Kategorien artxiboak: Santa Ageda

Euskaldunak Santa Ageda Egunerako prestatzen: Santa eskean irtengo al zara?

Elurra mara mara ari du Euskal Herrian. Negua da, zuria da nagusi gaur gure inguruan, eta elurtearekin heldu da urtaroko hitzordua. Otsailaren 4an Santa Ageda Bezpera ospatuko da eta Euskal Herriko herri eta auzo askotako lagunak etxez-etxe ibiliko dira kantuan santa-eskean. Hartu makila, ahotsak ondo berotu eta hasi gurekin kantuan!! 🙂

Santa Ageda 2011. Argazkia: eitb.com

Santa Ageda 2011. Argazkia: eitb.com

Otsailaren 5ean, Agate Deunaren Eguna da eta bezperan santa-eskean kalean ibiltzeko ohitura dago Euskal Herrian. Etxeko txikienak, makina bat koru, elkarte edo lagun talde kalez kale ibiliko dira koplak abestuz. Baina euskaldunak han eta hemen bizi gara, eta hori dela eta Diasporan ere antolatu dituzte Santa Ageda Eguneko ekitaldiak. Esaterako, Estatu Batuetan, Boiseko Ikastolako umeak izango dira protagonistak. Hala, ostiral honetan, otsailak 3, abestera gonbidatu dituzte bertan bizi diren euskaldunak. Hitzordua goizeko 10:00etan da. “Makilak eta letrak eskura egongo dira”, esan digu NABOko euskara koordinatzaileak, hori bai, nahitaezkoa da  arrantzalez edo urdinez eta zuriz jantzita joatea.

Estatu Batuetan Santa Agedari kantuan

Estatu Batuetan Santa Agedari kantuan

Nor da, bada, Santa Ageda edo Agate Deuna?
Historiak dio Agate Deuna Sizilian jaio zela 230ean. Diotenez, neska polita omen zen, hori dela eta, Siziliako Quinciano gobernadoreak Agedaren amodioa lortu nahi zuen. Neskatoak, ordea, kristautasunean fede itsua zien eta ez zuen honen proposamena onartu. Erantzuna ez zen Quincianoren gustokoa izan eta kartzelan sartu, eta bertan torturatu egin zuen. Bularrak moztu zizkion eta hil egin zen 21 urte zituela. Hori guztia 251ko otsailaren 5ean gertatu zen. Agate Deuna mendebaldeko lehenengotariko birgina-martiria da.

Kondairak kondaira, euskal kulturaren parte da, eta urtero urtero, otsailak 4an, Santa Ageda Bezpera ospatzen da Euskal Herrian. Ohiturari jarraituz, herri askotan baserritar jantzita eta makilekin ateratzen da kalera, lurrean joaz eta erritmoak markatuz. Euskal Herriko txoko gehienetan ospatzen da egun hau, baina Barakaldon ehunkan lagun biltzen da Santa Agedako erromerian. Honatx erromeriako irudiak:

Eskerrik asko euskara maitatzeagatik eta hona hemen Agate Deunaren bezperan kantatzen den bertsoetako bat: 🙂

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna;
Etxe guztiak kantuz pozteko
Aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
Gure bideko laguna;
Haren laguntzaz bete gentzake
Egun hontako jarduna.