bai, Ipar Euskal Herrian gero eta eragin handiagoa dauka frantsesak, eta Hego Euskal Herrian, berriz, gaztelaniak. Beraz, alde batetik, euskara batzen ari da, baina, bestetik, euskaldunen arteko muga hori gero eta handiagoa da. Hori bai, gaur egun, euskaraz hitz egiten ez zen leku askotan entzun daiteke, besteak beste, Nafarroako Erriberan, edo Erronkarin… Agian ez da asko erabiltzen kalean, baina gazte gehienek dakite. Kontuan hartu behar da euskara batua maila jasorako sortu zela, eta eskoletan irakasten den eredua ere oso jasoa dela. “Jendeak behar du beste batu bat, lagunarterako, festarako…”. Bestalde, azpimarratu du euskara batua eta euskalkiak ez daudela kontrajarrita, osagarriak direla. Hemendik aurrera izango dugun egoerari begira esan du pentsatzekoa dela orain arteko norabidean jarraituko dugula, eta euskalkiek bilakaera konbergente batean jarraituko dutela. Azkenik, nabarmendu du Euskal Herriaren independentzia etorriko balitz, konbergentzia hori lehenago gertatuko litzatekeela.

yuli

Yuli Vargas

ETB1en ikusi ditugun 60 ‘Tribuaren Berbak’ saioetatik euskaldun ugari igaro da, bakoitza bere kolorearekin. Yuli Vargas izan da horietako bat. Kubatarra da, eta Aretxabaletara etorri zen, eta, ondoren, Eskoriatzara joan zen bizitzera. Lagun euskaldunak egin zituen, eta ohartu zen, bera zegoenean, gaztelaniaz hasten zirela. Hori ez zitzaionez zuzena iruditzen, euskara ikasteari ekin zion. Lau urtez ibili zen euskaltegian; astean lau egunetan, 2 orduz. Ahalegin hori egin ondoren, ez du ulertzen bertako batzuek euskaraz ez jakitea. “Ez da oso lagungarria bertakoek euskaraz ez egitea, praktikatzeko aukerak gutxitzen direlako”. Kanpotik datozenei euskaraz ikastea gomendatuko lieke integratuta sentitzeko. Bestalde, aipatu du euskaldunek kanpotarra integratzeko ahalegina egiten dutela, eta gaztelaniaz hasten direla hark uler ditzan. Hori euskararentzat kaltegarria dela uste du, eta euskaldunei esan nahi die gaztelaniara ez pasatzeko, eta euskaraz egiten jarraitzeko.

etxeleku

Iñaki Etxeleku

Iparraldeko egoeraren balantzea egiteko, Iñaki Etxeleku kazetariarengana jo du Amonarrizek. ‘Iparraldeko Hitza’ren zuzendaria da, eta 1.000 irakurle inguru dituzte. Datorren urtean irakurle eta harpidedun gehiago izango dituztela espero dute. Euskaraz batuaz idazten dute, baina lexiko aldetik, bertako euskalkiei lekua egiten diete. Oreka horretan dabiltza, “jendeak izan dezan bazka bere euskalki horretan, eta, aldi berean, euskarara etor dadin”. Izan ere, gaur egungo egoeran, garrantzitsutzat jo du bien arteko zubi lana egitea. Belaunaldi berriek euskara hibridoa egiten dute, eta euskalkiak lantzea interesgarria dela uste du, baina ez dela sekula ekidin behar euskara batura jotzea. Mundu gero eta globalizatu honetan, Euskal Herriko herrialde batetik bestera daukagun errealitatea ez dugu ezagutzen. Paradoxikotzat du hori. Gazte belaunaldiak beldurrik gabe lanean ari direla azpimarratu du, baina transmisioan lan batzuk egiteko daudela deritzo.

emun

Kike Amonarriz eta Juanjo Ruiz

Kike Amonarrizek gidatutako saioaren helburu nagusietako bat izan da jendea motibatzea, jendea ilusionatzea. Horri lotuta, Emun kooperatibako Juanjo Ruizi aholkuak eskatu dizkio euskaldunek euskaraz gehiago egin dezaten. Ondorengoak eman ditu: 1) Edozein tokitan, geure burua euskaldun gisa aurkeztea, agurra euskaraz esanda; horrela, euskaldunak garela adieraziko dugu, eta aukera emango diegu besteei guri euskaraz egiteko. 2) Pertsona ezezagunen aurrean euskaraz aritzea, ezustekoak izaten baitira, eta euskaldun ugari topatzen baita. 3) Euskaldun berriek zerbaitetarako ikasten dute euskara, beraz, eurekin, euskaraz egitea. Horrela, praktikatzeko aukera emango diegu, eta zentzua emango diogu euskara ikasteari. 4) Elebidun hartzaileekin (euskara ulertzen dutenak baina egiteko gai ez direnak edo lotsa dutenak), eurek egin dezatela gaztelaniaz, baina guk ez dugu inolako mugarik euskaraz aritzeko. Hori ez da ohikoa, baina, etorkizunera begira, eta ezagutza datuak ikusita, oso garrantzitsua da. 5) Taberna, denda eta horrelako lekuetako solasaldi errazetan, aurrean dugunak ez badaki euskaraz, gure gorputzaren keinuekin lagundu ulertzen, eta ez hitz egin gaztelaniaz (seinalatuz, hatzekin zenbakiak adieraziz, hitzen bat euskaraz esanez eta gero gaztelaniaz errepikatuz…).

luna

Iñaki Martinez de Luna

Saioa amaitzeko, Iñaki Martinez De Luna soziolinguista elkarrizketatu du Amonarrizek. Haren hitzetan, euskarak etorkizun argia eta biribila dauka. Dinamismo handia dago euskararen inguruan, baina hori ez dago egituratuta; atomizatuta dago, eta estrategia desberdinak daude. “Planteamendu estrategikoak berrikusi behar ditugu, garai bateko ideiek ez baitute balio gaur egun”. Duela bizpahiru hamarkada uste genuen ume guztiek euskara ikastearekin erabilera bermatuta egongo zela. Aitzitik, eskarmentuaren poderioz, badakigu hori ez dela horrela. “Hizkuntza bat suspertzea oso eginkizun konplexua da”. Azpimarratu duenez, orain arte, euskaltzaleen eta euskalgintza arloaren esku egon da euskararen ardura, eta hori ez da hizkuntza bat dagokion mailan jartzeko modua. “Hizkuntza gizartearena izango bada, gizarteak ere euskararen ardura hartu behar du”. Beraz, etorkizunerako ardatz gisa jarri ditu ilusioa eta dinamika kolektiboa berreskuratzea.

‘Tribuaren Berbak’ saioak ‘tribukideak’ euskaraz hitz egitera lotzen dituzten zergatiak, motiboak eta ilusioak partekatu ditu, eta ezagututako guztiei esker, sekulako adrenalina ‘txutea’ jaso dugu. Gero arte esan digute Kike Amonarrizek eta haren lankideek. Ea aurrerantzean ere gure bidean haiekin topo egiten dugu.

Ikus ezazue EITB Nahieranen ‘Ondorioz…’ atala:

Ekintzailetza, euskararen biziraupenerako ezinbesteko tresna

Ekintzailetzaren garrantziaz aritu da ‘Tribuaren Berbak’ saioa. Izan ere, euskararen aldeko ekintzaileak existitu izan ez balira, euskararen historia eta izatea bera beste modu batekoak izango lirateke. Euskararen aldeko ekintzailetza aipatuta, garai bateko irudiak datozkigu gehienoi gogora: ikastolak, gau eskolak, euskararen aldeko jaialdiak. Bidea urratzen jarraitzen dugu, ordea, eta egun, teknologia berriak nagusi diren garaiotan, euskarak ongi heldu dio bide horri.

luistxo

Horren adibide da CodeSyntax enpresa. Luistxo Fernandezek Kike Amonarrizi azaldu dionez, duela 15 urte jaio zen, Interneterako baliabideak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko asmoarekin. Webguneak, sakelako telefonoetara aplikazioak, softwareak, eta abar egiten dituzte, eta beste hizkuntza gutxitu batzuekin ere egin dute lan, esaterako galesarekin. Nabarmentzekoa da UMAP aplikazioa sortu zutela Twitterreko euskarazko txioak detektatzeko eta unean uneko euskarazko joerak emateko.

CodeSyntax enpresako langileak ekintzaileak dira, eta Luistxok berak, esaterako, beste proiektu bat badu: Azpitituluak euskaraz. 600 bat filmen azpitituluak ditu bilduta euskaraz. Urtzi Odriozolak, berriz, Gamerauntsia ataria sortu du, bideojokoei buruzko euskarazko komunitatea. Bestalde, Asier Sarasuaren egitasmoa da Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jaso eta sareratzeko proiektua.

karena

Kike Amonarriz, Txemi Valdecantos eta Unai Martinez Lizarduiarekn

Ekintzailea izateko, dirua ezinbestekoa da, eta ez da erraza izaten hori biltzea. Euskal Herrian zozketa-txartelen salmentak oso ondo funtzionatu izan du beti, eta, filosofia horri helduta, Karena crowfunding sortu zuten, finantzaketa kolektiborako euskarazko lehen ataria, alegia. Auzolana, euskara eta parte-hartzea uztartzen dituzte.Txemi Valdecantosek eta Unai Martinez Lizarduiak azaldu dutenez, inor proiektu baterako finantzazio bila badabil, formularioa bete dezake, eurek aztertu egingo dute, eta, onartuz gero, 40 eguneko epea irekiko dute jendeak dirua jar dezan egitasmoa gauzatzeko. Epea igarotakoan, helburua bete bada, dirua kobratuko zaie emaileei, eta proiektugileek euren zatia jasoko dute. Helburua betetzen ez bada, emaileei ez zaie kobratuko, eta ekintzaileari ez zaio ordainduko. 20 bat dituzte esku artean Karenan, eta % 90ek lortu dute finantzazioa. Lehentasuna ematen diete euskarazko egitasmoei eta atzetik onura soziala dutenei.

