Category Archives: festak

Lipdub erraldoia, Tolosan. Argazkia: Galtzaundi

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa).

Ehunka euskaltzalek bete zuten Tolosako Alde Zaharra Tolosaldean euskararen erabilera elikatu eta zaintzeko.

Gainera, “Arnastu Euskara” lelopean euskara bultzatzeko lipdub erraldoi bat antolatu zuten.

Zigor Sagarnak sortu zuen egitasmorako doinua, eta kalez kale zabaldu zuten euskaltzaleek, Plaza Zaharrean guztiak elkartu arte. Hauxe da egin duten bideoa.

“Korrika badator!”: ‘Tribuaren Berbak’ ere, Korrika

korrika-lekuko

Remigio Mendibururen lekukoa San Telmon

19. Korrika abiatzear den honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia hartu du abiapuntu “Tribuaren Berbak” saioak. 40.000 kilometro eskas egin ditu orain arte Euskal Herrian herriz herri, munduaren zirkunferentziari bira emateko lain! Aurten, beste 2.500 kilometro egingo ditu Urepeletik Bilbora.

Hasieratik hasteko, Donostiako San Telmo museora jo du Kike Amonarrizek, bertan baitute, ondo gordeta, Remigio Mendiburuk egindako lehen lekukoa. AEk-k dohaintzan utzi zion museoari 1999an, eta 2011z geroztik dago ikusgai museo ezagun horretako erakusketa iraunkorrean. Tenperatura, hezetasuna eta argia ongi kontrolatuta dauzkate, onddorik eta antzerakorik ager ez dadin, eta, beraz, zaharberritzera irits ez dadin.

gorriti

Juan Gorriti

Mendiburuk egindako lekuko haren ideia Juan Gorriti artistak eman zion: motrailu baten makilaren itxura ematekoa, alegia. Oraingo lekukoa Gorritik egina da, aurrekoaren ereduari jarraiki. Artistak Amonarrizi esan dio “gure herriaren historia plasmatzen” duela lekukoak, eta, horregatik, ez du nahi hori garbitzerik, bertan bildutako malkoak, izerdia, euria, izotza eta abar mantendu egin behar direlako. Mendibururen lekukoa, esan bezala, San Telmon dago; Gorritiri, ordea, berea beti jendearen esku artean egotea gustatuko litzaioke.

amets

Amets Arzallus

18. Korrikaren lekukoa eraman zuen azken persona izan zen Amets Arzallus bertsolaria. Hark idatzi zuen lekukoak barruan zeraman mezua, eta Baionako plazan hura irakurtzea ohore handia izan zen beretzat. “Korrikak badu zerbait magikoa, euskaldunon bizipoza sentiarazten eta zabaltzen duelako”. Horregatik, egun hartan bizipoz hori guztia bere gorputzean kontzentratuta sentitu zuen bertsolariak. “Euskaldun bati egin dakiokeen opari politenetakoa da”, adierazi du.

brouard

Kike Amonarriz eta Edurne Brouard

Amonarriz, Lekeitiora joan da Edurne Brouardekin hitz egitera. Orain arte Korrikaren koordinatzaile izandakoak Oñatitik Bilbora joan zen lehen Korrika gogoratu du, 1980. urtean. Elurpean eta euripean aritu ziren, baina hala ere, jende andana bildu zuten, eta, beraz, mantendu beharra zegoela erabaki zuten.

amondo

Kike Amonarriz eta Asier Amondo

Izan ere, euskararen aldeko ekintza nagusietakoa da, baina helburu ekonomikoa ere badu. Asier Amondo egungo koordinatzaileak azpimarratu du oraindik euskaltegiak ez daudela normalizatuta, eta Korrikak biltzen duen dirua beharrezkoa zaiela, bereziki Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Dena den, aipatu du beretzat helburu polita litzatekeela aurtengorako “euskahaldun kontzeptu gisa gelditzea”, ahalduntzeak ekarriko bailuke indarrak metatzea euskararen inguruan, auzolanean eta elkarlanean.

