Category Archives: euskal kultura

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'. Artxiboko irudia: EiTB

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929–‐2012), euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan baitzen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparrutik.

Jakin-ek bere obra osoa bilatu, arakatu, txukundu eta digitalizatu du, eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura paratu du.

“Euskal pentsamenduan izan diren diskurtso berritzaileak ezagutzea garrantzitsua dela uste baitu Jakinek, bai behintzat kulturgintza eta herrigintza eredu propioa garatu nahi bada. Txillardegi ezinbesteko pentsalaria dugu horregatik”, zehaztu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.

 Ia 2.000 idazlan digitalizatu, denon eskura

Hiru urte eman ditu Jakin-ek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da digitalizazioa.

“Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dira”, azpimarratu du Joan Mari Torrealdaik. “Horietatik 1.634 idazlan dira Txillardegik berak idatzitakoak. Esaterako, 40 dira liburuak eta 1.352 artikuluak”.

Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010–‐11koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak.

Gainerako argitalpen digitalak, berriz, Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira, 350 guztira.

Obra oparoa, kopuruz nola edukiz, beraz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran.

‘Jotamentala’ dokumentala Bilbon aurkeztuko dute gaur

‘Jotamentala’ film dokumentala gaur estreinatuko da Bilboko Bizkaia Aretoa auditorioan. AIKO Taldeak eta Bideografikek ekoiztuta, euskaraz eta gaztelaniaz egindako proiektu honek jotaren inguruko ibilbide zorrotza egiten du 50 minututan. Dantza tradizional horren jatorritik hasi, bilakaeratik eta aldaeretatik igaro, eta gaur egungo egoeran eta aurreikusten zaion etorkizunean amaitzen da.

AIKO Taldeak dantza herrikoi ezagunenetakoa eta klasikoenetakoa irudien bitartez omentzea erabaki du. Kideez gain, ‘Jotamentala’ dokumentalak aditu askoren testigantza ere eskainiko digu: Cesc Gelabert edo Jon Maya bezalako dantzari eta koreografoena, eta Juan Antonio Urbeltz, Jon Pertika, Iñaki Irigoyen edo Jose Inazio Ansorena bezalako folklorearen ikerlariena, besteak beste.

Filmaren jatorria, AIKO Taldeak jotaren aurrean duen debozioan, eta bere ibilbidean milaka pertsonari transmititzea lortu izatean dago. Banaka eta bikoteka egiten den erabateko dantzak, aldi berean iradokitzeko, jolasteko eta gorteatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, Elizak bekatuzkoa zela esan zuen. Folklorearen imajinario nazionalistak landa ingurunekotzat hartu zuen arren, batez ere hirikoa izan zen eta da, gaur egun; horregatik da hain ezaguna. Etengabe eguneratzeko eta berriztatzeko aukera ematen duenez, erabateko indarra eta gaurkotasuna duen kultur adierazpena bilakatu da.

‘Jotamentala’, AIKO Taldeak Interneten jotari buruzko plataforma martxan jartzeko duen egitasmo handiaren barruan sartzen da. Bertan audio eta bideo grabazioak, partiturak, idazkiak, gogoetak, proposamen didaktikoak, ariketak, pausoak eta, orokorrean, dantza herrikoi horren inguruan ekarpena egin dezakeen edozein elementu sartu ahal izango da. Horrela, dokumentala jotaren jatorriei, oinarriei, esanahiari eta bilakaera historikoari buruzko sarrera da. Hona hemen, proiektuaren trailerra, aurrerapen gisa:

Jotamentala – Trailer from Bideografik on Vimeo.

Welles eta Cyrus

Adituen iritziarekin batera, ‘Jotamentala’ lanak balio estetiko handia duten sekuentziak eta irudiak ere eskaintzen ditu. Musikaren eta mugimenduaren bitartez hitzak gainditzen dituzten kontzeptuak eta sentimenduak transmititzen ditu. Batez ere, komunikazio ariketa gisa ulertzen den dantzaren ideia ematen du.

Baionako, Hernaniko, Donostiako, Bilboko, Durangoko, Areatzako eta Zeanuriko hainbat lekutan filmatu den lanak artxibategietan aurkitutako material baliotsua erakusten du: argazkiak eta filmak, Kutxaren artxibategian, Gipuzkoako Artxibategi Orokorrean edo Bilboko Euskal Museoan jasotakoak, besteak beste. Horrez gain, 1955ean Orson Wellesek BBC katerako egin zuen ‘The Land of the Basques’ dokumentalaren sekuentzia bat ere jasotzen du.

Horrela, filmak jotaren jatorriari, bilakaerari, testuinguru sozio-politikoari, aldaerei, erromerietan dantzatzeko moduari, denboran zehar izan dituen berrikuntzei, hain ezaguna izatearen arrazoiei eta une honetan duen erabateko gaurkotasunari buruzko hainbat atal dokumentatzen ditu. Hainbat motatako eszenatokitara eramango gaitu: AIKO taldearen ikastaroetatik eta emanaldietatik Kukai edo Ereintza Dantza Taldeen koreografietara, XVIII. mendeko jauregietako dantza bat edo XVI. mendeko gallarda bat berregitera, telebistako irudietara, gaur egun artxibategietan kontserbatzen diren etxean egindako filmazioetara, antzinako argazkietara…

Jotamentala dokumentalaren trailerraren irudia

Jotamentala dokumentalaren trailerraren irudia

Jotaren unibertsoari ematen dion gainbegiratuan, beste musika genero eta estilo batzuekin dituen lotura ugariak ere aipatzen ditu dokumentalak, horietako batzuk dantza herrikoiarekin oso gutxitan erlazionatu diren arren. Horrela, AIKO Taldearen interpretazioekin batera (‘Aurrez Aurre’, ‘Oinak Kantuz’, ‘Soken Dantza’, ‘Bilgua’, ‘Kobreik!’ eta ‘Herri Musika ta Dantza’ CDetatik jasotakoak), dokumentalaren soinu bandak mota guztietako melodiak jasotzen ditu. Jordi Savallen edo Enrike Solinísen antzinako musika (duela denbora gutxi kaleratutako ‘Euskel Antiqva’ CDkoa), Miley Cyrusen popetik igaroz, Jesús Guridiren piezak, Asturiaseko, Galiziako eta Salamancako jotak edo Eva Cassidyk eskaintzen duen Tennesseeko balsa ahaztu barik.

Dokumentala, egoitza Durangon duen Bideografik Ekoizpenak etxeak ekoiztu du. AIKO Taldeak lehendik ere egin du lan ekoizpen etxe horrekin, ‘Dantza Plazara’ (2013) film labur dokumentalean, hain zuzen ere. Gidoia Carlos Iglesiasena da, zuzendaritza Eukeni Arriortuarena eta errealizazioa Xabier Zabalarena.

‘Tribuaren Berbak,’ euskara modu dinamikoan, eraikitzailean eta ilusioz ikusarazi digun saioa

2013ko azaroaren 13an, urduri hasi zuen ibilbidea ‘Tribuaren Berbak’ saioko lan taldeak. Kike Amonarrizen eta haren lankideen helburua zen euskararen gaineko saioa egitea; euskararen inguruko interesa piztuz, hizkuntzarekin gozatuz, ikusleak harrituz eta jendeak izan ohi dituen kezkei eta galderei erantzuten saiatuz. Betiere modu atsegin eta alaian. Orain, denboraldiko azken atalean, ondorioak ateratzeko eta egindako lanaren errepasoa egiteko unea iritsi da.

estitxu

Estitxu Garai EHUko irakasleak aipatu du saioak modu eraikitzailean begiratu diola euskararen egoerari, aurrera egiteko moduan, freskotasunez eta dinamikotasunez. Haren hitzetan, programaren gakoetako bat izan da konektatu duela jendearen esperientziekin. “Euskararen aldeko kanpainetan ere horretan sakondu beharko litzateke; euskara erakutsi, baina jendearen bizitzan duen eraginean oinarrituta”. Izan ere, Garaik nabarmendu du jendeari ikusarazi behar zaiola euskarak zein onura dituen beste hizkuntzek ez dauzkatenak.