Julen Arexolaleiba Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintza Transmisio tituluaren koordinatzaileak nabarmendu du oso garrantzitsua izan dela ekintzailetza euskararen berreskurapenean. Historian zehar izandako ekintzailetzak aipatu ditu (Lore Jokoak, Bai Euskarari, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza…), baita euskara batua bera ere, horri esker lortu baititugu euskaldunok eskola sistema nazionala (ikastolak), hedabideen espezializazioa, unibertsitaterako sarrera). Gainera, instituzionalizazioak jendea hautu politikoaren arabera sailkatzea ekarri du, eta nabarmendu du horrek ez digula mesederik egin. Bestalde, azpimarratu du boterean dagoena dagoela, ezin dugula euskaldunok delegatu talde politikoengan gurea den ardura; politikariek gure zerbitzura egon behar dute, eta ez guk politikarien zerbitzura. ”Aurrera begira, euskara jakiteko ez da ekintzailetza beharko, baina euskaldun izan nahi izateko, beharrezkoa izango da”.

aziti

Kike Amonarriz, Eneko Zuloaga eta Ekaitz Santazilia

Aziti Bihiako kideak ezagutu ditu, ondoren, Amonarrizek, euskararen Indiana Jones. Eneko Zuloagak eta Ekaitz Santaziliak azaldu dute EHUko 10 bat doktoregaik osatu dutela, euskararen historiaren inguruan lanean jarduteko. Elkarte horretako kideek berreskuratu dute, esaterako Materraren Doctrina Christina liburuaren lehen edizioa (1617koa) Danimarkan.

Gasteizen jarraituta, Oihaneder Euskararen Etxea ezagutu du Kikek, Ane Pedruzoren eskutik. Gasteizen euskararen erabileran eragitea du helburu, baita euskal hiztunen komunitatea trinkotzea, eta espazio erreferentziala izatea sorkuntzarako ere. ‘Alea’ astekaria argitaratzen dute Oihanederren, eta eragile askoren artean ematen diote bizitza espazioari (UEU, Euskara Zerbitzua, Aziti Bihia, Bertsozale Elkartea…).

urko

Urko Aristi

Euskararen etxean bertan, Urko Aristirekin egin du topo. Tokikomeko, euskarazko toki komunikabideen bateraguneko, lehendakaria da bera. Komunikabideek sortu zuten elkartea solaskidetza bateratua eratzeko, esparru komunak kudeatzeko, eta garapenerako bidean etorkizunera begira jartzeko. 26 bazkide ditu, eta 60 komunikabide kudeatzen dituzte: agerkari digitalak, aldizkariak, irratiak, telebistak… Herri komunikabideak badira ekintzailetzaren adibide garbia. Izan ere, 80ko hamarkadan, informatikan izandako aurrerapausoei esker, argitalpenak kaleratzea erraztu zen, eta euskarazko produktuak kontsumitzeko egarria asetzeko asmoz, tokian tokiko komunikabideak sortzen hasi ziren. “Gertutasuna da gure indargunea, eta horrek erraztu egiten du komunitatea sendotzea; komunitate hori ezinbestekoa da euskararen normalkuntzarako”, adierazi du.

Euskalgintzako erakunde garrantzitsuenetako bi dira Euskal Herrian Euskaraz eta Topagunea. Nestor Estebanek eta Elena Lakak adierazi dute euren erakundeak desagertzeko irrikaz daudela, pentsatzen baitute etorkizunean ez dela euren premiarik izango. Dena dela, gaur egun, oraindik, euren beharra dago. Gaur egun, eta aurrera begira dituzten ardatzei buruz aritu dira. Estebanek esan du EHEren lan ildo nagusiak direla norbanakoen aktibazioa, espazioak euskalduntzea, eta euskaraz bizitzea ahalbidetuko digun hizkuntza politika propioa sortzea. Lakak esan du ekintzailetasuna ez dagoela bere puntu gorenean, eta, beraz, Topaguneak, lehenik eta behin, indartu beharra daukala hori, eta sarea egin behar duela, plazak eta lekuak irabazteko. Leku askotan elkarlanean aritzen dira bi erakundeok, eta nazio mailan ere, Kontseiluan elkarrekin daude, beste erakunde batzuekin batera.

kanaldude

Ximun Carrere, Pantxika Maitia eta Kike Amonarriz

Ipar Euskal Herrira egin du jauzi Amonarrizek, bertako errealitatea ezagutzeko. Euskararen osasuna hobea dela diote, euskararen aldeko elkarteak sortzen ari baitira, bereziki, Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Berebiziko garrantzia dauka, gainera Kanaldude telebistak. Ximun Carrerek eta Pantxika Maitiak azaldu dute berta euskaraz zer kontatu bazelako sortu zutela. 8 langile oso eta laguntzaileak eta aldizkako langileak ditu Kanaldudek, eta euren lurraldean gertatzen denaren lekuko zuzenak dira. Internet dute euskarri nagusi mundu osoan euren edukiak zabaltzeko. Iparraldean, TVPIren bidez ematen dute, eta, hegoaldean, berriz, Xaloa eta Hamaika telebisten bitartez. ETBrekin elkarlanean egin dute aurten Korrikaren hasiera, eta horrelako gehiago egiteko prest daudela azpimarratu dute. Haien hitzetan, euskararen aldeko borroka ez dago irabazia, baina inguruan gero eta gehiagok sentitzen dute zerbait badela, eta ulertu eta parte hartu nahi duen jendea hurbiltzen zaie. Nabarmendu dute ezinbestekoa dela ekintzaile izaten jarraitzea, etorkizunean pentsatzea, eta gazteei lekukoa ematea.

Euskalgintzaren historia ekintzailetzaren historia da. Bidegile ezagun izan, norbanako anonimo, instituzio edota gizatalde, lehen, orain eta gero, guztien elkarlana beharko du gure hizkuntzak aurrera egiteko.

Euskara osasungintzan

mendaro

Erradiografia atera dio ‘Tribuaren Berbak’ saioak osasungintzari, edota hobeto esanda, euskarak osasungintzan duen osasunari. Gai korapilatsua da, eta administraziotik urratsak eman dira, baina urrats ausartagoak eskatzen dituzte askok. Horiei buruz hitz egin du Kike Amonarrizek bere gonbidatuekin.

Hasteko, Garbiñe Garairekin hitz egin du, Mendaroko ospitaleko Hizkuntza Normalkuntzarako teknikariarekin, “Euskaraz bai sano!” kanpainari buruz. Komunikazioa euskaraz jaso nahi duten pazienteei hori gauzatzea da helburua, eta “E” ikurra duen pinaren bidez, zerbitzuak identifikatzen dituzte jendeak jakin dezan profesional elebidunak nor diren. Harrera ona izaten ari da egitasmoa, pazienteen estres linguistikoa murrizten duelako. Beste ardatz bat da pazienteak euskaraz erregistratzea, lehen hizkuntza euskara dutela zehaztuta. Aukera hori badago, baina administrazioak erantzun behar dio aukera hori egin duen pazienteari zerbitzu osoa euskaraz eskainiz.

aramaio

Aitor Montes

Dena dela, Aitor Montes Aramaioko familia medikuaren arabera, tranpatxo bat bada horretan. Izan ere, zehazki eskatzen ez bada, gaztelaniaz erregistratzen dute mundu guztia. Beraz, hori aldatzeko ezinbestekoa da eskaera egitea, eta, bide batez, baita kexa plazaratzea ere. Montes aitzindaria da ekografia txostenak euskaraz egiten. Haren hitzetan, “zoritxarrez, ezohikoa da, eta penagarria da hori albiste izatea”. Eskatu egin dituelako jaso ditu ekografiak euskaraz; urologoen txostenak ere hasi da jasotzen, baina gainontzeko guztiak gaztelania hutsez datoz. Beraz, horrek ez du legea betetzen, erabiltzaileen hizkuntza eskubideak urratzen ditu, eta medikuen jarduera arautzen duen kode deontologikoa bera ere ez du errespetatzen. Osakidetzak II. Normalkuntza Plana onartu berri du, eta positibotzat jo du euskararen ibilbideak onartu dituela maila guztietan osasun arreta euskaraz bermatzeko tresna gisa. Hutsune gisa aipatu du, ordea, ahozkotasunera mugatzen dela, eta askotan ez dituela erabiltzaileak kontuan hartzen. Amaitzeko, nabarmendu du lehentasunezkoa dela osasun langile euskaldunak sortzea, unibertsitatea euskalduntzea, zirkuituak abiaraztea, ahuldade egoeran daudenak kontuan hartzea (bereziki zaintza aringarriak eta pediatria) eta txosten guztiak elebitan eskaintzea.

osakidetza

Jon Etxeberria

Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak aipatu du 30 urte behar izan direla erakunde horretan buru euskalduna izateko. “Euskara Osakidetzan badago, eta zabaldu beharra dago”, esan du. Izan ere, Osakidetzaren estrategia nagusietako bat da euskara, eta hizkuntza eskubideak bermatzea. 25.000-30.000 langile inguru daude, eta % 35 dira euskaldunak. Hori bai, batez besteko adina 51 urtekoa da; aldiz, 40 urtetik beherako ia gehienek dakite euskaraz. “Euskaraz bai sano!” kanpainaren helburua sentsibilizazioan datzala aipatu du. Orain ahozko harremanetan ari dira lanean, baina, horiek finkatu ondoren joango dira aurrera egiten idatzizkoan. “Ea urtea amaitu baino lehen gai garen analisien emaitzak elebidunak ateratzeko”.

