Kategorien artxiboak: itzulpenak euskaraz

Sorgina Txirulina. Irudia: http://www.unrelatoparacadarato.com/es/aprender-euskera-cuentos/

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea du helburu.

Guraso askok eskolara bidaltzen dituela seme-alabak, baina euren neska-mutikoek eskolatik kanpo ez dute euskararik erabiltzen.

Horregatik, egitasmo bitxi honek ipuinak prestatu ditu, haurrak motibatzeko eta gurasoek euren ikasteko gogoa erakusteko asmoarekin.

Sorgina Txirulina pertsonaiak jatorrizko ipuinak Sarera igotzen ditu. Ipuin bakoitzak testuaren itzulpena, unitate didaktikoa, entzuteko ipuina, eta ekintza baten proposamena dakar.

Horrela, gurasoek istorioa aldez aurretik prestatu, eta horren ostean, familiek ipuinaz gozatzeko aukera dute.

Oporretan ikusitako hanka-sartzeak eta argazki bitxiak II

Iragan astean hanka sartzeen inguruan euskararen blog honetan egindako postak izandako arrakasta ikusi eta gero, eta zuen partea hartzea eta proposamenak kontuan harturik, oporretan ikusitako hanka-sartzeak eta argazki bitxiak II egitea otu zaigu, eta guztia, zuei esker, beraz, bejondeizuela eta jarraitu proposamenak bidaltzen.

Eta hasteko, Yolanda Larreategik, Euskaldunok euskaraz Facebook orrian gu guztiokin partekatutako bi argazki aurkezten dizkizuegu jarraian. Eskerrik asko, Yolanda, mundialak dira eta! Betiere, umorea ardatz harturik, noski.

akatsak8

Eta adi!! Hau ere izugarria da eta. Horrela dio: Entradas agotadas/ Sarrera nekatuak. Sarrera nekatuak? Baina baina.. noiztik nekatzen dira sarrerak?

akatsak10

Ondorengo argazki hau, berriz, Ohian G Elorrietak ekarri digu Facebookera, eta zur eta lur geratu gara. Honela dio: “DVD Reproductor/DVD Ugalketakoa”. Media Markt merkatal-gunean hartutako irudia da.

akatsak9

Kike Amonarrizen Twitterreko perfilean kuxkuxean ibili eta gero ikusi dugu argazki bitxi hau. Hau ere, lotsatzeko modukoa. “Trae tu cartucho vacio/ Zure kartutxo utza ekarri”. Utza? Zakurraren putza! Hamaika ikustekoak jaioak gara!!

akatsak11

Eta amaitzeko, Kikek berak ateratako argazki honekin uzten zaituztegu. Hau, akatsa baino, harro egotekoa da, eta argazkiarekin batera, ondorengo txioa idatzi zuen Kikek argazki hau aurkezteko: “Seguraski Parisen #euskara-z dagoen errotulu ofizial bakarra! Metroan Gare Montparnasseko informazio gune ondoan”. Arrazoik ez zaio falta!!

KIKEK

Zuk ere horrelakorik ikusten baduzu, ez izan zalantzarik, eta partekatu gu guztioikin!!

ONDO IZAN!!

Euskal taldeak WhatsApp-en: oraingoan zenbat asmatzeko gai zarete?

Aurreko asteetan euskal abestiak nahiz euskal esaera zaharrak WhatsApp-eko irudien bidez ikusi ditugu, eta hauek izan duten arrakasta ikusita, oraingoan euskal taldeen inguruan arituko gara. Hementxe ikus ditzakezue. Ea oraingoan zenbat asmatzen dituzuen!

Euskara taldeak WhatsApp

Orain arte bezala, bidal iezaizkiguzue zuen iruzkinak. Gogoan izan ere, zuen ekarpenak egin ditzakezuela mota honetako proposamen berriak eginez. Hain zuzen ere, proposamen hau Iban Bilbao erabiltzaileak gomendatu digu. Eskerrik asko Iban! Zalantzarik gabe, gauza ederra da teknologia berriak eta euskara jolasaren bidez uztartzea, ezta?

