Kategorien artxiboak: Kontzertuak

Euskara: Baionatik Bilbora jaialdirako sarrerak zozketan. Doan joan nahi?

Abenduaren 20an Euskara eta iparraldeko euskal kantak ardatz izango dituen “Baionatik Bilbora” jaialdira doan joateko zozketa izango dugu hizpide gaurkoan. Baina Euskaldunok Euskaraz orrialdean beste zenbait konturen inguruan aritu gara euskaldunok. Errepasoan gurekin etorriko al zara? 🙂

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz izeneko kontzertua egingo da datorren asteartean, hilak 20, Bilboko Euskalduna Jauregian. Euskal Herriko kantagintzaren eta kulturaren historian Iparraldeak izan duen  garrantzia aditzera ematea du helburu ekitaldi honek. Ekimen berezia honetara doan joateko aukera eskaintzen dizugu euskaldunon Facebookeko orrialdean. Nola? Oso erraza da. Euskararen blogean harpidetu eta zuzenean zozketan parte hartuko duzu. Animatu! Astelehen arratsaldera arte duzu epea!Azkar ibili!!!


Bestalde, jakinarazten genizuen Multimedia Komunikazio UPV/EHU-EITB Masterrak mahai-inguru bat antolatu zuela euskarazko komunitate birtualen arrakastaren gakoez eta euskararen komunitate birtual berriak ehuntzeko estrategiez eztabadaitzeko asmoz.

Eta gaur egun handia izan da Goenkale zaleentzat. Izan ere, Zea Maysek Atxurin egingo zuen grabaketara joateko gonbitea luzatzen genizuen, eta dagoeneko grabatuko zuten, gaur goizean baitzen hitzordua EITBren Miramongo egoitzan. Euskalherria Rockanrollek grabaketan parte hartzea gustatuko litzaiokeela komentatzen zuen. Espero dugu bertan izatea!

Euskararen eguna eta Durangoko azoka, protagonistak

Iragan astean azoka ezaguna ospatu zen Durangon. Beste behin aukera anitza izan zen; kontzertuak, liburu eta diskoak, eztabaidak… Egitarau osoaren berri ematea zaila bazen ere, Durangoko Azokan Berri Txarrak, Su Ta Gar, Lisabo eta Mikel Markez izango zirela aipatzen genizuen. Gainera, zuek zer erosi zenuten galdetzen genizuen. Robe Txanek Su Ta Gar eta Governors taldeen azken lanak erosi zituela kontatzen zigun, “sinatua eta argazkitxoa barne”, esaten zuen alai. Maite Otañok ere “denetik” erosi omen zuen, “Pirritx eta Porrotxen azken CDa, Ken zazpirena, Gabon abestiena. Haur literatura….. Hitz bitan…. Diruzorroari astindu ederra!!!! Baina pena merezi du!!!!”. Bai noski, Maite. Irantzu Maguregik horren ondo saldu den Sarrionandiaren liburua erosi zuen eta “Pirritxen muxu goxo bat etxera ekarri” zutela Durangotik bueltan kontatzen zigun.

Eta Euskararen Egunerako Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean 10.000 lagun lortzeko erronka lortu ez badugu ere, laburpen hau aprobetxatu nahi dugu eskerrak emateko, bihotz-bihotzez. Orrialdean zuen iruzkinak ikusita, ziur gaude ederto pasa zenutela. Donostiarrak Mintzodromoan ospatu zuten Euskararen Eguna. Asko izan zineten egunean bertan, lehenago eta baita ondoren ereuskara, gure hizkuntza, zoriondu zenutenak. Beraz, zuen izen eta iruzkin guztiak hemen biltzea ezinezkoa denez, ESKERRIK ASKO euskaldun guztion partetik. 🙂 Hemen dituzue, irakurri nahi izatera, euskaldunok orrian egin ditugun iruzkin guztiak.

Lucia Linazak kalean entzundako pasarte batekin utziko zaituztegu: “Gaur Zeanin egon naz eta tipo batek beste bateri galdetu deutso ia joango den bueltatxo bat egitera. Honek ezetz erantzun deutsonean lehenengoak “azkok” esan dau. Ze polite! Atzinetik ez neban entzun, gehienetan aitari. Asko poztu naz”. Izan zoriontsu, ondo pasa asteburua eta laster arte euskaldunak! Eta ahaztu Facebookeko orrialdean nahi duzuen guztiakontatu dezakezuela eta guk hemen, Euskararen blog honetan zuek kontatutakoak bilduko ditugula. 🙂

Euskarak izango al ditu 10.000 lagun Facebooken? Erronka bero dago

Euskararen Eguna ate joka daukagu eta eguna mundiala izatea nahi dugu. Hori dela eta, Facebookeko orrialdean erronka abiatu genuen duela aste batzuk. Dagoeneko ba al zara Euskaldunok Euskaraz orrialdearen lagun? Abenduaren 3an izango ditugun kontzertuez gainera, euskararen inguruko beste hainbat konturi errepasoa egingo diegu gaurkoan. Goazen, bada, laburpenarekin! 🙂

Euskaldunon eta Euskararen txokoak ez du arnasarik hartzen, eta euskararen inguruko jakintza aditzera emateaz gainera, egunotan erronka ederra daukagu martxan, datorren abenduaren 3rako, 10.000 lagunek euskaldunok euskaraz orrialdea gustuko izatea. Horren aurrean, zuetariko askok horman parte hartu duzue eta erronka lortuko dugula aipatzen zenuten. Joxemari Carrere, esaterako, erronkatik haratago joan: “10.000 bakarrik? Gu Roberto Carlos kantari brasildarra baino gutxiago ez gara izango, badakizue: “Yo quiero tener un millón de amigos…” Hark lortu bazuen… guk 2 milioi, edo gehiago!!!”. Ohiana Prietok, Iker Iturriegik, Gurutzeta Sorondok eta Izaskun Kortazarrek ere lortuko dugula uste dut, eta Imanol Ibaigorriagak, berriz, hitz eder hauek uzten zituen euskararen txokoan: “Berbetan, eskribiduten, esateko eran, nazena naz euskaraz, besarkada bat danoi”. Besarkada handi bat zuri ere, baita gugan sinestu duzuen guztioi ere!

Eta ez gara aspertuko Euskaren Eguna mundiala izango dela esaten. Gaztea irratiak ere orrialdean parte hartzen zuen eta, datorren abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta, Gasteizko Mendizorrotza Kiroldegian hainbat kontzertu izango direla kontatzen zigun. Gogora ekartzen zuen, gainera, “Euskaldunok euskaraz orrian erronka dutela eta abenduaren 3rako 10.000 lagun izatea nahi dutela. Lortuko al dute?”. Lortuko ez dugu ba! Zuen laguntzarekin, hori eta gehiago lortuko dugu, ziur. Gatibu, EH Sukarra, Kerobia eta Hesian taldeak izango dira Euskararen Eguneko giroa berotuko duten taldeak.

Euskara telebistan eta teknologia berrietan

Teknologia berrien presentzia geroz eta handiagoa da euskal gizartean, eta euskarak ere badu bere txokoa mundu honetan. Iragan ostiralean euskarak Facebookean proba-garaia gainditu zuela kontatzen genizuen. Aurrerantzean, beraz, Facebook sare sozialak eskaintzen dituen tresna guzti-guztiak dagoeneko euskaraz ditugu!

Hau guztiaz gainera, eta teknologia berrietan euskara areagotzeko asmoz, igande honetan, azaroak 20, hauteskunde gaua euskal blogariekin pasatzeko gonbitea luzatzen genizuen. Hirugarren hitzordua da hau, duela bi urte pasatxo hauteskunde autonomikoetan egin baitzen lehenengoz baita azken udal eta foru hauteskundeetan ere, bigarrengoz. Animatzen al zara 2011ko hauteskunde orokorrak euskal blogariekin igarotzera? Gainera, Txio zerbitzua probatzeko aukera izango da, hitzordu ezberdinak sare sozialen bitartez jarraitu ahal izateko zerbitzu berria.

Eta sare sozialetatik telebistara egingo dugu saltoa, izan ere, astelehen honetan Mihiluze saioak, euskararekin jolas egiten duen saio honek, denboraldiko lehen sari potoloa banatu zuten eta, hala, Aitor eta Iñigok 22.815 euroko saria irabazi zuten. Aupa bikote, zorionak, eta segi euskaraz jolasean!

Eta amaitzeko, bertsolaritza gustuko dutenentzat aipamena. Pasa den igandean Hitzetik Hortzera ETB-1eko saioa eskaini zen telebistan. G Puntua eta Sarako bertso afaria izan zituen protagonista, eta EiTB Nahieran saioa oso osorik ikusteko aukera eskaintzen genizuen. Ikusi al duzue? Benetan merezi du!!

Eta honekin gaurkoz amaiera emango diogu laburpentxoari. Badakizu, euskaldun, hauxe da zure txokoa. Partekatu euskararen inguruko albisteak, hitzorduak, argazkiak… Guk zuek esandakoak Euskararen blog honetan bilduko ditugu. Eta ez ahaztu, egin euskaraz! Muxu potolo bat guztioi eta laster arte! Pozik bizi! 🙂

Euskareran aldeko apostua Goenkalen. Telebistan ere euskaraz!

Euskaraz egiten den telesailik arrakastatsuenak, Goenkalek iragan asteartean aspaldian izandako audientzia daturik onenak eman zituen. Arraldeko kontuak eta Facebookeko orrialdean aipatu diren beste gai batzuk izango ditugu mintzagai gaurko laburpenean.

Nork ez du Goenkale ezagutzen? Ba al da euskaldunon artean Maria Luisa edo Boga Boga ezagutzen ez duenik? Urteak dira Goenkale ETB-1eko saio arrakastatsua lehenengoz estreinatu zela, hemezortzi urte, hain justu. Goenkale 1994. udazkenean hasi zen eta hasiera batean Lasa familiaren gorabeherak kontatzen bazituen ere, euskal aktore askok eman dituzte euren pausoak telesail arrakastatsu honetan.

Lehendabiziko urteetan astelehenetik ostiralera emititzen bazen ere, egun astelehenetan eta astearteetan goza dezakegu Goenkalez, eta Facebookeko orrialdean aipatzekoa iruditu zaigu esteka honekin astearte honetako atalak saioak urte osoan izandako audientzia daturik altuenak lortu dituela. Zorionak, Goenkaleko kideei guztiei, eta nola ez, baita telesailaren jarraitzaileei ere, horiek egiten baitute posible Goenkale!

Askok eman diozue “Gustuko dut” botoiari, eta Maite Aguirrek honela esaten zigun komunitatean: “Aupa!!!Kolonbian bizi den euskaldun bat naiz eta Goenkale ikusteko moduren bat badaukat jakin nahiko nuke, eitb.com-en bilatzen egon naiz baina ez dut ezer aurkitu. Mila esker!!!”. Oinatz Ortyizek berehala erantzuten zion http://www.eitb.tv/eu/ eitb.com-eko Nahieran orrialdera linka utziz.

Iragan ostiralean, berriz, “Euskaraz bizi nahi dut kanpaina” aurkeztu zuen Kontseiluak Donostiako DOKA Kafe Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Aurkezpenean azken hilabeteotan euskaraz bizitzearen alde egindako hainbat ekimenen berri emango zuten eta Esne Beltza taldeak egindako abestia ere aurkeztu zen. Guk Facebookeko orrialdean kanpainaren bideoa eskegitzen genizuen, izan ere, euskaraz bizitzea da gure nahia!