Euskarak Ipar Euskal Herriko osasungintzan betetzen duen lekuari buruz galdetzeko, Baionako ospitalera jo du Kikek. ‘Ospitalean euskaraz’ izeneko elkartea dute bertan, eta, haren ekimenez, erietxearen zuzendaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmena sinatu dute euskararen presentzia ziurtatzeko. Maialen Axeritegi elkarteko kideak azaldu dio duela 20 urtetik ari direla lanean. Orduan euskarak bazuen lekua ospitalean, baina profesional bakoitzaren ahaleginaren ondorioa zen, eta ez zuten hori horrela utzi nahi. Zuzendaritza eta administrazioa inplikatzea nahi zuten, eta, urte luzez lanean aritu ostean, urratsak egiten hasi dira. Hitzarmen horren helburua da erabileran laguntzea. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen dute ingurunea euskalduntzea (seinaleak, eta abar). Izan ere, seinaleak aldatu berri dituzte, baina guztiak frantses hutsean daude. Paper ofizialetan ere euskararen presentzia oso txikia da. “Elebitasunaren alde asko dago egiteko”, azpimarratu du. ‘Nahi baduzu euskaraz’ esaldidun pinak jartzen dituzte euskaraz dakiten profesionalek, eta mahaietan ere kartelak jarri dituzte. Bestalde, formakuntza jarraitua da beste ardatz bat, hau da, jendea bultzatzea euskaraz ikastera edo euskara hobetzera. Espero dute zuzendaritzak prestakuntza hori ematea, profesionalen artean ikasteko nahia bai baitago. Erietxe berean, Goizeder Etxeberrik Amonarrizi esan dio gaixoak gustura sentitzen direla euskaraz badakitela ikustean, horrek konfiantza ematen baitie, eta errazago aipatzen baitituzte euren arazoak.
Botikariak dira, medikuekin batera, pazienteengandik gertuen dauden profesionalak. Usurbilen, Tomas Iturralde botikariari egin dio bisita Kikek. Hark erabateko garrantzia ematen dio pazientea bere hizkuntzan hartzeari, asko baitoazkio aholku eske. Bestalde, azpimarratu du farmazia industrian ez dela euskara agertzen, botikariek eurek egindako maisu formuletan baino ez. Medikuak preskribatutako formula pertsonalizatuak dira horiek, batez ere, dermatologikoak. Eurek behintzat, pazientea euskalduna bada, oharrak euskaraz idazten dituzte.

iaksleak

Asier Genua eta June Balenziaga

Medikuntza fakultatea izan da saioaren hurrengo geltokia. Bertan, bi mediku-gairi egin die elkarrizketa, Leioako Medikuntza fakultatean, munduan euskaraz irakasten duen medikuntza fakultate bakarrean, alegia. Asier Genuaren eta June Balenziagaren iritziz, osasungintza euskalduntzeko, beharrezkoa da mediku euskaldunak heztea. Gaur egun, herenak bakarrik ikasten du euskaraz. Gakoa matrikulazioan dagoela uste dute, ez baita euskarazko matrikulazioa bultzatzeko lanik egiten. Bestalde, bada mito bat dioena euskaraz ikasten dutenak okerrago formatuta daudela, eta gaztelaniaz ikasteak prestigio handiagoa duela, eta horrekin amaitu beharra dago. Adierazi dutenez, estatu osoko MIR azterketan, 10 nota onenen artean, euskal adarrean matrikulatutako 2 zeuden. Gaur egun, Leioan, lehen 3 urteak euskaraz ikas daitezke. 4. mailatik aurrera, ordea, erietxeetara doaz, eta gauza aldatu egiten da. Donostian heziketaren erdia baino gehiago jasotzen dute euskaraz; Basurtun, erdia baino gutxiago; Gurutzetan, herena; eta Gasteizen, ez dute eskola bakar bat ere euskaraz jasotzen. Diotenez, “ez da guk eskatzen dugun adina eskaintzen, eta, eskaintzen dena, askotan, ez da erreala”. ‘Eutsi plana’ sortu dute egoera horri aurre egiteko. Helburu nagusiak ondorengoak dira: matrikulazioa euskalduntzea eta irakasle euskaldunak kontratatzea. Epe luzeragokorako helburua da, berriz MIR azterketa euskaraz egin ahal izatea.
agurtzaneEuskarazko adarra 1989-1990 ikasturtean sartu zuten medikuntza fakultatean. Agurtzane Ortiz fakultateko euskara dekanordearen hitzetan, orduan irakasgai batzuk hasi ziren ematen euskaraz. Asko kosta zaie, eta lorpen handia izan da lehen zikloa (1.,2. eta 3. maila) euskaraz ikasteko aukera ematea. 2. zikloan (4.,5. eta 6. mailan) bestelakoa da egoera, eta oztopo nagusia baliabide pertsonaletan dago, irakasleetan alegia. Asko kostatzen zaie irakasle profesional, aditu eta euskaraz alfabetatuak lortzea. Gainera, material akademiko eskasa dute euskaraz, eta horrek izutu egiten ditu bai irakasleak, bai ikasleak. Lan handiagoa egin beharra dago deialdiak egiteko eta laguntzak emateko material berriak prestatzeko edo itzulpenak egiteko, baita tesiak euskaraz egiteko ere. Gainera, gonbidapena egin die ikasle izan dituzten profesionalei eredu akademikora itzultzeko, irakasle-gai oso onak izan baitaitezke.
Saioa amaitzeko, Leitzako osasun etxera jo du Kikek. Bertan, Begoña Martinez medikuak garrantzi handia ematen dio pazienteak euskaraz hartzeari, eta jendeak estimatu egiten du hori. Nafarroako iparraldean bermatuta egon behar du arreta euskaraz izateak. Dena dela, oposaketetan euskarari frantsesari, ingelesari eta alemanari baino puntuazio handiagoa ematen zaio. Horregatik, gerta daiteke postua lortzen duen medikuak euskaraz ez jakitea. Hori gertatu da Leitzan, esaterako pediatrarekin. Kasu horretan, aukera egin beharra dago: edo euskaraz ez dakien pediatra jarri, edo mediku orokor bat jarri pediatra lanak egiten. Iruñean, esaterako harrera gaztelaniaz egiten da, eta jendeak joera du medikuei ere gaztelaniaz egitekoa. Dena dela, azpimarratu du larrialdietan eta horrelakoetan izaten dela mediku euskaldunik. “Niri gustatuko litzaidake euskara estimatuago eta normalizatuago izatea jendeak, bai Iruñean edo Tuteran aukera izan dezan, nahi izanez gero, euskaraz arreta jasotzeko”, esan du.
Izan ere, osasungintzan euskara zabaltzeko bidean urratsak eginda, euskara osasuntsu mantenduko dugu.

Ikus ezazue osorik “Euskara osasungintzan” saio osoa EITB Nahieranen:

Nerbioi ibaiaren arroko herrietako euskararen erradiografia

Nerbioi ibaiaren emariari jarraituz dauden herriak eta euskarak ezagutu ditu Kike Amonarizek ‘Tribuaren Berbak’ saioan.

tribu-nerbioi_1024x576Urduñan hasi du ibilbidea. Bizkaiko hiri bakarra da, eta Arabak eta Burgosek inguratutako uhartea dela esan daiteke. Betidanik bizi izan dira elkarrekin gaztelania eta euskara bertan, nahiz eta gaztelaniaren eragina nabarmenagoa den. Aketza Merino historialariaren hitzetan, azken euskaldunak XIX. mendearen amaieran jaio ziren bertan, baina, bilakaera oso ona izan da azken hamarkadetan. Belaunaldi berriek euskaraz dakite, eskolan edo euskaltegian ikasi dutelako. Orain, umeek euskara etxean ikasten dute, eta, beraz, ez dira hain euskaldun berriak.

aiaraldea

Izar Mendiguren, Gartzen Garaio eta Kike Amonarriz

Amurrio izan da bigarren geltokia. Aiara koadrilako udalerria da. 10.000 biztanle ditu, eta Arabako 3. udalerri populatuena da. Industriak pisu berezia izan du bertan, eta 60ko eta 70eko hamarkadetan populazioa asko handitu zen. Gaur egun, biztanleriaren herena da euskalduna, baina erabileran dago erronka. Erronka horri helduta sortu zuten, hain justu ere, 2010ean, Aiaraldea Komunikazio Leihoa. Euskararen normalizazioan urratsak egiteko, hainbat komunikazio tresna jarri zuten martxan, inguruan zegoen gabezia betetze aldera. Izar Mendiguren eta Gartzen Garaioren hitzetan, hainbat alorreko jendea elkartu zen euskaraz komunikabide bat sortzeko. Informazioa ahal beste euskarritan zabaltzea denez euren filosofia, webgunea aireratu zuten lehenengo, gero irratia etorri zen, eta azkenik, egunkaria eta sare sozialak iritsi ziren. “Webgunea da guztien biltokia, etorkizunari begira apustu estrategikoa hori delako”. Bestalde, komunikabideak sortzeaz gain, elkargoa ere eratu dute, errealitate euskaldun berriak sortu behar zirela ikusi zutelako. Izan ere, euskararen ezagutza eta erabilera hazten ari dira, baina erabilera % 5ekoa da eskualde osoan. Horregatik, gauza erakargarriak planteatu nahi dituzte euskarak balio erantsia izan dezan.

izatefaltsua

Izatefaltsua taldea

Amurrion bertan, Izatefaltsua musika taldea ezagutu du Kikek. 10 urte daramate lanean, eta betidanik euskaraz egin dituzte kantak. Eskualdean musika talde ugari dago, eta gehienak euskaraz aritzen direla nabarmendu dute, ingelesez eta gaztelaniaz aritzen direnak ere badaude ere. Gainera, entzuleei dagokienez, nabaritu dute euskaldun gehiago daudela, nahiz eta nahi baino gutxiago hitz egiten den euskaraz.