Munduan 6-7 mila hizkuntza inguru daude, eta, milioi bat hiztunetatik gorakoak, 400-500 inguru dira. Euskal hiztunak milioi bat garenez, munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen % 10ean gaudela esan dezakegu. Lehen saioan kalera atera zen Amonarriz jendeari euskarak munduan betetzen duen tokiari buruz galdetzera. Azken saio honetan ere gauza bera egin du, eta pertzepzioa apur bat hobea izan bada ere, gure burua oso txiki ikusten jarraitzen dugu.

inakilarranaga

Iñaki Larrañaga

Iñaki Larrañaga kazetariak galesa eta euskara alderatu ditu, eta nahiko parekoak direla esan du: populazioan antzekoak gara, tamaina eta dentsitate aldetik ere bai; gainera, galestarren laurdenak hitz egiten du galesa, eta inguruko hizkuntza nagusiarekiko (ingelesarekiko) oso desberdina da (euskara gaztelaniarekiko eta frantsesarekiko desberdina den moduan). Dena dela, euskarak azken 20-30 urteetan normalizazio prozesu bizkorragoa izan du, bereziki, Eusko Jaurlaritzak babesa eta laguntza eman duelako. Galestarrentzat eredu garela esan daiteke, eta horren adibide da Korrikaren anaia galestarra martxan jarri zutela duela zenbait urte.

Larrañaga gasteiztarra denez, bertako eta Arabako egoerari buruz ere aritu dira. Azken hamarkadetan euskararen presentzia asko handitu da: “orain ez da hain harritzekoa kalean euskara entzutea, zaila izan arren”. Beste hizkuntza batzuen sarrerarekin, euskara ari da bere tokitxoa izaten, eta datozen urteetarako zabalkunde handiagoa izatea aurreikusten du. Horrek oztopoak kenduko dizkie euskaldun berriei euskara erabiltzeko, eta aukera berriak zabalduko ditu. “Gasteiz erdaldunaren mitoak badu egiatik zerbait, baina, gaztelania nagusi izanagatik ere, euskara bigarren hizkuntza indartsua da, eta erakunde eta herritar asko pasatu dira euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera”.

morris

Mikel Morris

Euskarari lotutako mitoei buruz ari garela, nabarmentzekoa da euskara ikastea zaila dela dioen mitoa. Mikel Morris itzultzailea amerikarra da, eta 12 hizkuntza ikasi ditu, tartean, euskara. Haren hitzetan, linguistika munduan euskara ikastea oso preziatua da, hizkuntza ez-indoeuropar bakarra delako, eta jatorri misteriotsua duelako. Nabarmendu du euskal fonetika oso erraza dela. Gainera, ez dago generorik, euskal aditza oso erregularra da, “matematikoki erraza da”. Beraz, haren hitzetan,, oinarrizko euskara ikastea ez da zaila.

zuazo

Koldo Zuazo

Koldo Zuazo hizkuntzalariarekin elkartu da Kike, euskararen egungo egoeraz hitz egiteko. 60ko hamarkadatik hona, beste dinamika batean sartuta gaude. Ahozko hizkuntza izatetik, idatziz ere erabiltzera pasatu ginen orduan jaiotako ikastolei esker. Hori bai, Ipar Euskal Herrian gero eta eragin handiagoa dauka frantsesak, eta Hego Euskal Herrian, berriz, gaztelaniak. Beraz, alde batetik, euskara batzen ari da, baina, bestetik, euskaldunen arteko muga hori gero eta handiagoa da. Hori bai, gaur egun, euskaraz hitz egiten ez zen leku askotan entzun daiteke, besteak beste, Nafarroako Erriberan, edo Erronkarin… Agian ez da asko erabiltzen kalean, baina gazte gehienek dakite. Kontuan hartu behar da euskara batua maila jasorako sortu zela, eta eskoletan irakasten den eredua ere oso jasoa dela. “Jendeak behar du beste batu bat, lagunarterako, festarako…”. Bestalde, azpimarratu du euskara batua eta euskalkiak ez daudela kontrajarrita, osagarriak direla. Hemendik aurrera izango dugun egoerari begira esan du pentsatzekoa dela orain arteko norabidean jarraituko dugula, eta euskalkiek bilakaera konbergente batean jarraituko dutela. Azkenik, nabarmendu du Euskal Herriaren independentzia etorriko balitz, konbergentzia hori lehenago gertatuko litzatekeela.

yuli

Yuli Vargas

ETB1en ikusi ditugun 60 ‘Tribuaren Berbak’ saioetatik euskaldun ugari igaro da, bakoitza bere kolorearekin. Yuli Vargas izan da horietako bat. Kubatarra da, eta Aretxabaletara etorri zen, eta, ondoren, Eskoriatzara joan zen bizitzera. Lagun euskaldunak egin zituen, eta ohartu zen, bera zegoenean, gaztelaniaz hasten zirela. Hori ez zitzaionez zuzena iruditzen, euskara ikasteari ekin zion. Lau urtez ibili zen euskaltegian; astean lau egunetan, 2 orduz. Ahalegin hori egin ondoren, ez du ulertzen bertako batzuek euskaraz ez jakitea. “Ez da oso lagungarria bertakoek euskaraz ez egitea, praktikatzeko aukerak gutxitzen direlako”. Kanpotik datozenei euskaraz ikastea gomendatuko lieke integratuta sentitzeko. Bestalde, aipatu du euskaldunek kanpotarra integratzeko ahalegina egiten dutela, eta gaztelaniaz hasten direla hark uler ditzan. Hori euskararentzat kaltegarria dela uste du, eta euskaldunei esan nahi die gaztelaniara ez pasatzeko, eta euskaraz egiten jarraitzeko.

etxeleku

Iñaki Etxeleku

Iparraldeko egoeraren balantzea egiteko, Iñaki Etxeleku kazetariarengana jo du Amonarrizek. ‘Iparraldeko Hitza’ren zuzendaria da, eta 1.000 irakurle inguru dituzte. Datorren urtean irakurle eta harpidedun gehiago izango dituztela espero dute. Euskaraz batuaz idazten dute, baina lexiko aldetik, bertako euskalkiei lekua egiten diete. Oreka horretan dabiltza, “jendeak izan dezan bazka bere euskalki horretan, eta, aldi berean, euskarara etor dadin”. Izan ere, gaur egungo egoeran, garrantzitsutzat jo du bien arteko zubi lana egitea. Belaunaldi berriek euskara hibridoa egiten dute, eta euskalkiak lantzea interesgarria dela uste du, baina ez dela sekula ekidin behar euskara batura jotzea. Mundu gero eta globalizatu honetan, Euskal Herriko herrialde batetik bestera daukagun errealitatea ez dugu ezagutzen. Paradoxikotzat du hori. Gazte belaunaldiak beldurrik gabe lanean ari direla azpimarratu du, baina transmisioan lan batzuk egiteko daudela deritzo.

emun

Kike Amonarriz eta Juanjo Ruiz

Kike Amonarrizek gidatutako saioaren helburu nagusietako bat izan da jendea motibatzea, jendea ilusionatzea. Horri lotuta, Emun kooperatibako Juanjo Ruizi aholkuak eskatu dizkio euskaldunek euskaraz gehiago egin dezaten. Ondorengoak eman ditu: 1) Edozein tokitan, geure burua euskaldun gisa aurkeztea, agurra euskaraz esanda; horrela, euskaldunak garela adieraziko dugu, eta aukera emango diegu besteei guri euskaraz egiteko. 2) Pertsona ezezagunen aurrean euskaraz aritzea, ezustekoak izaten baitira, eta euskaldun ugari topatzen baita. 3) Euskaldun berriek zerbaitetarako ikasten dute euskara, beraz, eurekin, euskaraz egitea. Horrela, praktikatzeko aukera emango diegu, eta zentzua emango diogu euskara ikasteari. 4) Elebidun hartzaileekin (euskara ulertzen dutenak baina egiteko gai ez direnak edo lotsa dutenak), eurek egin dezatela gaztelaniaz, baina guk ez dugu inolako mugarik euskaraz aritzeko. Hori ez da ohikoa, baina, etorkizunera begira, eta ezagutza datuak ikusita, oso garrantzitsua da. 5) Taberna, denda eta horrelako lekuetako solasaldi errazetan, aurrean dugunak ez badaki euskaraz, gure gorputzaren keinuekin lagundu ulertzen, eta ez hitz egin gaztelaniaz (seinalatuz, hatzekin zenbakiak adieraziz, hitzen bat euskaraz esanez eta gero gaztelaniaz errepikatuz…).

luna

Iñaki Martinez de Luna

Saioa amaitzeko, Iñaki Martinez De Luna soziolinguista elkarrizketatu du Amonarrizek. Haren hitzetan, euskarak etorkizun argia eta biribila dauka. Dinamismo handia dago euskararen inguruan, baina hori ez dago egituratuta; atomizatuta dago, eta estrategia desberdinak daude. “Planteamendu estrategikoak berrikusi behar ditugu, garai bateko ideiek ez baitute balio gaur egun”. Duela bizpahiru hamarkada uste genuen ume guztiek euskara ikastearekin erabilera bermatuta egongo zela. Aitzitik, eskarmentuaren poderioz, badakigu hori ez dela horrela. “Hizkuntza bat suspertzea oso eginkizun konplexua da”. Azpimarratu duenez, orain arte, euskaltzaleen eta euskalgintza arloaren esku egon da euskararen ardura, eta hori ez da hizkuntza bat dagokion mailan jartzeko modua. “Hizkuntza gizartearena izango bada, gizarteak ere euskararen ardura hartu behar du”. Beraz, etorkizunerako ardatz gisa jarri ditu ilusioa eta dinamika kolektiboa berreskuratzea.

‘Tribuaren Berbak’ saioak ‘tribukideak’ euskaraz hitz egitera lotzen dituzten zergatiak, motiboak eta ilusioak partekatu ditu, eta ezagututako guztiei esker, sekulako adrenalina ‘txutea’ jaso dugu. Gero arte esan digute Kike Amonarrizek eta haren lankideek. Ea aurrerantzean ere gure bidean haiekin topo egiten dugu.

Ikus ezazue EITB Nahieranen ‘Ondorioz…’ atala:

Euskarak ez du mugarik!

Tribuaren Berbak‘ saioak mugak izan ditu ardatz. Euskal Herrian badakigu, bai, zerbait mugen gainean, gure herria zatitzen duen lerroa, begi bistakoa ez bada ere, egon, hor baitago. Euskaldunok badugu baina, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik ibil daitekeen haize fin bat: euskara. Muga ororen gainetik jo du, halaber, Kike Amonarrizek gonbidatu bila.

hendaia-irun

Elsa Spizzichino Hendaiako euskara teknikariarekin eta Iban Eguzkitza Irungo euskara zuzendariarekin bi herriak elkartzen dituen Santiago zubian elkartu da. Egoera desberdina da batean eta bestean, bereziki, Iparraldean euskarak ofizialtasuna ez izatearen eraginez, eta beharrak ere ezberdinak dira. Dena dela, Hendaiako haurren erdiak euskaraz ikasten dute, eta hori seinale ona da. Irunen aldiz, euskaldunak % 36 dira, ia euskaldunak % 28, eta % 36k, berriz, ez dakite euskaraz. Dena dela, biek ahala biek euskararen erabilera sendotu beharra aipatu dute, baita mugaz gaindiko harremanak indartzekoa ere.

aintzart

Peio Etxeberri-Aintzart

Noiztik daude bereizita Hego eta Ipar Euskal Herria?  Peio Etxeberri-Aintzart historialariaren hitzetan, Erdi Aroan bazegoen nolabaiteko probintzien arteko muga, baina XVII. mendean hasi zen amildegia eraikitzen, eta XIX. mendean, Baionako Hitzarmenarekin, erabat bereizita gelditu ziren, ordura arte Ebron zegoen aduana muga Pirinioetara eraman zutenean. Hala ere, Frantzian 3. Errepublika frantses izaera sendotzen hasi zenean eta Frankismoa ezarri zenean, areagotu egin zen mugaren fenomenoa. Alabaina, Etxeberri-Aintzarten hitzetan, kostaldean nabariagoa da mugaren eragina, barnealdean naturalki zeharkatzen duelako jendeak. Azken urteetan, gainera, apaldu egin da eragin hori, bereziki muga fisikoak kendu zituztenetik. Euskararengan, mugak baino, zentralismoek izan dituzte ondorioak, Iparraldeko euskara frantsestu egin baita, eta Hegoaldean, aldiz, gazteleratu. Hala eta guztiz ere, euskara batuaren eraginez, gauzak aldatzen ari dira, eta ez dago arazorik mugaren alde batekoak eta bestekoak elkarrekin komunikatzeko.

garmendia

Elixabete Garmendia

Mugak eragina izan zuen, baina, kulturan. Elixabete Garmendia kazetariaren arabera, euskal kulturaren sorgune izan zen Iparraldea, esaterako, kantagintzan. Izan ere, han askatasuna zegoen; Hegoaldean, berriz, zentsura. Horregatik, Iparraldean kantari ugari izateaz gain, Hegoaldekoek hara jotzen zuten diskoak ateratzera. Bestalde, babesgune ere izan zen ekimen kultural askorako, eta aipatu du Elkar argitaletxea eta Udako Euskal Unibertsitatea, adibidez, bertan sortu zirela. Gaur egun, muga fisikoa erraz gainditzen dugula esan du; aldiz, “muga mentalak oraindik badauzkagu”.

kontrabandista

Mattin Tapia eta Kike AMonarriz

Mugan alde batera ibiltzen ziren, duela hainbat urte, kontrabandistak. Mattin Tapia senpertarra ere horretan aritzen zen gaztetan, beste ezer ez zutenez, “sos batzuk ateratzeko”. % 90eko alkohola erosten zuten Hegoaldean (askoz ere merkeagoa zen), eta Iparraldera igarotzen zuten, Bordeleko destilategi bati saltzeko. Aipatu duenez, gendarme eta guarda zaharrak euskaldunak ziren, eurak ere kontrabandoan aritutakoak. Horregatik, gau-lanean harrapatzen zituztenean, zeramatena botarazi, eta aske uzten zituzten. Gainera, mugaz bestaldekoekin ere euskaraz aritzen ziren beti.

Kontrabandista asko mugalari lanetan aritu ziren, hau da, muga ezkutuan iragan nahi zutenak gidatzen eta laguntzen. Muga inork baino hobeto ezagutzen zutela baliatu zuten Comète sarean laguntzaile aritzeko. II. Mundu Gerran Alemaniaren aurkako aire-erasoetan eraitsitako hegazkin pilotu aliatuak jasotzen zituzten. Euskal Herriko muga igaro ostean, Gibraltarrera eramaten zituzten, Madrilgo britainiar enbaxadaren zerbitzuen laguntzarekin. Seguru iheslari haiek harrituta geldituko zirela mugalari haien hizkuntza berezia entzutean.Izan ere,  ingelesa ezean, euskaraz, lapurteraz gainera, egiten baitzuten askok.

maitena

Maitena Duhalde

zugarramurdi

Helena Xurio

Lapurteraz, eta zehazki, Lapurdiko itsas hegiko euskaraz asko daki Maitena Duhalde hizkuntzalariak. Hendaiak, Urruñak, Biriatuk, Ziburuk, Donibane Lohizunek eta Azkainek osatzen dute eremu hori, eta berezitasun handiena aditz-sisteman du. Horrez gain, alboan duten gipuzkeraren eraginez, bustidura eta hainbat hitz berezi ere erabiltzen dute.

Biriatuko mugatik Zugarramurdikora joan da Amonarriz. Bertan, Helena Xuriok esan dio ez dutela mugarik sentitzen Xareta eskualdean (Ainhoa eta Sara -Lapurdi- eta Urdazubi eta Zugarramurdi -Nafarroa- herriak biltzen ditu), bereziki barrerak kendu zituztenetik. Dena dela, telebistaren indarra handia dela nabarmendu du. Hau da, Hegoaldean jendeak telebista espainiarraren eragina duela eta Iparraldean, berriz, frantsesarena. Eskualdeko herri guztietan euskara bera hitz egiten duten arren, gero eta gehiago ari dira desberdintzen, “Iparraldeko euskara batua” eta “Hegoaldeko euskara batua” erabiltzen baitituzte gaur egungo gazteek. Euskal Telebistaren eraginez ere, lehen erabiltzen ez zituzten hitzak barneratu baitituzte.

Zugarramurdin bizi da, halaber, Carles Belda katalana. Nabarmendu du Xareta eskualdearen pareko egoera dagoela Cerdanyan, ipar-hego legezko mugak bereizita baitago. Han ere hizkuntzak batzen omen ditu alde batekoak eta bestekoak.

baigorri

Amaia Castorene

Hain zuzen ere, Amaia Castorene baigorriarrak aipatu du, Baztanen (Nafarroa) eta Baigorriren (Lapurdi) artean ere ez dutela mugarik sentitzen. Basaize elkarteko kidea da, eta, euskara sustatzea du helburu elkarte horrek. Alabaina, haren erakusleiho handiena Nafarroaren Eguna da. 1979tik antolatzen dute, eta Pirinioetako bi aldeetako nafarren arteko harremanak sendotzea eta iraunaraztea du helburu nagusia. Izan ere, Castorenek esan duenez, “euskarak batzen gaitu, eta, dena da gure herria”.

Haizeari langak jartzea ezinezkoa den bezala, hizkuntza hesitu nahi izatea ere ezinezkoa da. Euskarak ez baikaitu bereizten, batu baizik. Mugak norberak jartzen dizkio maiz bere buruari, eta horiek gainditzeko euskara ez dadila aitzakia izan, bitarteko baizik.

Emakumeek asko dute esateko euskarari buruz

Emakumeak eta euskara izan ditu hizpide ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Abiapuntu gisa hartu du Lorea Agirrek, Jakin aldizkariko zuzendariak, 19. Korrikako mezuan esandakoa: ahaldundu behar dugula. Ahalduntzea plaza hartzea da, boterea hartzea, ez inor menpean hartzeko, egoera eraldatzeko baizik.

loreaagirre

Lorea Agirre eta Kike Amonarriz

Ahalduntzea feminismotik datorren ideia da, hori dela eta, genero-ikuspegia txertatu nahi izan dio Kike Amonarrizek hausnarketa horri.

Agirre bera elkarrizketatu du, saioa hasteko, Amonarrizek. Hark esan du emakumeen gainean eta euskararen gainean diskurtso bera erabili dela, hegemoniatik, menderatuta edukitzeko. Feminismoak ‘jakitearen, jabetzearen eta boteretzearen’ beharraz hitz egiten du, eta hori euskalgintzari ere aplika dakioke. Izan ere, feminismoak euskalgintzari teoria eta praxi orokorra eskaintzen dizkio.

itziaridiazabal

Itziar Idiazabal

Itziar Idiazabal EHUko UNESCO katedradunarekin ama hizkuntza esamoldeaz aritu dira. Izan ere, oraindik ere erabiltzen da, baina, gaur egun, zuzenagoa da lehen hizkuntza esatea, ama ez baita derrigorrez hizkuntza transmititzen duen bakarra. Lehen hizkuntza esatean, berriz, ez dugu esaten nork irakatsi duen, ikasitako lehena izan dela baizik.

 

jonemirenhernandez

Kike Amonarriz eta Jone Miren Hernandez

Dena dela, hizkuntzen transmisioan emakumeek garrantzi berezia izan dute nabarmendu du Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak, eta, oraindik ere, badutela. Euskal herrian, historikoki, emakumeen papera oso lotuta egin da hizkuntzarekin, eta, ideologikoki berari egokitu zaio hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa. Emakumeen aukera izan ez bada ere, gehienetan, eurek hartu dute euren gain ardura hori. Umeen sozializazioa emakumeen eskuetan egonda, bai etxe barruan, bai kanpoan, eta horrekin batera dator transmisioa. Dena dela, azpimarratu duenez, ardura garrantzitsua izan bada ere, isilean geratu da, ez baitu izan prestigio sozialik. Gaur egun aldaketak izan dira, baina Hernandezen aburuz, diskurtso mailan izan dira praktikan baino gehiago.

inesosinaga

Ines Osinaga

Emakumeak bere tokia hartzen ari dira tradizioz gizonezkoena izan den eremuetan. Musikaren arloan, esaterako, ‘frontman’ak ezagutu ditugu batik bat, baina, izan, badira ‘frontwoman’ apur batzuk ere. Ines Osinagak, Gose taldeko kantari eta trikitilariak, nahiago du plazandre kontzeptua aldarrikatzea. Esan du etxekoandretik asko duela plazandreak, “ez duelako amatasun-bajarik, gizarte segurantzak ez dituelako aurreikusten lanean sartutako orduak…”. Agertokia bere emetasunetik baliatzen du Osinagak, garrantzitsua baita, bere hitzetan, taula gainean dagoenean irudikatzen duen rola, eta rol horrekin esan nahi duena. izan ere, agertokira igotzen direnek “gauzak aldatzeko erantzukizuna” daukate, bere iritziz. Dena dela, dirudiena baino gehiago omen dira horretan diharduten emakumeak, baina bistaratzea ez omen da hain erraza.

estitxueizagirre

Estitxu Eizagirre

Bide beretik, Estitxu Eizagirre Argia aldizkariko zuzendariak nabarmendu du emakumeak aritzen zirela lehen ere bertsotan, baina ez zutela plazan abesten. Gaur egun dauden emakume bertsolariak ikusita, asko lortu dela esan du, baina, oraindik ere, alde handia dagoela plazetan dagoen emakume eta gizonezko kopuruaren artean. Bestalde, feminismoaren eta bertsolaritzaren arteko loturaz galdetzean, Eizagirrek uste du feminismoari buruz kantatzeaz gain, bestelako gai batzuei arreta jartzea ekarri duela, baita bertsolariak bere rolak deseraikitzea ere. Gainera, fisikoki ere beste bide bat zabaldu du, bai ahotsari, bai jarrerari dagokionean; azken batean, aniztasun handiago ekarri dio feminismoak bertsolaritzari.

ritxilizartza

Ritxi Lizartza

Euskarak hiru hizkuntza trataera ditu, berorika, zuka eta hika. Azken horrek, gainera, genero bereizketa egiten du, toka eta noka. Ritxi Lizartza itzultzailearen hitzetan, tradizioz hala ez bada ere, azken urteetan gizonezkoek erabiltzen dute batik bat. Are gehiago, kaleko hizkeran, genero aldetik desoreka bat egon daiteke, izan ere, mutilen artean eta mutilei zuzentzeko, hika erabiltzen da, baina neskei zuzentzeko, berriz, zuka. Hori saihesteko, kalean sarritan, noka ezagutzen ez dutenez, toka erabiltzen dute neskei hitz egiteko, pentsatuz berdintasuna dagoela. Lizartzak ez luke esango hitanoa desagertzear denik, baina sortzen ari den eredu berri hori saihesteko, beharrezkoa da kontzientzia bat sortzea, eta eskoletan hitanoa txertatzea.

itxaroborda

Itxaro Borda

Emakumeen presentzia txikia izaten da hainbat esparrutan, besteak beste, komunikabideetan eta literaturan. Itxaro Borda emakumea, Iparraldekoa eta idazlea izanik, bazterrekotzat jo liteke, baina berak ez du bere burua hala kokatzen. Idazten hasi zenean ia ez zen emakume idazlerik, eta, gainera gai ausartak hautatu zituen. 1994an argitaratu zuen lehen detektibe nobela, eta protagonista gisa Amaia Ezpeldoi hautatu zuen, detektibea, emakumea eta bisexuala. Beti “inkontziente xamarra” izan dela aitortu du Bordak. Emakumeen literatura urratsez urrats joan omen da aitzinera, eta, olde horretan, bera ere joan da aurrera.

mariluzesteban

Mari Luz Esteban

Mari Luz Esteban antropologoak dio feminismoa euskalgintzarako baliagarria dela gogoeta-tresna gisa. Feminismoan, erronka nagusietako bat da, gaur egun, emakumea defendatzeaz gain, emakumeen eta gizonen arteko mugak deseraikitzea. Estebanek adierazi du erronka hori bera daukagula euskalgintzan ere. Batetik, nola defendatu euskaldunen eskubideak, eta, bestetik, nola ulertu euskal identitatea modu konplexuagoan; alegia, nola deseraiki identitate hori. Kontzientzia modu dinamikoan hartzearen garrantzia nabarmendu du, bai feminismoan, bai euskalgintzan. Hau da, ideologia soilik ez da nahikoa, praktikarik gabe.

Emakumeak ikusgarri behar ditugu, eta, horretarako, ikusaraztea da guztion lana, bai gizonena, bai emakumeena: orain arte, ikusezin, ahul, agertutakoa ahalduntzea. Euskarak eta euskalgintzak eskertuko dute.

Ikus ezazue osorik “Euskara dela eta, emakumeek zer diote?” atala.

Goierri: muin eta motore

goierri-kike_1024x576

Tradizioz, Goierrik eskualde euskaldunaren fama dauka, euskararen arnasgunea dela uste dute bertatik kanpokoek. Baina, euskararen ezagutzaren eta erabileraren datuak hotzean aztertuz gero, konturatuko gara ez dela hainbesterainokoa. Hori da behintzat, ‘Tribuaren Berbak’ ETB1eko saioak atera duen ondorioa.

goierri-maider

Maider Agirre

Hasteko, titular bat utzi digu Maider Agirrek, Beasaingo euskara teknikariak: Goierri Gipuzkoako laugarren eskualde euskaldunena da; aurretik ditu Urola bailara, Tolosaldea eta Debagoiena. Beraz, badauka nahikoa zeregin etorkizunari begira. Eta zehazki, Beasaingo datuei erreparatuz, euskara ondo dakitenak % 56 inguru badira ere, euskararen erabilera % 35ean dago.

goierri-jokin

Jokin Murua

Goierrin, beste eskualde askotan bezala, alde handia dago herri txikietatik herri handietara. Orokorrean, herri txikietan euskararen ezagutza eta erabilera % 80tik gorakoa da. Dena den, azken azterketetako emaitzek ardura piztu dute herri txikietan ere: Gabiriko kultura zinegotziak, Jokin Muruak, adierazi duenez, gaztelaniaren presentzia handitu egin da herri txikietako eguneroko bizitzan
.

goierri-maizpide

Kike Amonarriz eta Marian Bidegain

Euskara hedatzeko lanean erreferente izatera iritsi da Lazkaoko Maizpide euskaltegi eta barnetegia. 70eko hamarkadan hasi ziren lanean, eta hasieran eskualdean euskara zabaltzea zuten xede. Garai hartan, 2000. urterako Goierri osoa euskalduntzea jarri zuten helburu; eta bete ez bada ere, lan itzela egin dute. Gaur egun ere, eskualderako lanean jarraitzen dute, baina gero eta gehiago dira beste lurraldeetatik euskara ikastera bertara etortzen direnak.

Goierriko hizkerak

Goierriko euskarak bere ezaugarri propioak dituela erakutsi digu Lierni Elortza segurarrak ETB1eko saioan. Ezagunena, seguruenik, kausazko ablatiboetan (-tik atzizkiarekin amaitzen diren hitzetan) goierritarrek –tio bukaera erabiltzen dutela izango da; esate baterako, zergatio, oraindio, nundio…

goierri-lierni

Lierni Elortza eta Kike Amonarriz

Horrez gainera, herritik herrira ere badaude aldaerak. Bertako helduek hizkeran antzematen omen dute pertsona bat Ataungoa, Zaldibikoa edo Zeraingoa denean. Juanjo Aranburu Idiazabalgo artzainak aitortu digunez, ordea, gazteen kasuan, gero eta gutxiago nabaritzen dira ezberdintasun hauek euskara batuagoa edo nahasiagoa erabiltzen dutelako.

Hizkera bezala, Goierriko herri bakoitzak badu bere ezizena ere. Hauek dira horietako batzuk: Idiazabalgoak azeriak, Altzagakoak zakurrak, Zaldibikoak arkakusoak, Zegamakoak beleak, Lazkaokoak antzarak, Ataungoak otsoak, Gaintzakoak zapoak, Mutiloakoak txerrigorriak, Zeraingoak xaguak, Beasaingoak bareak, Ordiziakoak azak, Segurakoak zopajaleak…

goierri-caf

Joxe Begiristain

Euskara bultzatzeko eta hedatzeko lana bizitzako arlo guztietan egin behar dela sinistuta, ari dira lanean trenak egiten dituen CAF enpresan. Langile kopurua kontuan hartuta, eskualdeko enpresarik handiena da CAF, eta 2006tik euskararen plana eta euskara batzordea dauzkate bertan. Joxe Begiristainek azaldu duenez, plan horri eta langileek egindako ahaleginari esker, nahiz enpresa barruko, nahiz kanpoko harremanetan, gero eta ohikoagoa da gure hizkuntza erabiltzea komunikatzeko. Gainera, trenek euskaraz hitz egitea ere lortu dute!

goierri-beneditarrak

Juan Jose Agirre

Bestalde, Lazkaon, altxor bat daukate gordeta. Juan Jose Agirre monje beneditarraren ekimenez, euskararen eta Euskal Herriaren historia kontatzen duten dokumentu Beneditarren Dokumentazio Gunean. Haren alnagatik ez balitz, gure historiaren zati handi bat galduta legoke. Agirrek berak Kike Amonarrizi azaldu dionez, “herri baten historia egin nahi bada, azkeneko paper txikienak ere balio du”. Etxahun Galparsoro teknikariak adierazi du jasota daukaten liburu zaharrena 1669koa dela, Ziburuko Joanes Etcheberrik idatzitako Manual devotionezcoa. Guztira, 60.000 liburu dauzkate, eta, horiez gain, aldizkariak, kartelak eta pegatinak ere badituzte.

goierri-mendiguren

Xabier Mendiguren

Zer eskaini dio Goierrik euskalgintzari? Xabier Mendiguren idazlearen esanetan, batetik, “euskaldun mordoska bat”. Baina, bestetik, oro har, oso lurralde pobrea izan denez, ez da sortzaile askorik atera. 70eko hamarkada, aldiz, askoz ere oparoagoa izan zen. Apaizgaitegiak eta komentuak hustearekin batera, apaiz ohi jantzi horiek irakasle aritu ziren Euskal Herri osoko eskoletan. Bestalde, Goierri euskararen arnasgunea dela esatea “topiko” hutsa da, eta gaur egun egiten dena baino gehiago egin beharko litzateke euskara bultzatzeko, izan ere, Mendigurenen hitzetan, “euskaldun portzentaje handia daukagunok euskal kultura kontsumitzerako orduan eredu izan behar genuke”.

Goierri eta Goierri bezalako eskualde euskaldunagoek aitzindari papera jokatu behar dute euskararen alde. Horretarako aukera dute eta hori da euren erantzukizuna: euskararen motore izatea.

Ikus ezazue osorik ‘Goierri: muin eta motore’ saioa EITB Nahieranen.

Sukaldaritza arloan, euskara, poliki, baina polito ari da

Sukaldaritza, janariak prestatzeko artea, hartu du ahotan aste honetan ‘Tribuaren Berbak‘ saioak. Izan ere, Kike Amonarrizek jakin nahi izan du horren gurea dugun sukaldaritza zein neurriraino den euskalduna.

ordizia

Kike Amonarriz eta Edurne Jauregi

Lehen geltokia, Ordiziako azoka. Bertan, Edurne Jauregi baserritarrak esan dio salerosketa gehienak euskaraz egiten dituztela. Produktu asko euskaraz eskatzen ahalegintzen omen da jendea, ziazerba, kuia, kuiatxo eta alberjinia hitza erabilita, esaterako, espinaka, kalabaza, kalabazina eta berenjena beharrean. Hala ere, erosketak ordaintzerako orduan, gehienek, gaztelaniara jotzen omen dute.

behiak

Donostiako kaleetan

Amonarriz Donostiako kaleetan ibili da, behi bat hartuta, jendeari galdezka haren zatiak euskaraz nola esaten diren ba ote dakien. Hainbat zatiren izenak zabalduta daude, adibidez, azpizuna, saiheskia, buztana… Beste hainbat, ordea, ez zaizkigu ezagun egiten, hala nola, mokorra (kadera) eta koskorra (redondoa).

Arrainekin ere antzera gabiltza. Urnietako Nekane Garmendiak esan du zenbait izenik aspalditik datorrela eta oso barneratuta daukagula, esaterako, legatza, bisigua, bakailaoa, izokina… Aldiz, kostatzen ari zaigu beste zenbait barneratzea, besteak beste, barbarina (salmonetea). Helburu horri helduta, Urnietako Euskara Zerbitzuak eskuorri batzuk zabaldu ditu arrainen euskarazko izenak zehaztuta. Gainera, arrandegi horretan, ordainketa tiketean euskaraz jartzen dute erositakoa, izen horiek zabaltzeko.

gargantua

Gargantua

Euskaldunok jatun onen ospea daukagu. Gulari, zazpi bekatu nagusietako bat izanagatik ere, ez diogu beldur handirik, eta euskaraz hainbat hitz dugu hori adierazteko: sabelkoikeria, tripazainkeria, gormandiza, jalekeria… Bekatu horri gorazarre egiten dio, nolabait, Bilbon oso maitea duten pertsonaia batek, Gargantuak, alegia. Rabelais idazle frantsesak asmatutako pertsonaia Bilbok bere egin zuen erraldoi jatun ase ezina. Gainera, aipatzekoa da Rabelaisek idatzitako liburuan badirela euskarazko pasarteak, eta euskaraz idatzitako lehen liburua baino bi urte lehenago argitaratu zela!

Euskarazko errezeta liburu zaharrik ere badugu euskaraz. Kike Amonarrizek Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean topatu du Escualdun cocinera, ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baiteçake. 1864an argitaratu zuten Baionan, eta lapurteraz idatzita dago, baina ez dakigu nor den egilea.

hilario

Hilario Arbelaitz

Euskal jatetxe izardun ugari dugu, eta horietan euskarak zein leku betetzen duen jakin nahian, Oiartzungo Zuberoa jatetxera jo du Kikek. Hilario Arbelaitzek hasiera-hasieratik eman dio garrantzia euskarari, bere ama hizkuntzak bere jatetxean leku esanguratsua betetzen baitu. Euskaraz dakienari euskaraz egitea ezinbestekotzat jotzen duenez, bertako zerbitzari guztiek, nahitaez, jakin beharra dute, gaztelaniarekin, frantsesarekin eta ingelesarekin batera. Bertako euskal giroan, euskarara hurbiltzen dituzte egunero izaten dituzten munduko zientzialariak, musikariak, zinemagileak eta bestelako pertsona entzutetsuak.

leioa

Fernando Elkoroiribe

Euskal Herriko sukaldaritzako izarrek izango dute lekukoa nori eman, harrobi bikaina baitaukagu. Leioako Ostalaritza Eskolatik atera dira, esaterako Eneko Atxa (Azurmendi jatetxea), Fernando Canales (Etxanobe), Jose Antonio Alija (Guggenheimeko Nerua jatetxea) eta Zigor Iturrieta, ‘Txoriene‘ saioko aurkezlea. Fernando Elkoroiribe Ostalaritza eskolako irakasleak esan duenez, 1981ean ireki zituen ateak, baina 1998an hasi zen euskarazko eskaintza formakuntza zikloetan. Gaur egun, bi ziklo eskaintzen dituzte osorik euskaraz. Gainera, lan handia egin dute euskarazko terminologia eta errezetak ematen, eta normalkuntza talde bat sortu dute. Izan ere, irakasleen % 85 dira euskaldunak, baina euskarak ez du behar lukeen indarra. Horregatik, talde horrekin euskara sustatu nahi dute harreman informaletan ez ezik, harreman formaletan.

culinary

Alex Beitia eta Joxe Mari Aizaga

Azken urteetan Euskal Herrian sukaldaritza mailan sortu den gune esanguratsuena Basque Culinary Center dugu. Joxe Mari Aizaga zuzendari orokorrak eta Alex Beitia zuzendari teknikoak Amonarrizi esan diotenez, nazioartera begira eraikitako proiektua da, mundu mailako erreferente izan nahi dutelako. Gaztelania eta ingelesa dira hizkuntza nagusiak BCCn, baina zaleentzako ikastaroak eskaintzen dituzte, eta euskal terminologia lantzeko mintegi berezi bat ere badute. Euskara bera ez da helburu nagusia, baina euskal sukaldaritzaren enbaxadoreak sortzen dituzte, eta gure kulturara hurbiltzen dituzte han ikasten duten atzerritar guztiak.

donostiaJatetxetara eta dendetara goazenean, sarritan, ez badakigu parean daukaguna euskal hiztuna den, ez diogu lehen hitza euskaraz egiten. Hori saihesteko, eta euskararen erabilera bultzatzeko, Donostiako Udalak martxan jarri du “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” ekimena. Edurne Otamendik, Donostiako Euskara Zerbitzuko buruak azaldu du zerbitzua euskaraz emateko gai diren establezimenduak identifikatzen ari direla. Jendaurrean lan egiten dutenen erdiak behintzat euskal hiztunak badira, eranskailuak ematen dizkiete, bezeroek bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Gainera, menuen bihurgailu bat ere badute, jatetxeek euskaraz jar dezaten euren eskaintza.

txoriene

Kike Amonarriz eta Zigor Iturrieta

Sukaldaritzako terminologia euskaraz zabaltzeko lanean dihardu ETB1eko ‘Txoriene’ saioak. Zigor Iturrieta aurkezle berriak esan du berak ere ikasi behar izan dituela hitz asko. Dena dela, Leioako Ostalaritza Eskolak egindako lanari eta EiTBren Euskara Zerbitzuari esker, hitz eta ekintza berriak barneratzen laguntzen diotela jendeari.

errigora

Imanol Ibero eta Kike Amonarriz

Euskara bultzatzeko behar handia dute Nafarroa hegoaldean. Horregatik, bertako euskalgintzari laguntzeko, eta ekoizle txikiei bultzada emateko, Errigora ekimena sortu zuten. Mendiko upategiko Imanol Iberok azaldu du herri dinamika dela Errigora, eta, horri esker, AEK-k beka sistema bat jarri duela martxan bertako euskaltegietan, Nafarroako Ikastolen Elkarteak aparteko laguntza eman diola Lodosako Ibaialde ikastolari, eta Sortzen Ikasbatuazek “Euskaraz bizi eta ikasi” proiektua gorpuztu duela. Gainera, euskarak balio erantsia eman die produktuei, eta ekoizleei sekulako aukera eman die Euskal Herri osoan merkaturatzeko.

Sukaldaritza arloan, euskara gutxinaka ari da: euskaldunon gose handia berdintzeko adina agian ez, baina horretan ere bagoaz aurrera. Astiro, poliki, baina polito.

Ikusi ‘On egin dagiola euskarari’ saioa osorik EITB Nahieranen:

Gurasoen ilusioari esker, euskara bizirik da Nafarroa ekialdean

erronkari

Euskal Herriaren “ekialde urrunera” jo du Kike Amonarrizek Tribuaren Berbak saioan: misterioz beteta dagoen Nafarroako Pirinioetara. Eskualde berezia da, klima gogorrekoa. Elurrak eta hotzak luze jotzen dute bertan, eta horrek eragina izan du bertako jendearen bizimoduan, baita darabilten hizkuntzan ere.

Hiru bailara ezagutu ditu Amonarrizek: Erronkaribar, Zaraitzu eta Aezkoa. Ibar horietan, euskarak bilakaera ezberdina izan du. Aezkoak bere euskara bereziari eutsi dio, baina, zoritxarrez, Zaraitzun eta Erronkarin galdu egin ziren bertako euskalkiak.

fidela

Fidela Bernat

Erronkaribarren egin dute lehen geldialdia. Zazpi udalerrik osatzen dute bailara, eta, bertan, 1.500 pertsona eskas bizi dira. 1991n hil zen erronkarieraz hitz egiten zuen azken hiztuna, Fidela Bernat, baina horrek ez du esan nahi euskara bertan desagertuta dagoenik.

 

lalana

David Lalana

Dabid Lalana euskara teknikariaren hitzetan, Erronkaribarreko biztanleen % 16 dira euskal hiztunak; guztira, 250 bat herritar. izan ere, bertan,  “bizpahiru belaunaldi nahikoak izan ziren euskararen arrastoa desagertzeko”

gaiarre

Julian Gaiarre

Julian Gaiarre tenor handiak ezagutarazi ditu inork baino gehiago bere herria eta ibarraren izenak. Euskal hiztuna zen, Gaiarre bere belaunaldiko auzoak bezala, eta Europan barna ibiliagatik, ez zuen ahaztu bere ama hizkuntza, erronkariera. Horren froga dira, bere izeba Juanari bidalitako gutunak.

Emakumeak izan ziren erronkariera gorde zutenak. Askok bizibidea ateratzeko Maulera jo zuten espartin industrian lan egitera. Jakina, zuberotarrekin euskaraz egiten zuten, ezin bestela izan. Enarak esaten zieten emakume haiei.

barakaldo

Alberto Angos

Bitxikeria gisa, Amonarrizek Alberto Angos elkarrizketatu du, erronkarierak duen aditu handienetako bat. Ez da ordea, ez filologoa, ez soziolinguista. Barakaldoko soldatzailea da, eta haren abizenaren jatorria bilatu nahian, inguru harekin eta bertako euskararekin egin zuen topo. Hiru liburu argitaratu ditu erronkarieraren gramatikari eta hiztegiari buruz.

