Artxiboa

‘ekimenak’ atalaren artxiboa

Euskaldunok, errenta aitorpena euskaraz!

2013(e)ko Apirilak 10 Ane Santesteban Iruzkin 1

Hastear da hamaika buruhauste ematen dizkigun errenta aitorpena. Euskaldunok beti aldarrikatu izan dugu euskara bizitzako alor guztietan erabiltzea gure hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko. Askotan, ordea, beldurraren poderioz, atzera egiten dugu, esaterako, administrazioarekin zer ikusi duten hainbat gaiekin. Horren adibide garbia da errenta aitorpena, eta hori izan da, hain justu, Euskal Herriko hainbat udalen borroka, errenta aitorpena euskaraz egiten dugunon kopurua handitzea. Baina… Jakin nahi duzu errenta euskaraz egiteko zer egin behar den?:-)

errenta-aitorpena-euskaraz

ERRENTA AITORPENA EGITEKO PAUSOAK

Lau bide daude errenta aitorpena euskaraz egiteko, eta  bide guztietan ez dago inolako arazorik euskaraz egiteko, kontua eskaria egitea da. Nola???

1. Autolikidazio proposamena

Proposamena eta gutuna bi hikuntzatan jasoko dituzu, eta, onartzerako garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu.

2. Mekanizatua (Gertuen dugun Hazienda bulegoan)

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerako orduan, Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula esan, eta aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.

3. Telematikoa (Internet bidez edo aholkularitza zerbitzu batean)

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez jaisten baduzu, euskarazkoa aukeratu.

4. Inprimakia

Estankoetan inprimakiak bi hizkuntzatan topatuko dituzu, beraz, eskatu euskaraz! Interneten ere lortu ahal izango duzu inprimakia euskaraz.

ERRENTA AITORPENA EGITEKO HIZTEGIA

AITORPEN ARRUNTA: declaración ordinaria
ATXIKIPEN: retención
BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGA (BEZ): impuesto sobre el valor añadido (IVA)
BATEZ BESTEKO TASA: tipo medio
BERANDUTZA INTERES: interés de demora
BESTEREN KONTURAKO LANGILE: trabajador/a por cuenta ajena
BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ENTITATEA: entidad de previsión social voluntaria
DOHAINTZA: donación
EKARPEN: aportación
ERREGIMEN BEREZI: régimen especial
ERRENTARI: arrendatario
ERRENTATZAILE: arrendador/a
ERRENTEN ESLEIPEN ERREGIMEN: régimen de atribución de rentas
ESKUALDAKETA BALIO: Valor de transmisión
ETEKIN GARBI: Rendimiento neto
ETEKIN GORDIN: rendimiento bruto
EZINDU: dependiente
EZINTASUN IRAUNKOR ERABATEKO: incapacidad permanente total
EZKONTIDE: cónyuge
FROGAGIRI: cónyuge
FROGAGIRI: justificante
GARDENTASUN FISKALEKO ERREGIMEN: régimen de transparencia fiscal
GAUZA BIDEZKO ETEKIN: rendimiento en especie
GUTXIPEN: minoración
HAINBANAKETA: prorrata
HERENTZIA BANATU GABE: herencia yacente
HOBARI: bonificación
IDENTIFIKAZIO FIDKALEKO ZENBAKIA (IFZ): número de identificación fiscal (NIF)
IRABAZPIDEZKO ERREGIMEN EKONOMIOA: régimen económico de gananciales
ITZULKETA: devolución
IZATEZKO BIKOTE: pareja de hecho
JARDUERA EKONOMIKOEN ETEKIN: rendimiento de actividades económicas

EUSKALDUNOK, EGIN DEZAGUN ERRENTA AITORPENA EUSKARAZ!!!!! :-)

Euskararen aldeko lipdub-ak: Euskararen aldarria, kantuz!

2012(e)ko Abuztuak 6 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Euskararen aldeko ekimen mordoa daude, egunero, Euskal Herriko txoko guztietan. Aspaldian, ordea, gure hizkuntzaren aldarria egiteko modu polit eta dibertigarria sortu da: lipdubak egitea.

Lelo hau erabili dute lipdub askok.

Lelo hau erabili dute lipdub askok.

Gehienetan, herriko jendeak parte hartzen du, bertako udalak edo talde batek antolatuta. Euskal Herrian egindako lipdub politenen bilduma egitea pentsatu dugu, denon gozagarri. Hona gure aukeraketa:

ARABA

Udalak antolatuta, aurtengo ekainaren 2an grabatu zuten lipduba Amurrio herrian, “Euskaraz bizi nahi dut” lemapean:

BIZKAIA

Bilbon, Santutxu eta Txurdinaga auzoetan, euskararen astearen harira egindakoa beteranoetako bat da. 2011ko martxoan igo zuten:

GIPUZKOA

Egian, Egia Euskaraz Egunean, maiatzaren 12an grabatu zuten:

IPARRALDEA

Kanaldude telebistaren laguntzarekin egina, Ortzaizen, ikastolak 25 urte betetzen zituela ospatzeko lipdub hau egin zuten 2011ko ekainean:

Ortzaizeko ikastolako haur eta gurasoen lipduba.

Bideoa ikusteko, sakatu irudian.

NAFARROA

Bidankotzen, Erronkarin, maiatzaren 16an, Uskararen Egunean egin zuten bideo polit hau:

Zuenean egin duzue halakorik? Egiteko asmorik? Bada, hala bada, zabaldu gurean ere: blog honetan edo Euskararen Facebookeko orrialdean… eta Gora euskara!

Buruan duzun proiektu bat aurrera ateratzeko dirurik ez al duzu?

2012(e)ko Ekainak 14 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Azkue Fundazioaren eskutik, iragan maiatzaren 30ean Jakintza Librearen III. Jardunaldiak ospatu ziren Bilboko Euskararen Etxean, eta azkenaldian sarean sortu diren hainbat egitasmo aurkeztu ziren. Gure egunerokotasunean interesgarriak gerta dakizkigukeen hiru proiektu bildu ditugu gaurkoan, noski, euskararekin zuzen-zuzenean loturikoak. Ezagutu nahi? :-)

Kulturize

Kulturize

  • Zure inguruko ekitaldien agenda mugikorrean izan nahi al duzu?

Akting Donostiako enpresak KULTURiZE aplikazioa prestatu du Android sistema eragilea duten telefono mugikorretarako. Zer da, baina, aplikazio hau? Hainbat agendatatik elikatzen da (Musikazuzenean, kulturklik…) eta, ondoren, ekitaldiak sailkatu egiten ditu : kontzertuak, antzerkia, bertsolaritza eta dantza, besteak beste. Bilaketa herriaren arabera egiteko aukera ere, kokapen zehatzen bidez. Kasu batzuetan, berriz, ekitaldien sarrerak aplikaziotik bertatik erosteko aukera ere badago. Aplikazioa doakoa da. Probatu nahi?

  • dirutza_logoZure ideia edo proiektuak aurrera ateratzeko laguntza behar al duzu?

Dirutza.com euskaraz garatzen diren proiektuak aurkeztezko eta laguntzeko diseinaturiko crowdfunding plataforma da. Ideia horiek askoren ekarpen txikiekin gauzatzea ahalbidetzen duen plataforma honek euskal kulturari balioa ematen dioten proiektuen sormena eta promozioa sustatzeko helburua du. Proeiktua ahalik eta ondoen eta erakargarrien definitu, beharrezko finantzazioa zehaztu eta 42 egun izango dituzu diru kopuru hori lortzeko.

  • Euskara maite duzu baina ez duzu hizkuntza ondo ahoskatzen?
Babelium Project

Babelium Project

Euskal Herriko Unibertsitateko GHyM ikerkuntza taldeak mintzapraktika egiteko garatu duen elkarlanerako web aplikazio bat da Babelium Project.com. Erabiltzaileak ez du ezer instalatu beharrik izango, aplikazioa bere nabigatzailean bertan erabili dezakeelako. Elkarrizketa bakoitzean 2 edo 3 pertsonak hartzen dute parte. Erabiltzaileak bideoa ikusi eta pertsona baten papera edo rola har dezake, alegia, pertsona horren bikoizketa egin dezake. Bideoko elkarrizketaren bikoizketa amaitu ondoren, erabiltzaileak egindako lana berrikusteko aukera izango du.

Gustatu al zaizkizu egitasmoak? :-) Zuk ere Sarean egitasmoren bat sortu baduzu, edo sortzeko asmoa baduzu, ez izan zalantzarik, eta kontatu blog honetan edo gure Facebookean. Bitartean izan zoriontsu eta BIZI EUSKARAZ!

40 urte, 40 ikastaro: UEUren 40. Udako Ikastaroak, martxan

2012(e)ko Maiatzak 21 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Abian da Udako Ikastaroen edizio berri bat. Aurtengoa, gainera, berezia izango da, 40. urteurrena ospatuko baitute. ‘Lau hamarkada euskara eta unibertsitatearen alde lanean‘ lelopean, sekula baino eskaintza zabalagoa eskainiko dute. ZORIONAK!:-)

40. Udako Ikastaroak

Dagoeneko zabalik dago Udako Ikastaroetan izena emateko epea. Artea eta musika, ingeniaritza eta teknologia, osasuna, zientziak, giza eta gizarte zientziak… eta beste hamaika alor jorratuko dituzte ikastaro hauetan, eta ohikoa den moduan, Eibar, Baiona eta Iruñean eskainiko dira, uztaileko lau asteetan zehar.

Parte hartu nahi izatera, hemen duzue Ikastaroen zerrenda

Aurtengo erronkak:

1- UEUren egoera ekonomikoa hobetu
2- Ikastaro arrakastatsuak antolatu
3- UEUren errekonozimendua landu

Eta horiek betzeko, hainbat ekimen antolatu dira:

- Oparitu UEU erosteko aukera!

Bizipenen bloga: Urteurrenari lotutako berrikuntza bat da ‘Bizipenen bloga’. Bertan azken urteetan Udako Ikastaroetan parte hartu duten milaka lagunen gertakari, pasadizo eta bizipenak jaso nahi dituzte. Informazio zabalagoa: ueu.org.

Ikastaroen inguruan gehiago jakin nahi izatera, sare sozialetan duzu aukera; Facebookean eta Twitterren.

Lodosako Ibaialde Ikastola bizirik! 25 urtez euskara Erriberan zabaltzen

2012(e)ko Urtarrilak 26 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Mendiak aldapatsuak izaten dira, baina beti dago tontorrera iristeko aukera. Eman beharreko pausoak, handiak eta nekagarriak izaten dira zenbaitetan, baina apurka-apurka gailurra egitea badago. Zailtasunak zailtasun, beti dago argi izpiren bat hor nonbait, eta hori dela eta, guztiok bat egin eta ahalegin berezia eginez, izugarrizko lorpenak lortzen dira.

Lodosa-Sartagudako Ikastolaren egoera ez da erraza. Eremu ez euskaldunean kokatuta dagoen aldetik, Ikastetxea egoera ekonomiko zaila bizi du eta horren aurrean Ikastolen Elkarteak laguntzeko deia luzatu du, izan ere, Euskarak Lodosako ikastola behar du. Kanpaina berezi bat jarri da martxan, eta aurreneko egitasmoa “Euro bat, marrazki bat” izenekoa izan da. Euskal Herriko ikastoletako ikasleek marrazki bana egin eta ikastetxe bakoitzak euro bat emango du matrikularik duen ikasle bakoitzeko. Horrez gain, Ibaialde Ikastolak gizarte osoari egin dio dei laguntza emateko, eta kontu korronte bat ere zabaldu du norberak bere ekarpen propioak egiteko. Entzun  Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak Ibaialde Ikastolaren inguruan kontatutakoa Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan.

Aurten ikastolak 25 urte beteko ditu eta zailtasun horiek ez dute zapuztuko mende laurdena betetzeak merezi duen ospakizuna. Otsailaren 5ean, urte horietako bizipenak eta gaurko oztopoak batu egingo dira jai eta aldarrikapen kutsua izango ospakizun batean. Tolosako abesbatza, pailazoak, herri kirolak, bertso saioak edo Bizardunak, Ze Esatek! eta beste zenbait talde izango ditu lagun jaiak. Hemen egitaraua oso osorik!

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Ibaialde Ikastolaren 25. urteurren jaiaren egitaraua

Lodosako Ibaialde Ikastolaren historia

1991. urtera egin behar dugu saltoa, orduantxe, sortu baitzen Ibaialde Ikastola 9 haurrekin. Lekualdaketa ugari jasan ditu ikastetxean. Urte horietan zehar, matrikulazioak gora egin dute, eta irakasle bakarra egotetik, horien kopurua ere handitu da. Mende laurdena darama Lodosako ikastolak foru administrazioaren oztopoak gainditzen eta euskararen normalizazioaren alde etengabe lanean. Datorren asteburuan, ibilbide luze eta korapilatsu horri merezitako ordaina emango diote jai handi batean.

Guk ere eman diezaiegun geure bultzadatxoa Lodosako Ibaialde Ikastolari.  Euskaldun guztioi jaian parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu, ikastolek Euskara sustatzea baitute ardatz. ERRIBERAN ERE EUSKARAZ! ESKERRIK ASKO ETA ZORIONAK!

Donostiako danborrada zuzenean eta euskararen presentzia AEBtan

2012(e)ko Urtarrilak 19 Ane Santesteban Iruzkinik ez

AEBetan martxan jarri den euskara ikasteko kanpaina bat eta “Lokaleroak” saioaren azken txanpa izan ditugu hizpide aste honetan Facebookeko orrialdean. Gaur, gainera, San Sebastian Eguna da eta egunak edo, gaurko gauak emango duena errepasatuko dugu. Eta ezin ahaztu dezakegu Txillardegiren heriotza. Kontu horiek eta beste batzuk gaurko laburpenean!:-)

Ameriketan euskararen presentzia handia da eta aste honetan AEBtan euskara ikasteko kanpaina baten berri ematen genizuen Facebookeko orrialdean. Kanpaina iragartzeko prestatu duten bideo mundiala partekatzen genuen zuekin guztiokin:

Eta gaiaz aldatuz, gaur egun handia dute Azpeitian eta Donostian: San Sebastian eguna! Danbor hotsak nonahi entzungo dira gaurkoan Donostiako eta Azpeitiako kaleetan, eta ekitaldiak arratsaldean hasi badira ere, une gorena gaueko 24:00etan izango dute Donostian. Bertara joaterik ez duzula? Lasai! Donostiako Danborrada zuzenean ikusteko aukera izango duzu eta! 2012ko Danborrada mundiala izango da. Arantza Gracianek “anginekin eta guztia danborradara ihes egingo lukeela” esan zigun horman. Ondo pasa bertan izaten zareten guztiok!

Hilabeteak daramatza “Lokaleroak” ETB-1eko saioak Euskal Herriko gazteen lokalak bisitatzen, eta dagoeneko azken txanpan sartu da. Datorren urtarrilaren 24an erabakiko da zein izan den talde irabazlea, eta horretarako martxan da Lokaleroak lehiaketako botazio fasea. Eman al duzu dagoeneko zure botoa? Eta zeren zain zaude?

Txillardegi gogoan

Iragan asteburuan agur esan zigun Txillardegik luzaroan pairatu zuen gaixotasun batek jota. Euskara batuaren sustatzaileetako bat izan zen, eta horretaz gain, idazlea eta politikaria, berau izan baitzen ETAren sustatzaileetako bat. Hunkitu egin gintuen hizkuntzalariaren heriotzak, eta are gehiago duela gutxi Euskadi Irratian izan zeneko Txillardegiren hitzak entzutean.  1927ko irailaren 27an Donostian jaioa, ‘Txillardegi’k idatzitako ‘Leturiaren Egunkari Ezkutua‘ eleberria euskaraz idatzitako lehen nobela modernoa izan zela azpimarratu beharra dago. Eskerrik asko egin duzun guztiagatik!

Euskaraz bizitzea da euskaldun guztion nahia, eta horretarako, gaur bertan euskarazko film laburren lehiaketaren berri eman dizuegu. Martxoaren 18ra bitartean aukera du nahi duen orok euskaraz bizitzeko eta lehiaketan parte hartzeko. Animatzen al zera? Era bikaina da euskararen jolas egiteko!

Eta euskararen txokoan jorratu diren gaiei errepasoa eginez, agur esateko ordua heldu da. Izan zoriontsu, eta jarraitu Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean eta Euskararen blog honetan euskaldunoi interesatzen zaizkigun gaiak partekatzen. Badakizu, EUSKARA DA EUSKALDUN EGITEN GAITUENA! :-)

Euskarak eta ilargiak Gales argitu dute urte berria hastearekin batera

2012(e)ko Urtarrilak 12 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Euskara protagonista izan da egunotan non eta Galesen! Bertako ikasle batzuk Ken Zazpi taldearen “ilargia” kantua abestu dute, eta nola ez, Euskal Herri osoan izan du ohiartzuna, baita Euskaldunok Euskaraz orrialdean arrakasta izan du. Ekimen honen nondik norakoak aztertuko ditugu, eta euskal internauta #sexyenak nortzuk diren errepasatuko dugu zuekin guztiokin. Baina aurretik… URTE BERRI ON EUSKALDUN! :-)

Maiz entzun ditugu etxean, kalean, parrandan…“Zuretzat, ilargia, lapurtuko nuke gauero…”? Eñaut Elorrietaren hitzak. Ba oraingoan Euskal Herritik haratago joan dira hitz horiek, eta Galesko hainbat ikasle Ken Zazpiren “Ilargia” kantua abesten ikusi ditugu aste honetan. Zazpi urte igaro dira kanta hau lehenengoz entzun zenetik, eta orain, Iñaki Pierolari esker, kantua Galeseko gazteen artean entzuten da. “Gezurra ematen du”, esaten zigun Mitte Galdeanok. Endika Cerezak, berriz, “Gexei ga euskaldunak!”, zihoen. Guztiok ere harrituta geratu gara ikusitakoarekin. Euskaldunon ilargiak Gales argitu du; Ainere Ortegak esaten zuen bezala…. “Zelako pasada!”. Hunkigarria, benetan, Iñakik egindako lana. Zorionak!

Euskaldunok ez dugu ospe onik izan ligatzeko orduan, sexy hitza entzuten dugun bakoitzean, ordea, gure bihotzak piztu egiten dira. Euskal Internauta sexyena ezagutzeko asmoz, #sesisesi ekimena aurkeztu genizuen horman. Aurretik Joxe Rojasek sarean inkesta bat abiatu zuen eta bolo-bolo zabaldu zen Twitter bidez.

Hizkuntzarekin jolas egiteko helburuarekin, berriz, Euskarazko Palindromo Lehiaketan parte hartzera gonbidatzen genizuen esteka honekin. Oraindik garaiz zabiltzate, otsailaren 15ean izango baita lanak bidaltzeko azken eguna. Badakizue, euskararekin eta euskaraz ondo pasa nahi izatera, ez galdu aukera!

Eta honekin batera, beste ekimen interesgarri baten berri eman nahi dizuegu. Izan ere, aste honetan Ni Euskalduna-k euskaldunon txokoan parte hartu du eta euren bideobloga eta Facebooka partekatzeaz gainera, gure herrien historia eta sentimenduak konpartitzeko gonbitea luzatzen zigun. Bideo honetangure aiton-amonek kontaturikoa ikus dezakezu”, esaten zigun, eta laster “gure aiton-amonen kanten bideo bat ikusi ahal izango duzue ;) ”. Irrikaz gaude ikusteko.Esker mila!

Gabonak euskaraz!

Gabonak egun ederra izaten dira plan ezberdinak egiteko izan lagunekin edo familiarekin. Hori dela eta, eguberriak gerturatzen ari zirela eta hainbat kontu ekarri genituen Euskaldunok Euskaraz orrialdera. Batetik gabon gauean Euskal Kantuen Gaua 2011 ikustea animatzen genizuen, euskal kantuak entzunez, gau ederra pasatzeko.

Bestetik, eta egun hotz eta euritsuetarako, euskarazko filmak online eta doan ikusteko aukera zegoela jakinarazten genizuen. Josune Arestik pozik irakurri zuen albiste hau. “Eskerrikasko informazioagatik. Orokorrean nire ustez Euskarazko filmak oso ondo eginak daude eta nik behintzat gustuko ditut”, esaten zuen. “Izarren Argia”, “Aupa Etxebeste” edo “Kutsidazu bidea, Isabel” bezalako pelikulak aipatzen zituen. Badakizue, horiek eta beste asko ikusgai dituzuela.

Eta bi hitzordu musikal. Iparraldeko kantuak gustuko dituenarentzat, Baionatik Bilbora jaialdia ikusteko deia egiten genuen. Gainera, Xabier Lete Gogoan kantaldia online ikusteko aukera eskaintzen genizuen, bertara joaterik izan ez duenarentzat. “Benetan handixe zinen eta zara Xabier. Gogoan zaitugu.”, zihoen Unai Agirrek euskaldunon horman.

Santiago Gangoitiak eta Josune Arestik ere gurean parte dute  Urte Berri On esanez. Atzo kontatzen genizuen bezala, 2012rako asmo bat dugu, Euskaldunon Euskaraz Facebooka handiatzea eta nola ez, euskara sustatzea. Korrika 17k ere, euren orrialdea partekatzeaz gain, gauza bera eskatzen zion urte berriari; “Euskara ikasten, maitatzen, erabiltzen duten EUSKALAKARIak gure orrialdean elkartzea”. Eta Ugaitz Iturberen hitzek, agur esango diogu gaurko postari: “Astindu mingaina euskalakari!!!”. Pozik bizi! :-)

#sesisesi : nortzuk dira euskal internauta sexyenak?

2011(e)ko Abenduak 29 Ane Santesteban Iruzkinik ez

#sesisesi ekimenaren bidez euskal internauta sexyenak ezagutu ditugu asteon. Internauta euskaldun eta sexyena aukeratzeko inkesta, duela aste batzuk abiatu zuen Joxe Rojasek sarean eta bolo-bolo zabaldu zen ekimena Twitter bidez.

Azaroaren hasieran, hauteskunde orokorren atarian geundela, harremanetarako webgune batek Iñigo Urkullu politikari sexyena izendatu zuen. Eta Joxe Rojasek Urkullu baino euskal internauta sexyagorik badagoelako ziurtasunarekin abiatu zuen inkesta teknopataren txokoan, hauxe botatako galdera: Zein da euskal internautarik sexyena? Erantzunak barra-barra iritsi zaizkio eta Twitter sare sozialean ere, #sesisesi hashtag-aren bidez egin zaio jarraipena ekimenari.

#sesisesi euskal internauta sexyena aukeratzeko ekimena KARTELA: Goio Telletxea

#sesisesi euskal internauta sexyena aukeratzeko ekimena KARTELA: Goio Telletxea

Pasadan asteartean egin dute #sesisesi sari banaketa Bilboko kalderapekon. Inkesta hastean, Kaixomaitia.com atariko kudeatzailea den Iñigo Arandiak, bi lagunentzako afari bana eskaini zuen neskarik eta mutilik bozkatuenarentzat eta horiek… Beñat Sarasola literatur kritikoa eta Eider Madina komunikazio ikaslea izan dira. Zer diozue, ados epaiarekin?

Baina irabazleek ere kalabazak eman ohi dituzte batzuetan eta… ez bat ez beste, ez zen ekitaldira hurreratu, beraz, bertan zeuden hautagai bozkatuenek eraman zuten sari nagusia. Joxe Rojas, antolatzaileak berak, kronika honetan kontatzen duenez, ‘Mutilena Iñigo Arandiak berak eraman zuen. Berak, hala ere, sariari uko egin (tongo akusazioak sahiesteko) eta niri eskaini zidan. Kontatuko dizuet zer moduz afaltzen dudan! Beste behin ere, eskerrik asko!!!‘ eta ‘Neskena Eider Alkortari eman genion. Frustatu samar ikusi genuen Eider, saria bi sesisesienek elkarrekin afaltzea zela uste baitzuen‘.

Urko Aristi eta Yogurinha Borovari-k egin zituzten aurkezle lanak eta Luistxo Fernandez ere bertaratu zen sareko euskal sexu kontuez aritzeko, hemen berak esandakoen nondik norakoak. Josu Bergarak berriz, falta zitzaion akordea erantsi zion ekitaldiari, hauxe Sesisesi, trololo, euskaldun eta bero kanta:

Biharamunean, Joxe Rojas eta irabazleak euskal internauta sexyenen sari banaketaren inguruan aritu ziren Euskadi irratiko Faktoria saioan. Hona, bertan kontatu zituztenak entzuteko aukera:

Euskararen Eguna ate joka dugun honetan, 10.000 lagun biltzeko erronka gertuago Facebooken

2011(e)ko Abenduak 1 Ane Santesteban Iruzkin 1

Larunbat honetan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta gure Facebookeko orrialdean geroz eta gehiago gara. Horregatik eguna heldu aurretik euskaldun guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskararen alde egin duzuen guztiagatik. Erronka izango dugu hizpide gaurko laburpenean, baina beste gai batzuk ere jorratuko ditugu ondorengo lerroetan. Etorriko al zarete gurekin? :-)

Azken asteotan, abenduaren 3an egingo den Euskararen Egunaren harira, hainbat ekitaldiren berri eman dizuegu Euskaldunok Euskaraz Facebooken, horien artean erronka bat: Euskararen Egunerako 10.000 lagun biltzea orrialdean. Erronkara heltzeko oraindik nahiko urrun bagaude ere, gorakada nabarmena izan da orrian, beraz, ESKERRIK ASKO! :-) Asko izan zarete erronkan sinistu duzuenak, eta utzi dituzuen iruzkin guztiak hemen biltzea ezinezkoa bada ere, horietako batzuk bildu nahi izan ditugu.

Elisa Alvarezek, Joseba Orbegoak edo Unai Larrañagak, esaterako, erronka lortuko dugula uste dute, eta Josu Orbek, berriz, norberak bere gogoeta egiteko, ondorengo hitzak uzten zituen: “Momentu honetan 6575 garela ikusten dut baina, zenbatek daukagu euskara nabigatzailearen lehen hizkuntza? Zenbatek daukagu Feisbuka euskaraz? Zenbatek sistema eragilea? Aurrera! Eman pausua!!!”. Juan Luis Ormaetxeak “euskara dela euskaldun egiten gaituena” esaten zigun, eta Patxi Goñik, berriz, hitz eder hauek partekatzen zituen gu guztiokin: “Gu gara euskara gu euskaraz gara”. Eskerrik asko bihotz-bihotzez guztioi eta lortzen ez badugu ere, zuen hitzek eta animoek bete egin gaituztela esan nahi dizuegu.

Euskararen jatorriaren dokumentala, Bernardo Atxaga Anitzelen….

Euskararen Egunarekin jarraituko dugu, izan ere hori abiapuntu hartuta, atzo ETB-1n Hasier Etxeberriaren “Euskararen jatorria: Enigma europar bat” dokumentala estreinatu zen. Dokumentalaren estreinaldiaren kontua aste hasieratik dabil gure orrialdean bueltaka. Liv Lif Tailorrek ikus-entzunezkoaren trailerra partekatu zuen. “Itxura ederra dauka”, gaineratzen zuen. Gaur arratsaldean bertan, gainera, Iban Bilbaok EITB Nahierara Euskara, Enigma europarra dokumentala ikusteko lotura uzten zigun: “Ia noiz dakoten tartetxu bet ;) ” esaten zuen. Zuek ere ikus-entzunezkoa ikustera gonbidatzen zaituztegu, euskaldunok belaunaldiz belaunaldi hitzetik hortzera darabiltzagun gaien berri ematen baitigu Hasierrek zuzendutako lan honek.

Eta gaiez aldatuz, gaur gauerako hitzordu bat. Bernardo Atxaga idazle euskaldunaren ibilbide profesionala zein pertsonala gertutik ezagutu nahi izatera, ez galdu Xabier Euzkitzek gidatutako saioa, Bernardo Atxaga Anitzelen egongo baita gaur gauean.

Garazi Weyek “Euskara…atzo, gaur eta beti” izeneko bideoklip eder bat partekatzen zuen Facebookeko orrialdean. BBKKlip txapelketarako egindako bideo bat zela kontatzen zigun. Honen aurrean Azkue Fundazioak ere iruzkina uzten zuen eta aste honetan irabazleak nortzuk diren esango dutela jakinarazten zigun. “Benetan bideo polita!”, gaineratzen zuen. Zorte on ona opa diogu bai Garaziri baita bideoklipean parte hartu duten lagun guztiei ere. Guk ere euskaraz maite zaituztegu!! Hemen duzue bideo oso osorik! Gozatu!

Amaitzeko, asteartean MinoriTB jardunaldi irekia egin zen EITBren Bilboko Egoitzan. Berrikuntzen artean Txio zuzeneko emanaldietan integratzen den jarraipen tresna erabiltzeko aukera izango zela kontatzen genizuen, izan ere, sare sozialetan ere euskera bultzatzea da euskaldun guztion helburua, eta bagoaz, piskanaka, betetzen.

Eta honekin amaiera emango diogu gure gaurko laburpenari. Gogoratu larunbatean euskaldunok hitzordua dugula, Euskararen Eguna ospatuko baita munduko hainbat txokotan. Goio Etxezarragak horman uzten zigun hitz hauekin agurtuko gara. “Heuskara ialgi hadi plazara!. Euskaldunok euskaraz kalean!!!!!!”. Besarkada bat guztioi eta egurra erronkari!! Lortuko dugu eta! :-)

Sare sozialak euskaraz? horra erronka, euskaldunok euskaraz!