Herriko gurasoen artean ere ibili da galdezka Amonarriz, hurrengo belaunaldiak nolakoak izango diren jakin ahal izateko. Haurrak eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan (igeriketan, pilotan…) euskaraz aritzen dira, baina euren artean, ordea ez. Gurasoekin ez bada, haurrak gaztelaniaz aritzen dira.

Aiaran, euskararen presentzia kalean sustatzeko, Hogeitalau euskara elkartea sortu zuten duela 15 urte. Joseba Llanok azaldu duenez, euskara eskolatik kalera ateratzea zuten (eta dute) helburu. Zailtasunak izan dituzte, eskualdeko herriak geografikoki oso sakabanatuta daudelako. Gainera, herri txikiak izanik, bizitza soziala ez da hirietakoaren parekoa. Edonola ere, kaleko hizkuntza erabilera sustatzeko lanean dihardute, eta ikuskizunak antolatzen dituzte bereziki umeei zuzenduta.

laudio

Felix Mugurutza

Nerbioiri jarraiki, Laudiora iritsi da saioa. Arabako 2. herri handiena da populazioa kontuan hartuta, eta, euskararen berreskurapenari dagokionez, txapeldunak dira bertan. Felix Mugurutza euskara teknikariak azaldu du 80ko hamarkadan % 5 zirela euskaldunak, eta, gaur egun, aldiz, % 30 direla, eta beste % 30, berriz, ia euskaldunak. Azken 10 urteetan, % 30 igo da hiztunen kopurua baina erabateko aldaketa erabilerari lotuta etorri da, % 250ekoa izan baita igoera. Euskal Herriko oso leku gutxitan izan da horrelako daturik. Gainera, azpimarratu du haurrak tartean daudenean erabiltzen dela gehien euskara, eta, haren hitzetan, “hori da etorkizuna bermatuko digun gakoa”. Bestalde, garai batean euskara militantziagatik ikasten zen. Gaur egun, ordea, “maitasun kontua da”: “Euskara ez da behar Laudion funtzionatzeko, baina behar da zoriontsuago izateko”. Amaitzeko, euskaldun berrien ahalegina nabarmendu du.

Ondoren, Arrigorriagan izan da, Bizkaian. Bertan, Berbalagun egitasmoaz aritu zaio Aritza Agirrezabal dinamizatzailea. Kalean euskaraz egitea da helburu nagusia, hau da, euskara klasetatik plazara ateratzea. Orain dela 7 urte hasi ziren, eta nabarmendu du euskaldun berri askorentzat ezinbestekoa dela, eskoletan baino ez baitzuten egiten euskaraz. Are gehiago, naturaltasuna eman die proiektuak, lasaiago hitz egiten dute, eta, garrantzitsuena, beldurra eta lotsa galdu dute. Egitasmoari falta zaiona “euskaldun zaharren parte-hartzea” dela esan du.

Arrigorriagatik, Zaratamora. Bertan, bi eremu desberdindu daude: Nerbioi inguruko industrigunea, behean, eta landa eremua, goian. Karlos Zarragak esan duenez, alde handia dago bi zonaldeen artean. Industrigunean gaztelaniaz aritzeko joera dago, langile asko kanpotik etorritakoak direlako; landa eremuan, aldiz, euskara mantendu da. Zaratamoko historia arakatu du, eta, topatutako datuen arabera, XIX. mendean, euskaldun elebakarrak ziren guztiak. XX. mendearen hasieran ere euskara zen hizkuntza nagusia. Bere gazte garaian gaztelaniaz eskolan ikasi zuten, baina, handik kanpo, euskaraz aritzen ziren. Gaur egun, D ereduan ikasten dute haur guztiek, eta asko jolas orduetan euskaraz aritzen badira ere, beste batzuek gaztelaniara jotzen dute. Gazteen artean ere, lehen gehiago egiten zen euskaraz gaur egun baino.

basauri-euskara

Ludi Viguera

Azken geltokia Basauri izan da. Bilbo Handiko udalerri horretan euskara biziberritzeko lan handia egiten du Euskarabila elkarteak. Ludi Viguerak azaldu du 1995ean sortu zutela, “Basaurik euskara elkarte bat merezi eta behar zuela” ikusita. Herriko jende konprometitua, anitza eta euskalduna elkartu zen horretarako. Urte asko daramate lanean, eta, azken urteetan, oso sonatua izan da ‘Basaurin be bagara’ ekimena. Lasarte-Oriaren adibideari segika, 12 orduko maratoia antolatzen dute, eta 500 pertsona baino gehiago igarotzen dira agertoki gainetik jardunaldi osoan. Horrelako herri batean indartze handia ekarri du horrek. Bertan, biztanleriaren % 24 da euskalduna, eta % 21 ia euskalduna, beraz, ia 20.000 herritarrek daukate euskararekin lotura. Kale erabilerari begiratuta, ordea, % 4koa da. Viguerak esan du euskalgintzak egin beharreko lanaz gain, administrazioen eta erakunde publikoen bultzada beharrezkoa dela. Gainera, ezinbestekoa da ilusioa. Helburua da euskaraz bizi ahal izatea Basaurin eta Euskal Herri osoan, eta, horretarako, “derrigorrezkoa da elkarrekin ekitea”.

Ikusi EITB Nahieranen atal osoa:

Eskolaren lana euskararen erabilera sustatzeko

Tribuaren Berbak saioan, eskolak euskararen erabilera indartzeko egiten ari diren lanaz aritu dira Kike Amonarriz eta haren gonbidatuak.

estatistika

Iaz, milioi erdi pasatxo ikasle izan zen Euskal Herrian, Haur hezkuntzatik hasi, eta Lanbide Heziketaraino. Horietatik, % 51k D ereduan ikasi zuten, euskara hutsez; % 15ek, B ereduan, eredu elebidunean: % 14k A ereduan, euskara irakasgai gisa soilik izanda; eta % 20k erdara hutsez. Datu horiek asko aldatzen dira eremu administratiboaren arabera, ez baita egoera bera EAEn, Nafarroan, eta Ipar Euskal herrian.

suberbiola

Pablo Suberbiola

Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak dio euskararen erabilera oso desberdina dela ereduaren arabera, bai ikasgelan, bai jolaslekuan. Jakina, D ereduan da handiena. Dena dela, nabarmendu du eredu bakoitzeko erabilerak aztertzerakoan kontuan hartu behar dela bakoitzeko ikasleen tipologia oso desberdina dela. Ikasleak bizi diren ingurunean dagoen erabileraren parekoa izango da erabilera bai eskolan, baita handik kanpo ere. Beraz, eskolak erabilera bultzatzeko zer hobetu badu ere, beste sektore batzuetan askoz gehiago dago hobetzeko.

Nola lor daiteke euskara eskolako hizkuntza izatetik bizitzako hizkuntza izatera heltzea? Jasone Aldekoa Hezkuntza Berriztatzeko aholkulariak azaldu du Ulibarri programarekin ari direla lanean arlo horretan. Helburua da nerabeak izatea euren hizkuntza hautuaren jabe. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da familiaren atxikimendua, hor egiten delako hizkuntzaren erabilera intimoa. Bestalde, ezinbestekoa da aisialdiko jarduera guneen lana.

Ikasleei eurei ere galdetu die Kikek, eta, haien hitzetan, beharrezkoa dela euskaraz eskaintza handiagoa izatea entretenitzeko; eskolatik kanpo ere erabil dezaketela sumatu behar dute. Hau da, euskarak erakargarri izan behar du eurentzat.

gasteizEskola asko ari dira saiatzen paper gaineko teoriak praktikara eramaten. Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan izan da, hasteko, Amonarriz. Bertako arduradunek esan diotenez, “euskaraz gero eta gehiago dakite, baina gero eta gutxiago erabiltzen dute”. Oso gazte direnean asko hitz egiten dute, baina handitzen doazen heinean, galtzen doaz. Horregatik, euskararen erabilera sustatzeko lan handia egiten dute, eta eustea lortzen dute.

Hernaniko Inmakulada kristau eskolan % 10 baino ez dira euskaldunak. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan D eredua dute ezarrita, baina DBHn B eredua dute, etorkin ugari matrikulatzen baitzaie maila horietan. Ikasgela barruan eta kanpoan euskaraz aritzen dira HHn eta LHn; DBHn, berriz, gaztelaniaz. Hernaniko Dobera euskara taldekoekin lankidetzan, egitasmoak gauzatzen dituzte aisialdian euskararen erabilera sustatzeko. Zeregin nagusitzat dute euskararen gaineko sentimendua eta motibazioa sortzea, “horren atzetik etorriko delako erabiltzeko grina”.

Tolosako Laskorain ikastetxean % 96 aritzen dira euskaraz gelan eta jolastokian. 80ko hamarkadan, berriz, egoera bestelakoa zen; garapen horretan lan izugarria egin du “Euskaraz Bizi” planak. Helburu nagusiak dira hitz egitea, errotzea eta adin desberdinetara iristea. Adinak kontuan hartuta, HHn eta LHn lortu nahi dute ikasleek eskolan eraikitzea harreman sare euskalduna. Horretarako, ezinbesteko laguntzailea da Argitxo iratxoa. LHko 2. Eta 3. zikloetan, ikasleek berezko duen lehiako eta jolaserako joerei heltzen zaie; eta DBHn ikasleei gogorarazi nahi diete zein garrantzitsua den euskaraz bizitzea.

anikostera

Ani Kostera

Kanboko Xalbador ikastegian 317 ikasle dituzte. Barnealdeko herrietatik datozenek, etxean euskaraz aritzeko aukera izaten omen dute; kostaldekoek, berriz, gutxiago. Lehen ikasgela barruan zein kanpoan arraroa zen ikasleek komentarioren bat frantsesez egitea. Gaur egun, ordea ez. Beraz, berreskuratze lan horretan, eskolak funtzio publikoa du. Gainera, euren gain hartzen dute ikasleei euskararen etorkizuna euren eskuetan dagoela ikustarazteko ardura. Kontzientzia hori landu behar dute gurasoekin eta haurrekin. Dena den, ikastetxeko arduradunek adierazi dute ofizialtasuna lortzeak gauzak asko erraztuko lituzkeela.