 

Joan den mendearen azken hamarkadan ekin zitzaion berreskurapenari, eta Lalanaren arabera, “oso urte emankorrak izan ziren”. D eredua ezartzea lortu zuten orduan, eta hori ezinbestekoa izan zen. Gainera, garrantzitsua izan zen euskaltegien, Kebenko kultur elkartearen eta euskara zerbitzuaren lana. Gaur egun, ikasle gehienak D ereduan matrikulatuta daude.

haurrak

Erronkariko D ereduko haurretako batzuk

Dena den, haur horiek erronkarierako hitz gutxi jaso dute. Alabaina, inguru hartako persona heldu erdaldunek bertako euskarako hainbat hitz erabiltzen dute, euren gaztelanian barneratu zituztelako.

Zaraitzu ibarrera jo du ondoren Amonarrizek. Bederatzi udalerrik osatzen dute bailara, eta 1.500 pasa biztanle bizi da bertan. Zaraitzuera galdu zen, baina Erronkaribarren bezala, inguru horretan ere euskarak bizirik jarraitzen du. Hiztun gehixeago dago, euskara hamarkada batzuk gehiagoz mantentzea lortu baitzuten, eta bertako biztanleek hango euskalkiko hainbat ele gordetzen dute oraindik.

gartxot

‘Gartxot’ filmeko irudi bat

Itzaltzu herri txikia da, Gartxoten kondairari esker da ezaguna, batik bat. Biztanle gutxi dira, baina bertako lau umeak euskal hiztunak dira. Haiek dira azken 100 urteetan jaio diren lehen euskaldunak.

Zaraitzuko txokoez gozatu ostean, Aezkoara jo du Kikek. Bederatzi udalerrik osatzen dute Ibarra, eta biztanleak ez dira milara iristen. Baina ibar horrek badu berezitasun bat: Erronkarin eta Zaraitzun ez bezala, ibar honetan aetzek euskara bizirik mantendu dute. Oraindik badira aezkeraz egiten duten zaharrak, baita hauen ahotik ibarreko euskara berezia ikasi duten gazteak ere.

xamar

Juan Karlos Etxegoien, ‘Xamar’

Juan Karlos Etxegoien Xamar irakaslearen iritziz, agian, Erronkaribar eta Zaraitzu izan direlako erdararen mugak “atxiki diote euskarari hobeki” bertan, beste bi bailaren babesean, alegia. Dena den, aezkera mantentzeko lan egin beharra dago, eta horretan dihardu Zerika taldeak. Euskal hiztun gehienak adinekoak dira, eta Ion Retegi taldeko kidearen hitzetan, zahar haiekin biltzen dira, “gazteengan arrasto bat gelditzeko”. Izan ere, ezinbestekoa da eragin hori izatea euskalkiak iraun dezan.

Euskal Herriaren sortaldean euskara lozorrotik ateratzen ari da, eta horren lekuko izan da ‘Tribuaren Berbak’. Ikusi saioa osorik EITB Nahieranen.

60etako emigrazioa gaur:

etorkinak

Kike Amonarriz, 60ko hamarkadako emigrazioaz

Migratzea, jatorria utzita inora joatea, gizakia bezain zaharra da. Euskal Herriak ere ezagutzen du immigrazioa. Orain bezala, lehen ere etorri baitira hona. “Tribuaren Berbak” saioak etorkinen gaiari heldu nahi izan dio, zehazki, Euskal Herriko gizartean eragin handiena izan duen immigrazioari: 60ko hamarkadakoari, alegia. Etorrera masibo hark euskaran zein eragin izan zuen aztertu du Kike Amonarrizek.

Izan ere, XX. mendeko bigarren erditik aurrera Espainiatik etorritako jende-oldeak gure herria eraldatu zuen. Beharrak bultzatuta, baina, maletak bete ilusio eta itxaropenez. Inoiz ezagutu gabeko astindua izan zen, ordea; shock-a bertakoentzat, baita etorritakoentzat ere. Bien arteko talka, azken batean!

xose

Xose Estevez eta Kike Amonarriz

Gaztela eta Leondik, Extremaduratik, Andaluziatik eta Galiziatik etorri ziren gehien bat. Baina lurralderen bat nabarmendu behar badugu, Galizia aipatuko dugu zalantzarik gabe. Trintxerpen eta Barakaldon komunitate handiak sortu zituzten, eta, Xose Estevez historialari galiziarraren arabera, egun,  Euskal Herrian hirugarren hizkuntza mintzatuena izango litzateke galiziera, gaztelaniaren eta euskararen atzetik. Izan ere, 50.000 hiztun galiziarreko komunitatea daukagu gurean. Bestalde, Euskal Herriko Galiziako etxerik zaharrena Barakaldon dago. 1901ean sortu zuten, Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren urte beretsuan. Anxo Deivek Kikeri esan dionez, munduko zentro galiziar garrantzitsuenetakoa da, 1.000 bazkide inguru baititu.

irakasle

Jone Miren Hernandez

Jone Miren Hernandez EHUko Gizarte Antropologiako irakaslearekin hitz egin du Amonarrizek etorkinen etorrera hark sortutako eraginari buruz. Gai horri lotutako tesia egin zuen, eta bertan ateratako ondorioetako bat da, hain zuzen ere, aipatu berri dugun shock hori eragin zuela egoera hark. Izan ere, aurretik ere beste immigrazio mugimendu batzuk gertatu ziren arren, 60ko hamarkadan “oso azkar gertatu zen aldaketa” eta, gainera, “jende kopuru handia” etorri zen. Tokian tokiko datuak ezberdinak badira ere, zenbait lekutako biztanleen kopurua bikoiztu edo hirukoiztu egin zen. Beraz, shock handia izan zen, ezinbestean.

ataun-euskaraz

Paco Tejado eta Kike Amonarriz

Garai hartan Euskal Herria bizileku hartu zutenek, nolako harremana izan zuten eta dute euskararekin? Hainbat adibide bildu du Amonarrizek. Paco Tejados, esaterako, 9 urte zituela etorri zen Ataungo Aia auzora. Guztiak aritzen ziren bertan euskaraz, eta, hortaz, euskara ikasi beharra zegoen; “ez zegoen besterik”, esan du. Gurasoek ez zuten ikasi, baina berak “erraz” ikasi omen zuen, “lau bat hilabetean”, eskolan gaztelaniaz egiten zuten arren.

durango

Kike Amonarriz, Beni Hurtadorekin eta Pablo Bragadorekin

Beni Hurtado Extremaduratik etorri zen Bilboko Abusu aldera, eta Pablo Bragado, berriz, Zamoratik heldu zen Zornotzara. Gaztetxoak ziren biak ahala biak, eta inguruan ez zuten euskaldun askorik. Beraz, ez zuten euskara ikasi. Orain, ordea, erretiroa hartu dutenetik, buru-belarri dabiltza euskaltegian. Haien hitzetan, gutxi dira euskara ikasi dutenak euren belaunaldiko jendearen artean, bizi diren zonaldean ez baitute beharrik sentitu. Hurrengo belaunaldiari begira, berriz, euskararen egoera nahiko ondo ikusten dute, seme-alabek euskaraz bai baitakite. Dena den, inguru guztietan ez dago maila bera, eta asko dago egiteko.

amak

Maria Jordana eta Eva Miguelez

Orduan ikasi ez bazuten ere, 60ko hamarkadako etorkin haiek, egun, euskarara hurbildu dira. Haien biloba gehienak euskal hiztunak dira, eta haien seme-alabek ere ikasi dute euskara euren umeekin komunikatzeko. Beraz, belaunaldi berriei esker, etorkin haiek euskarara lotu dira. Eva Miguelezen gurasoak Leondik etorri ziren. Bera Euskal Herrian jaio zen, eta eskolan euskaraz ikasi zuen, baina inguru guztia erdalduna zuenez, ez zuen erabiltzen. Maria Jordana, berriz, Lizarratik etorri zen Urretxura, euskararekin inolako loturarik izan gabe. Hala ere, betidanik sentitu izan da euskalduna, eta bizilekua aldatzean, “ikasteko beharra” sentitu zuen. “Mundu berri bat zabaldu” zaiola aitortu du Mariak. Eva ere betidanik sentitu da euskalduna, baina alaba izatean ohartu da etxetik jaso behar duela euskara “hemen % 100ean bizitzeko”.

jonmaia-etorkin

Jon Maia eta Kike Amonarriz

Jon Maia bertsolariaren aita eta ama Extremaduratik eta Zamoratik etorri ziren Urretxura. Mundu euskalduna eta ez-euskalduna oso modu naturalean uztartu ditu berak, “biak etxetik jaso” dituelako. Izan ere, kanpotik etorritako gurasoak ditu, baina “euskalduntasuna ere haiek eman” diote. Integrazioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: “integrazioa jarrera bat da. Nire abuelak eta abuelok jarrera hori izan zuten. Francoren garaian etorri ziren, eta ikusi zuten han zapaltzen zituen hanka bera zela hemengo kultura zapaltzen zuena”. Aiton-amona haiek seme-alabei transmititutako baloreei esker, bilobak, Jon eta haren lehengusu guztiak, euskaldunak dira.