amuriza

Xabier Amuriza eta Kike Amonarriz

Akelarre, Egan, Gozategi, Oskorri, Esne Beltza, Gose, Tapia eta Leturia, Fermin Muguruza… Musikari ugarik izan dute Korrikako kanta egitearen ardura, baina lehena, lehen abestiaren egilea, Xabier Amuriza izan zen. “Zuek ere esan bai euskarari” zuen izena, eta “arrapaladan” egin behar izan zuen. Egun batetik bestera egiteko ardura eman zioten, eta Lopategiren doinua, bertso pare bat eta lelo bat egokitu zituen horretarako. Amurizaren hitzetan, kanta garrantzitsua da, “identifikazio handia eta nortasuna ematen diolako kanpainari”.

furgonetak

Kike Amonarriz eta Andoni Seijo

Bi urtean behin izaten da, eta hamar eguneko iraupena izaten du, baina azpiegitura lan izugarria behar du Korrikak. Andoni Seijo “Ibilbide” taldeko kidea elkarrizketatu du Amonarrizek. 16 pertsona ibiltzen dira egunero lanean 2 furgonetatan. Ibilgailuak gasolina hartzeko baino ez dira geratzen, baina lan-taldeko kideek araututa daukate egunean otordu bero bat eserita egitea, erritmoari ongi eutsi ahal izateko.
Lekuetara puntual iristeko, aldez aurretik lan handia egiten dute, eta batez besteko bat dute ezarrita: kilometroko 6 minutu. Seijok aipatu du barru-poz izugarria eragiten diela toki batera iritsi eta jende andana zain dutela ikusteak, baina are gehiago hunkitzen dira zenbait lekutan, persona gutxiago badira ere, horiek ahalegin osoa egiten ikusita.

erribera

Itziar Elejalde, Alizia Iribarren eta Kike Amonarriz

Hori gertatzen da, esaterako, Nafarroako Erriberan. 1.715. kilometroan, Tuteran, topatu ditu Kikek Alizia Iribarren Nafarroako AEK-ren koordinatzailea eta Itziar Elejalde Korrikaren batzordeko kidea. Euren hitzetan, Korrikak laguntza handia ematen dio inguru hartako euskarari, “ilusio handia pizten duelako euskaltzale eta euskaldunen artean”. Gainera, orain arte euskarara hurbildu ez den jendeak ikusten du euskaraz ongi pasa daitekeela jai-giroan. Bestalde, dirua ekartzen du, baina, batez ere, euskara ikusarazi egiten du, eta horrek “hurrengo 2 urtetarako pilak kargatzen” laguntzen die.

19. Korrika Urepelen abiatuko da, eta bertan, sorburuan, amaitu nahi izan dute “Tribuaren berbak” saioa. Adur euskara taldeko Xan Airerekin eta Karine Etxeberrirekin elkartu da Kike bertako plazan, 0 kilometroa egongo den lekuan. 320 biztanle inguru dira, eta lan handia izaten ari da guztia antolatzea, baina “emozio handiz” egin dute. Korrika ez da bertatik sekula igaro, eta, beraz, lorpen handia izan da abiapuntu izatea.

urepele

Karine Etxeberri eta Xan Aire

Eskuz esku igaroko da Korrikaren lekukoa datozen egunetan, eta esku horiek lotuko dituzte kate trinkoz Urepel eta Bilbo. Etenik ez duen katea izango da, eta “Tribuaren Berbak” saioak ere izan nahi izan du kate horretako begi.
Hemen duzue, osorik, “Korrika badator” saioa, EITB Nahieranen.

Kilometroak 2014: “Erria txikota” abestiaren azalpena haurren eskutik

Duela gutxi Harribil dantza taldeak urriaren 5ean Orion ospatuko den Kilometroak festarako egindako koreografia erakutsi genizuen. Oraingoan, berriz, “Erria txikota” Kilometroak 2014 jaiaren abestiaren letra askorentzat ulertzen zaila denez, antolatzaileek Ikastolako haurrak jarri dituzte lanean eta abestian kontatzen dena azaldu digute. Hauek bai artistak!! BEJONDEIZUELA!!! 🙂

Erria txikota abestia

Saria hausiya zekarkiñe
marian sartuko omen ditun
eokieran, bi mila baixkiñe,
beatzik alden palota abitu.
Etzion guk konpondu ezinik
Baño lanai gor ekiñ aurretik
Saria zabaldu ertza danetik
Eztiñau ber joskura okerrik
MUTILLOYAN AMARRATUTA
ZENBAT LEZAKE KONTA…
AITU, MUXU BOTA
ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!
Arrai tokin aberi zikiña
Hogei brazan tarrata garbiya…
MUTILLOYAN AMARRATUTA
ZENBAT LEZAKE KONTA…
AITU, MUXU BOTA
ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!