Nafarroan, legea aldatzeak D eredua zabaltzeko aukera gehiago emango du datorren ikasturtetik aurrera. Hori pozgarria da Sortzenen arabera, baina arazo batzuk gainditzeko beharra dago oraindik ere. PAI programa ezartzeak (ingeles ordu gehiago sartzeko) kalte egin dio euskarari. Gainera, hiztun kopuruak gora egin du, baina erabilerak, ordea, ez. ETB3 bertan ezin ikusi izanak eragin handia izan du, marrazki bizidunak euskaraz ezin ikusita, euskaraz zegoen esparru bat galdu baita. Sortzenek ikasleen erabilera sustatzeko egiten du lan, normalean familiak erdaldunak direlako, eta gaztelaniaz hitz egiteko joera dutelako.

jasonecenoz

Jasone cenoz

Jasone Cenoz EHUko katedradunak dio hizkuntza akademikoa lantzea beharrezkoa dela, eta eskolak lan hori egiten duela. Dena dela, nabarmendu du euskara eguneroko bizitzako hizkuntza bihurtu behar dugula. Bestalde, eleaniztasunaren garrantzia ere azpimarratu du: “Euskara babestu behar da, eta gehiena euskaraz egin behar da, baina beste hizkuntzak ere landu behar dira, beharrezkoak direlako”.

Saioa amaitzeko, Irungo Berritzeguneko Iñaki Biainengana jo du Amonarrizek. Haren hitzetan, eskola euskararen arnasgunea da, eta lan handia egin dezake, baina ezin du bakarrik egin. Beste “hanka” batzuk behar ditu: familia, aisialdiko eskaintza eta hedabideak. “Euskara erabiltzen jarraitzea nahi badugu, euskararen aldeko jarrera modu sistematikoan lantzen hasi beharko ginateke”, esan du. Gainera, familiei dagokienez, garrantzitsua da umeei transmititzea euskara erabiltzeko ohitura. “Erakutsi behar zaie euskara ongi ikastea inbertsio garrantzitsua dela etorkizunean lan munduan integratzeko eta sozializatzeko”.

Urtetan eskolaren bizkar gainean ipini da euskalduntzearen erantzukizuna. Irakasteari, ikasleen ezagutza-multzoa handitzeari, euskararen gaineko trebetasun-maila ere areagotzea eskatu zaio. Hiztun osoak sortzeko, ordea, gizarte osoa da beharrezkoa. Bizkar-zorroa elkarbanatuta aiseago eramaten dela zama, alegia.

Euskarak ez du mugarik!

Tribuaren Berbak‘ saioak mugak izan ditu ardatz. Euskal Herrian badakigu, bai, zerbait mugen gainean, gure herria zatitzen duen lerroa, begi bistakoa ez bada ere, egon, hor baitago. Euskaldunok badugu baina, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik ibil daitekeen haize fin bat: euskara. Muga ororen gainetik jo du, halaber, Kike Amonarrizek gonbidatu bila.

hendaia-irun

Elsa Spizzichino Hendaiako euskara teknikariarekin eta Iban Eguzkitza Irungo euskara zuzendariarekin bi herriak elkartzen dituen Santiago zubian elkartu da. Egoera desberdina da batean eta bestean, bereziki, Iparraldean euskarak ofizialtasuna ez izatearen eraginez, eta beharrak ere ezberdinak dira. Dena dela, Hendaiako haurren erdiak euskaraz ikasten dute, eta hori seinale ona da. Irunen aldiz, euskaldunak % 36 dira, ia euskaldunak % 28, eta % 36k, berriz, ez dakite euskaraz. Dena dela, biek ahala biek euskararen erabilera sendotu beharra aipatu dute, baita mugaz gaindiko harremanak indartzekoa ere.

aintzart

Peio Etxeberri-Aintzart

Noiztik daude bereizita Hego eta Ipar Euskal Herria?  Peio Etxeberri-Aintzart historialariaren hitzetan, Erdi Aroan bazegoen nolabaiteko probintzien arteko muga, baina XVII. mendean hasi zen amildegia eraikitzen, eta XIX. mendean, Baionako Hitzarmenarekin, erabat bereizita gelditu ziren, ordura arte Ebron zegoen aduana muga Pirinioetara eraman zutenean. Hala ere, Frantzian 3. Errepublika frantses izaera sendotzen hasi zenean eta Frankismoa ezarri zenean, areagotu egin zen mugaren fenomenoa. Alabaina, Etxeberri-Aintzarten hitzetan, kostaldean nabariagoa da mugaren eragina, barnealdean naturalki zeharkatzen duelako jendeak. Azken urteetan, gainera, apaldu egin da eragin hori, bereziki muga fisikoak kendu zituztenetik. Euskararengan, mugak baino, zentralismoek izan dituzte ondorioak, Iparraldeko euskara frantsestu egin baita, eta Hegoaldean, aldiz, gazteleratu. Hala eta guztiz ere, euskara batuaren eraginez, gauzak aldatzen ari dira, eta ez dago arazorik mugaren alde batekoak eta bestekoak elkarrekin komunikatzeko.

garmendia

Elixabete Garmendia

Mugak eragina izan zuen, baina, kulturan. Elixabete Garmendia kazetariaren arabera, euskal kulturaren sorgune izan zen Iparraldea, esaterako, kantagintzan. Izan ere, han askatasuna zegoen; Hegoaldean, berriz, zentsura. Horregatik, Iparraldean kantari ugari izateaz gain, Hegoaldekoek hara jotzen zuten diskoak ateratzera. Bestalde, babesgune ere izan zen ekimen kultural askorako, eta aipatu du Elkar argitaletxea eta Udako Euskal Unibertsitatea, adibidez, bertan sortu zirela. Gaur egun, muga fisikoa erraz gainditzen dugula esan du; aldiz, “muga mentalak oraindik badauzkagu”.

kontrabandista

Mattin Tapia eta Kike AMonarriz

Mugan alde batera ibiltzen ziren, duela hainbat urte, kontrabandistak. Mattin Tapia senpertarra ere horretan aritzen zen gaztetan, beste ezer ez zutenez, “sos batzuk ateratzeko”. % 90eko alkohola erosten zuten Hegoaldean (askoz ere merkeagoa zen), eta Iparraldera igarotzen zuten, Bordeleko destilategi bati saltzeko. Aipatu duenez, gendarme eta guarda zaharrak euskaldunak ziren, eurak ere kontrabandoan aritutakoak. Horregatik, gau-lanean harrapatzen zituztenean, zeramatena botarazi, eta aske uzten zituzten. Gainera, mugaz bestaldekoekin ere euskaraz aritzen ziren beti.

Kontrabandista asko mugalari lanetan aritu ziren, hau da, muga ezkutuan iragan nahi zutenak gidatzen eta laguntzen. Muga inork baino hobeto ezagutzen zutela baliatu zuten Comète sarean laguntzaile aritzeko. II. Mundu Gerran Alemaniaren aurkako aire-erasoetan eraitsitako hegazkin pilotu aliatuak jasotzen zituzten. Euskal Herriko muga igaro ostean, Gibraltarrera eramaten zituzten, Madrilgo britainiar enbaxadaren zerbitzuen laguntzarekin. Seguru iheslari haiek harrituta geldituko zirela mugalari haien hizkuntza berezia entzutean.Izan ere,  ingelesa ezean, euskaraz, lapurteraz gainera, egiten baitzuten askok.

maitena

Maitena Duhalde

zugarramurdi

Helena Xurio

Lapurteraz, eta zehazki, Lapurdiko itsas hegiko euskaraz asko daki Maitena Duhalde hizkuntzalariak. Hendaiak, Urruñak, Biriatuk, Ziburuk, Donibane Lohizunek eta Azkainek osatzen dute eremu hori, eta berezitasun handiena aditz-sisteman du. Horrez gain, alboan duten gipuzkeraren eraginez, bustidura eta hainbat hitz berezi ere erabiltzen dute.

Biriatuko mugatik Zugarramurdikora joan da Amonarriz. Bertan, Helena Xuriok esan dio ez dutela mugarik sentitzen Xareta eskualdean (Ainhoa eta Sara -Lapurdi- eta Urdazubi eta Zugarramurdi -Nafarroa- herriak biltzen ditu), bereziki barrerak kendu zituztenetik. Dena dela, telebistaren indarra handia dela nabarmendu du. Hau da, Hegoaldean jendeak telebista espainiarraren eragina duela eta Iparraldean, berriz, frantsesarena. Eskualdeko herri guztietan euskara bera hitz egiten duten arren, gero eta gehiago ari dira desberdintzen, “Iparraldeko euskara batua” eta “Hegoaldeko euskara batua” erabiltzen baitituzte gaur egungo gazteek. Euskal Telebistaren eraginez ere, lehen erabiltzen ez zituzten hitzak barneratu baitituzte.

Zugarramurdin bizi da, halaber, Carles Belda katalana. Nabarmendu du Xareta eskualdearen pareko egoera dagoela Cerdanyan, ipar-hego legezko mugak bereizita baitago. Han ere hizkuntzak batzen omen ditu alde batekoak eta bestekoak.

baigorri

Amaia Castorene

Hain zuzen ere, Amaia Castorene baigorriarrak aipatu du, Baztanen (Nafarroa) eta Baigorriren (Lapurdi) artean ere ez dutela mugarik sentitzen. Basaize elkarteko kidea da, eta, euskara sustatzea du helburu elkarte horrek. Alabaina, haren erakusleiho handiena Nafarroaren Eguna da. 1979tik antolatzen dute, eta Pirinioetako bi aldeetako nafarren arteko harremanak sendotzea eta iraunaraztea du helburu nagusia. Izan ere, Castorenek esan duenez, “euskarak batzen gaitu, eta, dena da gure herria”.