Hiztegitxoak.eu: Nola esan “Non dago komuna” errusieraz!

Euskal Herrian 100 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Munduan, berriz, 6.500 hizkuntzatik gora. Hori abiapuntutzat hartuta sortu dute Hiztegitxoak.eu webgunea. Zer da? Zertarako balio du? Gaur Euskararen blog honetan webgune interesgarri honen nondik norakoak bildu ditugu!

HIZTEGITXOA-NET
Hiztegitxoak.eu webgunean 35 hizkuntzarako noranzkoan eta alderantziz oinarrizko hiztegiak lortzeko aukera eskaintzen du. Helburua egunerokotasunean, hizkuntza ezberdinetako hiztunen artean euskara zubi hizkuntza izatea da. Euskarara beste hizkuntzetara hurbiltzeko, harremanetarako, elkar ezagutzarako, elkarren aitortzarako.. balio du Hiztegitxoak.eu webguneak.

Baina onena, froga egitea da!! 🙂 Goazen, bada, hitz batzuk beste hizkuntza batean nola esaten diren ezagutzera:

EGUN ON

Polonieraz: Dzień Dobry!
Grezieraz: Καλημέρα!
Eskovakieraz: Dobrý deň!
Islandieraz: Góðan dag

NON DAGO KOMUNA

Galegoz: Onde está o váter/lavabo?
Woloferaz: Fanla wanak bi nekk?
Errusieraz: где туалет?
Turkieraz: Tuvalet nerde?

Hauek adibide bi besterik ez dira, baina sartu Hiztegitxoak.eu webgunera eta bertan topatuko dituzu beste hainbat esamolde hizkuntza ezberdinetan. Azken batean, hizkuntzak dira kulturaren adierazle garrantzitsuenetakak eta, hortaz, munduko kultura aniztasunari eusteko, hizkuntzak zaindu behar ditugu!! Eta guri, euskaldunoi, EUSKARA ZAINTZEA dagokigu, Euskal Herria baitu bizitoki bakar, eta gure esku baitago honen etorkizuna. 🙂

Euskarazko publizitateak etorkizun itzela du

Izenbururik gabe aurkeztu du Kike Amonarrizek bosgarren ‘Tribuaren Berbak’ saioa. Eta, zer dela eta? Euskararen eta publizitatearen arteko lotura aztertzeko asmoari jarraiki, slogan deigarri bat bilatzea izan zuelako helburu.

tribuaren-berbak-kike_1024x576

Salerosketa etengabean bizi gara, eta produktu eta marka guztiak gure onespena lortzeko lehiatzen dira. Horretarako, publizitatea da darabilten teknikarik eraginkorrena, behar ez ditugun beharrak sortzen dituen erreminta boteretsua. Testuinguru horretan, zenbaterainoko garrantzia du euskarak (garrantzirik badu)? Alegia, euskarak saltzen al du? Horixe da Kike Amonarrizek gidatutako ‘Tribuaren Berbak’ saioaren bosgarren atalaren muina.

Izenbururik gabe hasi da bosgarren saioa, eta horixe izan da erronka nagusia: slogan deigarri eta egokia asmatzea. Horretarako, hainbat publizitate-aditurengana jo du, eta lelo egokia bilatzeaz gain, euskarazko publizitatearen egoera aztertu dute elkarrekin.

tribuaren-berbak-inigofernandez_1024x576

Iñigo Fernandez Ostolaza  ‘Euskara eta publizitatea‘ blogaren egileak nabarmendu du euskarak pertsuasio-abantailak eskaintzen dituela, besteak beste, “gertutasuna, konplizitatea, enpatia, hurbilpen afektiboa, identifikazioa maila altuagoa… Euskarak aukera ematen du modu informalago, lasaiago batean jarduteko, horrek pertsuasio ikuspegitik dituen onura nabarmenekin. Gainera, euskaraz jardunda suerta gaitezke fidagarriago, sinesgarriago, eta, beraz, eraginkorrago”.

Orduan, zergatik ez da euskara gehiago erabiltzen publizitatean? Ikerketatxo bat egin du Kike Amonarrizek Bilbon, eta Plaza Biribiletik Moiuara bidean dauden iragarkiak aztertu ditu. 9 topatu ditu gaztelaniaz, 2 elebitan, eta bakar bat ere ez euskaraz. Ikerketa txikia, baina esanguratsua, zinez.tribuaren-berbak-joxerragartzia_1024x576

Errazkeriaren, axolagabekeriaren eta ezjakintasunaren eraginez erabiltzen da hain urria euskara publizitatean. Baina Joxerra Gartzia EHUko irakasle eta idazlearen iritziz, publizitatea euskaraz egiteak bakarrik ez, publizitatea euskaraz sortzeak dauka garrantzia. “Publizitateak jarrerak eta joerak aldatzeko balio du, bestela ez da publizitatea. Egun, euskarazko publizitatean, erdaraz landutakoa hartu eta itzultzen dugu, kalko hutsa egiten dugu, morrontza handiegiko bertsio bat. Beharbada, euskararen lege gramatikalak betetzen ditu, baina ez du balio inorengan eragina izateko”. Horregatik, Gartziak nabarmendu du pazientzia beharrezkoa dela sormena euskaraz lantzeko, eta euskal iragarleek ahalegintxoa egitea garrantzitsua dela azpimarratu du.

atsedenik-ez-drogarik-gabeIragarki onak gogoan gelditzen zaizkigu, baina txarrak are gogoangarriagoak egiten zaizkigu sarritan. Eta gure memorian iltzatuta gelditu izan zaizkigu euskarazko itzulpen negargarriak zeuzkaten iragarkiak. Nola ahaztuko dugu, bada, Espainiako Barne Ministerioak 1999an drogen kontsumoaren kontra egindako ‘A Tope Sin Drogas’ kanpainaren euskarazko itzulpena? ‘Atsedenik Ez Drogarik Gabe’. Itzultzaile profesionalik ez kontratatzearen ondorio negargarria.
Estitxu Garai publizitate ikertzaileak Amonarrizi kontatu dionez, euskarazko publizitate gehiena gaztelaniaz sortzen eta, ondoren, itzultzen edo moldatzen bada ere, publizistek badakite prozedura ez dutela ongi egiten, eta horrek euskarazko publizitateari kalte egiten diola. “Beraz, etorkizunera begira, hori positiboa izan daiteke”. Gainera, aurreiritzi ugari dago publizisten artean, euskarazko mezuak luzeegiak direla uste da, eta Garaik ateratako ondorioen arabera, “ez da horrela”. Gainera, leloek grazia galtzen dutela uste dute.

Beraz, gainditu egin behar dira aurreiritzi horiek euskaraz publizitate egokia eta eraginkorra sortzeko, ez baita aski publizitatea egotea, eragin egin behar du. Abadiñoko Di-Da publizitate agentziako Gorka Barruetabeñak azaldu duenez, argi izan beharra dago zer esan behar den, nori esan behar zaion eta nola hitz egin behar den. Deigarria eta ulergarria izan behar du, eta ideia on bat izateko, ideia asko baztertu behar dira. Eta bide horretan, euskarazko publizitateak etorkizun itzela omen du, harik eta aurreiritziak gainditzen baditugu, pazientzia badugu, euskarazko pertsuasiorako ematen dizkigu abantailak baliatzen baditugu, eta euskarazko sormenari leku handiagoa ematen hasten bagatzaizkio.

Bide batez, Di-Dako kideen laguntzari esker, ‘Tribuaren Berbak’ saioaren bosgarren atalari izena jarri diote: ‘Hitz eta pitz, publhitz’.

Ikus ezazue bosgarren saioa osorik:

Etxeko txikienen “erdarakadak”: “Se ha rompido el globo”

Euskal Herriko haur batzuk ekin diote dagoeneko ikasturte berriari eta, beste askok, datorren astean izango dute eskolako lehen eguna. Euskararen blog honetan ere, uda atzean utzi eta betiko bideari ekin diogu. Munduko leku asko eta askotan bezalaxe, gurean ere hizkuntza bat baino gehiago bizi dira elkarren ondoan. Ama hizkuntza euskara duten ume askok, gaztelerazko lehen hitzak eskolan entzun ohi dituzte. Ikasturte berriari hasiera emateko, etxeko txikienek egiten dituzten “erdarakadak” bildu ditugu, gutxi batzuk, gure helburua zuekin guztiokin zerrenda hau osatzea baita.”Ama, ama, he comido un pez riquisimo”.

541453_mano_foto300x168

Haurren “erdarakadak”

–          “El cocinador ha preparado un puré muy rico”
–          “He visto en el televisor un juego muy bonito”
–          “Vaya trumon que ha hecho hoy”
–          “Ama, me voy a poner la pijama”
–          “Yo no sabo jugar a fútbol”
–          “Se ha rompido el globo”
–          “Tengo hambre, quiero la bocata”
–          “Ponte el chamarro”
–          “Me he hecho dolor”
–          “Hoy he comido macarrones y pez”
–          “Mikel y los dos fuimos juntos a clase”
–          “Qué hicistes ahí”
–          “Si jugaríamos mejor, meteríamos más goles”
–          ¿Qué tal las matemáticas? “Es una rollo”
–          “Pensé entre mi que eso era muy difícil”
–          “Yo no cabo, es muy estrecho”

Euskaldunok, errenta aitorpena euskaraz!

Hastear da hamaika buruhauste ematen dizkigun errenta aitorpena. Euskaldunok beti aldarrikatu izan dugu euskara bizitzako alor guztietan erabiltzea gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko. Askotan, ordea, beldurraren poderioz, atzera egiten dugu, esaterako, administrazioarekin zer ikusi duten hainbat gaiekin. Horren adibide garbia da errenta aitorpena, eta hori izan da, hain justu, Euskal Herriko hainbat udalen borroka, errenta aitorpena euskaraz egiten dugunon kopurua handitzea. Baina… Jakin nahi duzu errenta euskaraz egiteko zer egin behar den?:-)

errenta-aitorpena-euskaraz

ERRENTA AITORPENA EGITEKO PAUSOAK

Lau bide daude errenta aitorpena euskaraz egiteko, eta  bide guztietan ez dago inolako arazorik euskaraz egiteko, kontua eskaria egitea da. Nola???

1. Autolikidazio proposamena

Proposamena eta gutuna bi hikuntzatan jasoko dituzu, eta, onartzerako garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu.

2. Mekanizatua (Gertuen dugun Hazienda bulegoan)

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerako orduan, Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula esan, eta aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.

3. Telematikoa (Internet bidez edo aholkularitza zerbitzu batean)

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez jaisten baduzu, euskarazkoa aukeratu.

4. Inprimakia

Estankoetan inprimakiak bi hizkuntzatan topatuko dituzu, beraz, eskatu euskaraz! Interneten ere lortu ahal izango duzu inprimakia euskaraz.

ERRENTA AITORPENA EGITEKO HIZTEGIA

AITORPEN ARRUNTA: declaración ordinaria
ATXIKIPEN: retención
BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGA (BEZ): impuesto sobre el valor añadido (IVA)
BATEZ BESTEKO TASA: tipo medio
BERANDUTZA INTERES: interés de demora
BESTEREN KONTURAKO LANGILE: trabajador/a por cuenta ajena
BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ENTITATEA: entidad de previsión social voluntaria
DOHAINTZA: donación
EKARPEN: aportación
ERREGIMEN BEREZI: régimen especial
ERRENTARI: arrendatario
ERRENTATZAILE: arrendador/a
ERRENTEN ESLEIPEN ERREGIMEN: régimen de atribución de rentas
ESKUALDAKETA BALIO: Valor de transmisión
ETEKIN GARBI: Rendimiento neto
ETEKIN GORDIN: rendimiento bruto
EZINDU: dependiente
EZINTASUN IRAUNKOR ERABATEKO: incapacidad permanente total
EZKONTIDE: cónyuge
FROGAGIRI: cónyuge
FROGAGIRI: justificante
GARDENTASUN FISKALEKO ERREGIMEN: régimen de transparencia fiscal
GAUZA BIDEZKO ETEKIN: rendimiento en especie
GUTXIPEN: minoración
HAINBANAKETA: prorrata
HERENTZIA BANATU GABE: herencia yacente
HOBARI: bonificación
IDENTIFIKAZIO FIDKALEKO ZENBAKIA (IFZ): número de identificación fiscal (NIF)
IRABAZPIDEZKO ERREGIMEN EKONOMIOA: régimen económico de gananciales
ITZULKETA: devolución
IZATEZKO BIKOTE: pareja de hecho
JARDUERA EKONOMIKOEN ETEKIN: rendimiento de actividades económicas

EUSKALDUNOK, EGIN DEZAGUN ERRENTA AITORPENA EUSKARAZ!!!!! 🙂

Ikasi euskaraz Pinterest sare soziala erabiltzen!

2010ean sortu bazen ere, Pinterest sare soziala ezezaguna da askorentzat. Hori dela eta, euskal erabiltzaileei laguntzeko asmoz, Azkue Fundazioak Pinterest erabiltzeko eskuliburua euskaratu du. Hitzen mundua apur bat alde batera utzi eta argazki eta bideotan dago espezializatua sare sozial hau.

Pinteres euskaraz

Baina zertan datza Pinterest sare soziala?

ZER DA: sare sozial bat

HELBURUA: irudiak eta bideoak erabiliz interes berdinak dituzten kideak lortzea

PINTEREST ERABILTZEKO JAKIN BEHARREKO HITZAK

  • PIN: elementu bakoitza (argazkiak edo bideoak)
  • PIN IT BUTTON: irudi edo bideo berriak partekatzeko
  • REPIN: beste batzuk sortutako edo argitaratutako pinak gure hormetan jarri
  • FOLLOW: beste jarraitzaile batzuen profilak eta hormak jarraitzeko
  • BOARD: arbelak, kortxozko iragarki-taulen antzera (Pinterest-ek arbelen izenen proposamena botatzen du, baina norberak nahi dituenak sortzeko aukera du)

Pinterest sare sozialaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu, prest duzu Pinteres tutoriala euskaraz. Ez ahaztu… Euskara teknologia berrietan ere! 🙂 Ondo izan, pozik bizi eta asteburu on, euskaldun!

Euskal tuitlarien ametsa, egi bihurtu da!

Gaurkoa egun handia da euskararentzat! Batetik gaur jakin dugu Azkue Fundazioak Pinterest sare sozialaren tutoriala euskaraz osatu duela. Bestalde, Twitter euskaraz erabili ahal izateko prest dago dagoeneko, egun bakarrean erabiltzaileek menuaren ia 100%a itzuli baitute! ZORIONAK!!:-)

Twitter Euskaraz

Twitter Euskaraz

Gaur goizean berehala zabaldu da albistea sare sozialetan, eta bereziki Twitterren, izan ere, azkenaldian asko eskatzen ari zen eskarietako bat egi bihurtu da. Teknologia berrietan beti gertatu ohi den bezala, Twitter denbora luzez ingelesez bakarrik izan zen. Beste hizkuntza batzuetara, ordea, azkar zabaldu zen. Hortik sortu zen grina. Euskaldunok bagenuen Twitter euskarara itzuliko zenaren esperantza. Hala, #twittereuskaraz etiketarekin mundu osoan zehar ibili da eskakizuna eta… Euskaldunon nahia egi bihurtu da azkenean!
Euskal tuitlariek oso gustora hartu dute berria:

Maite Goñi@euskaljakintzaBadugu Twitter euskaratzeko aukera
larbelaitz ‏@larbelaitz #twitereuskaraz kanpainek lortu dute beraz helburua!! Etxera iritsi ta irribarrez nago irakurri dudanetik #txorakeriak http://bit.ly/LcrEoR

Hortik aurrera burubelarri jarri dira itzulpen lanetan.