Amaitzeko, hilabete geratzen da Euskararen Egunerako, eta 10.000 lagun biltzea nahi dugu Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Euskaldunak burugogorrak garela diote, eta arrazoi apur bat badute beraz, animatu eta gomendatu Euskaldunok euskaraz zuen lagunei, denok elkarrekin euskararen aldeko txoko erraldoi batean bilakatu behar dugu eta gure orrrialdea. Badakizue, egin euskaraz etxean, kalean, gurasoekin, lagun artean, jolasean….. Bizi euskaraz!! Besarkada bat eta laster arte lagunok. Pozik bizi!!

Euskararen Nazioarteko Eguna Ekitaldiak, Kontzertuak

Kaixo guztioi!!

Guztiok dakizuenez gaur, Euskararen Nazioarteko eguna da! Betiko lez, gure Facebookeko orrialdean horman jaso ditugun ekitaldien berri emango dizuegu. Euskararen egunerako, gure helburua, Facebookeko Euskaldunok Euskaraz orrialdean 10.000 pertsona biltzea zen, nahiz eta orrialdean  4000 pertsona bildu diren, ekitaldian 9000 pertsona bildu ditugu, beraz esan genezake jende askok erakutsi duela euskararekiko atxikimendua. Hala ere, badakigu, euskaraz ez da soilik gaur hitz egin behar, egunero erabiltzen saiatu behar dugu, eta horregatik gure orrialdeak martxan jarraituko du Euskararen inguruan informazioa, ekitaldiak etab. denon artean banatzeko, beraz,  guztion partehartzea beharrezkoa da komunitate indartsu bat sortzeko.

Begira dezagun bada, zer daukagun facebookeko horman! Hasteko, Beñat Mendietak esan digu: “Leioan ekitaldiak euskararen alde: abenduak 1, arratsaldeko 19.00etan Jon Urrazaren “bestela ondo….ezta?” antzezlana izango dugu ikusgai Mastitxu udal Euskaltegian.” Nahi duenak anima daiteke!

Deban ere badago ekitaldirik! Maite Etxeberriak esan digun bezala “Ostiralean Abenduak 3, arratsaldeko 6etan, ALDATS PILOTALEKUAN , LipDub herrikoia, pirritx eta porrotxen “irrien lagunak” abestiarekin. ANIMA ZAITEZTE!
kamixeta koloretsu bat jantzi eta abestera…
“irrien lagunak gara gu,
haur, gazte ta heldu
mundu berri bat helburu
…euskaraz bizi nahi
ta euskaraz kantatu nahi dugu
irri egin dezagun, etor zaitez gurekin, bildu gure festara
!”

Bilbon ere goza genezake, bertan edukiko baitugu ekitaldi berritzaileena, abenduaren 5ean, arratsaldeko 20etan Bilboko Plaza Barrian kontzertu interaktiboa izango da GOSE, UNE eta BETAGARRI musika talde euskaldunekin.

Gasteiz ere ez da atzean geratzen eta kontzertu ugari egongo dira, 4 euroren truk: Opium, Herrikada, Garraxika, Bronze, Gose, Betagarri , Dr. Deseo (euskaraz) , Su ta gar eta DJ-A . Kontzertuak ,  Mendizorrotzeko kiroldegian izango dira. 17:00etan hasiko dira baina berandurarte iraungo dute

Azkenik, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Eusko Ikaskuntzak antolatutako “Euskararen Hitz Politena” kanpainaren irabazlea ‘pinpilinpauxa’ izan da, ‘bihotz’ bigarren postuan geratuz.

Hauxe da guztia gaurkoz, espero dugu egun polita igarotzea eta euskara asko erabiltzea. Gaur egindakoak ere blogean eskegi ditzakezue! Datorren asterarte!!