Haizeari langak jartzea ezinezkoa den bezala, hizkuntza hesitu nahi izatea ere ezinezkoa da. Euskarak ez baikaitu bereizten, batu baizik. Mugak norberak jartzen dizkio maiz bere buruari, eta horiek gainditzeko euskara ez dadila aitzakia izan, bitarteko baizik.

XXI. mendean, hamaika tribu, hamaika euskara

XXI. mendeko euskara izan du hizpide ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Nolakoa da hiztunen komunitatea? Zein da hiztunen profila? Galdera horiei erantzun nahian, hainbat gonbidatu bildu du Kike Amonarrizek.

azkarate

Miren Azkarate eta Kike Amonarriz

Lehenik eta behin, Miren Azkarate euskaltzainak azken 50 urteotan euskarak izan duen bilakaera aipatu du. Euskara batuaren hasierako garai hartako helburu nagusia zen gutxieneko arau batzuk finkatzea. Gaur egun, ordea, euskara barruraino sartu da hezkuntza munduan, administrazioan (“beharbada ez nahi genukeen beste”), hedabideetan, osasunaren munduan (“poliki-poliki”)… Dena dela, euskara batua aldaera formala da, eta gazteek eskolan ikasi dute, baina motz geratzen zaie harremanetarako; beste zerbait behar dute, “gozatzeko balioko dien eredu bat”.

zalbide

Mikel Zalbide

Mikel Zalbide euskaltzainak, berriz, hiztunen bilakaeraz hitz egin du. Garai bateko euskaldun elebakarrak galdu egin dira. Multzo garrantzitsua osatzen dute euskal elebidunek, euskaraz erdaraz bezain ondo edo hobeto moldatzen direnek. Gainera inoizko handiena da euskaraz alfabetatuta daudenen multzoa. Erdal elebidunak ere asko ugaritu dira, hau da, erdaraz hobeto moldatzen badira ere, euskaraz badakitenak. Ikasleen euskara maila baldintzatzen duten bost faktore nagusi aipatu ditu: berezko gaitasuna, etxea, kaleko hizkera nagusia, lagunartea eta eskola. Faktore horiek ikasle bakoitzaren kasuan konbinatzeko moduak maila aukera anitza emango digu.

manterola

Kike Amonarriz eta Ibon Manterola

Ibon Manterola EHUko UNESCO katedradunak, hain zuzen ere, gure hiztun komunitatearen aniztasuna nabarmendu du. Batzuek asko dakite, eta asko egiten dute; asko dakitenak, baina asko egiten ez dutenak; gutxi dakitenak baina dakiten horri etekin handia ateratzen diotenak; eta, azkenik, azpimarratu egin du euskaraz ez dakiten baina haurrak euskaraz eskolatzeko hautua egin duten gurasoen garrantzia. Gainera, etorkizunera begira, euskararentzat garrantzitsuagotzat jo ditu eragile gisa jatorriz erdaldunak direnak, hau da, euskaldun berriak, euskaldun zaharrak baino.

bereziartua

Garbiñe Bereziartua

Gazteen artean ikerketa egin du Garbiñe Bereziartuak, Azpeitiko euskara teknikariak. Haren hitzetan, komunikatzeko bide berriak sortu diren honetan, komunikatzeko modu berriak sortzen ari dira. Sare sozialetan erabiltzen den hizkera norberak eguneroko bizitzan dituen ohiturekin lotuta dago, eta, beraz, euskalkia duten herrietan, euskalkia bera hizkuntza baliabide bat gehiago da. Batua eskolarekin lotzen dutenez, ez dute horrelako harreman informaletarako erabiltzen. Euskalkia izateak, beraz, asko aberasten du euskal hiztunen errepertorioa.

maite

Maite Quintanilla

Maite Quintanilla antropologoak Soraluzeko gazteak eta euskara ikertu ditu. Azpimarratu du “oso epaituak” sentitzen direla, eta ez zaiela eurei galdetzen. Zenbaitek hautu kontzientea egin dute euskararen alde; beste batzuek, ordea, hegemoniak agintzen duenari jarraitzen diote. Euskara gurea delako erabili behar dugula esanda, gutxi batzuengana baino ez omen gara heltzen. Gakoa, bere ustez, esperientzia eta bizipen positiboetan datza. Beraz, euskara ikuspuntu baikor batetik helarazi behar zaiela uste du.

jokin

Jokin Etcheverri

Ipar Euskal Herrian, Jokin Etcheverri ekoizlearen testigantza jaso du Amonarrizek. Donibane Lohizune inguruan, batez ere, batua egiten omen da gehiago gaur egun. Bestalde, Hego Euskal Herrian “euskañola” egiteko dagoen joeraren parekorik ba ote dagoen galdetuta, ezezkoa erantzun du, bertan ez baitaukate hizkuntzak nahasteko hainbesteko joerarik.

dibinaOrioko Dibina Lanberri amonarekin ere hitz egin du, gazte garaian erabiltzen zuten euskarari buruz. Erabat euskaraz egiten zuten uzten zieten leku guztietan, eta hika aritzen omen ziren batez ere. Ia ez zuten erdaraz egiten, eta haserrea adierazteko hitzak eta jolas gehienak euskaraz egiten zituzten. Ez zuten, beraz, normalean, gaztelaniara jotzeko beharrik sentitzen.

asisko

Asisko Urmeneta

Gaur egungo lagunarteko hizkeran, aldiz, gaztelaniaren edo frantsesaren eragina handia dela uste du Asisko Urmeneta marrazkilariak. Batua sortu izana beharrezkotzat jo du, baina maila jaso horretan dagoen hizkera hori “monokorde, monokromo eta monotono”a dela aipatu du. Kolore edo ñabardura pixka bat behar dugunean, kasurik onenean, euskalkira jotzen dugula esan du, baina, kasurik okerrenean, erdarara. Horren ondorioz, gero eta zailagoa egiten zaigu euskaldunon arteko komunikazio informala. “Euskara inperfektu, inkorrekto eta lardaskagarria” behar dela adierazi du. Horretarako, batetik, euskalkiek ematen dituzten adierazpide aberats horiek euskara nazionalera esportatzea proposatu du; bestetik, berriz, entzundako, irakurritako, ostutako eta itzulitako esapideekin gure lagunarteko hizkeran dauden zuloak betetzen ez baditugu, asmatzeko zilegitasuna badugula azpimarratu du.

lertxundi

Anjel Lertxundi

Anjel Lertxundi idazlearen ustez, euskarak badu adierazkortasunak; aldiz, gu geu gara euskarari etekina ateratzen ez diogunak, gatza eta piperra behar ditugunean erdarara jotzen dugulako. Izan ere, erdara gehiago entzuten dugunez egunean zehar, beste hizkuntzatan barneratuta dauzkagun elementuak erabiltzea erosoago zaigu. Horri lotuta, Euskal Telebistaren “dejazioa” aipatu du, hizkuntzaren beraren premiak ez dituelako pentsatzen. Bere ustez, euskararen promoziorako, “estrategia batek egon behar du planifikatuta; ez da aski euskaraz datorrena ematea”. Bestalde, ahozkotasuna landu beharko litzatekeela azpimarratu du, bai hezkuntza mailan, bai familian.

Euskararen alorrean, norberak eragina du bere inguruan, eta horregatik gure inguru hurbilean hasi gintezke eragiten. Alabaina, erantzukizuna ez da norbanakoena eta gizartearena bakarrik, erakundeek ere bai baitute zeregina.

Ikus ezazue osorik ‘XXI. Mendean hamaika tribu, hamaika euskara” saioa.

Emakumeek asko dute esateko euskarari buruz

Emakumeak eta euskara izan ditu hizpide ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Abiapuntu gisa hartu du Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendariak, 19. Korrikako mezuan esandakoa: ahaldundu behar dugula. Ahalduntzea plaza hartzea da, boterea hartzea, ez inor menpean hartzeko, egoera eraldatzeko baizik.

loreaagirre

Lorea Agirre eta Kike Amonarriz

Ahalduntzea feminismotik datorren ideia da, hori dela eta, genero-ikuspegia txertatu nahi izan dio Kike Amonarrizek hausnarketa horri.

Agirre bera elkarrizketatu du, saioa hasteko, Amonarrizek. Hark esan du emakumeen gainean eta euskararen gainean diskurtso bera erabili dela, hegemoniatik, menderatuta edukitzeko. Feminismoak ‘jakitearen, jabetzearen eta boteretzearen’ beharraz hitz egiten du, eta hori euskalgintzari ere aplika dakioke. Izan ere, feminismoak euskalgintzari teoria eta praxi orokorra eskaintzen dizkio.

itziaridiazabal

Itziar Idiazabal

Itziar Idiazabal EHUko UNESCO katedradunarekin ama hizkuntza esamoldeaz aritu dira. Izan ere, oraindik ere erabiltzen da, baina, gaur egun, zuzenagoa da lehen hizkuntza esatea, ama ez baita derrigorrez hizkuntza transmititzen duen bakarra. Lehen hizkuntza esatean, berriz, ez dugu esaten nork irakatsi duen, ikasitako lehena izan dela baizik.