Maite Goñi ‏@euskaljakintza Guztiarekin ere, barneko kontraesanei aurre eginez, Twitter euskaratzen lagunduko dut: translate.twttr.com/welcome #twittereuskaraz #diot 2/2

TheklanEH@theklaneh Hasi naiz Twitter itzultzen… http://translate.twttr.com

Luis Fernandez @luistxo #twittereuskaraz Twitterren itzulpenak zenbat item ditu baina?

Laskorain K.E. @laskorainke Twitter euskaratzen… Luze doa baina merezi du. Animatu zuek ere! #twittereuskaraz hemen: translate.twttr.com/welcome

Hauxe ikusi dugun azken tuita. Twitter euskaraz!

Estitxu Garai @egarai Bukatu dut Twitter euskarara itzultzeko nire ekarpena, badirudi % 100 dagoela itzulita… edarto! #twittereuskaraz (1/3)

Berriz ere esango dugu, teknologia non euskaldunak han! Euskaldun askoren nahia egi bihurtu da. Beste behin burugogorrak garela erakutsi eta gure helburua lortu dugu. TWITTER EUSKARAZ, ORAIN ETA BETI!

Gaztelania-Euskara itzultzaile automatikoak. Aproposak al dira?

Gaztelaniatik euskarara testuak itzultzeko lanak izaten dira zenbaitetan, eta hori dela eta, sarean geroz eta gehiago dira gaztelaniatik euskarara itzulpen automatikoak zuzenean egiteko eskuragarri dauden web orriak. Azkena, Eusko Jaurlaritzaren Gaztelania-Euskara itzultzaile automatikoa dugu! Euskara, hizkuntza guztiak bezala, indarra hartzen ari da Interneten eta gaztelaniatik euskara itzulpenak egiteko doako tresna ugari ditugu eskuragarri. Hori abiapuntu gisa harturik, ezagunenanen zerrendatxo bat egiteari ekin diogu!

Gaztelaniatik euskarara itzulpenak

Gaztelaniatik euskarara itzulpenak

OpenTrad itzulpen automatikoa da horietako bat, Elhuyar Fundazioak 2006ko maiatzean aurkeztu zena. Opentrad gero eta erabiltzaile, enpresa eta erakunde publiko gehiagok erabiltzen dute, testuak eta dokumentuak itzultzeko, edota Interneten hizkuntza desberdinetan nabigatzeko.

Google bilatzaile ezagunak ere badu Gaztelaniatik euskarara itzulpenak egiteko tresna, Google Translater delakoa.

Erderatu.eu izeneko orrialdea ere euskaratik gaztelaniarako itzultzaile automatikoa da. Orain dela gutxi sareratu zen eta apertium-eu-es sistema erabiltzen du.

– Eta ezin dugu partekatu gabe utzi Eusko Jaurlaritzaren Gaztelania-Euskara itzultzailea , duela gutxi abiarazi duena. 2007an hasi zen ikertzen aukera hau eta Lucy software enpresa alemaniarrak garatu du Bartzelonan, eta jakitera eman dutenez, sistema honek baditu bere mugak, beraz, tentu handiz idatzi behar dira itzuli beharreko gaztelaniazko testuak.

Bai honekin baina baita beste itzulpen tresnekin ere komenigarria da kontuz ibiltzea, zenbaitetan lagungarriak gertatzen badira ere, ez baitira guztiz fidagarriak. Gizaki baten mailara iritsiko den itzulpen tresna lortzea kontu zaila da, ez baita nolanahikoa makina bati erakustea gizaki batek izan dezakeen ezagutza ez eta erabakiak hartzeko gaitasuna. Beraz, itzultzailearen lana goraipatuz amaituko dugu gaurko posta.

Izan zoriontsu, jarraitu euskaraz egiten eta euskara maitatzen, eta laster izango gara bueltan Euskararen blog honetan. Bitartean gogoratu geure hizkuntzaren inguruko kontuez hitz egin nahi izatera, Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdea duzuela, noiznahi, eskuragarri.