Egilearen artxiboa: blogs eitb

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'. Artxiboko irudia: EiTB

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929–‐2012), euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan baitzen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparrutik.

Jakin-ek bere obra osoa bilatu, arakatu, txukundu eta digitalizatu du, eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura paratu du.

“Euskal pentsamenduan izan diren diskurtso berritzaileak ezagutzea garrantzitsua dela uste baitu Jakinek, bai behintzat kulturgintza eta herrigintza eredu propioa garatu nahi bada. Txillardegi ezinbesteko pentsalaria dugu horregatik”, zehaztu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak.

 Ia 2.000 idazlan digitalizatu, denon eskura

Hiru urte eman ditu Jakin-ek Txillardegiren lan osoa digitalizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da digitalizazioa.

“Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde digitalizatu dira”, azpimarratu du Joan Mari Torrealdaik. “Horietatik 1.634 idazlan dira Txillardegik berak idatzitakoak. Esaterako, 40 dira liburuak eta 1.352 artikuluak”.

Aurreneko dokumentu digitalizatuak 1956koak dira, Egan, Euskera eta Euzko Gogoa aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Dokumenturik berrienak, aldiz, 2010–‐11koak dira, Hizpide eta Argia aldizkarietan idatzitako artikuluak.

Gainerako argitalpen digitalak, berriz, Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira, 350 guztira.

Obra oparoa, kopuruz nola edukiz, beraz. Euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, sozialismoa, existentzialismoa, nazio arazoa eta beste hainbat gai lantzen baitira Txillardegiren obran.

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik bota izana. Eibarko Legarreko Tarte tabernan besoak zabalik hartzeaz gainera, infusio edo txokolate bero bat eskaintzen diote bere umea elikatzen duen ama horri. Borja Rodriguezen Facebook orrian ikusi dugun irudi hau bolo-bolo dabil sarean, eta gurera ere ekarri nahi izan dugu, noski.

eibar-legarre

 

 

Sorgina Txirulina. Irudia: http://www.unrelatoparacadarato.com/es/aprender-euskera-cuentos/

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea du helburu.

Guraso askok eskolara bidaltzen dituela seme-alabak, baina euren neska-mutikoek eskolatik kanpo ez dute euskararik erabiltzen.

Horregatik, egitasmo bitxi honek ipuinak prestatu ditu, haurrak motibatzeko eta gurasoek euren ikasteko gogoa erakusteko asmoarekin.

Sorgina Txirulina pertsonaiak jatorrizko ipuinak Sarera igotzen ditu. Ipuin bakoitzak testuaren itzulpena, unitate didaktikoa, entzuteko ipuina, eta ekintza baten proposamena dakar.

Horrela, gurasoek istorioa aldez aurretik prestatu, eta horren ostean, familiek ipuinaz gozatzeko aukera dute.

Lizarraga (Nafarroa). Argazkia: Jose Luis Imaz.

Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

Honezkero galtzekotan diren atsotitz eta esaera zahar askori laguntzeko asmoz, hona hemen negu sasoirako baliagarria den zerrenda bat. Ahozko literaturaren altxorra ez galtzeko, esamoldeak erabili egin behar baitira, beste irtenbiderik ez dago.

Gainera, neguko atsotitzak eta esaera zaharrak zein baino zein ederragoak dira. Zerrenda hau horren lekuko:

– Abenduan

• 21: San Tomas eguna, argitu orduko iluna
• Abenduko elurra gazta zaharraren pare
• 24: Gabon, dagoenean bonbon, ez dagoenean egon
• 25: Eguberri argitsu, ogia gero lastotsu
• Eguzki zuriaren ondoren, laino beltzak
• Elurretan jaio eta izotzetan bataiatu
• Ihintza gaineko hegoa, gauerako hodeia
• Urteberri, urtezahar, Martxelino galtza zahar

– Urtarrilean

• Urtats, Urteberri, zoroak ere igarri
• Ilbeltza egiten badu txuri, ardiak haziko du; ilbeltza egiten badu hil beltz, ez ardi eta ez axuri
• Izotzila, hotzak hila; otsaila firili-faraila; martxoa dinbirri-danbarra; apirila biribila, urdandegian hila.
• Eguzkiak erretzen badu urtarrila, zoaz eske-zakuaren bila
• Izotzileko elurra, burnia; otsailekoa, altzairua; martxokoa, harria; apirilekoa, lurra; eta maiatzekoa, gazura
• Urtarril hotza, neguaren bihotza
• Urtarrilean pinpirina ikusi baino, otsoa ardi jaten ikusi nahiago
• Urtarrila bero, zinkurinak gero
• Urtarrileko elur, burdinazko elur
• Urtarrila euritsu, urtea dirutsu
• Urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe
• 17: San Anton . Sasoian sasoiko, San Antonez ospelak belarritako
• Puzker handia kakagura, izotz handia elur-gura
• 20: San Sebastian hotza, neguaren bihotza
• 22: San Bizente hotza, neguaren bihotza
• Leia (izotza), zaharraren hilgarria, gazteen zahargarria
• Mendian elurra, elurra, artzainen zapela makurra
• Negu bigunegiak, uda gogorregia
• Negua eguzkitsu, ondoko ura euritsu
• Elurra mendian, haize hotza herrian
• Negu elurtsu, urte garitsu
• Neguak edertzen du uda

– Otsailean

• Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia
• 2: Kandelario elurra dario; San Josek lagunduko dio
• 3: Kandelario elurra dario; San Blasek lagunduko dio
• 5 (Santa Ageda): Otsaileko lorea, ez balitz hobea; apirileko lorea, batez baino hobea; maiatzeko lorea, hura da florea!
• Otsaila, katu-hila
• Otsailtxo munduan, aldiz eguzkitan, aldiz sutondoan
• Otsailean bero, negua gero
• Otsailean tximeleta baino, otsoa ardi artean ikusi nahiago
• Otsailean irteten du hartzak leizetik
• Otsailean, katuak ere arrain eskean
• Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino
• Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du
• Otsaileko euri, urteko ongarri
• Otsaileko, oloa olo; martxokoa, olotto; apirilekoa, ez olo eta ez lasto
• Otsailtxo laburrean, katarrak gau-lapurrean
• Otsaila, nahiz laburrena, da hilabete txarrena

– Martxoan

• Martxoaren hasiera, zaharraren piztuera
• 3: Done Emeteri Zeledon, porrua ereiteko aro on
• Eguzki eta euri, martxoko eguraldi
• Oteak martxoan lore, ez da faltako eri eta dolore
• Lantxerra (lanbroa) martxoan noraino, apirilean elurra haraino
• Martxoan arrautza eta martxoan txita
• Martxoko trumoiak berrogei eguneko ekaitza
• 12: San Gregorio, elurra dario; San Josek, lagunduko dio
• Martxo kaldartxo, ez ardi eta ez artantxo (urteko ardia)
• Martxoaren erdi inguruan, gaua eta eguna ia berdinduan
• Martxo lehorra, maiatza bustia
• 19: San Jose goizeko ihintzak, kentzen ditu gaitzak
• Martxoa eurite, urtea ogite

 

Gehiago ezagutzen al dituzu?

Euskal blogintza neurtzeko inkesta bat

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin du eta, azken urteetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du.

Edonork bete dezakeen inkesta da eta horren helburua, euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten…

Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta Azkue Fundazioak partekatu egingo ditu, erakundeak agiri batean azaldu duenez.

Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

Emaitzen aurkezpena ‘Blogetan! Euskal blogariak lehian’ sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo du Azkue Fundazioak. Egun horretan euskal blogintzaren inguruko jardunaldia burutuko du ekitaldi horren barruan. Jardunaldia martxoaren 30ean izango da Euskararen Etxean.

Euskal izen bitxien zerrenda II

Aspaldi euskal izen bitxiak izan genituen hizpide, eta proposamen asko izan genituen! Kontatu genizuen Ane, June eta Uxue asko ikusiko ditugula hurrengo urteetan, baita Iker, Oier eta Markel ugari ere. Izan ere, horiek dira jaioberrien euskal izen kuttunenak.

Baina guraso euskaldun askok beren seme-alabak munduan bakarrak izatea nahi dute, eta bi aldiz errepikatu beharreko izenak bilatzen dituzte haientzat. Zinez ederrak izaten dira!

Zuen seme-alabei jarri dizkiezuen izen ederrekin eta inguruan entzun dituzuenekin, zerrenda polit hau osatu dugu, eta saiatu gara esanahia ere ikasten. Ez da erraza izan, baina eskerrik asko bidalitako izen guztiengatik!

Ahots:

Jonek aipatu zigun izen hau, beste izen arraro askorekin batera. Euskal hitza da “ahots”, jakina, eta argumentu hori erabili daiteke administrazioko langilea edo apaiza konbentzitzeko, baina izen bezala, ez dago inongo erregistrotan jasota.

Nader:

Izen hau arraroa izan daiteke, baina ez da euskalduna, arabiarra baizik. Ez da ohikoa, izan ere, “arraroa” esan nahi duelako, gero eta gehiago entzungo dugun arren.

Eskolunbeko santutegia. Argazkia: Añana Turismo.

Eskolunbeko santutegia. Argazkia: Añana Turismo.

Eskolunbe:

Anek “Eskolumbe” izena aipatu zigun, baina Euskaltzaindiak n-z dauka jasota. Kuartangoko Katadiano herriko Andre Mariaren santutegiari, Araban, Eskorunbe, Axkorunbe eta Aiskolunbe ere deitzen zitzaion. 1446koa da lehenengo aipamena, aspaldiko monasterioa baita.

Nakor:

Izen biblikoen zerrendetan agertzen da Nakor, Estherren semearen izena. Beraz, hebreeratik datorren izen bat da. Esanahia, iturri batzuen arabera: “arnasestuka eta asnarbehartuta dagoena”.

Enetz:

Anneren semeak Enetz du izena. Gorkak ere izen hori jarri nahi zion semeari. Gero eta Enetz gehiago izango dugu gure artean. Euskal mitologiatik dator.

Kontrastako hilarria. Argazkia: Jesus Diaz.

Kontrastako hilarria. Argazkia: Jesus Diaz.

Arai:

Beste izen bitxi hau ere Arabatik dator. Jaiok aipatu zigun; bere alabari jarritakoa da. Kontrasta herrian dagoen erromatarren garaiko hilarri batean zera irakur daiteke: Araica Arai f(ilia). Hau da: Araika Arairen alaba!

Enai:

Enarak semeari Enai jarri nahi zion. Enaitzen antza daukan arren (Aizkorri mendiko tontorra), ez da Enai euskal izen bat. “Esa Enai” salmotik omen dator, eta agian, ez da berez izen bat, baizik eta hitz bat hebreeran.

Jatsu:

Ondo azaldu zigun Mauriziak bere semaren izena. Euskaltzaindiak dioenez, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko bi herriren izena da Jatsu. Amaiurko gazteluan Nafarroako erresumaren alde borrokatu ziren Xabierko Frantziskoren anaietako bat Baxenabarreko Jatsuko jauna zen, Laskorrea oinetxekoa. Jatsuren amaren arabera, lagunak egiteko aproposa da, “joku asko ematen duelako”. Adi moteen zerrenda luzeari: JatsuPikatxu, Jjja Txu!, Jatxutxaeh, Jatz, Jatsu Indartsu

Egunen batean, gai izango al dira euskal Jatsu, Enetz, Enai, Arai eta gainontzeko guztiak afari batean biltzeko?

Argazkia: euskararenmaratoia.eus

Euskararen Maratoiak Lasarte-Oria hartuko du berriro

Euskararen 9. Maratoian urriaren 22 eta 23an egingo dute, Lasarte-Orian. Aurtengo leloa ‘Irten armairutik’ izango da; izan ere, oraindik ere bada gure egunerokotasunean lortu beharreko erronka bat, ezagutzatik erabilerara salto egitearena, antolatzaileek azaldu dutenez.

 

Egun gizartean berezko zentzua duen esamolde bat bere egin dute, ‘Armairutik irtetea’ homosexualitatearen aitortza publiko eta borondatezkoari erreferentzia egiteko erabiltzen den bezala, euskal hiztunok ere ahalduntze hori arlo linguistikora ekartzeko garaia dela iruditzen zaie.

 

Euskararen Maratoiko 40 orduak gaindituta, herriari erronka berri bat botako diotela jakinarazi dute, 40 egun euskaraz. Erronka honen arduradun EHUko Pello Jauregi izango da eta ikerketa bat ere eramango du aurrera. Hau Foru Aldundiak babestua izango da.

 

40 orduetan dinamizazio lanak egingo dituen zortzikotea hauxe izango da: Joxe Mari Azkonobieta, Agus Mujika, Joxe Mari Agirretxe, Rebeka Garzes, Estitxu Garmendia, Mikel Izquierdo, Enara Ieregi eta Oihana Fu Otaegi. Aurtengo abestia eta bideoklipa herriko pailazoen ‘Egiozu euskaraz’ da.

 

Ekin euskarari Getxoko Berbodromoan

Berbodromoa euskaldunen topagunea izango da ostegun honetan (maiatzak 5) Getxon. Ekimen berezi honen helburuak honako hauek dira: euskara kaleratzea eta euskararen erabilera indartzea. Azken finean, euskaraz hitz egiteko gunea irekiko dute; euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzeko eta, euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari praktikatzeko parada eskaintzeko, besteak beste. Hori guztia, jai-giro paregabean. Euskararen blog honetan kontatuko dizkizuegu xehetasunak.

Egitarauari dagokionez, 09:15ean eta 11:00etan Areetako Eskoletako plazan egingo dituzte jarduerak; 19:00etan, berriz, Romoko poteo gunean. Aulkiak egongo dira taldeak egiteko eta zenbakiekin zehaztuko dituzte taldeak. Talde bakoitzean bost pertsona egongo dira, dinamizatzailea eta lau lagun, berriketa lasaian. Taldeetan euskara ikasten ari den jendea euskara dakien jendearekin elkartuko dugu eta interes orokorreko hiru gairi buruz berba egingo dugu.

Getxoko Berbodromoa 2016

Getxoko Berbodromoa 2016

Hiru gai izango ditu jendeak mintzagai ordubeteko tartean. Gai bakoitzarentzat 15 minutu izango dira eta gai baten eta bestearen artean, parte-hartzaileak mahaiz mugituko dira, mintzakidez ere aldatuz.

Ekimen paregabea, ezta? Badakizue, hortaz, ekin euskarari Getxoko Berbodromoan eta ondo pasa!

Rith jaialdiaren edizio berria martxan da! Irlandan ere, ‘Korrika’!

Euskal Herrian gure euskararen alde bi urtero ospatzen dugun Korrikak badu pareko irlandarra!!! Rith du izena, bertako jendea gaeliko irlandarrez hitz egitera animatzea du helburu!!! :-). Euskararen blog honetan Rith jaialdiaren xehetasunak bilduko ditugu!!

Zer da Rith jaialdia? Irlandan egin duten ekimen ederra; horrekin gaelikoaren erabilera bultzatu nahi dute, eta kultura irlandarra susatu (webgunean bertan esaten dutenez). Korrika irlandarra da, azken finean; Irlandan zehar 1.000 kilometro egin dituzte, iparraldetik hegoaldera, batez ere ekialdeko kostaldetik, asmo horrekin!!

Rith lasterketaren irudia. Argazkia: www.rith.ie

Rith lasterketaren irudia. Argazkia: www.rith.ie

Zergatik du “Rith” izena? Oso erraz!! Hitz horrek “korrika egin” esan nahi duelako!

Non egon dira Ritheko parte-hartzaileak? Cill Droichead-en hasi da (Kildare) eta Dublinen amaituko da.

Zer egin ahal izan du jendeak laguntza emateko? Korrikan egiten dugun bezala, kilometro bat erosteko aukera izan dute. Ziber-kilometroak Rith-eko webgunean lor daitezke.

Rith lasterketaren irudia. Argazkia: www.rith.ie

Rith lasterketaren irudia. Argazkia: www.rith.ie

Noiztik ari dira egiten Rith jaialdia? 2010ean egin zuten lehen aldiz; eta Korrikarekin guk egiten dugun bezala, bi urtero antolatzen dute. Hau da, Korrika ez dagoeneko urteetan, Rith dago :-).

Begira zer esaten duten Rithen webgunean!!