 

jonemirenhernandez

Kike Amonarriz eta Jone Miren Hernandez

Dena dela, hizkuntzen transmisioan emakumeek garrantzi berezia izan dute nabarmendu du Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak, eta, oraindik ere, badutela. Euskal herrian, historikoki, emakumeen papera oso lotuta egin da hizkuntzarekin, eta, ideologikoki berari egokitu zaio hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa. Emakumeen aukera izan ez bada ere, gehienetan, eurek hartu dute euren gain ardura hori. Umeen sozializazioa emakumeen eskuetan egonda, bai etxe barruan, bai kanpoan, eta horrekin batera dator transmisioa. Dena dela, azpimarratu duenez, ardura garrantzitsua izan bada ere, isilean geratu da, ez baitu izan prestigio sozialik. Gaur egun aldaketak izan dira, baina Hernandezen aburuz, diskurtso mailan izan dira praktikan baino gehiago.

inesosinaga

Ines Osinaga

Emakumeak bere tokia hartzen ari dira tradizioz gizonezkoena izan den eremuetan. Musikaren arloan, esaterako, ‘frontman’ak ezagutu ditugu batik bat, baina, izan, badira ‘frontwoman’ apur batzuk ere. Ines Osinagak, Gose taldeko kantari eta trikitilariak, nahiago du plazandre kontzeptua aldarrikatzea. Esan du etxekoandretik asko duela plazandreak, “ez duelako amatasun-bajarik, gizarte segurantzak ez dituelako aurreikusten lanean sartutako orduak…”. Agertokia bere emetasunetik baliatzen du Osinagak, garrantzitsua baita, bere hitzetan, taula gainean dagoenean irudikatzen duen rola, eta rol horrekin esan nahi duena. izan ere, agertokira igotzen direnek “gauzak aldatzeko erantzukizuna” daukate, bere iritziz. Dena dela, dirudiena baino gehiago omen dira horretan diharduten emakumeak, baina bistaratzea ez omen da hain erraza.

estitxueizagirre

Estitxu Eizagirre

Bide beretik, Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendariak nabarmendu du emakumeak aritzen zirela lehen ere bertsotan, baina ez zutela plazan abesten. Gaur egun dauden emakume bertsolariak ikusita, asko lortu dela esan du, baina, oraindik ere, alde handia dagoela plazetan dagoen emakume eta gizonezko kopuruaren artean. Bestalde, feminismoaren eta bertsolaritzaren arteko loturaz galdetzean, Eizagirrek uste du feminismoari buruz kantatzeaz gain, bestelako gai batzuei arreta jartzea ekarri duela, baita bertsolariak bere rolak deseraikitzea ere. Gainera, fisikoki ere beste bide bat zabaldu du, bai ahotsari, bai jarrerari dagokionean; azken batean, aniztasun handiago ekarri dio feminismoak bertsolaritzari.

ritxilizartza

Ritxi Lizartza

Euskarak hiru hizkuntza trataera ditu, berorika, zuka eta hika. Azken horrek, gainera, genero bereizketa egiten du, toka eta noka. Ritxi Lizartza itzultzailearen hitzetan, tradizioz hala ez bada ere, azken urteetan gizonezkoek erabiltzen dute batik bat. Are gehiago, kaleko hizkeran, genero aldetik desoreka bat egon daiteke, izan ere, mutilen artean eta mutilei zuzentzeko, hika erabiltzen da, baina neskei zuzentzeko, berriz, zuka. Hori saihesteko, kalean sarritan, noka ezagutzen ez dutenez, toka erabiltzen dute neskei hitz egiteko, pentsatuz berdintasuna dagoela. Lizartzak ez luke esango hitanoa desagertzear denik, baina sortzen ari den eredu berri hori saihesteko, beharrezkoa da kontzientzia bat sortzea, eta eskoletan hitanoa txertatzea.

itxaroborda

Itxaro Borda

Emakumeen presentzia txikia izaten da hainbat esparrutan, besteak beste, komunikabideetan eta literaturan. Itxaro Borda emakumea, Iparraldekoa eta idazlea izanik, bazterrekotzat jo liteke, baina berak ez du bere burua hala kokatzen. Idazten hasi zenean ia ez zen emakume idazlerik, eta, gainera gai ausartak hautatu zituen. 1994an argitaratu zuen lehen detektibe nobela, eta protagonista gisa Amaia Ezpeldoi hautatu zuen, detektibea, emakumea eta bisexuala. Beti “inkontziente xamarra” izan dela aitortu du Bordak. Emakumeen literatura urratsez urrats joan omen da aitzinera, eta, olde horretan, bera ere joan da aurrera.

mariluzesteban

Mari Luz Esteban

Mari Luz Esteban antropologoak dio feminismoa euskalgintzarako baliagarria dela gogoeta-tresna gisa. Feminismoan, erronka nagusietako bat da, gaur egun, emakumea defendatzeaz gain, emakumeen eta gizonen arteko mugak deseraikitzea. Estebanek adierazi du erronka hori bera daukagula euskalgintzan ere. Batetik, nola defendatu euskaldunen eskubideak, eta, bestetik, nola ulertu euskal identitatea modu konplexuagoan; alegia, nola deseraiki identitate hori. Kontzientzia modu dinamikoan hartzearen garrantzia nabarmendu du, bai feminismoan, bai euskalgintzan. Hau da, ideologia soilik ez da nahikoa, praktikarik gabe.

Emakumeak ikusgarri behar ditugu, eta, horretarako, ikusaraztea da guztion lana, bai gizonena, bai emakumeena: orain arte, ikusezin, ahul, agertutakoa ahalduntzea. Euskarak eta euskalgintzak eskertuko dute.

Ikus ezazue osorik “Euskara dela eta, emakumeek zer diote?” atala.

Goierri: muin eta motore

goierri-kike_1024x576

Tradizioz, Goierrik eskualde euskaldunaren fama dauka, euskararen arnasgunea dela uste dute bertatik kanpokoek. Baina, euskararen ezagutzaren eta erabileraren datuak hotzean aztertuz gero, konturatuko gara ez dela hainbesterainokoa. Hori da behintzat, ‘Tribuaren Berbak’ ETB1eko saioak atera duen ondorioa.

goierri-maider

Maider Agirre

Hasteko, titular bat utzi digu Maider Agirrek, Beasaingo euskara teknikariak: Goierri Gipuzkoako laugarren eskualde euskaldunena da; aurretik ditu Urola bailara, Tolosaldea eta Debagoiena. Beraz, badauka nahikoa zeregin etorkizunari begira. Eta zehazki, Beasaingo datuei erreparatuz, euskara ondo dakitenak % 56 inguru badira ere, euskararen erabilera % 35ean dago.

goierri-jokin

Jokin Murua

Goierrin, beste eskualde askotan bezala, alde handia dago herri txikietatik herri handietara. Orokorrean, herri txikietan euskararen ezagutza eta erabilera % 80tik gorakoa da. Dena den, azken azterketetako emaitzek ardura piztu dute herri txikietan ere: Gabiriko kultura zinegotziak, Jokin Muruak, adierazi duenez, gaztelaniaren presentzia handitu egin da herri txikietako eguneroko bizitzan
.

goierri-maizpide

Kike Amonarriz eta Marian Bidegain

Euskara hedatzeko lanean erreferente izatera iritsi da Lazkaoko Maizpide euskaltegi eta barnetegia. 70eko hamarkadan hasi ziren lanean, eta hasieran eskualdean euskara zabaltzea zuten xede. Garai hartan, 2000. urterako Goierri osoa euskalduntzea jarri zuten helburu; eta bete ez bada ere, lan itzela egin dute. Gaur egun ere, eskualderako lanean jarraitzen dute, baina gero eta gehiago dira beste lurraldeetatik euskara ikastera bertara etortzen direnak.

Goierriko hizkerak

Goierriko euskarak bere ezaugarri propioak dituela erakutsi digu Lierni Elortza segurarrak ETB1eko saioan. Ezagunena, seguruenik, kausazko ablatiboetan (-tik atzizkiarekin amaitzen diren hitzetan) goierritarrek –tio bukaera erabiltzen dutela izango da; esate baterako, zergatio, oraindio, nundio…

goierri-lierni

Lierni Elortza eta Kike Amonarriz

Horrez gainera, herritik herrira ere badaude aldaerak. Bertako helduek hizkeran antzematen omen dute pertsona bat Ataungoa, Zaldibikoa edo Zeraingoa denean. Juanjo Aranburu Idiazabalgo artzainak aitortu digunez, ordea, gazteen kasuan, gero eta gutxiago nabaritzen dira ezberdintasun hauek euskara batuagoa edo nahasiagoa erabiltzen dutelako.

Hizkera bezala, Goierriko herri bakoitzak badu bere ezizena ere. Hauek dira horietako batzuk: Idiazabalgoak azeriak, Altzagakoak zakurrak, Zaldibikoak arkakusoak, Zegamakoak beleak, Lazkaokoak antzarak, Ataungoak otsoak, Gaintzakoak zapoak, Mutiloakoak txerrigorriak, Zeraingoak xaguak, Beasaingoak bareak, Ordiziakoak azak, Segurakoak zopajaleak…

goierri-caf

Joxe Begiristain

Euskara bultzatzeko eta hedatzeko lana bizitzako arlo guztietan egin behar dela sinistuta, ari dira lanean trenak egiten dituen CAF enpresan. Langile kopurua kontuan hartuta, eskualdeko enpresarik handiena da CAF, eta 2006tik euskararen plana eta euskara batzordea dauzkate bertan. Joxe Begiristainek azaldu duenez, plan horri eta langileek egindako ahaleginari esker, nahiz enpresa barruko, nahiz kanpoko harremanetan, gero eta ohikoagoa da gure hizkuntza erabiltzea komunikatzeko. Gainera, trenek euskaraz hitz egitea ere lortu dute!

goierri-beneditarrak

Juan Jose Agirre

Bestalde, Lazkaon, altxor bat daukate gordeta. Juan Jose Agirre monje beneditarraren ekimenez, euskararen eta Euskal Herriaren historia kontatzen duten dokumentu Beneditarren Dokumentazio Gunean. Haren alnagatik ez balitz, gure historiaren zati handi bat galduta legoke. Agirrek berak Kike Amonarrizi azaldu dionez, “herri baten historia egin nahi bada, azkeneko paper txikienak ere balio du”. Etxahun Galparsoro teknikariak adierazi du jasota daukaten liburu zaharrena 1669koa dela, Ziburuko Joanes Etcheberrik idatzitako Manual devotionezcoa. Guztira, 60.000 liburu dauzkate, eta, horiez gain, aldizkariak, kartelak eta pegatinak ere badituzte.

goierri-mendiguren

Xabier Mendiguren

Zer eskaini dio Goierrik euskalgintzari? Xabier Mendiguren idazlearen esanetan, batetik, “euskaldun mordoska bat”. Baina, bestetik, oro har, oso lurralde pobrea izan denez, ez da sortzaile askorik atera. 70eko hamarkada, aldiz, askoz ere oparoagoa izan zen. Apaizgaitegiak eta komentuak hustearekin batera, apaiz ohi jantzi horiek irakasle aritu ziren Euskal Herri osoko eskoletan. Bestalde, Goierri euskararen arnasgunea dela esatea “topiko” hutsa da, eta gaur egun egiten dena baino gehiago egin beharko litzateke euskara bultzatzeko, izan ere, Mendigurenen hitzetan, “euskaldun portzentaje handia daukagunok euskal kultura kontsumitzerako orduan eredu izan behar genuke”.