TopaEguna, euskaltzaleen jaia, irailaren 28an Soraluzen

Euskaldunok hitzordua dugu datorren irailaren 28an, Soraluzen. Zergatik? TopaEguna, euskaltzeen jaia ospatuko baita lehenengoz. Euskaltzaleentzako jaieguna izango da, eta ekitaldiz beteriko egitaraua antolatu dute: antzerkia, kale animazioa, bazkaria, jolasak, txiki naiz helduentzako ekintzak, kontzertuak… Ezbairik gabe euskara maite dugunok eta euskaldunak garenok egun ederra igaroko dugu. Euskararen blog honetan Soraluzen egingo den TopaEgunaren egitaraua bildu dugu. Eta animatu hitzordura, Euskal Herriko euskaltzale guztiei egin diete eta dei antolatzaileek! 🙂

TopaEguna 2013 Soraluzen. Argazkia: www.hirinet.net

TopaEguna 2013 Soraluzen. Argazkia: www.hirinet.net

TopaEguna 2013 Soraluzen. EGITARAUA

11:00etan: Harrera

12:00etan: Liburu aurkezpena (hitzaldia): Jon Sarasua

Goizean zehar:

  • Umeen hiria
  • Berba probak
  • Andrabanda feminista
  • Kantu Jira
  • Puzgarriak

14,30ean: Herri bazkaria

Bazkalostean:

  • Kultur Gindak
  • Hezitzaileen arteko jolasak
  • Kalejira

18:00etan: Ekitaldi nagusia

19:00etan: Xero Xiette taldearekin erromeria

22:30ean: Kokein + Gose

Egitarau bikaina, ezta? Ba badakizue, ez egin irailaren 28rako planik, guk egun horretarako plan bikaina egin dizuegu eta. GORA EUSKARA! 🙂

Laguntza inoiz baino beharrezkoagoa du Herri Urratsek aurten

Igandean, maiatzaren 12an ospatuko da Herri Urrats 2013, Senperen egiten den euskararen aldeko festa handia. Herri Urratsek 30.urte beteko ditu aurten, ez da marka makala! Bidea, ordea, luzea eta gogorra izan da, eta hemendik aurrerakoa ere ez da errazagoa izango. Izan ere, euskararen egoera kezkagarria da Ipar Euskal Herrian, eta erakunde publikoen aldetik ere ez da laguntza handirik izan azken urteotan. Aurtengo edizioa festa erabakigarria izango da ikastolentzat. Horregatik, euskaltzaleon esku dago hemendik 30 urtera Senpereko jaiak bizirik irautea!!! 🙂

Senpereko lakua. Argazkia: eitbcom

Senpereko lakua. Argazkia: eitbcom

Euskaldunok izugarri maite dugun jaia da Herri Urrats, baina ezin dugu ahaztu Ipar Euskal Herriko festaren helburua euskarazko irakuskuntza sustatzeko diru lortzea dela. Frantziako Gobernuko ordezkariek diote udalek ezin dituztela ikastolak finantzatu eta aurreko Eusko Jaurlaritzak ez zien agindutako 400.000 euroko laguntza eman. Jaia, beraz, kili-kolo dago. Orain inoiz baino gehiago euskaltzaleok batu eta Ipar Euskal Herriko jaiari bultzada eman behar diogu!:-)

Hogeita abar urte… lemapean,  3 zenbakiak sekula baino presentzia gehiago du aurtengo Herri Urratsen. 30 ikastola daude irekita egun Ipar Euskal Herrian, eta 3.000 baino gehiago dira ikastola horietan dauden ikasleak. Gainera, aurretik aipatu bezala, 30. edizioa izango da aurtengoa, eta hori gutxi balitz bezala, Xalbador Kolegioak, 30 urte betetzen ditu.

Euskararen etorkizuna beti egon da euskara maite dugunon aho, esku eta patriketan. Gure hizkuntza okerren dagoen tokian, han jarri behar dugu esfortzu eta indar gehien. Hori dela eta, aurten inoiz baino euskaltzale gehiagok egin behar dugu bat Senpereko aintziraren inguruan.

Kasualidadea izango da agian, baina 2013ko Korrika Baionan amaitu izanak, eta Korrikaren azken mezua Amets Arzallus bertsolari lapurtarrak irakurtzeak, izango du zerikusirik egun Iparraldean bizi den egoerarekin. Ama hizkuntzaz, eta euskararen balioaz mintzatu zen, eta argi utzi zuen ama hizkuntza ez dela lehenik ikasten den hura, pentsatzeko erabiltzen dugun hizkuntza baizik. Maite dezagun gure ama hizkuntza. GORA EUSKARA, GORA HERRI URRATS. Igandean denok Senperara! 🙂

Nafarroa Oinez 2012: guneak, kontzertuak eta ibilbidea

Urriaren 21ean ospatuko da Nafarroa Oinez 2012. Zizur Txikiko San Fermin ikastolari egokitu zaio aurtengo edizioa antolatzea, eta ziur gaude, igandean euskaltzale ugari bilduko dela Iruñean euskarari keinu bat egiteko. Euskararen blog honek euskararen aldeko festa erraldoi ez duenez galduko, 2012ko Nafarroa Oinezeko egitaraua, ibilbidea, kontzertuak eta beste hainbat kontu bildu ditugu.

Nafarroa Oinez 2012. Logoa

Nafarroa Oinez 2012. Logoa

Zer topatuko dugu 2012ko Nafarroa Oinezen? Egitaraua

1 GUNEA: IKASTOLA

10:00etan: irekiera

10:30: Kultura plazara!

11:30: Laguntza txakurren erakusketa

12:00: Kantu eta dantza

13:00: Iddawc

13:00: Flash Mob

14:00: Buru Haundiak

14:00 Kirol adaptatua

14:30: Acoustic Glorious

15:00: Euskal karaokea

16:00: Tutik ez

17:00: Jolas dinamizazioa

17:15: OSKORRI

GAINERA egun osoan zehar…. Irrien lagunen ekitaldiak eta ekotxosna egongo da (janari ekologikoak)

2. GUNEA: ERRENIEGA

10:00 Alkora

11:00: Tortotxiki fundazioko erraldoiak

11:45: Kiki Koko eta Moko parranda tutiplén

13:00 Zumba

14:00 Miel otxin

15:30: Keltiar aldea

17:00 Zopillotes Txirriaos

GAINERA egun osoan zehar…. tirolina, rokodromoa, puzgarriak…

3. GUNEA: ZIZURARTEA

10:00 harrera

10:30: hasiera: role playing, gosearen jokoak, sin sajo

10:45: Soñadores Natos

12:00 Mochila 21

13:15: Role-playing finala

14:00: FCR factory

15:00 Hip Hop master class Delirium Tremensekin

16:00 Karaokea

GAINERA egun osoan zehar… globo aerostatiko, giza futbolina

4. GUNEA: ARDOI10:00: Punk Bimbo

10:45: Brigada Improductiva

11:45: Xutik

12:45: U.K.Bill

15:30: Obrint Pas

17:30: Triki Dantz

5 GUNEA: BALTXARRAN

10:00 San Fermín Ikastolako abesbatza

10:45: Dantzari Topaketa

11:30: Ipuin kontalaria

12:45: Kooperatzen oinezekin

12:45: Danbakhana

13:45: Ipuin kontalaria

14;45: Star Luxe

15:45: The lord of axe (atxa jaunak)

16:30: Las Culebras

17:45: Lehiotikan

GAINERA egun osoan zehar…. puzgarriak

6. GUNEA: BALTXARRAN

10:00: Zizurreko musika banda

11:45: Os Fillos de Breogán eta Lusquetusque

13:45: Ai ene!

17:30: Xabi San Sebastian

GAINERA egun osoan zehar… jumping

ludoteka

Zein izango da aurtengo Nafarroa Oinezen ibilbidea?

nafarroa-oinez-2012-ibilbidea

Eta nola bestela, 2012ko Nafarroa Oinezen Kantarekin uzten zaituztegu, igandean, guztiok ozen eta alai abes dezagun. Guk dagoeneko ikasi dugu, eta zuk? “Kolorea hitz, Kolore anitz
Bizi nahi dugulako Egin ezazu hitz
!!…” Muxu haundi bat eta gozatu aurtengo Nafarroa Oinez jaiaz. 🙂

Urratsak eginez, korrika, kilometroz kilometro, jairik jai euskaraz!

Duela gutxi jaietan euskaraz aritzeko hiztegia aurkeztu genizuen Euskararen blog honetan. Euskara sustatzen jarraitu nahian, gaurkoan, urtean zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetan Euskararen alde antolatzen diren jaiak izango ditugu hizpide, eta ikasturte berriari begira , jai horien inguruko datu eta xehetasunak ematen saiatuko gara. Hemendik gutxira egingo den jai batekin emango diogu hasiera euskararen inguruko jaien zerrendari 🙂

NAFARROA OINEZ 2012

Zer da Nafarroa Oinez: Nafarroako Ikastolen jaia da. Urtero Nafarroako ikastola bat arduratzen da jai hau antolatzeaz, tokian tokiko eta unean uneko beharren arabera. Zazpi bat kilometroko ibilbidea prestatu eta gune ezberdinak kokatzen dira, adin eta gustu guztietarako jarduerekin.
Noiz: urriaren 21ean
Non: Iruñean
Antolatzailea: Zizur Txikiko San Fermin Ikastola

Has zaitezte 2012ko Nafarroa Oinez jairako prestetzen:

KILOMETROAK 2012

Zer da KilometroakGipuzkoako ikastolen jaia da. 1977az geroztik egiten den euskalzaleen topaketa hau urriko lehen igandean ospatzen da eta helburu nagusia Gipuzkoako Ikastolei bultzada ematea da.
Noiz: urriaren 7an
Non: Andoainen
Antolatzailea: Aita Larramendi Ikastola

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2012

Zer da Euskararen Nazioarteko Eguna: Euskara omentzeko asmoz urtero abenduaren 3an Euskal Herriko txoko ezberdinetan egiten den ekitaldia da.
Noiz: abenduaren 3an
Non: Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan

Antolatzailea: Eusko Ikaskuntza

Ukan

HERRI URRATS 2013

Zer da Herri Urrats: Iparraldeko ikastolak laguntzeko antolatzen den jaia da, maiatzaren lehen hamabostaldian ospatzen dena Senpereko aintziraren inguruan, Lapurdin.
Noiz: Maiatzaren bigarren hamabostaldia (eguna zeazteke)
Non: Senperen
Antolatzailea: Seaska, Iparraldeko Ikastolen Federazioa.

ARABA EUSKARAZ 2013

Zer da Araba Euskaraz: Arabako ikastolen jaia da, Ikastolen Elkarteak urtero ekainaren erdialdean ospatzen duen ekitaldia. Euskararen erabilera Araba osoan bultzatzea du helburu, baita ikastolen azpiegiturak hobetzea ere. Hori dela eta urtero Arabako ikastola bat arduratzen da antolakuntzaz.
Non: Amurrion
Noiz: Ekainaren 16an
Antolatzailea: Aresketa Ikastola

IBILALDIA 2013

Zer da Ibilaldia: Bizkaiko ikastolen jaia da. Getxon egin zen lehen aldiz 1978an eta honek ere, beste lurraldeetan bezala, euskara bultzatu eta Bizkaiko ikastolen egoera hobetzeko helburua du.
Nun: Portugalete
Noiz: Eguna zeazteke
Antolatzailea: Asti-Leku ikastolak

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN JAIA 2013

Zer da euskal Eskola publikoaren jaia: Euskal Hezkuntza Publikoaren alde eta euskara bultzatzeko asmoz urtero Euskal Herriko herri ezberdin batean egiten den jaia da.
Nork antolatzen du: Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak

Aurtengo datuak, noiz eta non izango den jakin bezain pronto, partekatuko dugu. Bitartean hemen duzue 2012ko Euskal Eskola Publikoaren jaiko kanta:

KORRIKA

Zer da Korrika: Euskararen alde Euskal Herrian barrena lasterka egiten den martxan da. Bi urtez behin egiten da eta ibilbidea aldatu egiten da.
Noiz: Martxoan
Non: Zehazteke
Antolatzailea: AEK euskaltegi elkarteak antolatzen du

586259_korrika_donostia_original_imagen

Jai batean, bestean, jarrai dezagun EUSKARAREN ALDE LANEAN! 🙂

Lodosako Ibaialde Ikastola bizirik! 25 urtez euskara Erriberan zabaltzen

Mendiak aldapatsuak izaten dira, baina beti dago tontorrera iristeko aukera. Eman beharreko pausoak, handiak eta nekagarriak izaten dira zenbaitetan, baina apurka-apurka gailurra egitea badago. Zailtasunak zailtasun, beti dago argi izpiren bat hor nonbait, eta hori dela eta, guztiok bat egin eta ahalegin berezia eginez, izugarrizko lorpenak lortzen dira.

Lodosa-Sartagudako Ikastolaren egoera ez da erraza. Eremu ez euskaldunean kokatuta dagoen aldetik, Ikastetxea egoera ekonomiko zaila bizi du eta horren aurrean Ikastolen Elkarteak laguntzeko deia luzatu du, izan ere, Euskarak Lodosako ikastola behar du. Kanpaina berezi bat jarri da martxan, eta aurreneko egitasmoa “Euro bat, marrazki bat” izenekoa izan da. Euskal Herriko ikastoletako ikasleek marrazki bana egin eta ikastetxe bakoitzak euro bat emango du matrikularik duen ikasle bakoitzeko. Horrez gain, Ibaialde Ikastolak gizarte osoari egin dio dei laguntza emateko, eta kontu korronte bat ere zabaldu du norberak bere ekarpen propioak egiteko. Entzun  Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak Ibaialde Ikastolaren inguruan kontatutakoa Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan.

Aurten ikastolak 25 urte beteko ditu eta zailtasun horiek ez dute zapuztuko mende laurdena betetzeak merezi duen ospakizuna. Otsailaren 5ean, urte horietako bizipenak eta gaurko oztopoak batu egingo dira jai eta aldarrikapen kutsua izango ospakizun batean. Tolosako abesbatza, pailazoak, herri kirolak, bertso saioak edo Bizardunak, Ze Esatek! eta beste zenbait talde izango ditu lagun jaiak. Hemen egitaraua oso osorik!

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Lodosako Ibaialde Ikastolaren historia

1991. urtera egin behar dugu saltoa, orduantxe, sortu baitzen Ibaialde Ikastola 9 haurrekin. Lekualdaketa ugari jasan ditu ikastetxean. Urte horietan zehar, matrikulazioak gora egin dute, eta irakasle bakarra egotetik, horien kopurua ere handitu da. Mende laurdena darama Lodosako ikastolak foru administrazioaren oztopoak gainditzen eta euskararen normalizazioaren alde etengabe lanean. Datorren asteburuan, ibilbide luze eta korapilatsu horri merezitako ordaina emango diote jai handi batean.

Guk ere eman diezaiegun geure bultzadatxoa Lodosako Ibaialde Ikastolari.  Euskaldun guztioi jaian parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu, ikastolek Euskara sustatzea baitute ardatz. ERRIBERAN ERE EUSKARAZ! ESKERRIK ASKO ETA ZORIONAK!

Euskareran aldeko apostua Goenkalen. Telebistan ere euskaraz!

Euskaraz egiten den telesailik arrakastatsuenak, Goenkalek iragan asteartean aspaldian izandako audientzia daturik onenak eman zituen. Arraldeko kontuak eta Facebookeko orrialdean aipatu diren beste gai batzuk izango ditugu mintzagai gaurko laburpenean.

Nork ez du Goenkale ezagutzen? Ba al da euskaldunon artean Maria Luisa edo Boga Boga ezagutzen ez duenik? Urteak dira Goenkale ETB-1eko saio arrakastatsua lehenengoz estreinatu zela, hemezortzi urte, hain justu. Goenkale 1994. udazkenean hasi zen eta hasiera batean Lasa familiaren gorabeherak kontatzen bazituen ere, euskal aktore askok eman dituzte euren pausoak telesail arrakastatsu honetan.

Lehendabiziko urteetan astelehenetik ostiralera emititzen bazen ere, egun astelehenetan eta astearteetan goza dezakegu Goenkalez, eta Facebookeko orrialdean aipatzekoa iruditu zaigu esteka honekin astearte honetako atalak saioak urte osoan izandako audientzia daturik altuenak lortu dituela. Zorionak, Goenkaleko kideei guztiei, eta nola ez, baita telesailaren jarraitzaileei ere, horiek egiten baitute posible Goenkale!

Askok eman diozue “Gustuko dut” botoiari, eta Maite Aguirrek honela esaten zigun komunitatean: “Aupa!!!Kolonbian bizi den euskaldun bat naiz eta Goenkale ikusteko moduren bat badaukat jakin nahiko nuke, eitb.com-en bilatzen egon naiz baina ez dut ezer aurkitu. Mila esker!!!”. Oinatz Ortyizek berehala erantzuten zion http://www.eitb.tv/eu/ eitb.com-eko Nahieran orrialdera linka utziz.

Iragan ostiralean, berriz, “Euskaraz bizi nahi dut kanpaina” aurkeztu zuen Kontseiluak Donostiako DOKA Kafe Antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Aurkezpenean azken hilabeteotan euskaraz bizitzearen alde egindako hainbat ekimenen berri emango zuten eta Esne Beltza taldeak egindako abestia ere aurkeztu zen. Guk Facebookeko orrialdean kanpainaren bideoa eskegitzen genizuen, izan ere, euskaraz bizitzea da gure nahia!

Amaitzeko, hilabete geratzen da Euskararen Egunerako, eta 10.000 lagun biltzea nahi dugu Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Euskaldunak burugogorrak garela diote, eta arrazoi apur bat badute beraz, animatu eta gomendatu Euskaldunok euskaraz zuen lagunei, denok elkarrekin euskararen aldeko txoko erraldoi batean bilakatu behar dugu eta gure orrrialdea. Badakizue, egin euskaraz etxean, kalean, gurasoekin, lagun artean, jolasean….. Bizi euskaraz!! Besarkada bat eta laster arte lagunok. Pozik bizi!!

Nafarroa Oinez 2011: Euskara protagonista Tafallan datorren igandean

Nafarroa Oinez 2011 Tafallan ospatuko da datorren igandean, urriaren 16an. Euskara izango da protagonista Nafarroako Ikastolen jaian baina hitzordu horrez gain, euskara ikasteko Arian metodoa ere izango dugu hizpide gaurkoan. Euskararen inguruko bloga aurkeztu genizuen aurreko astean eta bertan esan bezala, lerro hauetan, euskararen inguruan gertatzen den oro zuengana eramateko asmoz, astero-astero Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean esandakaok bilduko ditugu; ekin diezaiogun gaurkoari!

Nafarroa Oinez 2011, Nafarroako Ikastolen jaia, Tafallan ospatuko da aurten eta ‘Hamaika 11n’ izango du lema. Egun osoko jaia iragartzeko, Sorkun eta Kerobia taldeko Xabiren ahotsak izan dituzte lagun tafallako Garces de los Fayos Ikastolako lagunek, hementxe duzue Nafarroa Oinez 2011ko bideoklipa:

Eskaintza oparoa prestatu dute iganderako, joateko asmoa baldin baduzue hona hemen Nafarroa Oinez 2011ko egitaraua. Izatekotan, ziur egitaraua ikusitakoan uxatuko dituzuela zalantza izpi guztiak 😉

Nafarroa Oinez 2011 Tafalla - Egitaraua

Nafarroa Oinez 2011 Tafalla - Egitaraua

Bestalde, Arian metodoa ezagutzen al duzu? Euskara ikasteko modu eraginkorra da, eta hizkuntzaren erabilera sustatzea du helburu. Gehiago jakin nahi? Entzun Euskadi Irratiko Ele-Alea saioa! Arian metodoa aurkeztu dute bertan eta Txantxo Zubeldia ELKAR argitaletxeko editoreak emango dizkizu xehetasun guztiak.

Euskarak festa handia dauka zain igandean Nafarroan eta euskaldun berriek zein euskara ikastekotan daudenek metodo berria proba dezakete aurrerantzean.Zuek badakizue, euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzue, ez izan zalantzarik eta elkarbanatu gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. Egun gutxi barru izango gara bueltan, ongi pasa asteburua!