2011(e)ko Azaroak 24 Ane Santesteban Iruzkinik ez

Gazteek sare sozialetan euskarari ematen dioten erabilera aztertuko dugu gaurkoan, eta Facebookeko orrialdean dugun erronka errepasatzeaz gainera, larunbatean Irunen egingo den Hitz Gurutzatuen Txapelketaren berri ere emango dugu. Hori guztia euskara maitatu, euskara ikasi eta euskara goraipatzeko helburuarekin. Bidean gurekin etorriko al zarete? :-)

Behin eta berriro entzuten dugu sare sozialak geroz eta leku handiagoa hartzen ari direla gure gizartean, batez ere gazteen artean. Euskal gaztediak ere maiz erabiltzen ditu erreminta berri horiek baina…  Zer nolako erabilera ematen diote? ETB-1eko “Arratsaldero” saioan, honi erantzuna ematen saiatu dira. Eta iritziak? Denetarikoak! Erreparatu irudiei eta egin zuek ere gogoeta gai honen aurreran:

Larunbatean euskaldunok hitzordua dugu Irunen, izan ere, Ola Sagardotegian Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa egingo da. Atzo, azaroak 23,  zenuten izena emateko azken eguna. Ekitaldi honen xedea euskara aberastea da beraz, arrakasta izatea espero dugu euskara bihotzean eramaten dugun guztiok.

Txikia izanagatik ere, euskarak bere txokoa du, beste zenbait hikuntza txikik bezalaxe, eta hori dela eta, datorren azaroaren 30ean, euskarak harrera egingo die hainbat hizkuntza gutxituri MinoriTB jardunaldien  baitan EITBren egoitzan. Bertan egon nahi izatera, idatzi minoritb@eitb.com helbidera eta eman zure izen abizenak. Animatzen?

Erronka, puri –purian

Iragan astean 10.00 lagun Euskaldunok Euskaraz komunitatean biltzeko erronka bero-bero zegoela kontatzen genizuen, eta blogera esteka partekatu bezain pronto, zuek, euskaldunok, hartu zenuten hitza. Gorka Askatasuna euskaldun berria da, eta gure orrialdean interesaturik, ia testuak gazteleraz jartzerik genuen galdetzen zigun. Euskararen txokoa denez, ezinezkoa zela erantzun bagenion ere, gure albisteak irakurtzera animatzen genuen, horrela, apurka-apurka hizkuntza gehiago menderatzeko. Izugarria da jendeak euskara ikasteko egiten duen esfortzuar, eta izugarri pozten gara, baita Gontzal Sierra ere, izan ere, esteka hau uzten zion Gorkari pixkanaka aurrera egin dezan. Juan Villanuebak, berriz, Euskararen Egunean zein kontzertu izango ziren galdetzen zuen horman, eta Gasteizen abenduaren 3an izango ziren taldeen berri ematen genion.

Baina horiek ez dira 10.000 lagunetara helduko garela dioten bakarrak. Josune Arestik, esaterako, kantuan animatzen gintuen: “Guk Euskaraz, Zuk Zergatik ez?”. Urkoren abesti horrek gu ere animatu gintuen, eta Etxe abeslariak egindako kanta horren bertsioa iruditan uzten genuen. Markel Del Riok ere ez zuen zalantzan jartzen erronka lortzearena: “noski lortuko dugula,eta 10.000 ez.15.000 gutxienez!!”.

Duela pare bat aste eta Euskararen Nazioarteko Egunari begira, euskararen ginkana sarean zela kontatzen genizuen eta Kutxa Ekoguneak aste honetan gurean parte hartu du eta ondorengo galdera bota digu: “Irakurtzea asko maite duzu, baina ba al dakizu zein den euskaraz idatzitako libururik zaharrena? Eman erantzuna www.euskararenginkana.net helbidean!”. Ba al dakizue? Guk horman ere esaten genizuen bagenekiela.. eta dagoeneko hartu dugu parte, ia globoan hegaldia lortzen dugun. Zuetakoren bati egokituz gero, kontatu zer moduzko esperientzia izan den!!

Euskararen eguna geroz eta hurbilago dago eta ari gara gure koadrila handitzen Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean. Oraindik “Gustuko dut” botoiari eman ez dion norbait ezagutzen baduzu, badakizu!! Euskaldun guztiok egon behar dugu txoko honetan. Jarraitu geure hizkuntzaren inguruko kontuak hemen partekatzen, guk zuek kontatutakoak Euskaren blog honetan bilduko ditugu eta. Josunek utzitako kantuaren lehendabiziko hitzekin, agur esango dizuegu gaurkoz. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen,eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten…handik… nekez….Guk Euskaraz… Zuk Zergatik ez? Badakizue, Euskaraz bizi!! :-)