Bi begiradak biltzen ditu Maiak, etorkinena eta euskal munduarena. Oso banatuta egon dira urte luzetan bi esparru horiek, eta, bizikidetzari begira, nabarmendu du derrigorrezkoa izango dela orain arte bereizita egon garenak elkarrengana hurbiltzea. Gainera, oraingo etorkinei lotuta aipatu du oso garrantzitsua dela “aurreko akatsak” ez errepikatzea, eta aurreko “mesfidantza eta banaketa horietan ez erortzeko”. Izan ere, esaldi biribila bota du bertsolariak elkarrizketa amaitzeko: “hurbildu gaitezen, eta ikus ditzagun pertsonak, eta ez etorkinak”.

Ikus ezazu osorik “60etako emigrazioa gaur” atala EITB Nahieranen.

 

“Korrika badator!”: ‘Tribuaren Berbak’ ere, Korrika

korrika-lekuko

Remigio Mendibururen lekukoa San Telmon

19. Korrika abiatzear den honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia hartu du abiapuntu “Tribuaren Berbak” saioak. 40.000 kilometro eskas egin ditu orain arte Euskal Herrian herriz herri, munduaren zirkunferentziari bira emateko lain! Aurten, beste 2.500 kilometro egingo ditu Urepeletik Bilbora.

Hasieratik hasteko, Donostiako San Telmo museora jo du Kike Amonarrizek, bertan baitute, ondo gordeta, Remigio Mendiburuk egindako lehen lekukoa. AEk-k dohaintzan utzi zion museoari 1999an, eta 2011z geroztik dago ikusgai museo ezagun horretako erakusketa iraunkorrean. Tenperatura, hezetasuna eta argia ongi kontrolatuta dauzkate, onddorik eta antzerakorik ager ez dadin, eta, beraz, zaharberritzera irits ez dadin.

gorriti

Juan Gorriti

Mendiburuk egindako lekuko haren ideia Juan Gorriti artistak eman zion: motrailu baten makilaren itxura ematekoa, alegia. Oraingo lekukoa Gorritik egina da, aurrekoaren ereduari jarraiki. Artistak Amonarrizi esan dio “gure herriaren historia plasmatzen” duela lekukoak, eta, horregatik, ez du nahi hori garbitzerik, bertan bildutako malkoak, izerdia, euria, izotza eta abar mantendu egin behar direlako. Mendibururen lekukoa, esan bezala, San Telmon dago; Gorritiri, ordea, berea beti jendearen esku artean egotea gustatuko litzaioke.

amets

Amets Arzallus

18. Korrikaren lekukoa eraman zuen azken persona izan zen Amets Arzallus bertsolaria. Hark idatzi zuen lekukoak barruan zeraman mezua, eta Baionako plazan hura irakurtzea ohore handia izan zen beretzat. “Korrikak badu zerbait magikoa, euskaldunon bizipoza sentiarazten eta zabaltzen duelako”. Horregatik, egun hartan bizipoz hori guztia bere gorputzean kontzentratuta sentitu zuen bertsolariak. “Euskaldun bati egin dakiokeen opari politenetakoa da”, adierazi du.

brouard

Kike Amonarriz eta Edurne Brouard

Amonarriz, Lekeitiora joan da Edurne Brouardekin hitz egitera. Orain arte Korrikaren koordinatzaile izandakoak Oñatitik Bilbora joan zen lehen Korrika gogoratu du, 1980. urtean. Elurpean eta euripean aritu ziren, baina hala ere, jende andana bildu zuten, eta, beraz, mantendu beharra zegoela erabaki zuten.

amondo

Kike Amonarriz eta Asier Amondo

Izan ere, euskararen aldeko ekintza nagusietakoa da, baina helburu ekonomikoa ere badu. Asier Amondo egungo koordinatzaileak azpimarratu du oraindik euskaltegiak ez daudela normalizatuta, eta Korrikak biltzen duen dirua beharrezkoa zaiela, bereziki Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Dena den, aipatu du beretzat helburu polita litzatekeela aurtengorako “euskahaldun kontzeptu gisa gelditzea”, ahalduntzeak ekarriko bailuke indarrak metatzea euskararen inguruan, auzolanean eta elkarlanean.

amuriza

Xabier Amuriza eta Kike Amonarriz

Akelarre, Egan, Gozategi, Oskorri, Esne Beltza, Gose, Tapia eta Leturia, Fermin Muguruza… Musikari ugarik izan dute Korrikako kanta egitearen ardura, baina lehena, lehen abestiaren egilea, Xabier Amuriza izan zen. “Zuek ere esan bai euskarari” zuen izena, eta “arrapaladan” egin behar izan zuen. Egun batetik bestera egiteko ardura eman zioten, eta Lopategiren doinua, bertso pare bat eta lelo bat egokitu zituen horretarako. Amurizaren hitzetan, kanta garrantzitsua da, “identifikazio handia eta nortasuna ematen diolako kanpainari”.

furgonetak

Kike Amonarriz eta Andoni Seijo

Bi urtean behin izaten da, eta hamar eguneko iraupena izaten du, baina azpiegitura lan izugarria behar du Korrikak. Andoni Seijo “Ibilbide” taldeko kidea elkarrizketatu du Amonarrizek. 16 pertsona ibiltzen dira egunero lanean 2 furgonetatan. Ibilgailuak gasolina hartzeko baino ez dira geratzen, baina lan-taldeko kideek araututa daukate egunean otordu bero bat eserita egitea, erritmoari ongi eutsi ahal izateko.
Lekuetara puntual iristeko, aldez aurretik lan handia egiten dute, eta batez besteko bat dute ezarrita: kilometroko 6 minutu. Seijok aipatu du barru-poz izugarria eragiten diela toki batera iritsi eta jende andana zain dutela ikusteak, baina are gehiago hunkitzen dira zenbait lekutan, persona gutxiago badira ere, horiek ahalegin osoa egiten ikusita.

erribera

Itziar Elejalde, Alizia Iribarren eta Kike Amonarriz

Hori gertatzen da, esaterako, Nafarroako Erriberan. 1.715. kilometroan, Tuteran, topatu ditu Kikek Alizia Iribarren Nafarroako AEK-ren koordinatzailea eta Itziar Elejalde Korrikaren batzordeko kidea. Euren hitzetan, Korrikak laguntza handia ematen dio inguru hartako euskarari, “ilusio handia pizten duelako euskaltzale eta euskaldunen artean”. Gainera, orain arte euskarara hurbildu ez den jendeak ikusten du euskaraz ongi pasa daitekeela jai-giroan. Bestalde, dirua ekartzen du, baina, batez ere, euskara ikusarazi egiten du, eta horrek “hurrengo 2 urtetarako pilak kargatzen” laguntzen die.

19. Korrika Urepelen abiatuko da, eta bertan, sorburuan, amaitu nahi izan dute “Tribuaren berbak” saioa. Adur euskara taldeko Xan Airerekin eta Karine Etxeberrirekin elkartu da Kike bertako plazan, 0 kilometroa egongo den lekuan. 320 biztanle inguru dira, eta lan handia izaten ari da guztia antolatzea, baina “emozio handiz” egin dute. Korrika ez da bertatik sekula igaro, eta, beraz, lorpen handia izan da abiapuntu izatea.

urepele

Karine Etxeberri eta Xan Aire

Eskuz esku igaroko da Korrikaren lekukoa datozen egunetan, eta esku horiek lotuko dituzte kate trinkoz Urepel eta Bilbo. Etenik ez duen katea izango da, eta “Tribuaren Berbak” saioak ere izan nahi izan du kate horretako begi.
Hemen duzue, osorik, “Korrika badator” saioa, EITB Nahieranen.