Goierri eta Goierri bezalako eskualde euskaldunagoek aitzindari papera jokatu behar dute euskararen alde. Horretarako aukera dute eta hori da euren erantzukizuna: euskararen motore izatea.

Ikus ezazue osorik ‘Goierri: muin eta motore’ saioa EITB Nahieranen.

Sukaldaritza arloan, euskara, poliki, baina polito ari da

Sukaldaritza, janariak prestatzeko artea, hartu du ahotan aste honetan ‘Tribuaren Berbak‘ saioak. Izan ere, Kike Amonarrizek jakin nahi izan du horren gurea dugun sukaldaritza zein neurriraino den euskalduna.

ordizia

Kike Amonarriz eta Edurne Jauregi

Lehen geltokia, Ordiziako azoka. Bertan, Edurne Jauregi baserritarrak esan dio salerosketa gehienak euskaraz egiten dituztela. Produktu asko euskaraz eskatzen ahalegintzen omen da jendea, ziazerba, kuia, kuiatxo eta alberjinia hitza erabilita, esaterako, espinaka, kalabaza, kalabazina eta berenjena beharrean. Hala ere, erosketak ordaintzerako orduan, gehienek, gaztelaniara jotzen omen dute.

behiak

Donostiako kaleetan

Amonarriz Donostiako kaleetan ibili da, behi bat hartuta, jendeari galdezka haren zatiak euskaraz nola esaten diren ba ote dakien. Hainbat zatiren izenak zabalduta daude, adibidez, azpizuna, saiheskia, buztana… Beste hainbat, ordea, ez zaizkigu ezagun egiten, hala nola, mokorra (kadera) eta koskorra (redondoa).

Arrainekin ere antzera gabiltza. Urnietako Nekane Garmendiak esan du zenbait izenik aspalditik datorrela eta oso barneratuta daukagula, esaterako, legatza, bisigua, bakailaoa, izokina… Aldiz, kostatzen ari zaigu beste zenbait barneratzea, besteak beste, barbarina (salmonetea). Helburu horri helduta, Urnietako Euskara Zerbitzuak eskuorri batzuk zabaldu ditu arrainen euskarazko izenak zehaztuta. Gainera, arrandegi horretan, ordainketa tiketean euskaraz jartzen dute erositakoa, izen horiek zabaltzeko.

gargantua

Gargantua

Euskaldunok jatun onen ospea daukagu. Gulari, zazpi bekatu nagusietako bat izanagatik ere, ez diogu beldur handirik, eta euskaraz hainbat hitz dugu hori adierazteko: sabelkoikeria, tripazainkeria, gormandiza, jalekeria… Bekatu horri gorazarre egiten dio, nolabait, Bilbon oso maitea duten pertsonaia batek, Gargantuak, alegia. Rabelais idazle frantsesak asmatutako pertsonaia Bilbok bere egin zuen erraldoi jatun ase ezina. Gainera, aipatzekoa da Rabelaisek idatzitako liburuan badirela euskarazko pasarteak, eta euskaraz idatzitako lehen liburua baino bi urte lehenago argitaratu zela!

Euskarazko errezeta liburu zaharrik ere badugu euskaraz. Kike Amonarrizek Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean topatu du Escualdun cocinera, ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baiteçake. 1864an argitaratu zuten Baionan, eta lapurteraz idatzita dago, baina ez dakigu nor den egilea.

hilario

Hilario Arbelaitz

Euskal jatetxe izardun ugari dugu, eta horietan euskarak zein leku betetzen duen jakin nahian, Oiartzungo Zuberoa jatetxera jo du Kikek. Hilario Arbelaitzek hasiera-hasieratik eman dio garrantzia euskarari, bere ama hizkuntzak bere jatetxean leku esanguratsua betetzen baitu. Euskaraz dakienari euskaraz egitea ezinbestekotzat jotzen duenez, bertako zerbitzari guztiek, nahitaez, jakin beharra dute, gaztelaniarekin, frantsesarekin eta ingelesarekin batera. Bertako euskal giroan, euskarara hurbiltzen dituzte egunero izaten dituzten munduko zientzialariak, musikariak, zinemagileak eta bestelako pertsona entzutetsuak.

leioa

Fernando Elkoroiribe

Euskal Herriko sukaldaritzako izarrek izango dute lekukoa nori eman, harrobi bikaina baitaukagu. Leioako Ostalaritza Eskolatik atera dira, esaterako Eneko Atxa (Azurmendi jatetxea), Fernando Canales (Etxanobe), Jose Antonio Alija (Guggenheimeko Nerua jatetxea) eta Zigor Iturrieta, ‘Txoriene‘ saioko aurkezlea. Fernando Elkoroiribe Ostalaritza eskolako irakasleak esan duenez, 1981ean ireki zituen ateak, baina 1998an hasi zen euskarazko eskaintza formakuntza zikloetan. Gaur egun, bi ziklo eskaintzen dituzte osorik euskaraz. Gainera, lan handia egin dute euskarazko terminologia eta errezetak ematen, eta normalkuntza talde bat sortu dute. Izan ere, irakasleen % 85 dira euskaldunak, baina euskarak ez du behar lukeen indarra. Horregatik, talde horrekin euskara sustatu nahi dute harreman informaletan ez ezik, harreman formaletan.

culinary

Alex Beitia eta Joxe Mari Aizaga

Azken urteetan Euskal Herrian sukaldaritza mailan sortu den gune esanguratsuena Basque Culinary Center dugu. Joxe Mari Aizaga zuzendari orokorrak eta Alex Beitia zuzendari teknikoak Amonarrizi esan diotenez, nazioartera begira eraikitako proiektua da, mundu mailako erreferente izan nahi dutelako. Gaztelania eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak BCCn, baina zaleentzako ikastaroak eskaintzen dituzte, eta euskal terminologia lantzeko mintegi berezi bat ere badute. Euskara bera ez da helburu nagusia, baina euskal sukaldaritzaren enbaxadoreak sortzen dituzte, eta gure kulturara hurbiltzen dituzte han ikasten duten atzerritar guztiak.

donostiaJatetxetara eta dendetara goazenean, sarritan, ez badakigu parean daukaguna euskal hiztuna den, ez diogu lehen hitza euskaraz egiten. Hori saihesteko, eta euskararen erabilera bultzatzeko, Donostiako Udalak martxan jarri du “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” ekimena. Edurne Otamendik, Donostiako Euskara Zerbitzuko buruak azaldu du zerbitzua euskaraz emateko gai diren establezimenduak identifikatzen ari direla. Jendaurrean lan egiten dutenen erdiak behintzat euskal hiztunak badira, eranskailuak ematen dizkiete, bezeroek bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Gainera, menuen bihurgailu bat ere badute, jatetxeek euskaraz jar dezaten euren eskaintza.

txoriene

Kike Amonarriz eta Zigor Iturrieta

Sukaldaritzako terminologia euskaraz zabaltzeko lanean dihardu ETB1eko ‘Txoriene’ saioak. Zigor Iturrieta aurkezle berriak esan du berak ere ikasi behar izan dituela hitz asko. Dena dela, Leioako Ostalaritza Eskolak egindako lanari eta EiTBren Euskara Zerbitzuari esker, hitz eta ekintza berriak barneratzen laguntzen diotela jendeari.

errigora

Imanol Ibero eta Kike Amonarriz

Euskara bultzatzeko behar handia dute Nafarroa hegoaldean. Horregatik, bertako euskalgintzari laguntzeko, eta ekoizle txikiei bultzada emateko, Errigora ekimena sortu zuten. Mendiko upategiko Imanol Iberok azaldu du herri dinamika dela Errigora, eta, horri esker, AEK-k beka sistema bat jarri duela martxan bertako euskaltegietan, Nafarroako Ikastolen Elkarteak aparteko laguntza eman diola Lodosako Ibaialde ikastolari, eta Sortzen Ikasbatuazek “Euskaraz bizi eta ikasi” proiektua gorpuztu duela. Gainera, euskarak balio erantsia eman die produktuei, eta ekoizleei sekulako aukera eman die Euskal Herri osoan merkaturatzeko.

Sukaldaritza arloan, euskara gutxinaka ari da: euskaldunon gose handia berdintzeko adina agian ez, baina horretan ere bagoaz aurrera. Astiro, poliki, baina polito.

Ikusi ‘On egin dagiola euskarari’ saioa osorik EITB Nahieranen: