Monthly Archives: martxoa 2015

60etako emigrazioa gaur:

etorkinak

Kike Amonarriz, 60ko hamarkadako emigrazioaz

Migratzea, jatorria utzita inora joatea, gizakia bezain zaharra da. Euskal Herriak ere ezagutzen du immigrazioa. Orain bezala, lehen ere etorri baitira hona. “Tribuaren Berbak” saioak etorkinen gaiari heldu nahi izan dio, zehazki, Euskal Herriko gizartean eragin handiena izan duen immigrazioari: 60ko hamarkadakoari, alegia. Etorrera masibo hark euskaran zein eragin izan zuen aztertu du Kike Amonarrizek.

Izan ere, XX. mendeko bigarren erditik aurrera Espainiatik etorritako jende-oldeak gure herria eraldatu zuen. Beharrak bultzatuta, baina, maletak bete ilusio eta itxaropenez. Inoiz ezagutu gabeko astindua izan zen, ordea; shock-a bertakoentzat, baita etorritakoentzat ere. Bien arteko talka, azken batean!

xose

Xose Estevez eta Kike Amonarriz

Gaztela eta Leondik, Extremaduratik, Andaluziatik eta Galiziatik etorri ziren gehien bat. Baina lurralderen bat nabarmendu behar badugu, Galizia aipatuko dugu zalantzarik gabe. Trintxerpen eta Barakaldon komunitate handiak sortu zituzten, eta, Xose Estevez historialari galiziarraren arabera, egun,  Euskal Herrian hirugarren hizkuntza mintzatuena izango litzateke galiziera, gaztelaniaren eta euskararen atzetik. Izan ere, 50.000 hiztun galiziarreko komunitatea daukagu gurean. Bestalde, Euskal Herriko Galiziako etxerik zaharrena Barakaldon dago. 1901ean sortu zuten, Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren urte beretsuan. Anxo Deivek Kikeri esan dionez, munduko zentro galiziar garrantzitsuenetakoa da, 1.000 bazkide inguru baititu.

irakasle

Jone Miren Hernandez

Jone Miren Hernandez EHUko Gizarte Antropologiako irakaslearekin hitz egin du Amonarrizek etorkinen etorrera hark sortutako eraginari buruz. Gai horri lotutako tesia egin zuen, eta bertan ateratako ondorioetako bat da, hain zuzen ere, aipatu berri dugun shock hori eragin zuela egoera hark. Izan ere, aurretik ere beste immigrazio mugimendu batzuk gertatu ziren arren, 60ko hamarkadan “oso azkar gertatu zen aldaketa” eta, gainera, “jende kopuru handia” etorri zen. Tokian tokiko datuak ezberdinak badira ere, zenbait lekutako biztanleen kopurua bikoiztu edo hirukoiztu egin zen. Beraz, shock handia izan zen, ezinbestean.

ataun-euskaraz

Paco Tejado eta Kike Amonarriz

Garai hartan Euskal Herria bizileku hartu zutenek, nolako harremana izan zuten eta dute euskararekin? Hainbat adibide bildu du Amonarrizek. Paco Tejados, esaterako, 9 urte zituela etorri zen Ataungo Aia auzora. Guztiak aritzen ziren bertan euskaraz, eta, hortaz, euskara ikasi beharra zegoen; “ez zegoen besterik”, esan du. Gurasoek ez zuten ikasi, baina berak “erraz” ikasi omen zuen, “lau bat hilabetean”, eskolan gaztelaniaz egiten zuten arren.

durango

Kike Amonarriz, Beni Hurtadorekin eta Pablo Bragadorekin

Beni Hurtado Extremaduratik etorri zen Bilboko Abusu aldera, eta Pablo Bragado, berriz, Zamoratik heldu zen Zornotzara. Gaztetxoak ziren biak ahala biak, eta inguruan ez zuten euskaldun askorik. Beraz, ez zuten euskara ikasi. Orain, ordea, erretiroa hartu dutenetik, buru-belarri dabiltza euskaltegian. Haien hitzetan, gutxi dira euskara ikasi dutenak euren belaunaldiko jendearen artean, bizi diren zonaldean ez baitute beharrik sentitu. Hurrengo belaunaldiari begira, berriz, euskararen egoera nahiko ondo ikusten dute, seme-alabek euskaraz bai baitakite. Dena den, inguru guztietan ez dago maila bera, eta asko dago egiteko.

amak

Maria Jordana eta Eva Miguelez

Orduan ikasi ez bazuten ere, 60ko hamarkadako etorkin haiek, egun, euskarara hurbildu dira. Haien biloba gehienak euskal hiztunak dira, eta haien seme-alabek ere ikasi dute euskara euren umeekin komunikatzeko. Beraz, belaunaldi berriei esker, etorkin haiek euskarara lotu dira. Eva Miguelezen gurasoak Leondik etorri ziren. Bera Euskal Herrian jaio zen, eta eskolan euskaraz ikasi zuen, baina inguru guztia erdalduna zuenez, ez zuen erabiltzen. Maria Jordana, berriz, Lizarratik etorri zen Urretxura, euskararekin inolako loturarik izan gabe. Hala ere, betidanik sentitu izan da euskalduna, eta bizilekua aldatzean, “ikasteko beharra” sentitu zuen. “Mundu berri bat zabaldu” zaiola aitortu du Mariak. Eva ere betidanik sentitu da euskalduna, baina alaba izatean ohartu da etxetik jaso behar duela euskara “hemen % 100ean bizitzeko”.

jonmaia-etorkin

Jon Maia eta Kike Amonarriz

Jon Maia bertsolariaren aita eta ama Extremaduratik eta Zamoratik etorri ziren Urretxura. Mundu euskalduna eta ez-euskalduna oso modu naturalean uztartu ditu berak, “biak etxetik jaso” dituelako. Izan ere, kanpotik etorritako gurasoak ditu, baina “euskalduntasuna ere haiek eman” diote. Integrazioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: “integrazioa jarrera bat da. Nire abuelak eta abuelok jarrera hori izan zuten. Francoren garaian etorri ziren, eta ikusi zuten han zapaltzen zituen hanka bera zela hemengo kultura zapaltzen zuena”. Aiton-amona haiek seme-alabei transmititutako baloreei esker, bilobak, Jon eta haren lehengusu guztiak, euskaldunak dira.

Bi begiradak biltzen ditu Maiak, etorkinena eta euskal munduarena. Oso banatuta egon dira urte luzetan bi esparru horiek, eta, bizikidetzari begira, nabarmendu du derrigorrezkoa izango dela orain arte bereizita egon garenak elkarrengana hurbiltzea. Gainera, oraingo etorkinei lotuta aipatu du oso garrantzitsua dela “aurreko akatsak” ez errepikatzea, eta aurreko “mesfidantza eta banaketa horietan ez erortzeko”. Izan ere, esaldi biribila bota du bertsolariak elkarrizketa amaitzeko: “hurbildu gaitezen, eta ikus ditzagun pertsonak, eta ez etorkinak”.

Ikus ezazu osorik “60etako emigrazioa gaur” atala EITB Nahieranen.

 

“Korrika badator!”: ‘Tribuaren Berbak’ ere, Korrika

korrika-lekuko

Remigio Mendibururen lekukoa San Telmon

19. Korrika abiatzear den honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia hartu du abiapuntu “Tribuaren Berbak” saioak. 40.000 kilometro eskas egin ditu orain arte Euskal Herrian herriz herri, munduaren zirkunferentziari bira emateko lain! Aurten, beste 2.500 kilometro egingo ditu Urepeletik Bilbora.

Hasieratik hasteko, Donostiako San Telmo museora jo du Kike Amonarrizek, bertan baitute, ondo gordeta, Remigio Mendiburuk egindako lehen lekukoa. AEk-k dohaintzan utzi zion museoari 1999an, eta 2011z geroztik dago ikusgai museo ezagun horretako erakusketa iraunkorrean. Tenperatura, hezetasuna eta argia ongi kontrolatuta dauzkate, onddorik eta antzerakorik ager ez dadin, eta, beraz, zaharberritzera irits ez dadin.

gorriti

Juan Gorriti

Mendiburuk egindako lekuko haren ideia Juan Gorriti artistak eman zion: motrailu baten makilaren itxura ematekoa, alegia. Oraingo lekukoa Gorritik egina da, aurrekoaren ereduari jarraiki. Artistak Amonarrizi esan dio “gure herriaren historia plasmatzen” duela lekukoak, eta, horregatik, ez du nahi hori garbitzerik, bertan bildutako malkoak, izerdia, euria, izotza eta abar mantendu egin behar direlako. Mendibururen lekukoa, esan bezala, San Telmon dago; Gorritiri, ordea, berea beti jendearen esku artean egotea gustatuko litzaioke.

amets

Amets Arzallus

18. Korrikaren lekukoa eraman zuen azken persona izan zen Amets Arzallus bertsolaria. Hark idatzi zuen lekukoak barruan zeraman mezua, eta Baionako plazan hura irakurtzea ohore handia izan zen beretzat. “Korrikak badu zerbait magikoa, euskaldunon bizipoza sentiarazten eta zabaltzen duelako”. Horregatik, egun hartan bizipoz hori guztia bere gorputzean kontzentratuta sentitu zuen bertsolariak. “Euskaldun bati egin dakiokeen opari politenetakoa da”, adierazi du.

brouard

Kike Amonarriz eta Edurne Brouard

Amonarriz, Lekeitiora joan da Edurne Brouardekin hitz egitera. Orain arte Korrikaren koordinatzaile izandakoak Oñatitik Bilbora joan zen lehen Korrika gogoratu du, 1980. urtean. Elurpean eta euripean aritu ziren, baina hala ere, jende andana bildu zuten, eta, beraz, mantendu beharra zegoela erabaki zuten.

amondo

Kike Amonarriz eta Asier Amondo

Izan ere, euskararen aldeko ekintza nagusietakoa da, baina helburu ekonomikoa ere badu. Asier Amondo egungo koordinatzaileak azpimarratu du oraindik euskaltegiak ez daudela normalizatuta, eta Korrikak biltzen duen dirua beharrezkoa zaiela, bereziki Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Dena den, aipatu du beretzat helburu polita litzatekeela aurtengorako “euskahaldun kontzeptu gisa gelditzea”, ahalduntzeak ekarriko bailuke indarrak metatzea euskararen inguruan, auzolanean eta elkarlanean.

amuriza

Xabier Amuriza eta Kike Amonarriz

Akelarre, Egan, Gozategi, Oskorri, Esne Beltza, Gose, Tapia eta Leturia, Fermin Muguruza… Musikari ugarik izan dute Korrikako kanta egitearen ardura, baina lehena, lehen abestiaren egilea, Xabier Amuriza izan zen. “Zuek ere esan bai euskarari” zuen izena, eta “arrapaladan” egin behar izan zuen. Egun batetik bestera egiteko ardura eman zioten, eta Lopategiren doinua, bertso pare bat eta lelo bat egokitu zituen horretarako. Amurizaren hitzetan, kanta garrantzitsua da, “identifikazio handia eta nortasuna ematen diolako kanpainari”.

furgonetak

Kike Amonarriz eta Andoni Seijo

Bi urtean behin izaten da, eta hamar eguneko iraupena izaten du, baina azpiegitura lan izugarria behar du Korrikak. Andoni Seijo “Ibilbide” taldeko kidea elkarrizketatu du Amonarrizek. 16 pertsona ibiltzen dira egunero lanean 2 furgonetatan. Ibilgailuak gasolina hartzeko baino ez dira geratzen, baina lan-taldeko kideek araututa daukate egunean otordu bero bat eserita egitea, erritmoari ongi eutsi ahal izateko.
Lekuetara puntual iristeko, aldez aurretik lan handia egiten dute, eta batez besteko bat dute ezarrita: kilometroko 6 minutu. Seijok aipatu du barru-poz izugarria eragiten diela toki batera iritsi eta jende andana zain dutela ikusteak, baina are gehiago hunkitzen dira zenbait lekutan, persona gutxiago badira ere, horiek ahalegin osoa egiten ikusita.

erribera

Itziar Elejalde, Alizia Iribarren eta Kike Amonarriz

Hori gertatzen da, esaterako, Nafarroako Erriberan. 1.715. kilometroan, Tuteran, topatu ditu Kikek Alizia Iribarren Nafarroako AEK-ren koordinatzailea eta Itziar Elejalde Korrikaren batzordeko kidea. Euren hitzetan, Korrikak laguntza handia ematen dio inguru hartako euskarari, “ilusio handia pizten duelako euskaltzale eta euskaldunen artean”. Gainera, orain arte euskarara hurbildu ez den jendeak ikusten du euskaraz ongi pasa daitekeela jai-giroan. Bestalde, dirua ekartzen du, baina, batez ere, euskara ikusarazi egiten du, eta horrek “hurrengo 2 urtetarako pilak kargatzen” laguntzen die.

19. Korrika Urepelen abiatuko da, eta bertan, sorburuan, amaitu nahi izan dute “Tribuaren berbak” saioa. Adur euskara taldeko Xan Airerekin eta Karine Etxeberrirekin elkartu da Kike bertako plazan, 0 kilometroa egongo den lekuan. 320 biztanle inguru dira, eta lan handia izaten ari da guztia antolatzea, baina “emozio handiz” egin dute. Korrika ez da bertatik sekula igaro, eta, beraz, lorpen handia izan da abiapuntu izatea.

urepele

Karine Etxeberri eta Xan Aire

Eskuz esku igaroko da Korrikaren lekukoa datozen egunetan, eta esku horiek lotuko dituzte kate trinkoz Urepel eta Bilbo. Etenik ez duen katea izango da, eta “Tribuaren Berbak” saioak ere izan nahi izan du kate horretako begi.
Hemen duzue, osorik, “Korrika badator” saioa, EITB Nahieranen.

“Parisen euskaraz”: Euskal altxorrak, argiaren hirian

Paris “argien hiria” dela esan izan da, urte luzez izan zelako Europako arte eta hezkuntzaren erdigunea. Artisten sorlekua ere bada, baina, beste edozeren gainetik, maitasunaren hiria izateagatik da ezaguna. Euskal kulturarentzat erreferentziazko hiria da, baita hainbat euskaldun jaso dituen harrera-hiria ere. Horregatik, maletak hartu, eta Frantziako hiriburura jo dute Kike Amonarrizek eta bere lantaldeak, bertako euskaldunen Pariseko bizitzia ezagutzera, eta euskarari nola eusten dioten jakitera. Izan ere, “Parisen euskaraz” atalarekin jarri dute martxan “Tribuaren Berbak” saioaren hirugarren denboraldia.

ronnie_1.png

Ronnie Lynn musikaria

San Martin kanalaren inguruan topatu du Amonarrizek lehen euskalduna: Ronnie Lynn Patterson du izena, eta Kansasen, AEBetan, jaiotako jazz musikaria da. 24 urte daramatza Parisen bizitzen, baina Ipar Euskal Herrian denboratxo bat pasatu zuen. Beñat Achiari eta Mixel Etxekopar musikariekin harremana izan zuen, eta, batik bat, Achiarik euskal historiaz esandakoa oso “hunkigarria” egin zitzaion. Hori dela eta, metodo-liburuei heldu zien euskara ikasteko, baita ikasi ere! Praktikatzeko, eitb.eus-eko edukietara jotzen duela nabarmendu du, eta “Tribuaren Berbak” saioaren jarraitzailea ere ba omen da.

Paristarren artean galdeketa egin du Kikek, Frantziako hizkuntza gutxituak ezagutzen ote dituzten

Xabier Madariaga

Xabier Madariaga

jakiteko, eta batzuek ezagutzen badituzte ere, askorentzat ezezagunak dira, tartean, jakina, baita euskara ere. EITBren berriemaile Xabier Madariagak esan du euskarak ez duela inolako presentziarik, eta Euskal Herria, berriz, postal hutsa dael bertakoentzat. Hondartzak, Ezpeletako piperrak, urdaiazpikoa eta gazta bakarrik ezagutzen dituzte, hau da, iragarkietan ikusten dutena. Berak egunero azaldu behar izaten du “basque” dela, baina Pirinioen beste aldekoa, jendeak ez duelako Euskal Herriaren egoeraren berri.

Kattin Hauscarriague eta Louis Domecq

Kattin Hauscarriague eta Louis Domecq

Guri buruzko ezagutza handirik ez dute izango, baina, hala ere, Parisen Eskual Etxe galanta daukate. Louis Domecq eta Kattin Hauscarriague  ezagutu ditu, Kikek euskal etxearen sortzaileetako bi izandakoak. Louis paristarra da, baina gurasoak Hazparnekoak eta Donapaleu ingurukoak zituen. Kattin, berriz, Euskal Herrian sortu eta hazi zen, baina orduan ez zen euskaraz aritzen. Izan ere, orduan euskaraz aritzeak erakusten zuen ez zekitela frantsesez mintzatzen, eta “hori desohorea zen”. Sorbonan ezagutu zuen Louis, eta elkarrekin beti egin dute euskaraz. “Parisen ateratu zen gure eskuara”, diote. Hasieran,  “ahal zuten lekuetan” biltzen ziren euskaldunak, eta, pixkanaka, ohartu ziren etxea behar zutela. Ehunka pertsona elkartzen zen orduan, aipatu dutenez, orain baino gehiago.

Hasierako garaietan indar handiagoa bazuen ere, gaur egun, sei elkarte biltzen ditu Eskual Etxeak, 600 bazkide ditu, eta eskaintza anitza du: euskara ikastaroak, dantza eta abesbatzen emanaldiak… Gainera, ikasleentzat aterpe ere bada. Eraikina arakatu du Amonarrizek, eta hainbat ikasle, irakasle eta bazkide ezagutu du. Antolaturiko ekintzen berri izan du, baita Interneten eta sare sozialetan egiten duten lanaren berri ere. Euskal etxean euskara erabiltzen ote duten galdetu dienean, ordea, erantzuna apal xamarra izan da. Zaharrek dezente egiten omen dute euskaraz; gazteek, berriz, gutxiago.

Parisko Eskual Etxea

Parisko Eskual Etxea

Elkartean 60 pertsona ari dira euskara ikasten, 7 taldetan banatuta. Gehienak paristarrak dira, eta bikotekidea euskalduna delako, edo gurasoak edo arbasoak Euskal Herrikoak zirelako ari dira euren hizkuntza ikasten, euskara berreskuratu beharreko altxortzat baitaukate.

 

Parisek dauka gordeta, hain justu, euskararen eta euskal kulturaren altxorrik handiena, ongi gordeta eduki ere! Frantziako Liburutegi Nazionalean dago euskaraz idatzitako lehen liburua, Bernart Etxeparek 1545ean idatzitako Linguae Vasconum Primitiae. Euskal literaturari hasiera eman zion liburua harribitxia da, beraz, euskaldunontzat, eta haren balioa areagotzen du, gainera, liburu horren ale bakarra izateak. Gozatu ederra hartu du Amonarrizek hura ikusi, ukitu eta irakurrita!

Linguae Vasconum Primitiae

Linguae Vasconum Primitiae

“Tribuaren Berbak” saioak, gainera, euskarari lotuta Parisek biltzen dituen bitxikeria gehiago azaldu digu. Esaterako, 1889ko Erakusketa Unibertsalean, Eiffel Dorrea erakusgarri nagusi izan zuen hartan, euskarazko lehen grabazioak egin zituzten, tartean, irrintzi bat, eta “Donostiako Hiru Damatxo” kantua.  Inaxio Lopez de Aranak  topatu zituen grabazioak, eta hark emandako datuen arabera, ondorengoenak dira entzuten diren ahotsak: Aguer Barhendy, Muskildiko semea (Zuberoa), garai hartan 40 urte inguru zituena. Irakaslea izan zen eta Kolonbian ibili zen, misiolari. Bestalde, Donostiako neska bat, alfabetatua eta lanbidez saltzailea zena; 1900ean 20 bat urte zituen. Eta, azkenik, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Telesforo Aranzadi da irrintziak bota zituena.

Gainera, Frantziako hiriburuan agertu zen euskarazko lehen film luzea, Gure Sor lekua. Urte luzez desagertuta egon ostean, 2013an aurkitu zuen dokumentala Josu Martinez EHUko ikerlariak Andre Madre jeneralaren Pariseko etxean. Zoritxarrez, lan horren irudiak baino ez daude; audioa galduta dauka.

Bestalde, Montparnasse metro geltokiko kartelean, euskarazko hitzak agertzen dira: “Txartelak” eta “Informazioa”. Hain zuzen ere, horixe da, tribukideok dakigula, Parisen euskaraz idatzita agertzen den errotulu ofizial bakarra. Geltokian topatutako bidaiariei galdera egin diete, baina inork ez zekien zein hizkuntzatan idatzita zeuden hitz horiek.

txartelak

Montparnasse geltokiko kartela

 

 

 

 

 

 

Bitxikeriaz bitxikeria, altxorrez altxor eta gonbidatuz gonbidatu, Parisen euskaraz ere egiten dela erakutsi du ETB1eko saioak, eta munduko beste hainbat txokotako euskaldunek bezala, han ere, gogoz eusten diotela euskarari.

Hemen duzue, oso-osorik “Parisen euskaraz” atala, EITB Nahieranen:

Tribial Feminista, doan eta euskaraz

Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan Smarthphone eta tabletetarako Tribial Feminista aurkeztu dute, doakoa eta euskaraz. Aplikazioak Trivial jokoaren formatua dauka, eta bere helburua da genero-parekidetasuna sustatzea, emakumeak historia zehar betetako paperari ikusgarritasuna ematen dioten galderen bitartez.

App-Tribial-Feminista-Irontec

 

Gailu mugikorretarako elkarlanean garatutako aplikazio didaktikoaren proiektua hau, IRONTEC Bilboko software libre enpresa; Arrasateko, Basauriko, Ermuako, Ondarroako eta Zierbenako udalek; eta Uribe Kostako Mankomunitateak aurkeztu dute.

Aplikazioa adin guztietako jendeari zuzenduta dago: historia beste ikuspuntu batetik ikasi nahi duen ororentzako da. Gainera, doakoa da, eta Android eta iOS smartphoneetarako zein tabletetarako dago eskuragarri. Android gailuetarako, dagoeneko eskuragarri dago Google Play-n, eta egun batzuk barru Apple Store-n ere egongo da, iPhohe, iPad eta iPod Touch-etarako.

Galderak euskaraz dira, eta zenbait kategoriatan sailkatzen dira: historia; kirolak; artea eta literatura; geografia; ikuskizunak; eta natura. Horien guztien bidez, feminismoak egindako ekarpenen garrantzia aldarrikatu, parekidetasun eza salatu, eta aditzera ematen da sistema hori ez dela bidezkoa eta, gainera, kaltegarria dela, bai emakumeentzat, bai gizonentzat.

Reala edo Erreala. Zein da euskarazko izena?

Duela gutxi kontatu genizuen aurrerantzean Etzegarate erabili behar zela, eta ez Etxegarate. Oraingoan, berriz, Reala izango dugu hizpide, izan ere, nahasmen handia dago Gipuzkoako futbol taldearen euskarazko izenari buruz. Reala edo Erreala? Uste dugu lehenbahilehen argitu beharreko kontua dela…

reala_original_imagen
Adibide asko daude “Reala” bezala, “R” soinuarekin hasten diren hitzekin: Ropa/A(e)rropa; Razón/A(e)rrazoi; Renta/Errenta; Raí/Errail; Rey/Errege; Ratón/Arratoia… Eta, zergatik? Euskarak, ikusten duzuen moduan, baduelako joera fonologikoa, erdal hizkuntzetatik hartutako hitz hasiera askotan bokal bat gehitzekoa. Dena dela, kontuan izan behar dugu badirela zenbait hitz arrunt ere hasierako bokal hori gabe erabiltzen direnak, Robota, Rola, Rankinga, Radarra…

Futbol taldeari ere, Erreala deitzeko moda berehala zabaldu zen , R-z hasten ziren gainerako hiz askorekin gertatu zen moduan. Izen ofiziala, ordea, “Real Sociedad” da, eta hortaz, Reala da euskarazko izena, eta ez Erreala. Idatziz, beraz, Reala idatzi behar da.

Hausnarketa egin nahi izan dugu…